Adopzioa nazioarteko panoraman

Egun, ume bat adopzioan hartzeko modu bideragarriena

1999 urtean, espainiar Estatuan 2.912 adopzio egin ziren: ume horietatik 2.006 Estatuko mugaz kanpo jaioak ziren eta gainontzeko 906ak, barruan
1 maiatza de 2001
Img informe listado

Egun, ume bat adopzioan hartzeko modu bideragarriena

1999 urtean, espainiar Estatuan 2.912 adopzio egin ziren: ume horietatik 2.006 Estatuko mugaz kanpo jaioak ziren eta gainontzeko 906ak, barruan. Jaiotze-tasa apalak, famili harreraren ugaltzeak (Estatuak adin txikiko pertsonaren tutela aldi baterako bereganaturik, familia batek jasotzen duenean gertatzen da) eta babesgabe egoeran dauden adin txikikoen murrizketak azaltzen dute, batetik, nazioartekoan eginiko adopzioak Estatu barrukoen bikoa izatearen zergatia eta, bestetik, lehen adopzio-motaren kopurua izugarri gehitu dela.

1999 urtean, espainiar Estatuan 2.912 adopzio egin ziren: ume horietatik 2.006 Estatuko mugaz kanpo jaioak ziren eta gainontzeko 906ak, barruan. Jaiotze-tasa apalak, famili harreraren ugaltzeak (Estatuak adin txikiko pertsonaren tutela aldi baterako bereganaturik, familia batek jasotzen duenean gertatzen da) eta babesgabe egoeran dauden adin txikikoen murrizketak azaltzen dute, batetik, nazioartekoan eginiko adopzioak Estatu barrukoen bikoa izatearen zergatia eta, bestetik, lehen adopzio-motaren kopurua izugarri gehitu dela.

Adopzioaren irudia, ordea, ez zen sortu bikoteak edo pertsona ezkongaiak nozitzen dituen antzutasun nahiz bestelako arazoak konpontzeko, bere familiak babes gabe utzirik dauden edo Hirugarren Munduko nahiz Ekialdeko Europako estatuetako babestokietan nekez bizi diren umeei konponbidea, babesa eta bizi-kalitatea emateko baizik. Adopzioa umeari zor zaion eskubidea da, ez familia sortu edo ugaldu nahi duenarena, nahiz eta alderdi honekin maizegi ahanzten garen.

Internet ere sartu da adopzio-mundu horretan, tradiziozko organismo ofizialen eta Autonomia Erkidegoek baimenduriko NAEL izeneko erakunde bitartekariekin bat eginez. Sarearen bitartez guraso izatea garestiagoa da NAEL baten bidez baino (lau milioi pezetaraino atera behar dira poltsikotik, erakunde bitartekari batek jasotzen duen milioi bakarraren aurrean) baina, horrek sortaraz ditzakeen aurreiritzi etikoetatik kanpo, umea hautatzeko aukera ematen dizu, Sarean familia bila dabiltzan haurren argazkiak eta historial laburrak ere eskaintzen zaizkizulako.

Adopzio-prozesuari dagokionez, guraso bihurtzeko “nazioarteko” bidea hautatzea hagitz alternatiba aldrebesa suertatzen da, bi estaturen burokrazia ezinbestez konplexu eta gehienetan mantsoegiak aginduriko urratsak eman behar izaten direlako. Horrenbestez, organismo ofizialek nazioarteko adopzio-eskaerak NAEL horietara bideratzen dituzte eta erakunde hauek izango dira, hortik aurrera, adopzioa egin behar duten pertsonen gidari. Beste alde batetik, adopzioa zein estatutan egiten den arabera, bete beharreko tramiteak biziki aldatzen dira eta, horrenbestez, adituen laguntza (adopzio-agentzien aholkua, alegia) ezinbesteko bihurtzen da askotan.

Zer dira erakunde artekariak?

Nazioarteko Adopzio-Erakunde Laguntzaileak (NAEL) dirurik irabazteko asmorik ez duten elkarteak dira, autonomia erkidegoek adopzio-prozesua bideratzeko baimendurik daudenak. Elkarte horien zereginak, interesatuei informazioa eskuratu eta, umea jaio den zein adopzioa egingo den estatuko eskudun agintarien aurrean, espedienteen tramitazioak bideratu eta erraztea da. Horiez gainera, dokumentazioa jaso, bildu eta itzuli egiten dute, adopzioa eskatzen dutenei aholkua eta laguntza ematen diete espainiar Estatuan edo horretatik kanpo eta, azkenik, harrera egingo den herrialdean antzeko erakundeekin harremanetan sartzeko gestioak egiten dituzte. NAEL horien lana, ordea, ez da musu truk egiten. Horien tarifak (milioi bakarretik bi milioi pezeta bitartekoak, umearen sorterriaren arabera) jende aurrean egoten dira agerian eta onespen ofiziala hartu behar dute beti.

Nolako arauak aplikatzen zaizkio nazioarteko adopzioari?

Segun-eta adopzioa egiten deneko estatuak umearen babespen eta nazioarteko adopzioari buruzko kontuak jaso zituen Hagako 1993ko Ituna sinatua duen ala ez, aldatu egingo dira arauak ere. Itun horren xedea haurren trafikorik ez gertatzea eta adopzio bitartez elkartuko diren ume eta gurasoen egokitasuna bermatzea da.

Zein estatuk sinatu zuten Hagako Itun hori?

Espainia, Mexiko, Errumania, Sri Lanka, Zipre, Polonia, Ekuador, Peru, Costa Rica, Burkina Faso, Filipinak, Kanada, Venezuela, Finlandia, Suedia, Danimarka, Norvegia, Andorra, Holanda, Frantzia, Kolonbia, Australia, Moldavia, Lituania, Paraguai eta Zeelanda Berriak.

Estatu horietako bateko haurra adoptatu nahi denean, nolako urratsak eman behar dira?

Adopzioa egin nahi duten pertsonek, bizi diren autonomi erkidegoko (gizarte-arazoetako edo adingabekoaren babespeneko) organo eskudunera jo behar dute, informazioa jaso eta nazioarteko adopzioa egiteko eskabidea aurkezteko. Ideiak garbi edukitzea komeni da hainbat alderdiri buruz: umearen sexuaz, adinaz, osasunaz, sorterriaz, ume bakarra edo senide bat baino gehiago adoptatuko lituzketen, etab. Zuzenean edo erakunde artekariaren bidez eskabidea aurkeztu ondoren, adoptatzaile izateko egokitasun agiria egin behar du erakunde publikoak.

Zer da egokitasun agiria?

Guraso-agintea betearaztea dela eta, adopzioa egin nahi dutenak guraso aproposak direla egiaztatzen duen agiria da. Agiri hori eman aurretik hainbat alderdi baloratzen dira, hala nola atzerriko ume bat hautatzeko motibazioa, sorterriko kulturaz adoptatzaileek duten iritzia, instituzioetan ingresaturik dauden umeen arazo psikiko edo fisikoen arriskuak onartzen diren eta beste zenbait.

Agiria eskuratu ahal izateko gizatalde psikosozial batek aldeko txostena egin behar du. Autonomi erkidego batetik bestera xehetasunak aldatzen badira ere, hiru sistema daude oro har agiri hori erdiesteko: funtzionario talde baten bidez (mantsoa baina doanekoa), aintzat harturiko erakunde pribatu baten bitartez (120.000 eta 200.000 pezeta bitartean kostatzen da) edo, bestela, Psikologo eta Gizarte Langileen Kolegio Ofizialera joaz (kasu honetan ere, 120.000 eta 200.000 pezeta bitarteko prezioa ordaindu behar izaten da).

Nolako dokumentazioa prestatu behar da?

Nahiz herrialde batetik bestera aldatu egiten den, eskuarki hurrengoa izango da arruntena:

  • Notarioaren aurrean konpultsaturiko NAN edo pasaportearen fotokopia
  • Diru-sarrerak eta etxebizitzaren jabetza egiaztatzen dituzten agiriak
  • Osasun-agiriak
  • Jarraipena egiteko konpromiso pertsonala
  • Barne Ministerioko baimena
  • Aurrekari penalen agiria
  • Estatu batzuetan, hainbat urte ezkondurik eman izana ere nahitaezko baldintza izaten da.

Adoptatzailea egokitzat eman ondoren, nolako tramiteak bete behar dira?

Kasu askotxotan, guraso adoptibo izateko ikastaroetara joan behar izaten da. Horrekin batera, eskatzaileen datuak jasotzen dituen espedienteari bideman eta umearen sorterriko estatuko agintariari bidaltzen zaio. Herrialde horretan, umearentzat ere beste horrenbeste diligentzia hasten da: haurraren gorabehera pertsonal eta familiarrak, osasun-egoera, harturiko heziketa, jatorri etniko, erlijioso eta kulturala eta beste hainbat datu jasoko dira berariazko agiri batean. Bi espedienteen arabera, umearen sorterriko agintaritzak espainiar agintaritzari haurrari buruzko txosten mardula igorriko dio, premiazko onespenak emanak dituela adieraziz, guraso biologikoen nortasunik jakinarazi gabe, edonola ere.

Era horretan familia hartzailea eta haurra izendatu, hautatu edo egokiturik, adopzioa gauzatu egin daiteke baldin eta proposaturiko umea adoptatzaileek onartzen badute, beti ere haurraren gurasoek berariaz baimena emanik. Gauzak horretaraino, Hagako Itunak xedatua duenez, umearen toki-aldaketa berme guztiekin egin beharko da, ahal dela guraso adoptatzaileen konpainian.

Kostuak eta epeak

NAELen tarifez gainera, estatu zenbaitek aparteko kopuruak ordaintzea ere galdatzen dute. Informazio hau Espainiako Lan eta Gizarte Arazoetako Ministerioak dauka. Umearen sorterriaren arabera, bidaiak eta aparteko gastuak sartzeke, milioi bat eta bi milioiren artean ibil daiteke guztirako kostua. Haurraren izendapena gertatu ondoren eta prozesuaren epeei dagokienez, ohiko kontua da haurraren sorterrian epaiketa egin edo ebazpen administratiboa ematea, adopzioa onetsiz. Epaiketa izan aurretik joan beharko dute haraino guraso adoptatzaileek.

Egonalditik egonaldira alde handia dago: 15 egunetik hiru hilabete bitarte igaro beharko dute herri hartan, baina epe hauek egunetik egunera luzatzen ari dira, eskabideak eta NAEL erakundeak geroz eta ugariago direlako. Adopzio-prozesu arruntak urtebete edo urte eta erdi iraun dezake, eskuarki.

Adopzioa Erregistro Zibilean inskribatu behar al da, jaiotza bat bailitzan?

Halaxe da. Guraso adoptatzaileak eta umea adopzioa moldatu den estatuan diren bitartean, badago aukera inskribapena egin dadin espainiar Kontsulatuko Erregistroan eskatzeko. Estatu espainolera itzulirik, inskribapena Madrilgo Erregistro Nagusian egin beharko da (eskabidea, dena den, tokian tokiko Erregistro Zibilaren bitartez bidera daiteke).

Era berean, Hagako Ituneko arauak betearaziko direla egiesten duen agiria, adoptatuaren estatuko agintaritza zentralak emanik, aurkeztu beharko da.

Hala eta guztiz ere, Hagako Ituna sinatu ez duen estatu batean egin delako, nazioarteko adopzioa soila bada ere, Erregistro Zibilean inskribatu behar ote da umea?

Horrelakoetan, nazioarteko adopzioak aginduriko tramite guztiak bete ondoren, Estatu espainiarrean prozesu judizialari ekin beharko zaio, bertako agintaritzek adopzio hori erabatekotzat jo dezaten (prozesu horretan espainiar legeria aplikatuko da); hurrengo urratsa, Erregistro Zibilean idazpena egitea izango da.

Erregistro Zibila publikoa da; horrenbestez, umea adoptatua dela edonork jakin dezake?

Ez. Erregistro Zibileko idazpenean gurasotzat adoptatzaileak bakar-bakarrik azalduko dira, izaera horri buruzko inongo aipamenik egiteke, guraso biologikoen maila berberean. Datu hori, Erregistroko idazpen pribatu batean bakar-bakarrik agertuko da.

Adopzioa buruturik, nolako eraginak izango ditu, batik bat?

  • Seme-alaba adoptiboek eta berezko filiaziokoek eskubide berberak izango dituzte.
  • Pertsona bakar batek adoptaturiko umeak, adoptatzailearen abizen berberak eta ordena berberean agertuko ditu. Hori ez da horrela izango, baldin eta senar-emazteetako batek ezkontidearen seme-alaba adoptatu baldin badu, ezkontide hori hilda badago ere.
  • Oinordekotza-alorrean, seme-alaba adoptatua guraso adoptatzaileen oinordeko legitimo da.
  • Familia biologikoarekiko lokarri guztiak suntsitu egiten dira.
  • Ezkontzeko eragozpenak: odolkidetasun edo adopzioa dela medio, zuzeneko (hau da, gorako zein beherako lerroan) ahaideak ezin dira bata bestearekin ezkondu.
  • Adopzioa ezeztaezina da.

Adin gabeko atzerritarrak espainiar nazionalitatea hartuko al du?

Hala da. Kode Zibileko 19. artikuluaren arabera, espainiar batek adoptaturiko 18 urtez beherako atzerritarrak, adopzioa gertatu den une berean, jatorrizko espainiar nazionalitatea hartzen du.

Hagako Ituna sinatu ez duten estatuetatik ekarri nahi izanez gero, ordea?

Edonola ere, komeni da interesatuak bere autonomi erkidegoko organo eskudunera jotzea, adoptatu ahal izateko egokitasun-agiria nahitaez eskuratu beharra dagoelako.

  • Adopzioa Senegal, Venezuela, Txina, Oaxaca edo San Luis de Potosi (Mexiko) estatuetan, Nepalen edo Viet Namen egiten baldin bada, Estatu espainiarrean egiten denaren antzekoa da.
  • Beste zenbait herrialdetan (Marokko, Paraguai, Salvador, Dominikar Errepublika, Guatemala, Mexiko D.F. eta Verakruz Estatuan, esate baterako) “adopzio soil” izeneko irudia dago, hau da, egintzaren ondorioak ez dira erabatekoak. Herrialde horiekin adopzioari buruzko hitzarmenik ez dagoenez, Estatu espainiarrean konbalidatu egin behar da adopzioa, erabatekoa izan dadin, dagokion prozesu juridikoa beteaz.