7 txorrota termostatiko, dutxa eta bainukoak

Dutxako eta bainuko txorrotetatik, batek soilik ematen du arauak agintzen duen adina ur

Ur-ihesik ez daukate txorrota termostatikoek, eta ongi erantzun diete presio eta tenperatura aldaketei. Garestienak bezain ongi funtzionatu du guztietan merkeenak, eta erdia ere ez du balio
1 urtarrila de 2009

Dutxako eta bainuko txorrotetatik, batek soilik ematen du arauak agintzen duen adina ur

Uraren tenperatura doitzea oso garrantzitsua da dutxa edo bainu lasaigarria hartzeko. Garai bateko txorrotekin, ur hotzari eta beroari neurria hartu beharra dago gustuko tenperatuta lortu arte; txorrotaren barruko gailu batek nahasten ditu bi emariak, hotza eta beroa, eta bat ireki eta bestea itxi ibili beharra dago. Txorrota termostatikoekin, berriz, aski da mugimendu bakarra egitea, aukera ematen baitute urari guk nahi dugun tenperatura jartzeko (graduak zehazteko gailu bat ekarri ohi dute). Sistema horri esker, azkarrago eta erosoago ibiliko gara, eta norbaitek etxeko beste txorrotaren bat irekitzen badu ere, uraren tenperatura ez da aldatuko; txorrota itxi eta xaboia eman ondoren ere, lehengo tenperatura berbera ekarriko du urak. Beraz, aitzakiarik ez dago ur gutxiago gastatzeko, eta ingurumenaren alde bero-bero jarraitzeko.

Zazpi txorrota termostatiko aztertu ditugu laborategian, dutxarako eta bainurako erabiltzen diren horietakoak. Merkeenak, Argo etxekoak, 95,45 balio izan du, eta garestienak, Grohe etxekoak, 244,99 euro. Aldea nabarmena da batetik bestera, baina prezioan besterik ez da antzematen; kalitatean ez dago halako alderik, eta kalitatea eta prezioa aintzat hartuta, hain zuzen, Argo etxekoa izan da guztietan onena: merkeena da, ur emari handiena berak ematen du eta, beste txorrota bat ireki dugunean, tenperaturari ongien eutsi dionetakoa izan da.

Ur-ihesik ez da gertatu

Laborategiko probak egiten hasi aurretik, txorroten kanpoaldeari begiratu bat eman diegu, eta ez dugu antzeman inolako akatsik. Jarraian, uraren korrosioari ongi erantzuten diotela egiaztatzeko, 200 orduz eduki ditugu gatz-lainotan (zahartze prozesua azkartu dugu, nolabait). Proba hori eginda, burbuila banaka batzuk agertu dira Rousseau txorrotaren gainazalean. Gainerako sei txorrotetan ez da agertu burbuilarik, orbanik edo zimurdurarik.

Txorrota guztiek gainditu dute irazgaiztasunaren proba, eta ohiko erabileran ur-ihesik ez dutela izaten egiaztatu dugu. Proba hori egiteko, ur-presioa handitu diogu hodiari, eta tapagailua itxi dugu lehenik eta ura irteteko zuloa gero (tenperatura doitzeko gailuak eskaintzen dituen tarte guztietan egin dugu proba bera). Txorrotaren hautagailuarekin ere egin dugu irazgaiztasun proba (dutxa edo bainua, zer hartu nahi dugun hautatzeko aukera ematen duen mekanismoarekin, alegia). Aztertu ditugun zazpi txorrotek egoki erantzun dute: hautagailua bainua hartzeko moduan jarri, eta urari presioa handitu diogunean, dutxatik ez da urik irten, eta alderantziz egin dugunean ere, berdin gertatu da. Gainera, dutxa hartzeko moduan jarri eta txorrota itxi dugunean, hautagailua berez itzuli da bainua hartzeko modura (halaxe agintzen du arauak).

Tortsio edo bihurritze proban ere egoki erantzun dute zazpi txorrotek. Bost minutuz, emari-giltza eta tenperatura-giltza indarrez jiratzen saiatu gara (6 eta 3 newtoneko indarra egin diegu, hurrenez hurren), eta ez dugu antzeman inolako gorabeherarik. Beraz, ixtean eta irekitzean egiten den indarrak ez die kalterik egin txorrotei, eta arauak esaten duen bezala erantzun dute.

Arauak agindu baino emari txikiagoa dute

Iturriek zer emari eduki behar duten ere esaten du arauak. Bainua hartzeko, minutuan 20 litro baino gehiago eman behar ditu (txorrota erabat irekita dagoela, 34, 38 eta 42 ºC-ko tenperaturak jarrita eta ura 3 bar-eko presioan datorrela). Aztertu ditugun zazpi txorrotetatik lauk, ordea, ez daukate emari hori. Tebisa, Grohe, Tres eta Rousseau etxekoek, hain zuzen (azken horrek eman du emaitzarik txarrena; 11,8 l/m). Guztietan onena Argo etxekoa izan da arlo honetan: 20,6 litro eman ditu minutuko. Hautagailua dutxa hartzeko moduan jarrita, berriz, zazpitik seik ez dute bete araua (behar baino emari txikiagoa dute). Minutuan 12 litro edo gehiago eman behar ditu txorrota batek, dutxa atsegina izan dadin -hala dio arauak-, eta Forma etxekoa soilik iritsi da gutxieneko hori betetzera. Txorrotek oso ongi prestatuak egon behar dute tenperatura ez dadin bat-batean igo ur hotza mozten bada. Gorabehera horri nola erantzuten dioten ikusteko, ur ho-tzari bidea itxi diogu, eta hurrengo segundoetan zenbat ur eta zein tenperaturatan atera den neurtu dugu. Txorrota guztiek egoki erantzun dute: arauak agintzen duen bezala, lehen bost segundoetan ez dira irten 200 mililitro baino gehiago, eta hurrengo hogeita hamar segundoetan, ez dituzte eman 300 mililitro baino gehiago. Berriz ur hotza ireki dugunean eta tenperatura neurtu, aldea ez da izan 2 ºC-koa baino handiagoa. Guk aztertu ditugun zazpi txorrotek nahiko berme ematen dute, beraz, eta inor ez litzateke erreko ur hotza moztuz gero. Arlo honetan, Grohe etxekoak eman du emaitzarik onena, eta Rousseau etxekoa etorri zaio ondotik; emaitzarik apalena, berriz, Argo eta Tres etxekoek lortu dute.

Etxeko beste txorrota bat ireki eta ur hotzaren presioa gutxitzen bada, orduan ere igo daiteke uraren tenperatura. Txorrota termostatikoek gai izan behar dute emaria erregulatzeko, eta, presioa aldatuta ere, tenperaturan gorabehera handirik ez eragiteko. Laborategiko teknikariek beste proba bat ere egin dute, hortaz: ura 38 ºC-tan jarri dute, eta ur hotzari presioa kendu diote poliki-poliki, 0,25 MPa-ko neurrian geratu arte; ondoren, berriz 0,3 MPa-ko neurrira eraman dute eta hantxe utzi. Tebisa etxekoak eman du emaitzarik kaskarrena proba horretan, nahiz eta guztiek egoki funtzionatu (tenperatura aldaketa ez da izan 2 ºC-koa baino handiagoa). Galdarak huts eginez gero nola erantzungo luketen ere aztertu dugu, eta guztiek gainditu dute proba hori. Ur beroaren tenperatura 10 ºC jaitsi dugu, baina tenperatura ez da 2 ºC baino gehiago aldatu neurgailuan jarrita zegoenetik. Roca eta Rousseau etxekoek eman dute erantzun onena, eta txarrena, berriz, Argo etxekoak.

Zenbait markak bermea hiru urte luzatzeko aukera ematen dute

Hiru txorrotaren etiketak gaizki emanak egon dira, eta ez dute araua bete: Argo-k, Forma-k eta Rousseau-k ez dute esaten zein helbide duen produktua merkaturatzeko ardura hartu duenak. Zazpi txorrotetatik hiruk aukera ematen dute bermea hiru urte luzatzeko (legeak agintzen duen bermea, 2 urtekoa, bukatzen denerako). Roca, Tres eta Rousseau etxeek eskaintzen dute hori, baina Rousseau etxekoak inon ez du esaten -ez bilgarrian, ez berekin dakartzan dokumentuetan- nora deitu behar den edo nora zuzendu beharra dagoen aukera horretaz baliatzeko.

Modu ekologikoan dutxatzeko aholkuak
  • Bainua hartu beharrean dutxa hartuz gero, askoz ur gutxiago behar izaten da (lau eta sei aldiz gutxiago).
  • Xaboiek, xanpuek, ile-egokitzaileek eta gelek kalte egiten diote ingurumenari, eta neurrian erabili behar dira
  • Txorrota ireki eta ura berotu bitartean ateratzen dena ontzi batera bildu dezakegu, eta loreak ureztatzeko edo garbiketa lanen bat egiteko erabili.
  • Zenbat eta beroagoa ura, orduan eta energia gehiago kontsumitzen da: dutxa atsegin bat hartzeko, nahikoa litzateke 30 eta 35 ºC artean jartzea.
  • Ur-isuri eta ihesak saihestu beharra dago, baita txikien-txikienak ere. Segundoan ur tanta bat galtzen bada, 30 litro galduko dira egunean, eta 100.000 litro baino gehiago urtean.
  • Aginte bakarreko txorrotez eta txorrota termostatikoez gain, badira ura aurrezten laguntzen duten beste tresna batzuk ere: emari etengailuak, zurrusta-haustekoak (airea eta ura nahasten duten iragazkiak), kontsumo gutxiko hedagailuak, mugimendu sentsoreak edo ur grisak berrerabiltzeko sistemak (garbitzen garenean isurbidetik joaten diren urak, alegia).

Laburbilduz eta Konparatzeko taula

Laburbilduz, 7 txorrotak laburbilduz

  • 7 txorrota termostatiko aztertu ditugu, bainerako irteera eta dutxakoa dauzkatenak. Merkeenak 95 euro balio izan du (Argo), eta garestienak, 244 euro (Grohe).
  • Txorrota guztiek gainditu dute irazgaiztasun proba, eta ez dute izan ur-ihesik. Ireki eta ixterakoan egiten den indarrari ere erantzun ona eman diote. Rousseau txorrotak ez du gainditu zahartze proba: 200 orduz eduki ditugu gatz-lainozko kamera batean, eta burbuilak agertu zaizkio gainazalean.
  • Ur emaria neurtu dugunean aurkitu ditugu arau-hauste gehien. Arauak esaten du ur kopuru jakina eman behar dutela tenperatura bakoitzean, baina txorrota gehienak ez dira iritsi behar adina ur ematera tenperatura guztietan. Dutxa hartzeko, adibidez, 12 litro eman behar dituzte minutuan (tenperatura guztietan), baina txorrota bat bera ere ez da iritsi maila horretara. Bainua hartzeko, berriz, Argo etxekoa soilik iritsi da tenperatura guztietan 12 litro ematera minutuan.
  • Ur hotza mozten denean, txorrota guztiek erantzun duten arauak agindu bezala: bat bera ere ez da aldendu 2 ºC baino gehiago jarritako tenperaturatik. Grohe eta Rousseau izan dira onenak arlo horretan. Ur hotzaren presioan gorabeherak gertatu direnean, Roca eta Argo izan dira eraginkorrenak.
  • Ur beroaren tenperatura jaitsi denean (galdara gelditu izan balitz bezala egin dugu), tenperatura egonkorra emateko gai izan dira zazpi txorrotak. Roca eta Rousseau izan dira onenak horretan ere.
  • Argo etxeko txorrotak, merkeenak, eman du emaitzarik onena kalitate-prezioak aintzat hartuta. Horrek eskaintzen du ur emari handiena bainua eta dutxa hartzeko, eta tenperaturari ongien eutsi diotenetakoa izan da beste txorrota bat ireki dugunean.
Marka Arauak jartzen dituen mugak Argo Roca Forma
Modeloa 54.28.CDCR Prada T Niza
Prezioa (euro bakoitzak) 95,45 152,84 133,45
Kontsumitzaileari ematen zaion informazioa
Etiketa Gaizki emana Ongi emana Gaizki emana
Berme gehigarria 1 Ez du eskaintzen Cinco años Ez du eskaintzen
Ezaugarri orokorrak
Gainazalaren kalitatea 2 Egokia Egokia Egokia
Nahasgailuaren irazgaiztasuna3 Egokia Egokia Egokia
Hautagailuaren irazgaiztasuna 4 Egokia Egokia Egokia
Tortsio-indarrari emandako erantzuna 5 Egokia Egokia Egokia
Funtzionamendu hidraulikoa
Batez besteko emaria, bainatzeko (l/min) 20,6 18,3 18,5
Ur hotz emaria, guztira (l/min) 17,3 15,3 16,7
Ur emaria, 34ºC-tan (l/min) 20 baino gehiago 21,4 19,9 19,4
Ur emaria, 38ºC-tan (l/min) 20 baino gehiago 21,9 20,4 20
Ur emaria, 42ºC-tan (l/min) 20 baino gehiago 21,9 20,3 20,3
Ur bero emaria, guztira (l/min) 20,5 15,5 16,3
Batez besteko emaria, dutxatzeko (l/min) 11,9 11,6 12
Ur hotz emaria, guztira (l/min) 12 baino gehiago 11 10,7 11,3
Ur emaria, 34ºC-tan (l/min) 12 baino gehiago 12 12 12,4
Ur emaria, 38ºC-tan (l/min) 12 baino gehiago 12,2 12,1 12,4
Ur emaria, 42ºC-tan (l/min) 12 baino gehiago 12,2 12,1 12,4
Ur bero emaria, guztira (l/min) 12 baino gehiago 11,9 11 11,5
Segurtasuna: ur hotza moztuz gero 6 Ona Oso ona Oso ona
Lehen 5 segundoetan ematen duen ur kopurua (ml) 200 baino gutxiago 180 70 80
Tenperaturaren egonkortasuna, presioa aldatuz gero 7 Bikaina Bikaina Oso ona
Tenperaturaren gorabeherak, ur hotzaren presioa gutxituz gero 2 baino gutxiago 0,4 0,2 0,9
Tenperaturaren egonkortasuna, tenperatura aldatuz gero 8 Balekoa Oso ona Ona
Tenperaturaren gorabeherak, ur beroaren tenperatura gutxituz gero (ºC) 2 baino gutxiago 1,6 0,5 1
Kalitatea, oro har Oso ona Bikaina Oso ona
Marka Tres Tebisa Rousseau Grohe
Modeloa Cub-Tres Ente Caress Precision Comfort
Prezioa (euro bakoitzak) 203,52 142,33 99 243,99
Kontsumitzaileari ematen zaion informazioa
Etiketa Ongi emana Ongi emana Gaizki emana Ongi emana
Berme gehigarria 1 Bost urtekoa Ez du eskaintzen Bost urtekoa Ez du eskaintzen
Ezaugarri orokorrak
Gainazalaren kalitatea 2 Egokia Egokia Desgokia Egokia
Nahasgailuaren irazgaiztasuna3 Egokia Egokia Egokia Egokia
Hautagailuaren irazgaiztasuna 4 Egokia Egokia Egokia Egokia
Tortsio-indarrari emandako erantzuna 5 Egokia Egokia Egokia Egokia
Funtzionamendu hidraulikoa
Batez besteko emaria, bainatzeko (l/min) 16,1 15,0 11,8 17,1
Ur hotz emaria, guztira (l/min) 15 14,2 11,1 15,3
Ur emaria, 34ºC-tan (l/min) 16,4 16 12,4 18
Ur emaria, 38ºC-tan (l/min) 17 16 12,5 18,7
Ur emaria, 42ºC-tan (l/min) 17 15 12,3 18,7
Ur bero emaria, guztira (l/min) 14,9 14 10,8 15
Batez besteko emaria, dutxatzeko (l/min) 11,5 11,8 10,8 11,2
Ur hotz emaria, guztira (l/min) 10,9 11,1 10,3 10,5
Ur emaria, 34ºC-tan (l/min) 11,9 12,1 11,2 11,5
Ur emaria, 38ºC-tan (l/min) 11,8 12,2 11,2 11,8
Ur emaria, 42ºC-tan (l/min) 11,9 12,2 11,2 11,8
Ur bero emaria, guztira (l/min) 11,1 11,6 10 10,4
Segurtasuna: ur hotza moztuz gero 6 Ona Oso ona Bikaina Bikaina
Lehen 5 segundoetan ematen duen ur kopurua (ml) 130 110 40 10
Tenperaturaren egonkortasuna, presioa aldatuz gero 7 Oso ona Balekoa Oso ona Oso ona
Tenperaturaren gorabeherak, ur hotzaren presioa gutxituz gero 0,5 2 0,6 0,6
Tenperaturaren egonkortasuna, tenperatura aldatuz gero 8 Oso ona Ona Oso ona Ona
Tenperaturaren gorabeherak, ur beroaren tenperatura gutxituz gero (ºC) 0,8 1 0,5 1,2
Kalitatea, oro har Oso ona Oso ona Ona Oso ona

(1) Bermea: 2 urteko bermea eskaini beharra dute txorrota guztiek, legeak hala agintzen du eta. Zenbait etxek diote 5 urterainoko bermea ematen dutela.

(2) Gainazalaren kalitatea: Zahartze prozesua azkartzen duen proba egin dugu (200 orduz eduki ditugu gatz-lainozko kamera batean), eta hola ikusi ahal izan dugu ea nahasgailuari jarri dioten gainazala gai izango den korrosioari aurre egiteko. Rousseau etxeko txorrotari burbuilak agertu zaizkio.

(3) Nahasgailuaren irazgaiztasuna: Uraren presioa aldatuz ibili gara, jakiteko ea hautagailua gai den ohiko erabilerari egoki erantzuteko, ur-ihesik sortu gabe.

(4) Hautagailuaren irazgaiztasuna: Nahasgailua daukan barne-mekanismoa da hautagailua, eta dutxa hartzeko moduan jar daiteke, edo bainua hartzeko moduan. Mekanismo horrek bermatu behar du hautagailuak ongi funtzionatuko duela bi moduetan.

(5) Tortsio-indarrari emandako erantzuna: Ur emaria eta tenperatura doitzeko aginteek tortsio-indar jakina jasateko gai izan behar dute deformatu eta matxuratu gabe (ireki eta ixterakoan egin den indarra da tortsio-indarra).

(6) Segurtasuna: Ur hotza moztuko balitz, txorrotak bermatu behar du erabiltzailea ez dela erreko. Txorrota gehienek ur emaria etenda lortzen dute hori. Ur hotza moztu eta hurrengo bost segundoetan, 200 ml baino gutxiago eman behar ditu txorrotak. Zenbat eta ur kopuru gutxiago eman lehen 5 segundo horietan, orduan eta hobeto kontrola daiteke tenperatura.

(7) Tenperaturaren egonkortasuna, presioa aldatuz gero: Ur hotzaren presioa gutxitzen denean (norbaitek beste txorrota bat ireki duelako, adibidez), txorrotek eutsi egin behar diote uraren tenperaturari. Arauak dio, gehienez, 2 ºC-ko gorabeherak egon litezkeela.

(8) Tenperaturaren egonkortasuna, tenperatura aldatuz gero: Ur berorik gabe geratzen garenean ere (adibidez, galdara itzali eta berriz abiarazten denean), txorrotek eutsi egin behar diote uraren tenperaturari. Arauak dio, gehienez, 2 ºC-ko gorabeherak egon litezkeela.

Banan-Banan

7 txorrotak banan-banan

Argo 54.28.CDR

  • Prezioa: 95,45 euro

  • Kalitatea, oro har: Oso ona


Kalitate-prezioak aintzat hartuta, hauxe da onena

Guztietan merkeena da, bainatzeko eta dutxatzeko emari handiena eskaintzen du, eta tenperaturari ongien eusten dionetakoa da beste txorrota bat irekitzean.

Etiketa gaizki emana du, ez baitu jartzen ekoizlearen helbiderik.

Roca Prada T


  • Prezioa: 152,84 euro
  • Kalitatea, oro har: Bikaina

Erdi pareko prezioa du. Txorrota guztien artean, honek eutsi dio ongien tenperaturari beste txorrota bat ireki dugunean edo galdara gelditu denean. Legeak agintzen duen bermeaz gain (bi urtekoa izan behar du), beste hiru urteko bermea eskaintzen du aukeran.

Forma Niza

  • Prezioa: 133, 45 euro
  • Kalitatea, oro har: Oso ona

Bi txorrota daude hau baino merkeagoak, eta dutxa hartzeko, honek dauka emaririk handiena.

Etiketa gaizki emana du, ez baitu jartzen ekoizlearen helbiderik.

Tres Club-Tres

  • Prezioa: 203,53 euro
  • Kalitatea, oro har: Oso ona

Txorrotarik garestienetakoa da.

Proba guztiak gainditu ditu, eta legeak agintzen duen bermeaz gain (bi urtekoa izan behar du), beste hiru urteko bermea eskaintzen du aukeran.

Tebisa Ente


  • Prezioa: 142,33 euro
  • Kalitatea, oro har: Oso ona

Erdi pareko prezioa dauka, eta honek ematen du erantzunik kaskarrena beste txorrota bat irekitzen denean.

Rousseau Caress

  • Prezioa: 99 euro
  • Kalitatea, oro har: Ona

Txorrotarik merkeenetakoa da. Zahartze proba egin dugunean, honi soilik agertu zaizkio burbuilak gainazalean.

Legeak agintzen duen bermeaz gain (bi urtekoa izan behar du), beste hiru urteko bermea eskaintzen du aukeran, baina inon ez da ageri ekoizlearen helbiderik (arauak dio agertu behar duela informazio hori).

Hortaz, ez da erraza hiru urteko berme gehigarria lortzea.

Grohe Precision Comfort

  • Prezioa: 243,99 euro
  • Kalitatea, oro har: Oso ona

Hau da garestiena, eta ur hotza moztu dugunean, honek lortu du emaitzarik onena.