Ekoturismoa

Bisitariak eta aukerako tokiak: elkarbizitza

1 uztaila de 2002
Img listado informe

Bisitariak eta aukerako tokiak: elkarbizitza

Paisai endekatuak, kutsadura, baliabideen eta energiaren gehiegizko kontsumoa, bizitza naturalaren bihurketa… Besterik badirudi ere, turismoaz ari gara; zehazkiago, bidaiak egitea gizaki bakan-bakanen pribilegio izatetik (duela mende erdi eskasa) masa-fenomeno bihurtu den horretaz, hain zuzen: eguzki eta hondartzako turismoaz, txiringito eta udako diskoteketako, parke tematiko eta antzekoetako turismoaz, hitz batez.

Panorama ilun horren erantzun gisa, orain dela hogei bat urte, bestelako turismo bat sortu zen: erakargarri nagusiak natura, kultura tradizionalak eta hein baterainoko abentura dituenak; orain, hori praktikatzera Natur Gune Babestuetara jotzen dute turista batzuek. Joera horri ekoturismo edo turismo berde deritzo eta betikoaz bestelako ezaugarriak ditu, jakina: paisaiaren kalitatea, lasaitasuna, iraunkortasuna, benetakotasuna, bertako tradizio eta ondare artistikoa eta antzeko alderdiak dira baliotsuak.

Aurtengoa Ekoturismoaren Nazioarteko Urte izendatu dutela eta, Turismoaren Munduko Erakundeak Frantzia, Italia, Espainia, Alemania, AEB, Kanada eta Erresuma Batuko 300 tour-operadoreri eginiko inkestatik ateratako datuen arabera, turismo guztiaren %2 – %4 bete zuen ekoturismoak. Nolanahi ere, horrelako turismoaren guztirako munta handiagoa izan zen, ekoturista gehientsuenek ez baitute jotzen agentzietara. Zenbakitan eta Espainia osoa harturik, 2000 urtean espainiar turismo sektoreak lorturiko 36.000 milioi euro haietatik, 1.300 milioi euro ekoturismoak sortu zituen. Hau da, aurreko urtearekiko, %18ko gehikuntza irabazi zen. Epe berean, eguzki eta hondartzako turismoaren hazkuntza %4 baizik ez zen izan.

Dena den, ekoturismoa -herrialderik azpigaratuenetan, batik bat- diru-iturri oparoa dela sinesteak ez du funtsik. 2001 urteko azaroan UNESCO-ri Ford Fundazioak egin zion txosten baten arabera, ekoturismorako proiektuen eragin mesedegarria (animaliak edo flora begiztatzea, parke naturalak zaintzea, etab.) prestakuntza apaleko enplegu bakar batzuetara mugatzen da. Beste alde batetik, txosten horrek jakinarazi zuenez, turista ekologikoek utzi duten dirua nazioarteko aire konpainien, hotelen, bidaia agentzien eta mendebaldeko herrialdeetatiko kontsumo ondasunen inportatzaileen patrikara doa (bidaiariak produktu horiekin baitaude ohituak). Mundu Bankaren kalkuluen arabera, garapen bidean dabiltzan herrialdeetan eginiko turismo-gastuaren %55 iparraldeko herrialdeetara doa ostera (espezialista batzuentzat, ordea, portzentaje hori %90raino iristen da).

Ardurazko, ganorazko turismoa

Naturarako Mundu Batasunak ekoturismoa honela definitu du: Ekoturismoa jarduera turistikoa da eta, ingurumenarentzako errespetu eta ardura osoz eta istilurik sortzeke, area naturalak bisitatuz eta bidaiak eginez, lekuan lekuko erakarpen naturalak (bertako paisaia, berezko flora eta fauna) ez ezik, bertan kausi daitezkeen orainaldi eta iraganeko era guztietako adierazpen kulturalak aintzat hartu, ikertu eta horretan gozatzeko xedea du, esandako elementuen kontserbazioa sustatuz, ingurune eta kulturan eragin apala izanez eta toki jakin horri dagokion populazioaren mesedetarako garapen sozio-ekonomikoa eraginez.

Ingurumenarentzako errespetua, bio-aniztasuna babestea, ahalik eta baliabideen kontsumo txikiena egitea, tokian tokiko populazioaren bizi kalitatea hobetzen laguntzea, hezkuntza-alorreko osagaiak sartzea eta tankera horretako kontzeptuak, urterik urte zale ugariago dituen turismoa ulertu eta praktikatzeko modu horrekin hertsiki loturik doaz.

Ekoturista motak

  • Motibazio apaleko turistak. Ibilbide turistikoko bidaiari hauek Parke Nazional bat edo Iguazu ur-jauziak bisitatuko dituzte, bisitaldi hori oporretarako eskaintzaren nahitaezko osagai delako.
  • Motibazio ertaineko ekoturistak. Natura atseden, jolas eta gozamenerako toki egokia den neurrian gustatzen zaie, besterik gabe. Aire zabaleko kirola praktikatzen aurkituko ditugu inoiz, mendian txangoan edo zaldi gaineko paseoan.
  • Motibazio biziko ekoturistak. Natur Gune Babestuak maiz bisitatzen dituzte, berariazko flora eta faunaren bila.
  • Ekoturista zientifikoak. Talderik bakanena osatzen dute honelakoek. Turistiko hutsa baino areago, profesionala da hauen helburua: natura ikertzea, aztertzea, hitz batez.

Helbide ekoturistikoak, etxetik irten gabe

  • Ordesa eta Monte Perdido-ko Parke Nazionala (Huesca Sarrioak eta ugatzak.
  • Aigüestortes-eko Parke Nazionala eta Alt Pllars-Arán-eko Erreserba Nazionala (Lleida Baso hostogalkorrak, sarrioak, basoilarrak eta okil beltzak.
  • Picos de Europa-ko Parke Nazionala (Asturias, Kantabria eta Gaztela Leon Baso hostogalkorrak eta sarrioak.
  • Somiedo-ko Parke Naturala (Asturias Pagadiak, hartza, orkatzak, basoilarrak, otsoak eta okil beltzak.
  • Muniellos-eko Erreserba Natural Integrala (Asturias Hariztiak, hartza, basakatua, basoilarrak, igarabak eta lepahoriak.
  • Gredos-eko Eskualde-Parkea (Avila Haritzak, basa pinuak eta basahuntz piriniarra.
  • Cazorla, Segura eta Villas mendilerroetako Parke Naturala (Jaen Pinudiak, basahuntz piriniarra eta arrano beltzak.
  • Sierra de las Nieves-eko Parke naturala (Malaga Izei espainiarra, izei mediterraniarra, erkametzak, basahuntz piriniarra eta arrano beltzak.
  • Cabañeros-eko Parke Nazionala (Ciudad Real eta Toledo Arteagak, artelatz basoak, oreinak, orkatzak, basurdeak, katamotzak, eguzki-arranoak eta sai beltzak.
  • Monfragüe-ko Parke Naturala (Caceres Artelatza, txilarra, gurbitza, eguzki-arranoa, zikoina beltza eta katamotza.
  • Hornachuelos Mendilerroko Parke Naturala (Kordoba Arteak, artelatzak, orein, basurde, basakatu eta katajinetak.
  • Alcornocales-eko Parke Naturala (Cadiz eta Malaga Artelatz-basoak (Europako denetan zabalena), izei espainiarra, errododendroak, ereinotzak eta orkatzak.
  • Doñana-ko Parke Nazionala (Huelva Tamarizak, lezka hostoestu eta hostozabalak, eguzki-arranoa, katamotza eta padura eta itsas ertzetako hegaztiak.
  • Cabo de Gata-Nijar-eko Itsas eta Lehorreko Parke Naturala (Almeria), Tabernas Basamortuko Paraje Naturala (Almeria) eta Calblanque Eskualdeko Parkea, Cenizas Mendia eta Peña del Águila (Murtzia Estepako populazioak, espartzua, palmitoa, miter feniziarra, ganga azpibeltza, basoilo txikia, triku beltza, dortoka beltza, belatz handia, hontza.
  • Carrascal de la Font Roja-ko Parke Naturala (Alacant Arteak, lizar loredunak, astigarrak, basurdea, basakatua, katajineta, azkonarra, ipurtatsa, muxarra, erbinudea.
  • Laguna de Fuente de Piedra-ko Erreserba Naturala (Malaga Flamenkoak, kurriloak, txenada mokobeltza, kaio hauskara.
  • Lagunas de Villafáfila-ko Erreserba Naturala (Zamora Heganagiak, antzara, basahatea, ahate txistularia, ahate mokozabala.

Ekoturistaren dekalogoa:

  1. Gozatu, baina hondatu gabe. Behatu, baina traba edo eraso egin gabe.
  2. Lagundu ingurunea babesten. Ekoturista, berez, turista eragile da.
  3. Bilakatu zure bizipen turistikoa ingurumen eskola. Egin gogoeta eta ikasi.
  4. Oporraldietan ez ezik, jardun horrela urte osoan ere.
  5. Egiaztatu hasi beharreko jarduerak ingurumen benetan errespetatzen duela eta ezagutza aberastuko dizula. Berma ezazu bidaia kontratatu dizun enpresak edo erakundeak ingurunea zaintzeko konpromisoa duela.
  6. Zauden tokian zaudela, salatu itzazu okerreko jarduerak erakunde edo organismo eskudunen aurrean.
  7. Urritu zabor eta zakarrak. Berrerabili, birziklatu (oporretan ez ezik, urte osoan ere).
  8. Ahal duzun neurrian, ez hartu automobila, ezta hegazkina ere. Erabili garraiabide publikoa, hankak eta bizikleta, ahal bezain maiz.
  9. Jardun zaitez bisitatzen dituzun komunitate tradizionalen garapenaren alde, erosi bertako produktuak, dastatu tokian tokiko gastronomia, ezagutu bertako ondare historiko eta kulturala.
  10. Harrarazi kontzientzia inguruko pertsonei. Bizipena onuragarri eta aberasgarri gertatu bada, jakinarazi senitarteko, lagun eta lankideei.

Santiago Bidea

Apostoluaren hilobira erromes joate horren Erdi Aroko hastapenak, izaera mistikokoak dira, zalantza izpirik gabe. Gizakiaren baitaratze horri, toki bakoitzeko egonaldiaren iragankorra izateari eta ibilitako kilometro mordoan barrena kultur adierazpenak behatzeari esker, biziki modan jarri zaigun Santiago Bidea ekoturismoaren eredu bihurtu da, horrelako asmorik izateke. Kontua da parajeak errespetatzea, norberaren energiak xahutzea baina Naturari deus ebatsi gabe, umiltasun osoz kilometro asko egitea tokian tokiko ekosistemak, arkitektura, gastronomia, hizkera, jendea miretsiz. Izpiritu horrek tinko dirau XXI. mendean ere, herrikoitasunak eta bidean eginiko hobekuntzek, Orreagatik Galiziako hiriburura doan 750 kilometroko bideko trafikoa biderkatu badute ere. Eskakizun horri so eginez eta kontzeptu tradizionalak agindutako errespetu zorrotzarekin, “Consumer” gida monografikoaren bigarren on-line bertsioak (https://caminodesantiago.consumer.es/) aurtengo uztailetik, erromesen babesleku diren 113 aterpetxeen datuak gaurkoturik eskaintzen ditu. Informazio baliagarriari erantsi zaizkio Orreagaraino iristeko eta Santiagotik irteteko datu praktikoak, albisteak, Interneteko esteka interesgarriak, erromesaren aurrekontua jakiteko kalkulagailua, aholkuak eta bi toki interaktibo: Bideko protagonistek bidalitako argazki-galeria, batetik, eta horiek internautekin gurutzatu nahi dituzten iruzkinak, ohartarazpenak eta kontakizunak, bestetik.

Arestiko kontua

1872 urtean Estatu Batuetako estreinako Parke Nazionala sortu zen, Yellowstone ezaguna: hantxe abiatu zen egun ekoturismo deritzogun horren bizitza. Parkearen helburuetako bat herrialde hartako azken paraje birjinak bere hartan mantentzea zela finkatu zen eta, hezkuntza eta gozamena xede, bertara zihoazen hiritarren bisitak modu antolatuan eratu zituzten arduradunek.

Espainiako lehen Parke Nazionalak -Ordesa eta Covadonga- 1918 urtean izendatu ziren, baina batera zein besterako bisitak zortzigarren hamarkadan mugatu ziren. Azken urteotan, Estatu espainiarra erkidego autonomotan antolatzean, Natur Gune Babestuen sorrera izugarri biderkatu da, hainbat izen eta figuraren arabera: Parke Naturalak, Erreserbak, Biotipoak, Parajeak, Monumentu Naturalak, Biosferako Erreserbak, etab. Espainiako ondare naturala kontserbatzeko agintariek eta erakundeek erakutsi duten interes bizi horrekin batera, Naturaren etengabeko endekatzeaz kezkaturik dauden hiritarren kontzientzia ekologikoaren areagotzea gertatu da.

Ekoturismoaren garapenean Europan funtsezkoak izan dira Leader programak: horiek, 1992az geroztik, ekonomia atzeratuko europar eskualdeetako (Espainia, Grezia, Portugal eta Italiakoetan, adibidez) baserri giroan produktu ekoturistiko berriak finantzatu izan dituzte.