Gabonetako bidaialdiak

Eguzki edo elurretara, aukeran

Gabonetako apaingarriak, turroiak, zilar eta abesbatzez inguraturiko cavaren iragarkiak, jostailu ikusgarriak... denak ditugu, aurtengoz ere, egun hauetako geure biziko osagai.
1 abendua de 1998
Img informea listado

Eguzki edo elurretara, aukeran

Eguberriak gainean ditugu eta gutariko askok taxutua dugu hurrengo jai-egunetan zer egin. Batzuek oporraldi-bidaia egitea aukeratuko dute: era horretan, negua uda bihur lezakete, hiriaren ordezko hondartza hautaturik. Atsegin-bidaiaren gibelean, aldatzeko nahia edo, areago, beharra datza ezkutuan. Hiru milioi espainiarrek maleta egin eta Gabonetan urteko azkeneko “ihesaldia” egingo dute etxetik kanpora. Lekualdatze hauekin, gehienbat, adiskide eta senideak berriro topatzea da, egunotako tradizioari jarraiki, denek elkarrekin egun berezi hauek ospatzeko. Nolanahi ere, geroz eta ohikoago bihurtzen ari da joanaldi luzeska bat egiteko Eguberriak aprobetxatzea.

Horrela, Gabon Gaua famili giroan eman ondoren, nork bere bideari ekingo dio, atseden eta lasaitasunaren bila. Edo abenturaren bila: zergatik ez?

Gabonetako udatiarren helmuga nahiena Kanariar uharteak dira. Bertako hotelik gehienek “lekurik ez” letreroa eskegi zuten duela aste batzuk. Irletako eguraldiaren atsegina eta modu-moduko prezioak -42.000 pezetatik egin daiteke astebetea apartahotelean, hegazkineko bidai eta guzti- turista jakin batzuentzat paregabeko amua da.

Karibeko herrialdeak, neguan orobat, hondartza eta eguzkiaren zaleentzako ametsetako paradisu dira. Itsaso hartako hondar xehetan urteari agur egitea berrehun bat mila pezeta kosta dakizuke, batez beste. Londres eta New York ere kontuan hartzeko moduko helbideak dira: bi hiriok noiznahi ikusgarri baditugu ere, erakargarritasuna areagotu egiten da Gabonetan. Ohiko jarduera komertzial eta kulturala biderkaturik dagoela, egunotan hamaikatxo ospakizun pribatu, publiko eta kalekoiez apaintzen zaizkigu.

Elurzaleak eskialdiari harrera eginez hasten du urtea eta elur-estazioek, bere aldetik, elurraz gozatzeko era guztietako aukerekin zabaltzen dituzte ateak. Astebetez pista zurietan zehar labaintzea, egunotan, 28.000 eta 125.000 pezeta (lojamendu eta goragailuak barne) bitartean kostatzen da laguneko. Jakina denez, goragailuen prezioak (nahiz gastu hau iraupen-eskia egiten dutenek ordaindu beharrik ez duten) dezente aldatzen dira estazio batetik bestera, hoteletako kostuak bezalaxe. Hurrengo urtearen etorrera ospatu nahi bada, berriz, aukeratutako afariaren kalitatearen eta tokiaren apainkuntzaren araberakoa izango da egin beharreko aurrekontua, nahiz antolatzaileek eratutako ospakizunaren nolakotasunak (dantza, ekitaldia, orkestra, etab.) ere eragin handia izan.

Zaletasun eta ekonomia guztien araberako helmugak

Levanteko kostaldean, astebeteko oporraldia (mantenu osoa eta bidaia barne) 67.000 eta 72.000 pezeta kosta dakizuke, laguneko. Hondartzan egun batzuk emateko kanpora irten nahi izanez gero, prezioan ere gorago jo behar: Kuban zazpi egun egotea, data hauetan, 111.000 eta 216.000 pezeta tartean dabil. Izan ere, Ertamerika astindu berri duen katastrofe klimatologikorik ezean, egiari zor, eguraldi ederra segurua duzu. Karibe itsasoan sartzea da beste aukera bat, baina patrika beroentzat bakarrik: itsas kruzero bat ez zaizu kostako 250.000 pezeta baino gutxiago. Lehorrera ostera, gure herriko Udal Plazako erlojuaren ordez Londresko Big Beneko kanpai-hotsak entzun ditzakegu eta 99ari ongi etorria Trafalgar Square edo Picadilly Circusen eman, 80.000 pezeta ordainduz gero, horixe baita bidaia eta britainiar hiriburuko astebeteko egonaldiaren prezioa. Baina preziooi, ospakizun hauetan ezin itzurizko gastuak gehitu behar zaizkio: Gabon Gaueko eta Gabon Zaharreko galak, alegia. Gau berezi-berezi hauek ospatzeko, hotelen %99ak afari eta dantzaldiak antolatzen dituzte, 6.000 eta 15.000 pezeta bitarteko kostuarekin. Kubako hotel zenbaitetan, berriz, ongi pasatzea bermaturik duzu 2.000 pezeta bakarrik ordainduta.

Eski-estazioan, oporraldi zuria

Eskia praktikatzea da era askotako jende eta karterarentzat denborapasa egokia. Guretzat, Frantzia eta Espainiako eski-estazioak dira aukera politenak, gertukoak izateaz gain, merkeenak ere berak direlako. Lojamendua eta goragailuetarako forfait izenekoa dena batera eskaintzen dute agentziek. Lekualdaketa bezeroaren konturakoa den arren, agentzia horretan bertan kontrata dezakezu autobuseko bidaia. Ibili beharreko distantziaren arabera, joan-etorriko txartelaren prezioa 7.500 eta 15.000 pezeta bitartean dago. Astún eta Candanchú dira gazte jendeak nahien dituen estazioak. Jakako gauezko martxak eragin handia du zaletasun horretan. Bi estazio hauetan urte zaharrari agur egitea 34.000 eta 74.000 pezeta bitartean kosta dakizuke (7 gaueko lojamendua eta 5 eguneko forfaita). Baqueiran, urteko azken astea igarotzea, inolako luxurik gabe, 125.000 pezetaraino irits daiteke. Erregeen etorrera itxarotea merkexeago gerta dakizuke: 46.000 eta 99.000 pezeta bitartean. Estatu espainoleko mugetatik kanpo, Andorra dugu toki interesgarria.

Bertako 247 kilometrotako elur-pisten osagarri erakargarria gau-giroa eta, nola ez, Printzerrian egin daitezkeen erosketak dira: hauek, aspaldi bezain tentagarriak ez badira ere, “eskaparating” kirola praktikatu nahi duenak ikusgarri gustokoa du. Astebeteko eskialdia Andorran 29.000 eta 117.000 pezeta bitartean kostatzen da, sasoiaren, epearen eta lojamendu-mota eta erregimenaren arabera. Pirinioetatik irteteke, Frantzia du Estatu espainoleko iparraldeko zaletuak norabide maitea. Honen gertukotasuna, bertako azpiegiturak eta saturazio urria dira erakargarririk hoberenak. Frantzian bost eguneko eskialdia 21.000 eta 107.000 pezeta bitartean kostatzen da.

Egun hauetan bidaiatzeko aholkuak

Bidaia agentzian kontratatzen baduzu

Eska itzazu informazio-orritxoak agentzia bat baino gehiagotan eta azter itzazu, arreta handiz. Aldera itzazu, prezioak ez ezik, eskaintzen diren zerbitzuak ere.

  • Irakur arretaz kontratua eta argitu duda guztiak (iraunaldia, txangoak, klausulak, ardurak, baliogabetzeak edo komisioak) agentzian bertan. Aspergarri samarra da, baina dezente ikasiko duzu eta, gainera, geroago sor litezkeen arazoei saihets egitea ere lortuko duzu.
  • Egiazta ezazu erreserba behin betikoa dela eta onartuta dagoela.
  • Gorde itzazu zure bidaiari dagozkion dokumentu guztiak eta publizitatezko informazioa. Erreklamaziorik egitekotan, bidaia taldean egin baduzu, eska iezaiezu telefonoa zure bidaikideei, denek batera jarduteko. Kexua aurkeztekotan, kaltea jasan duzun establezimenduan eska ezazu Erreklamazio Orria eta idatz ezazu gertatutakoaren berri.
  • Eraman aldean kontratuaren fotokopia eta, agentziako telefonoarekin batera, harremanetan jartzeko pertsonaren izena.
  • Bidaia zeure ibilgailuan egin behar baduzu, neurri guzti-guztiak hartu. Izotza, lainoa eta elurra dira sei istripuetako baten zergatia.
  • Egoki ezazu abiadura ikusgarritasunaren arabera. Elurra edo euri-jasa izanez gero, piztu argia.
  • Bete ezazu, sekula baino zorrozkiago, segurtasun-tartea. Areago, gehitu ezazu tarte hori.
  • Elurrik badago, utz kotxea toki seguruan, ipin itzazu kateak gurpil eragileetan eta ibili astiro. Erabili poliki bolantea, frenoa eta azeleragailua.
  • Ibili oso argi, kontu handiz, ilunpeetan eta laihotzetan mantsotu abiadura.
  • Ibilgailuaren segurtasuneko funtsezko gaia pneumatikoak dituzu. Begira horien denen presio, irudi eta egoera orokorra.
  • Errepidea bustirik baldin badago, zapaldu maiz frenoa, kotxea frenatu gabe, pastilak lehortzeko. Beharra sortzekotan, erantzun eraginkorragoa emango dute lehorrik.
  • Eraman beti ibilgailuan: lanparak, kateak, izoztz-kontrakoa, lurrin-kontrakoa, berotzeko arropa egokia, pintzak (bateriarentzat), linterna, seinaleztatzeko triangelua, alkohola (parabrisako izotza kentzeko), eguzkitarako betaurrekoak (elur-distirarentzat).