IRUDIETAN

Edateko uraren bidea

1 maiatza de 2008
Img fotorreportajep 151

Edateko uraren bidea

Espainian pertsona bakoitzak egunean 45 litro ur edangarri kontsumitzen ditu. Ur hori iturri, urtegi eta erreketatik dator baina kontsumitu aurretik edangarri bihurtzeko prozesu zorrotza bete beharko du. Ura prozesatzeko premia populazioaren osasunarekin zuzenean lotu izan da. Egoera txarrean zegoen ura kontsumitzearekin loturiko hilkortasun-indizea erabat murriztu zen ur-tratamenduko estazioak martxan abiatu zirenean. Hasierako erronka horri erantzunik, oraindik orain adituek ulertu dute hurrengo pausua erabilitako ura ahalik eta egoera hoberenean itzultzea izango zela, hots, ibai eta erreken osasuna errespetatzeko, hondakin-urak ere araztea.

Sorburua: errekek eta lurrazpiko urek elikatutako iturri eta urtegiak

Espainian 1900 urtean 57 presa ziren, guztira, 106 hektometro kubiko biltzeko. Handik ehun urtera milatik gora dira eta edukia 53.936 hektometro. Erreka eta ibai nagusien ibilguak urtegiek eta uharkek erregulatua daude. Urtegiak, aintzirak edo iturriak dakarren ura prozesatzeko estazioraino bideratzen da, bertan gizakiak edan ahal izateko moduko bihurtzeko; hori lortzeko, hiru substantzia kaltegarri kenduko zaizkio: materia minerala, material organikoak (fenolak, hidrokarburoak, detergenteak, pestizida-hondakinak, etab.) eta kutsagarri biologikoak (mikroorganismoak: bakterioak, protozooak, birusak, etc.).

Ur edangarria prozesatzeko estazioa

Estazioetan ur natural edo gordina edangarri bihurtzen da. Ur-hartuneetako instalazioen eta ura etxetara banatuko duten andel eta kanalizazioen artean daude estazio horiek. Tratamendua, elkarren ondoan hainbat prozesu aplikatuz osatzen da: lehendabizikoa (aurre-oxidazioa) egiteko, uretan agente kimiko oxidatzailea murgiltzen da, bertan disolbaturik dauden materia organiko eta inorganikoekin erreakziona dezan eta oxidazio bidez suntsi daitezen. Ondoren, koagulazio eta flokulazio prozesuak datoz: horretarako, hainbat erreaktibo gehitzen (metal-gatzak) zaizkio urari eta ura mantso eta azkar astinduko da, tarteka, behin ere sedimentatzen ez diren karga elektrikodun partikula txiki-txikiak (koloideak) eskuratu ahal izateko. Partikula horiek dira uraren uhertasuna eta kiratsa eragiten dutenak. Horren ostean dekantazio fasea dator: ura mantso-mantso dabil eta, grabitatearen eraginez, aurreko prozesuan osaturiko koloide-multzoak eta partikulak hondora doaz. Erauziak izan ez diren partikula txikiak hondarrez iragazi eta horrela atxikiko dira, hondar-aleen arteko tarteetan. Uraren azidotasuna doitzeko erreaktibo kimiko aproposak (karea edo sosa) erantsiko zaizkio, urak hodia jan ez dezan eta, era berean, banakuntza-sareko hodien hormetan atxiki ez dadin.

Prozesua arrakastaz bete den egiaztatzea

Prozesua buruturik, laborategian ura aztertuko da. Bizirik iraun duten mikroorganismoak akabatzeko, ordea, urari substantzia oxidatzaile bat gehituko zaio (kloroa edo kloro-konposaturen bat). Horrela, banakuntza-sarean barrena gerta litezkeen kutsaduren aurrean ere, uraren kalitatea bermatuko da. Ur-mota batzuei, biziki gogorrak izatearren, prozedura kimiko bat aplikatu behar zaie, kaltzio- eta magnesio-gatzak erauzteko.

Azterketa eta kontrolak

Espainian, parametro analitikoen balio-mugak eta azterketen maiztasuna finkatzen dituen araua Herri-Kontsumorako Ur Edangarrien Hornikuntza eta Kalitate-Kontrolaren gaineko Arautegi Tekniko-Sanitarioa da (irailaren 14ko 1138/90 Errege-Dekretua), bertan Europar Batasunaren 80/778/CEE zuzentaraua dela. Ur edangarriak funtsezko baldintza bat bete behar du: inongo mikroorganismo patogenorik eta inongo substantzia toxikorik ez izatea. Beste bat ere bete beharrekoa du, ordea: kontsumitzailearen errefusa proboka lezakeen zapore, usain, kolore edo uhertasun desatseginik ez izatea.

Hornikuntza eta kanalizazioa

Estazioko laborategiak oniritzia emanik, kontrolak segituko du baina ura hornikuntza-sare konplexuan sartuko da. Hainbat gunetan laginak hartuko dira, balizko infekzioak prebenitzeko eta, era berean, kutsadura-fokurik atzemango balitz, zehaztasun handiagoz jardun ahal izateko. Hirurehun bat mila biztanleko hirigune bat urez hornitzeko 1.200 kilometroko hoditeria, deposituak eta punpatze-estazioak behar dira. Horiek denek, herritar guztiek lasai edateko moduko behar beste ur badela bermatuko dute.


Amaiera: ura bere ingurune naturalera ahalik eta egoera hoberenean itzultzea

Ur kontsumoaren etengabeko gehikuntzak hondakin-uren gehitzea izan zuen zuzeneko ondorioa. Erreka eta ibaietako urak endekatu eta, hortaz, bertako arrainak hil egin ziren. Hondakin-uren arazketari ekiteko lehen urratsa kolektore-sareak eraikitzea izan zen. Kontua da ura bere toki naturalera ahalik eta egoera hoberenean itzultzea. Araztegietan, prozedura kimiko eta mekanikoen bitartez, elementu solidoak suntsitzen dira. Ondoren, gantzak eta hondarrak erauzten zaizkio urari, dekantazio primarioa egiten zaio, aireztapen-baltsetan uzten da eta ondoren dekantazio sekundarioa aplikatuko zaio. Prozesu horretatik ateratako lohiak, prozesatu ondoren, nekazaritzan edota lorezaintzan erabiliak izan daitezke; areago, lohien digestio prozesuan sorturiko biogasa energia termiko eta elektrikoa sortzeko ere balia daiteke.