Inkesta egin diegu 1.050 pertsonari 9 erkidegotan, eta galdetu diegu zer iritzi duten elikagai funtzionalei buruz eta ea baduten horiek erosteko eta kontsumitzeko ohiturarik

Elikagai funtzionalak: jendeak erosi eta jaten ditu baina ez du argi zenbateraino diren onuragarriak

Inkestari erantzun dioten hiru herritarretatik bik noizbait erosi izan dituzte, eta horien artean, %55ek egunero kontsumitzen dituzte
1 ekaina de 2014
Img tema de portada listado 113

Elikagai funtzionalak: jendeak erosi eta jaten ditu baina ez du argi zenbateraino diren onuragarriak

Beldurtzeko moduko erritmoa hartu du gure bizimoduak. Esan liteke beti presaka eta beti berandu gabiltzala, eta ez dugula denborarik sukaldean aritzeko, aste osoko dieta osasungarria osatzeko, ezta gure osasunaz arduratzeko ere. Bazterrera utzi ditugu elikatzeko ohitura osasungarri batzuk, baina orain ere kezkatzen gaitu, eta ez gutxi, gure gorputza eta burua ongi egoteak.

Bizi dugun eta bizi gaituen kaos honetan, elikagai funtzionalak lekua egiten ari dira mantso-mantso, eta gure etxeetan sartzen. Elikagai horiek osasunari mesede egiteko pentsatuak daude eta gaixotasunak izateko arriskuak murrizteko. Baina, horretarako, jakina, dieta orekatua eta askotarikoa egin behar da, elikagai horiek bakar-bakarrik ez baitute balio gaixotasunei aurre hartzeko. Gaur egun, 200 elikagai funtzional izango dira merkatuan, gehienak esnekiak.

Kontsumitzaileen elkarteak, ordea, adi jarrita daude, jendeak informazio gutxi duelako elikagai mota horren inguruan; gainera, zenbaitetan hitz anbiguoak erabiltzen dituzte etiketan, eta horrek nahasi egiten du jendea. EROSKI CONSUMERek inkesta egin du herritarren artean, eta galdetu die zer iritzi duten elikagai horien inguruan eta ea baduten erosteko ohiturarik.

Horretarako, apiril bukaeratik maiatz hasierara, 1.050 lagun galdekatu ditugu 9 autonomia erkidegotan: Andaluzia, Balear uharteak, Euskal Autonomia Erkidegoa, Galizia, Gaztela Mantxa, Katalunia, Madril, Nafarroa eta Valentziako Erkidegoa.

Zeini galdetu diogu?

Inkestari erantzun dioten guztiek daramate beren etxean elikadurarekin zerikusia duten alderdi guztien ardura: erosketak egin, menuak antolatu, otorduak prestatu… Inkestatuen %51 emakumeak izan dira, eta batez besteko adina, berriz, 48 urtekoa izan da.

Ikasketei dagokienez, era guztietako egoerak antzeman ditugu: lautik batek unibertsitate ikasketak eduki ditu (graduondokoak ere bai zenbaitek), beste laurden batek Lanbide Heziketakoak, beste %25eko batek Batxilergokoak eta beste horrenbestek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzakoak.

Gehien-gehienak osasuntsu egon dira. Batzuek, hala ere, %25ek hain zuzen, etxean badute gaitzen bat daukan norbait (eurak edo familiakoren bat). Horren ondorioz, bostetik lauk bereziki zaindu behar izaten dute elikadura.

Inkestari erantzun dioten pertsona askok giharretako gaitzak eta oinazeak aipatu dituzte, hezurretakoak eta artikulazioetakoak. Eta beste hauek ere bai: kolesterola eta triglizeridoak, diabetesa, hipertentsioa, eta bihotzeko eta zirkulazioko gaitzak. Adinka hartuta, bai 65 urtetik gorakoek eta bai 25 eta 44 urte artekoek giharretako, hezurretako eta artikulazioetako gaitzak eta oinazeak aipatu dituzte gehienbat. 45 eta 64 urte artekoek kolesterola eta triglizeridoak, eta gazteek, 18 urtetik 24 bitartekoek, alergiak eta intolerantziak.

Badakigu zer eta zeintzuk diren elikagai funtzionalak?

Elikadura eta osasuna: axola al zaizkigu?

Inkestari erantzun dioten herritarren %72 asko edo dezente kezkatzen ditu elikadurak. Emakumeek agertu dute gehien kezka hori, 45 eta 64 urte artekoek eta unibertsitate ikasketak dituztenek. 1etik 5erako eskala batean (kezkarik batere ez izatetik oso kezkatuta egoterainokoan alegia), herritarrek 3,9 puntu eman dizkiote elikadurari. Eta gehiago ere esaten dute. Galdekatu ditugun herritarren %94ren ustez, elikadura garrantzitsua da osasuna zaintzeko. Zehazki, 4,5 puntu eman dizkiote baieztapen horri eskala horretan bertan. Ez da harritzekoa ere, jendeak gero eta interes handiagoa agertzen baitu dietaren eta osasunaren artean zer-nolako harremana dagoen jakiteko.

Badakigu zer diren

Gauza jakina eta frogatua da zenbait elikagaik (frutak, berdurak, arrainak eta esneak) osagai onuragarriak dituztela osasunarentzat. Baina gure bizimodu ero honek desoreka eta gorabehera asko sortu dizkigu elikatzeko moduan, eta horren ondorioz sortu dira elikagai funtzionalak.

Baina ba al dakigu zer diren? Gure inkestan, %74k adierazi dute ez daukatela horien berririk. Ezagutza falta hori gizonetan ageri da gehienbat, 64 urtetik gorakoetan, Madrilgo Erkidegoan bizi direnengan eta derrigorrezko hezkuntzako ikasketak dituztenengan.

Egoera hori zeharo aldatzen da, ordea, elikagai funtzionalaren definizioa ematen zaienean: osasunari on egin diezaiokeena eta gaixotasunak izateko arriskua murriztu dezakeena, betiere dieta orekatua eta askotarikoa eginez gero.

Argibide hori eman ondoren, “elikagai funtzionala” zer den ez zekiten horien arteko %85ek iritzia aldatu eta badakitela erantzuten dute. Batez ere emakumeei gertatu zaie hori, 45 eta 64 urte artekoei, Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrei eta unibertsitateko edo graduondoko ikasketa dituztenei. Definizioak, hala ere, ez du guztientzat balio izan, eta inkestari erantzun dioten herritarren %11k zer diren jakin gabe jarraitu dute gero ere.

Esnekiak, kontsumitzaileen gogoan

Gaur egun, elikagai funtzional asko daude munduan. Espainiako Estatuan 200 inguru daude merkatuan. Ohiko elikagaiari osagairen bat erantsita, kenduta edo aldatuta egiten dira. Halakoak dira, esaterako, kaltzioz hornituta dauden jogurtak eta zuntza eta minerala erantsi dizkieten zerealak.

Eta kontsumitzaileek, zer-nolako elikagai funtzionalak ezagutzen dituzte? Gure inkestan, lau motatako elikagaiak aipatu dituzte nagusiki: jogurtak, esnea, zerealak eta barratxoak edo zizka-mizkak. 25 eta 44 urte artekoek, berriz, galletak ere aipatu dituzte.

Elikagai funtzionalen berri non entzun duten galdetuta, gehienek telebista jarri dute iturri gisa, nahiz eta entzuten duten informazioak beti ez dituen sentiarazten nahi bezain informatuta. Herritarren %34ri nahasgarria iruditzen zaie. Iritzi hori Madrilen eta EAEn galdekatu ditugun herritarrek eman dute gehienbat, 18 eta 24 urte artekoek eta 65 urtetik gorakoek, eta unibertsitate ikasketak dituztenek.

Ildo horretan, CEACCU elkarteak nabarmendu izan duenez (kontsumitzaileenk eskubideak babesteko erakundea da), jendeak oso informazio gutxi du elikagai funtzionalen inguruan. Elikagai funtzionalen etiketak aztertu ondoren (esnea, opilak, margarinak, gaztak, hestebeteak, freskagarriak eta arrautzak, besteak beste), erakunde horrek ondorioztatu du osagai funtzionalen eraginari buruz ematen duten informazioa osatu gabea dela, eta berdin gertatzen dela egunean hartzea komeni den kantitatearekin ere. Zehazten dute, gainera, arazoa sortzen dela elikagaiari egindako aldaketa hori zuzenean edo zeharka lotzen denean gaixotasunen prebentzioarekin. Esan behar da egungo legediak galarazi egiten duela elikagai bati prebentzio-ezaugarriak, ezaugarri terapeutikoak eta sendagarriak atxikitzea.

Eta gure inkestak berretsi egin du irudipen hori: kontsumitzaile batzuek nahasmena ageri dute elikagai funtzionalen inguruan. Erantzun dutenen %49k ongi irizten diete (bereziki, emakumeek eta 25 eta 44 urte artekoek), baina ia beste horrenbesteri, %43ri zehataz esateko, zalantza eragiten diete eta ez dakite zer pentsatu elikagai funtzionalei buruz. Soilik %8k esan dute elikagai hauek ez dituztela atsegin.

Bada informazio nahikorik? Irakurtzen dugu?

Jendeak erosi egiten ditu

Zalantzak zalantza, bistakoa da etxe askotan eta askotan daudela elikagai funtzionalak, jendeak erosten dituen seinale. Inkestan parte hartu duten hiru lagunetatik batek esan du maiz erosten duela produktu mota hori, eta beste %33k batzuetan. Eroslearen soslaia egiten hasita, hauxe izango litzateke: emakumea, 25 urtetik 44ra bitartekoa, Nafarroakoa eta gaitzen bat duena.

Badira, hala ere, halakorik sekula erosi ez dutenak. EROSKI CONSUMERek galdekatu dituen herritarren %34, hain zuzen. Gizonak dira gehienbat, 65 urtetik gorakoak, Galiziakoak eta inolako gaitzik ez dutenak.

Eta zer-nolako produktuak erosten dituzte? Batez ere, jogurtak, esneak, zerealak, galletak, barratxoak edo zizka-mizkak, eta ogia. Nagusiki, bi arrazoirengatik hautatzen dituzte: gantz gutxi dutelako eta zuntzez hornituta daudelako. Probiotikoak ere erosten dituzte, eta kaltzioa eta omega 3 erantsita dituzten elikagaiak ere bai. Herritarrik gehienek, erantzun dutenen %82k, supermerkatuetan erosten dituzte, eta beste %37k hipermerkatuetan.

Etiketa

Etiketa tresna ezinbestekoa da kontsumitzailearentzat, eta elikagai funtzionaletan are gehiago. Izan ere, galdekatu ditugun kontsumitzaileen %43 nahasi samar dabiltza elikagai horiekin eta ez dakite zer pentsatu.

Hori horrela izanik ere, %41ek soilik irakurtzen omen dituzte beti elikagai funtzionalen etiketak. Gizonek batez ere, 25 eta 44 urte artekoek, Valentziako Erkidegokoek eta unibertsitateko eta graduondoko ikasketak dituztenek. Gainerakoek, aldiz, batzuetan baino ez dute egiten, edo sekula ez. Azken horiek %29 dira.

Etiketa irakurtzen omen duten horien artean, %80k iraungitze-datari begiratzen dio, %57k osagaien zerrendari, %39k nutrizio arloko informazioari, %14k elikagaiaren onurei eta beste %11k kontsumo gomendioei eta jatorriari.

Europako Batasunak arautzen ditu elikagai funtzionalen publizitatea eta etiketak, hark esaten du zer-nolako arauak bete behar dituen elikaduraren arloko industriak elikagai jakin batek ezaugarri osasungarriak dituela baieztatzeko. Hori ezin baita nolanahi egin. Froga zientifiko onartuak aurkeztu behar dira horretarako. Egungo legediak galarazi egiten du elikagaiei prebentzio-ezaugarriak, ezaugarri terapeutikoak eta sendagarriak atxikitzea. Jendea inola ere ezin da bultzatu elikagai jakin bat hartzera, eta ezingo zaio iradoki dieta orekatuak eta askotarikoak ez ditzakeela kantitate egokietan eman mantenugaiak oro har.

Guk galdekatu ditugun kontsumitzaileen %73ren ustez, elikagai funtzionalen etiketa behar bezain argia da. Baina %27 kritikoagoak dira, eta informazioa falta dela iruditzen zaie, letra txikiegia izaten dutela eta hitz tekniko gehiegi, eta argitasun eta ordena gehiago eskatzen dute azalpenetan.

Tranparik eta iruzurrik gabe

Eusko Jaurlaritzak eta Nekazaritzako Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioak arreta bereziarekin zaintzen dituzte elikagai funtzionalen nutrizio-adierazpenak eta ezaugarri osasungarriak.

Aipamen guztientzako printzipio nagusiak:

  • Ez dute izan beharko gezurrezkoak, anbiguoak edo iruzurrezkoak.
  • Ez dute zalantzarik sortu beharko beste elikagai batzuen segurtasunaren eta nutrizio-egokitzapenaren inguruan.
  • Ez dute bultzatu beharko elikagai bat neurriz kanpo hartzera.
  • Ez dute baieztatu, iradoki edo aditzera eman beharko dieta orekatu eta askotariko bat ez dela nahikoa mantenugai kantitate egokiak emateko.
  • Ez dituzte aipatu beharko gorputz-funtzioetan aldaketak gerta daitezkeela, kontsumitzaileengan alarma edo beldurra eragin dezaketenean.
  • Ez dute inkoherenteak izan beharko osasunaren eta nutrizioaren arloetan oro har onartuta dauden printzipioekin, ez dute bultzatu beharko ezein elikagai neurriz kanpo hartzera eta ez dute egin beharko jokabide dietetiko onen aurka.

Aipamena ontzat joko da, honako kasu hauetan soilik:

  • Zientifikoki frogatu denean eragin onuragarria dakarrela aipatzen den substantzia hori agertzeak, ez agertzeak edo murrizteak.
  • Aipatzen den substantzia hori eragin onuragarria sortzeko bezain kantitate adierazgarrian azaltzen denean.
  • Aipatzen den substantzia hori kendu izanak eragin onuragarria justifikatzen duenean edo justifikatzeko adina murriztu denean.
  • Aipatzen den substantzia hori organismoak onartzeko adinako kantitateetan ageri denean.
  • Zentzuz kontsumi daitekeen produktu kantitateak dakarren kopurua (aipatzen den osagai horrena) eragin onuragarria sortzeko bezainbestekoa denean.
  • Ohiko kontsumitzaile batek ulertzeko moduko aipamena denean.
  • Jateko prest dauden elikagaiei buruzko aipamena denean.

Aipamenak erabiltzeko mugak eta zenbait salbuespen:

  • Aipamenak ez daitezke egin elikagai guztietan. Araudiak berariaz galarazten du elikagai batzuetan aipamenak erabiltzea eta baldintzak ezartzen ditu beste batzuetan erabiltzeko.
  • Bolumena kontuan hartuta alkohol graduazioa %1,2tik gorakoa duten edarietan EZ daiteke egin ezaugarri osasungarrien aipamenik.
  • EZ daiteke aipurik egin pisua galtzeko erritmo edo neurriari buruz.
  • EZ da onartuko aipamenetan esatea osasunari kalte egingo zaiola aipatzen den elikagaia kontsumitu ezean.
  • EZ da onartuko aipamenetan banakako medikuen edo osasun arloko beste profesionalen gomendioak azaltzea.
  • Nutrizio-ezaugarri jakin batzuk betetzen dituzten elikagaietan edo elikagai sailetan soilik egin daitezke ezaugarri osasungarriei buruzko aipamenak.

Nola hartzen ditugu? Konfiantzazko jotzen ditugu?

Hobeki sentitzeko

Elikagai funtzionalak hedatzen ari dira, eta eskari handia dago, gero eta handiagoa. Izan daiteke bazterrera uzten ari garelako modu osasungarrian elikatzeko ohiturak eta gure dieta osatu beharra daukagulako beharrezko zaizkigun mantenugaiekin, edo izan daiteke elikagaiak “sendagai miragarri” gisa ikusten ditugulako. EROSKI CONSUMERen inkesta honetan ageri denez, parte hartu duten herritarren %55ek egunero hartzen dituzte elikagai funtzionalak, beste %26k astero, %5ek hilero eta %14k bakanago. Autonomia erkidegoei erreparatuta, Valentzian hartzen dituzte maiztasunik handienarekin.

Eta hartzen dituzten horiek organismoaren defentsak hobetu nahi izaten dituzte, kolesterola murriztu, argaldu edo pisuari eutsi, eta hesteetako igarotze prozesua eta hezurren osasuna hobetu. Zorionez, hamarretik bederatzik adierazi dute elikagai funtzional horiek osatu egiten dutela haien dieta, eta %8k soilik erabiltzen dituzte eguneko elikagai eta jaki bat ordezkatzeko.

Konfiantza, justukoa

Elikagai funtzionalak zer diren dakiten herritarren artean (denek ez dituzte ez erosten eta ez hartzen), %48k adierazi dute justuko konfiantza dutela horien onuretan, eta %18k gutxi edo batere ez. 1etik 5erako eskalan (elikagai funtzionaletan batere konfiantzarik ez izatetik konfiantza handia izaterainokoan, alegia), 3,2 puntu ematen dizkiete batez beste. Gizonek agertu dute konfiantza gutxien, 45 urtetik gorakoek, Batxilergoko edo Lanbide Heziketako ikasketak dituztenek eta EAEkoek. Gainera, %97k ez dute uste elikagai horiek, eurek bakarrik, sendatu egiten dutenik; dieta orekatu eta askotarikoa osatzeko balio dutela diote. Are gehiago: %64k apeta edo kapritxotzat jotzen dituzte. Ildo horretan, %32k gaineratu dute elikagai funtzionalen inguruan egun daukagun informazioa ez dela nahikoa. Azalpen hobeak, gardentasun handiagoa eta egiazkotasuna behar direla nabarmentzen dute.

Edonola ere, badirudi elikagai funtzionalen merkatuak etorkizun ona izango duela, galdekatutako kontsumitzaileen %90ek hartzen jarraitzeko asmoa azaldu dute eta.