Kirurgia estetikoa

Bisturia eskuan: arriskuak eta abantailak

Teknikak geroz eta agresibitate txikiagokoak izan arren, kirurgia estetikoaren arriskuak haztatu egin behar dira ebakuntza gelan sartu aurretik
1 abendua de 2001
Img informe listado

Bisturia eskuan: arriskuak eta abantailak

Gorputzaren kultua negoziorik hoberenetako bat izatera iritsi da azken aldian eta Estatu espainiarrean bakarrik 100.000 milioi pezeta (600 milioi euro baino gehiago) fakturatzen duelarik. Dentistarengana konponketak egitera doan modu bertsuan nornahik erabaki dezake gaur bularra handitzea, zimurrak lautzea, bestelako sudurra izatea, gantza erauztea, sabelaldea tinkotzea, hegoak bezalako belarriak barnerantz ekartzea edo ezpainak nahiz masailalbo hezurrak nabarmentzea. Ebakuntza horietako gehientsuenen prezioak 150.000 pezetatik (900 E) milioira arte doaz (6.010 E). Ordainketa, berriz, aspalditik ez da arazoa, epeka-epeka ordain baitaitezke zerbitzu horiek, eroso asko.

Hastapenetan medikuntza plastikoaren eginkizuna, bizitzako ezbeharren aztarnak ezabatu eta konpontzea zen. Hirurogeigarrenetan Estatu Batuak izan ziren iraultza bakan horren aitzindaria, eskakizunak estetiko hutsei erantzunez. Gaztetasunaganako kultua -txeke eta ebakuntzetan adierazia- Estatu espainiarrera orain dela hogei bat urte arte iritsi ez bazen ere, egun Italiakoek bezainbeste ebakuntza nozitzen dituzte espainiarrek, bi horien aurretik Estatu Batuak eta Brasil baino ez doazelarik.

Kirurgia estetikoaren teknika berriek, lehen baino seguruago eta samurragoak, eta horien ondorioek, geroz eta ikusezinagoak, horrelako ebakuntzen aurreko beldurrak uxatzen lagundu dute. Baina edozein modutan ere, ebakuntza bat nozitzea gai serioa da. Zeinahi ebakuntzari dagozkion arriskuez gainera, prestakuntza prozesua ere hor dago eta zenbaitetan, arazoz beteriko ebakuntza-ondorena izaten da.

Nolanahi ere, horrelako ebakuntzen kopurua hazi eta hazi ari da. Medikuntza eta Kirurgia Estetikoko Espainiar Elkarteak emaniko datuen arabera, 1992 urtetik gaurdaino ebakuntza horien kopurua %150ean hazi da. Gehikuntzan, esan gabe doa, gizonezkoak izan du eragin behinena: duela pare bat urte baino bi aldiz gizaseme gehiago sartzen da gaur ebakuntza-gelan. Hazkuntza hori emakumetan ez da horren ikusgarria izan: duela bi urte baino %14 gehiagok hobetu dute fisikoa bisturiaren bidez.

Egiazkoak eta itxurazkoak

Kirurgia den aldetik, estetikoak ere beste zeinahi ebakuntzak bezalako arriskuak izaten ditu (anestesia arazoak, orbaintze akastuna, etab.). Gogora dezagun 2000 urtean Pazientearen Defentsarako Elkarteak aurreko urtean baino %30 salaketa gehiago jaso zituen, gehientsuenak balizko zabarkeriak medio. Dena den, Sendagile eta Kirurgilari Estetikoen Elkartearen arabera, iaz eginiko 250.000 ebakuntzen kontra %2 baino salaketa gutxiago aurkeztu ziren.

Estatu espainiarrean bost bat mila sendagilek dihardute kirurgia plastikoan berariazko titulurik izan gabe. Edo gauza bera dena, ospitaleko praktikarik egin ez eta, gainera, oinarri-oinarrizko prestakuntza baizik ez dute eta mediku horietako bati arazoren bat sortzen zaionean ohikoagoa da konponbiderik bilatzen ez jakitea, espezialitatean ez baita zaildu. Ondorioz, oso litekeena da pazienteak ekidin zitezkeen kalteak izatea.

Alor horretako praxi okerraren ondoriorik samurrena emaitza txarrak ateratzea izango da: asimetriak, lifting face (horrela derizte estatubatuarrek ardura handirik gabe eginiko tenkatze baten aztarna nabarmenei) edo bularraren gehiegizko hanpadura (lau mamoplastiatatik bat gaizki amaitzen da, emaitzei dagokiela) antiestetiko eta bizkarrarentzat kaltegarria. Larrienetara goazela, nerbio fazialeko kalteak, adierazkortasuna larriki galtzea edo liposukzioaren osteko arazo larriak (ospitalean konpondu beharko litzatekeen arteria-tentsioaren beherakada eraginez): honi zor zaio hilkortasun-indizerik handiena erakusteko ohorea, pazientea ospitalean sartu gabe, sekulako gantz-bolumenak erauzten baitzaizkio, berebiziko anestesia-kopuruak (hau da, toxiko piloa) emanez.

Edertasunaren hipoteka

Kontsumo masiboko zerbitzua bilakatzen ari da orain kirurgia estetikoa, are gizonezkoetan ere. Espainian, azken urtean, 250.000 ebakuntza “estetiko” egin dira, bakoitzaren batez besteko kostua 400.000 pezeta (2.404 E) izanik. Mirariaren industria 100.000 milioi pezeta (600 milioi E) urtean fakturatzen ari da orain bertan estatuan. Aspaldi aberats eta pertsonaia ospetsuen pribilegioa zelarik, eskakizun handiari eta tekniken aurrerakadari esker (horiek soilago eta ospitaleko gastuak, berriz, askoz ere urriago dira) ebakuntzen prezioak %7 eta %9 bitartean jaitsi direnez, gaur egun lanbide, egoera eta ezaugarri guztietako jendeak jotzen du kirurgiara kezkarik gabe itxura fisikoa hobetzeko. Edertasunerako bidean pazienteak aurrera errazago egin dezan, espainiar klinika gehientsuenek (1996 urtean baino %15 establezimendu gehiago dira orain) era askotako finantzabideak eskaintzen dizkiote. Klinika eta bankaren artean aurretiaz hitzarturiko kreditu pertsonalak izaten dira horiek, ebakuntzak epeka -are lau urte baino gehiagotan- ordaintzea bideratzen dutenak.

Gizonezkoak ere animatu dira

Eta zalantza-izpirik ez du agertzen ebakuntza gelara bisita egiteko unean, bere burua ispiluan erakargarriago ikusteko. Joan den urtean, 40.000 gizon baino gehiagori egin zizkieten betazal, belarri, liposukzio, laser bidezko depilazio, ile-txertaketa edo antzeko ebakuntzak; 1995 urtean, aldiz, 15.000 gizonezko bakarrik ziren begi onez ikusten ez zuten gorputz atal hura egokitzeko bisturiarekin sineskortasunik erakutsi zutenak. Espainiar gizasemeek gehien eskatu zituzten egokitzapenak ile-transplantea (300.000 pezeta, 1.803 E), rinoplastia (250.000 pezeta, 1.502 E) eta begi-zuloak konpontzeko betazalen ebakuntza (150.000 – 300.000 pezeta, 900 – 1.803 E) izan ziren.

Kirurgia estetikoko ebakuntza egin zain bazaude…

  • Gogora ezazu kirurgia estetikoa emaitzen kontratua dela eta, horrenbestez, lehen baino hobeki geratu beharko duzu, nolanahi ere. Eska ezazu, ebakuntzari esker lortuko diren emaitzak nolakoak izango diren idatziz bermatzea. Eskatu argazkiak, lehenago eta ondoren ateratakoak.
  • Jakin ezazu nolakoak eta zenbaterainokoak izan daitezkeen gaizki eginiko kirurgia estetikoko ebakuntzaren ondorio larri-larriak.
  • Ez izan presarik ebakuntza egingo dizun fakultatiboa aukeratzeko. Jakin ezazu nolako eskarmentua duen eta kolegiaturik dagoen. Eskatu horren gaineko informazioa profesionalen elkarteei, zure sendagileari eta beste hainbat medikuri. Egiaztatu egokitu zaizun edo hautatu duzun klinika hori legeztaturik dagoela eta eraman ezazu (ebakuntzak porrot egitekotan) adierazpenak egingo dizun lekuko bat.
  • Eskatu adituen iritzia. Sendagilearen eginkizuna ez da ebakuntza “saltzea”, aholkularitza ematea baizik. Ez sinetsi mirariak edo ezinezkoak agintzen dizkizunari.
  • Eskatu aurrekontu idatzia, kapituluak banan-banan adierazita, nolako gaiak erabiliko diren zehazki aipaturik. Eskatu faktura eta sinatzen dituzun agirien (ebakuntza egiteko baimen-ematea barne) kopiak. Ez duzu ordaindu behar aurrekontuan agertzen zena baino diru-kopuru handiagorik. Ez ordaindu eramaileari eginiko txekearekin. Ebakuntzaren helburua gaitz bat edo horren ondorioak tratatzea denean, ez ordaindu BEZ. Ebakuntza estetiko hutsa egiten badizute, %7ko BEZ arindua ordaindu beharko duzu.
  • Ez egin ebakuntzarik beste norbaiti atsegin gertatzeko. Baliteke zure inguruko jendeak erreakzio ona agertzea, baina kirurgia plastikoa aldaketak zure baitan eragiteko dago pentsatua eta ez ingurukoak asetzeko.

Pazientearen eskubideak

Osasun psikologiko nahiz fisikoa dela medio, kirurgia plastikoko ebakuntza nozitzen duen pertsonak, beste zeinahi pazientek bezala, hainbat eskubide ditu, espainiar Estatuko Osasunaren Lege Orokorreko 10. artikuluan xedatzen denez:

  • Pertsona eta giza duintasuna errespetatu eta intimitatea mantentzeko eskubidea.
  • Osasun zerbitzuei buruzko informazioa jasotzeko eskubidea.
  • Prozesuari dagokion informazio osoa konfidentzialtasunez mantentzeko eskubidea.
  • Diagnosi eta terapia prozesuak hezkuntza edo ikerkuntza proiektuetan baliatuko ote diren jakiteko eskubidea.
  • Pazienteak eta honen senide zein gertukoek informazio osoa, ulerkorra eta era jarraituan jasotzeko eskubidea.
  • Kasua daraman medikuntza-arduradunak aurkezten dizkion aukeren artean askatasunez hautatzeko eskubidea.
  • Baimen emateari buruzko informazioa jasotzeko eskubide zehatza.
Aholkularitza psikologikoa

Valentziako Psikologoen Kolegio Ofizialak emaniko datuen arabera, pertsona bat ebakuntza egitera bultzatzen duten arrazoiak ugariak eta era askotakoak izaten dira, eta horien jatorria “modu askotako insatisfakzioetan aurki daiteke. Zenbaitetan, ezin betetze horrek geure buruari planteatu diogun ereduarekin izaten du zerikusia (miresten dugun aktore bat, adibidez), irudi bat eman nahi izatearekin edo, soil-soilik, denboraren aztarnak ikusezin egin nahi izatearekin”.

Beren kanpo-irudia aldatu nahi duten pertsonen eredu edo modelo jakinik ez dago. Kasurik gehienetan, gizaki horiek ez dute nozitzen aparteko trastornorik, ezta auto-estimazio alorreko traumarik ere. Baina kanpo-estimuluek berebiziko eragina izaten dute edertasun-eredua sortu eta hori bezalako agerpena lortu nahi izatean.

Erdietsi nahi dugun itxura fisikoa iristea dela eta, beste hainbat sistema baino bisturia nahiago izateko arrazoia, hein handi batean, gizartean nagusitu den egundoko erosotasuna da: “gorputza zizelkatu eta malgu mantentzea kirol eginez lor dezakegun arren, metodo hori askozaz ere luzeago eta mantsoagoa izateaz gainera, diziplina zorrotzagoa eskatzen du bisturiak baino”. Valentziako Psikologoen Kolegio Ofizialetik gogoratzen zaigunez, “(…) eredurik ez da. Gizakiak hori bete-betean sinesteak eta errealitatearekin negoziatzen ohitzeak sekulako garrantzia izango du”. Horrela bada ere, kasuren batean gertatu izan da “pazienteak bere buruarentzat ezinbesteko jotzen zuen ebakuntza egin ondoren, beste arrazoiren batengatik atsekabea nozitu eta pertsona horren barne-oinazea konpontzerik ez izatea”. Horregatik, psikologiako profesionalek aholkatzen dute “kirurgiara jo aurretik, pertsona horrek psikologo batekin hitz egin eta arazoa jorra dezala, bene-benetan zer nahi duen zehazteko.”

Are eta larriagoak dira bere gorputzarekin ados ez dagoen nerabearen arazoak. Valentziako Psikologoen Kolegio Ofizialak dioen arabera, “gurasoek alabekin hitz egin beharko lukete, bat-batean erabateko ezezkoa eman ordez, itxaronaldia proposatuz. Ondoren, nerabe horrek nozitzen duen kezka ikerturik, estetikako ebakuntza egiteko alternatiba berriro balora daiteke baina, era berean, badago itomen edo obsesio hori psikoterapiaren bitartez baretzea ere”.