Burtsa, finantzen ikur

1 urria de 2007
Img fotorreportajep

Burtsa, finantzen ikur

Kronikek diotenez, 1831ko urriaren 20an, eguerdiko 12etan merkatari talde bat Madrilgo Eguzki Plazako eliza batean bildu zen. Posta Etxeko erlojuaren lehen kanpai-hotsarekin hasitzat eman zuten Burtsaren jarduera. Burtsa izena, Europako gainerako plazetan bezala, Van der Bourse familia belgikarrari hartu zitzaion. Brujaseko ostalariak izanik izen handiko bankari bihurtu zirenez, mundu zabaleko zentro komertzialek izen horixe dute egun. Kronika beraiek diotenez, 1893ko maiatzaren 7an, María Cristina erreginak, 62 urte igaro eta zazpi egoitzaz aldatu ondoren, behin betiko eraikin enblematikoa inauguratu zuela, azken 20 urtean horren balioa bestelako alorretan mugitzen den mundu baten antzezpenera mugatua dagoen arren. Bertako parketa, erlojua, kanpaia eta panelak ikurrak baizik ez dira. Irudiak errealitate birtuala agertarazten du: ez biribilean bildutako eragileen, ez gainerako horrekin zerikusia duen egungo balioen eta kanbioen merkatua. Burtsa hura suntsitu zen betiko. Eraikinak zutik dirauen arren.

Goizeko 10ak: Burtsa ireki da

Madrilgo Leialtasuneko plazan datza Burtsako eraikin handiosa. Zutoin sendoen gibelean dagoen banatze-gelatik Kanbio Aretora -“parketera”- sartzen da. Lanegun goizeko hamar-hamarretan tutuak jardunaldia hasi dela iragartzen du. Aurreneko 60 minutuak prezioak finkatzean emanik, hurrengo sei orduetan topaketak gertatuko dira etengabe. Topaketa birtuala da -erreala ere bai, aldi berean- ez saltzaileak, ez erostunak presente ez baitira. Burtsako negoziazioa aldameneko kalean edota, berdin-berdin, Japonian diharduten balioen agentzia eta elkarteen eskuetan dago.

Korroa, iraganeko aztarna

Dena ez da isiltasuna eta panelen igarotzea, ordea. Madrilgo egoitzak badu oraino gutxieneko finantza-jarduerarik, Bilbo, Valentzia eta Bartzelonan gertatzen den legez. Merkatu jarraituaz kanpoko balioekin diharduten korroetako merkatuak dira horiek eta beren finantza-gaitasuna murritza da, jardunaldi batean trukatzen denaren 0,5era ere ez baita iristen. Beraz, ematen eta hartzen duenaren oihuak eta, biribilean biltzeko, operadoreek osatzen duten korroa eratzeko hamar minutuz behin jotzen duen kanpai-hotsa adi daitezke oraindik.

Panelak edo negoziazio etengabea

Korroa iragan urruna da, oso aspaldikoa ez bada ere. Orduan, hamar minutuz behin jarduketak erotzeraino irakiten zuen. Egun, balioak gorri, laranja edo berdez agertzen dira, beren truke-posizioa adieraziz: beherakoa, gorakoa edo neutroa. Urduritasunik baldin bada ere, horrelakorik ez da agertzen elkarteetako egoitzetatik kanpora. Hemen dena da baretasuna eta prozesaturiko informazioaren hornikuntza jarraitua.

Gizakia, prozesu guztiaren eragile

Burtsa, deshumanizatua badirudi ere, pertsonek egiten dute. Hastapenean, jaun, merkatari eta diru-gizonen arteko topaketa izan zen. Helburua, etorkizun, ekimen eta ideiak zituzten enpresariek erdiespenak lor zitzaten. Horretarako, ordea, beraiengan sinetsiko zuten dirudun jendea premiazkoa zuten. Arriskuak partekatuz gero, irabazien parte bat jasoko zuten. Horrek horrelaxe segitzen du egun ere. Hemeretzigarreneko erromantizismozko giroa suntsitu bada ere, orduango arauek indarrean diraute: inberti ezazu gal dezakezuna bakarrik, ez zaitez izan diruzaleegi, eskura ezazu informazio handia. Puntu horixe da, hain zuzen, erretiroa hartutako zahar, burtsa zale, gazte handinahi, operadore ohi eta, parketean ezer egosten ez dela jakinik ere, ikusminez bertara hurbiltzen diren pertsona askoren amua. Burtsa toki aproposa da oraino kotizazioak irakurtzeko eta inbertsioei begia ez kentzeko.

Espezializatuentzat, platorik egokiena

Informazio Aroan ezin bestela izaterik: aspaldi hartan operadore, artekari, saltzaile eta jabeek okupatutako espazioak, “urrats galduetako” zerizten korridore haiek (Ameriketako albisteen zain, artekariak bertatik atzera eta aurrera baitzihoazen, urduri) egun telebistako platoek betetzen dituzte. Burtsa-informazioan espezializaturiko profesionalek ikus-entzuleekin konektatzen dute bertatik. Etxe zulotik balio bihurturiko aurrezkien osasun egoeraz informazio bila deitzen duten pertsonentzat ari dira lanean. Maila apaleko inbertitzaile horiek, kontsumitzaileak bezala, badakite ahalmen txiki bat daukatela eta informazioa eskuratzean datzala horri eusteko klabea.