Basoen Nazioarteko Urtea

Bizi txokoak

1 martxoa de 2011
Img en imagenes listado 183

Bizi txokoak

Basoak altxor handia dira, eta horri aitortza egiteko edo, Basoen Nazioarteko Urtea izango da aurtengoa. Basoak, pertsonentzat izango du lelotzat ekitaldi horrek, eta pertsonarik gabe basoak agian hobeki biziko liratekeen arren, pertsonek ezinbesteko dituzte basoak, baita hainbat eta hainbat landare- eta animalia-espeziek ere. Basoen osasuna zaindu eta hobetzeko, ekintza asko egin daitezke (egin ditzakegu): basoetako baliabideak modu ordenatuan kudeatu, basoak garbi eduki suteek indarrik ez hartzeko eta energia berriztagarriak sortu ahal izateko, zuhaitz-landaketak zentzuz egin, turismoa kontrolatu…

Jatorri Izena duten basoak

Gizakiaren lagun handiak dira basoak. Oxigenoa ematen dute, eta ura erakartzen eta gordetzen dute. Horregatik, zuhaitzak kontrolik gabe mozteak areagotu egiten du planetaren beroketa globala. Kontua ez da egurrik ez egitea; kontua da jakin egin behar dela zein zuhaitz bota, basoak gazte iraun dezan. Baso bat modu arduratsuan kudeatzen duten edo ez jakiteko, munduan badira zenbait ziurtagiri, eta horiek egiaztatzen dute produktu bat (zura, papera, perretxikoak, fruituak…) era horretako baso batetik datorrela. Espainiak 18 milioi hektarea baso ditu, eta Europan gainazalik handiena duen hirugarren herrialdea da, Suediaren eta Finlandiaren ondotik. Baina ziurtagiri bidez egiaztatuak, ordea, % 10era ere ez dira iristen Espainian.

Etsaia: suteak

Zuhaitzak legez kanpo mozteak areagotu egiten du baso-soiltzea, baina ez horrek bakarrik. Suteek ere kalte ezin itzulizkoak eragiten dituzte: zorua kutsatzen dute, baita ura eta arnasten dugun airea ere, eta galera ekonomiko handiak ekartzen dituzte. Ezinezkoa da suteak guztiz desagerraraztea, baina gutxitu litezke. Horiei aurrea hartzeko, funtsezkoa da suebakiak egin eta zaintzea, espezie errekorrak ez modu masiboan landatzea eta sastrakak garbitzea.

Energia-biltegiak

Basoak garbitu ondoren, materia organiko ugari lortzen da, tonaka, eta energia lortzeko erabil daiteke materia hori guztia. Espainian, badira baso-biomasatik argindarra lortzen duten plantak (landare-jatorriko materia hila erreta, hain zuzen). Basoei osasuntsu eusten laguntzen dute, eta eragotzi egiten dute, aberastasuna lortzeko helburuz, baso-garbitze masiboak egin daitezen.