Grillez hornituriko mikrouhin labeak

Berotu, desjelatu eta gorritu ongi egiten dute denek

Grill edo gainetiko erregailuez hornituriko zortzi mikrouhin labe aztertu dira: Panasonic, Moulinex, Lynx, Sanyo, Fagor, Samsung, Whirlpool eta Ufesa.
1 urtarrila de 1999

Berotu, desjelatu eta gorritu ongi egiten dute denek

/imgs/19990101/analisisc01.jpg
Kostua, Lynxeko 24.650 pezeta eta Whirpooleko 39.670 pezeta bitartean dabil. Prezioak prezio, aparailu horietako batetik besterako aldea nabarmentzen duena ez datza zeregina (elikagaiak desjelatu, berotu, prestatu edo gorritzea) betetzeko duten gaitasunean, honetan denek ederki baitihardute, erabiltzeko erosotasuna baizik. Garestienek (Whirpool, Sanyo eta Panasonic), esate baterako, tenporizadore elektrikoa (mekanikoa baino kalitate hobekoa) dute. Beste aldetik, grillez hornituriko mikrouhin hauen edukiera dezente aldatzen da, batetik bestera: Panasonicekoaren 19 litroetatik Fagorrekoaren 12 litroetara doa. Aurretiaz finkaturiko programak (desjelaketa, kopuruen araberako beroketa, etab.) eroso gertatzen dira eta, gainera, aparailu guztiek agertzen ez duten balio erantsia da.

Laborategian saiakerak egin ondoren, emaitzarik onenak Sanyok eta Panasonicek eskaini zituzten (garestienetan biak, izan ere). Sua hurbiltzean, Whirlpoolek oso erantzun txarra agertu zuen: babesgailua piztu ez zenez, aparailua zeharo hondaturik geratu zen.

Elektrizitate eta osakerari dagokienez, labe guztiok seguruak dira. Irregulartasun bakarrak (Whirpoolek suaren aurrean erakutsitako erantzun txar-txarraz gainera) bi izan ziren: labeak funtzionatzen zuenean Ufesakoa gehiegi berotu zen eta, bestetik, Fagor eta Ufesakoak pizterakoan, sarean konektaturiko gainontzeko aparailu elektrikoen jardueran eragiten dituzten perturbazioak. Kalitate-prezio erlaziorik onena Samsungek agertzen du. Erabiltzaileak gehixeago ordain ahal badeza, Sanyo du beste aukera polita, marka honek aginteen maneiua erraztu beharko lukeen arren.

Molekulen igurzketaz berotzen dute.

Barnean ipintzen diren elikagai eta edarien molekulak elkarren kontra igurztean, magnetroiaren (honelako labeen berariazko aparailuaren) bidez mikrouhin-erradiazioak eragiten dituen tresna elektrikoa da honelako labea. Elikagaiak, igurzketa hori tarteko, berehala berotzen dira. Bukaera, ergonomia eta erabilera on-onak eskaintzen dituzte aztertu diren labeek. Salbuespen bakarra ‘garrantzi handiegirik gabekoa’ Sanyo izan zen: aginteak maneiatzeko zaila dela medio, erabiltzaileak behin eta berriz jo behar izaten du argibide-liburura. Kanpoko itxurari dagokionez, Panasonic, Sanyo eta Fagorekoak aproposak zirela deliberatu zuten. Lynx eta Ufesaren itxura ?normaltzat? jo zuten bitartean, gainontzekoena, “ondo” zegoen. Beste alde batetik, zortzi labeen egonkortasuna (euskarri duen azalerari aparailua nola atxikitzen zaion) oso egokia zen. Aparailu guztiek dute atzealdean halako tope moduko pieza bat, paretaren kontra-kontra ipin ez daitezen, era honetan, egurasketa hobetu eta gehiegizko beroketarik ez gertatzeko. Barrualdeko ikuskortasun argiena Sanyok eta Fagorek eskaintzen duten bitartean, txarrena Lynxek. Barneko argitasunetan balorerik garaienak Sanyo, Fagor, Samsung eta Ufesak eraman dituzten arren, gainontzekoena ere ona da. Erabilera-ezaugarriekin jarraiki, Sanyo eta Whirlpooleko aparailuek funtzionatzen duten bitartean, ezin alda daiteke berotzeko denbora, ezta potentzia ere; gainerakoetan bada denbora aldatzerik. Panasonic, Sanyo eta Whirlpoolen mantenua beste bostena baino egokiagotzat jo zen, grilleko erresistentzia labeko sabaian sarturik baitago: honek, aparailua garbitzea errazten du, noski.

Lanean, denak egokiak.

Etxekotresna elektriko hauek, elikagaiak berotu eta desjelatzeko erabiltzen dira, batez ere. Labeen eraginkortasuna neurtzeko, ogi, ziazerba eta aldez aurretik onduriko elikagaiekin egin ziren saiakerak. Labearen erdian, jelaturiko barra bat ogi pusketak eginik jarri zen eta, horrela, potentziarik garaienean minutu eta erdiz funtzionatu zuten labeek. Desizozteko eraginkortasuna oso ongi baloratu zen kasu denetan. Ondoren, fabrikatzailearen aginduak beteaz, pakete bat ziazerba desjelatu zen. Desjelatuaren uniformetasun eta ukimena behaturik, marka guztietan emaitza onak lortu zirela egiaztatu zen. Aurreondutako elikagaietan, azkenik, ultrajelaturikoak (pizza, kaneloiak, lasagna) desjelatu eta berotu egin ziren eta zortzi lehiakideek ere puntuazio garaia erdietsi zuten. Labe guztietan, desjelatze-eragiketak amaitu ondoren, elikagaiak gorritzeko grillarekin saiakerak egin ziren, eta emaitzak oraingoan ere onak izan ziren. Aparailu guztiak biziki isilak ziren, gainera.

Magnetroia edota grilleko erresistentzia deskonektatzen duen tenporizadorea elektrikoa da Panasonic, Sanyo eta Whirlpool markakoetan, eta mekanikoa beste bostetan. Elektrikoen zehaztasuna eta kalitatea hobea da. Moulinexekoa mekanikoa da eta minutu baino akats-alde handiagoak izaten ditu. Tenporizadorea elektrikoa denean, labea denbora luzeagora erregula daiteke. Beste aldetik, Panasonic eta Sanyok bakarrik dituzte aldez aurretik zehazturiko programak, hainbat funtziorekin: elikagaiaren pisuaren araberako desizozketa, pisu horren araberako egospena, eta geroratutako egospena; bi labeetan ere beroketa geroago hasita programa daiteke. Ez dugu ahantzi behar, nolanahi ere, elikagaiaren desjelaketa eta egospena batera egiteko aukera zortzi labeek eskaintzen digutela.

Tamaina ere, garrantzizkoa

Panasonic da edukiera erabilgarririk handienekoa, 19 litrorekin; Fagor, berriz, txikienekoa: 12 litro besterik ez. Sanyo, Samsung eta Ufesak bakarrik adierazten dute aparailuaren edukiera edo bolumen erabilgarria, baina hiruretan ere, adierazitako bolumena egiazkoa baino txikiagoa da. Marka guztiek dakarte erratilu edo platera eta sareska bat (Sanyok, bi). Erretilua birakaria da denetan; plateraren diametro erabilgarriaren neurriak, Panasoniceko 30 zentimetroetatik Fagoreko 21etara doaz. Fagoreko labeak bakarrik ematen du erretilua gelditzeko aukera. Mikrouhinari, grillari eta funtzio konbinatuari dagokienez, fabrikatzaileak adierazitako potentzia eta benetakoa bat datozen ere egiaztatu da: emaitza zuzena izan da kasu guztietan. Sarrerako eta irteerako potentziaren (mikrouhin potentzia) araberakoa da labe bakoitzaren errendimendua: honetan, baliorik hoberenak Fagor eta Lynxek agertu dituzte, %67ko errendimenduarekin, guztien baloreak aproposak badira ere.

Segurtasuna dela eta, bueltaka.

Labea berotu ondoren, termopare edo zunda termometrikoaren bidez aparailuaren osagaiek eta karkasak zein tenperatura hartu duten egiaztatuz gero (Ufesakoak izan ezik) denek erantzun dute arauaren arabera. Labearen grillak funtzionatzen duenean, legeak baimenduriko mugetatik gaindi dago Ufesako aparailuaren goialdeak hartzen duen tenperatura. Tresnaren barnealdean tenperatura beroegi egokitzekotan arriskurik egon ez dadin, labe hauek babesgailu termikoa daukate, magnetroia berariaz magaltzen duenaz gainera. Lynxekoak horrelakorik ez duela, segurtasuna urriagoa da marka honetan. Panasonic, Sanyo, Fagor eta Whirlpoolek, gehiegizko tenperaturetara hurbilduz gero, saretik aparailua deskonektatzen duen pizgailu nagusi independentea dute. Jaki azukretsu edo gantzatsuak sua eragin dezake, gehiegi berotzen delako labe hauetan. Horrelako aukerak aztertzeko, labeetan patata bana, olio eta brandyrekin sartu, eta potentzia garaienean eta denbora luzeenean eduki ziren. Saiakeran zehar, su-keak labe guztietan sortu arren, ez ziren kanpora irten. Panasonic eta Sanyoko babesgailuak piztu egin ziren, ordea. Marka bi hauetako hondaketak arinak izan zirenez, hoztutakoan, labea prest zegoen berriro arieran jarduteko. Moulinex, Lynx, Fagor, Samsung eta Ufesak eragin latzagoak nozitu zituzten, baina funtzionatu, funtzionatu zuten labeek. Emaitzarik txarrena Whirlpoolek agertu zuen: aparailua zeharo hondatu zen eta ostera funtzionatzeko ez zen gauza izan.

Labe guztietako segurtasun elektrikoa (hainbat saiakera egin ondoren) arauaren araberakoa dela egiaztatu zen. Labeen egikerari dagokion guztia (erresistentzia mekanikoa, egonkortasun eta arrisku mekanikoak, barneko hari elektrikoak, sareko lotunea eta kanpoko hari malguak, kanpoko harien borneak edota mikrouhinen ihesa: azken hau erabiltzaile askoren kezka bizia baita) arauaren araberakoa da. Eginkizun estra bat eskaintzen du Panasonicek: haurrentzako segurtasun-blokeoa, alegia, labeko aginteak indargabetzen dituena. Funtzionatzen ari direla, sare elektriko horretan konektaturik dauden beste aparailuen potentziaren gora-beherak sortaraz ditzakete labeok. Elkargarritasun elektromagnetikoaren balioespenik hoberena Moulinex, Lynx, Sanyo eta Whirlpoolek lortu dute; ondotik Panasonic eta Samsung darraizkie: hauek, arauaren araberako emaitzak eskaini badituzte ere, sare-borneetan tentsio-perturbazioak eragiten dituzte. Fagor eta Ufesak, azkenik, balioespenik eskasena jaso zuten, arauaren arabera egokiturik ez daudelako.

Ohartarazpen egokiak.

Alderdi ikuskorrean eta era ezabagaitzean, aparailuaren ezaugarriak (tentsioa, potentzia, fabrikatzailea, etab.) irakurtzen diren, erabilitako ikurrak egokiak diren, adierazitakoa ezabaezina den eta labea erabili eta mantentzeko argibideak behar bezalakoak diren ere egiaztatu da.

Labe guztietako xaflan dautza agertu beharreko datu guztiak espainolez, Panasonic, Moulinex eta Sanyo markakoetan izan ezik, hauek ingelesezko adierazpenen bat baitakarte. Ezin ezabatuzko markatua agertzen dute guztiek eta, Lynxek izan ezik, argibide-liburuska dute denek. Argibideetan ez da ohartarazten, adibidez: ?Zaindu labea maiz, berotzen denean edo plastiko, paper nahiz erabilera bakarreko gai erregarrietako ontzietan janaria ondu edo berotu ondoren?; ez dago ?Biberoi zein haurren janari-txarroetako edukia astindu edo nahasteaz gainera, kontsumitu aurretik tenperatura egiaztatu behar da, erredurarik ez gertatzeko”; era berean, ?Elika-hari malgua hondaturik baldin badago, fabrikatzaileak edo salmenta osteko zerbitzuak hornituko duen hari berezia ezarri beharra dago”. Labe gainetik utzi behar den gutxieneko tartea ere ez du adierazten, informazio guztiok eman beharrekoak diren arren. Labea abiatu aurretik, taupada-markagailua daukanak hartu beharreko neurriez sendagilearekin eta fabrikatzailearekin kontsulta egin behar duenik ere ez dute aipatzen. Adierazitakoaren ulergarritasuna (idazketa eta ikurrak) dela eta, Panasonic, Sanyo eta Whirlpool markakoak oso egokitzat jo ziren. Azkenik, labe guztiek dute CE adierazpen nahitaezkoa.

Huts egitean nora jo.

Fabrikatzaileek 12 hilabeteko bermealdia eskaintzen dute denek, Ufesak (36 hilabete) izan ezik. Lynx eta Fagoreko garantian, ipini beharrekoak diren erostunaren datuak adierazteko tokirik ez dago. Moulinexekoan aparailuaren datuak (modeloa, seriea, zenbakia, etab.) ez daude.

Espainia osoan zehar dauden asistentzi guneei buruzko informazioa ematen dute fabrikatzaileek. Ufesak du gune gehien: 343; Sanyok (1) eta Panasonicek (7), berriz, gutxien. Fagorek, aparailua erosi ondorengo bost urteetan pieza osagarriak eskuratzeko ziurtasuna bermatzen dio bezeroari eta Whirlpoolek, ordea, zortzi urteraino luzatzen du epe hori. Gainerakoek deus ez dute aipatzen kontu horretaz.

Laburbilduz

Laburbilduz

  • Grill-ez osaturiko zortzi mikrouhin labe aztertu ziren: hauen prezioak, Lynxeko 24.650 pezetatik Whirpooleko 39.670 pezetara zihoazen.
  • Prezioak prezio, aparailu hauen bereizgarri nagusia ez da eginkizuna (elikagaiak desjelatzea, berotzea, prestatu eta gorritzea), erabiltzeko uneko erraztasun eta erosotasuna baizik. Garestienak dira (Whirpool, Sanyo eta Panasonic), tenporizadore elektrikoa (mekanikoa baino kalitate hobekoa) dakarten bakarrak.
  • Grillez hornituriko labe hauen edukierak alde handiak ditu, batetik bestera: Panasonicekoan 19 litro, Fagorrekoan 12 litro baizik ez. Bukaera, ergonomia eta erabilera egokikoak dira denak ere.
  • Emaitzarik onenak Sanyo eta Panasonicek (garestienetakoak, biak) agertu zituzten. Whirlpoolek suaren aurrean oso erantzun eskasa agertu zuen, erabat txikiturik geratu baitzen.
  • Egikerari doakiola, elektrizitate aldetik seguruak dira aparailu guztiak. Irregulartasun bakarrak (Whirpoolek suari emaniko erantzun txar-txarraz gain): Ufesaren gehiegizko berotzea eta Fagor eta Ufesak pizteak sarean konektaturiko beste aparailuetan eragin zituzten perturbazioak.
  • Etiketan zenbait akats eta hutsune atzeman ziren, mikrouhin labeen erabilerari buruzko ohartarazpenei dagozkienak, batik bat.
  • Kalitate-prezio erlaziorik hoberena Samsung markako aukera da. Erabiltzaileak gehixeago ordain ahal badeza, Sanyo du beste aukera polita, marka honek aginteen erraztasuna areagotu beharko lukeen arren

Banan-banan

Grillez hornituriko mikrouhin labeak, banan-banan

Samsung CE735G

  • 25.767 pezeta, merkeenetakoa. Kalitate-prezio erlaziorik onena.
  • Tenporizadore mekanikoa. Barneko argia, ona. Erabiltzeko erraza.
  • Barnean surik sortzekotan, labea ez da gelditzen, baina kalte handiak ere ez ditu nozitzen.

Sanyo EM-G473

  • Garestienetakoa, 39.567 pta. Interesgarria.
  • Tenporizadore elektrikoa. Aurretiaz zehazturiko programak ditu (desjelaketa, egospena, egospen geroratua eta hasiera geroratutako beroketa). Aginteak, ikasteko zailak.
  • Funtzionatzen ari dela, ezin da aldatu denbora, ezta potentzia ere. Garbitze errazekoa.

Panasonic NN-J458WB

  • Garestienetakoa: 39.175 pta. Aukera ona, hau ere. Handiena da: 19 litroko edukera.
  • Tenporizadore elektrikoaz hornitua, aurretiaz zehazturiko programak dakartza. Haurrentzako segurtasuneko blokeoa du.
  • Erraz garbitzekoa, grilleko erresistentzia sabaian sartua duelako.

Moulinex 1MGS800 VARIO

  • 28.233 pta. Honetako tenporizadorea, mekanikoa izaki, zehaztasunez eskas dabil.
  • 14 litroko edukiera. Kanpotik ongi ikusten da barnekoa.
  • Sua sortzekotan, erresistentzia ona.

Lynx 4GW-214A

  • Merkeena, 24.650 pezeta. Tenporizadore mekanikoa.
  • Ez du tenperatura handietarako babesgailu termikorik. Labe arinena da zortzietan, 14 kilo besterik ez baitu.
  • Barneko jakia ez da ongi ikusten kanpotik.

Fagor MW2-155GN

  • 34.233 pta. Tenporizadore mekanikoa. Edukiera txikienekoa, 12 litro.
  • Erosi ondorengo bost urteetan, aparailuarentzako osagarriak salgai egongo direla bermatzen du. Ongi ikusten da jakia kanpotik.
  • Honetako plater birakaria ere txikiena da. Funtzionatzen ari dela, beste aparailuetako tentsioan eragina izaten du.

Whirlpool MW0175

  • Garestiena: 39.670 pezeta. Edukiera ona: 17 litros.
  • Tenporizadore elektrikoa. Erosi ondorengo zortzi urteetan, aparailuarentzako osagarriak salgai egongo direla bermatzen du. Haurrentzako segurtasun-blokeoa dakar.
  • Garbitze errazekoa. Funtzionatzen ari dela, ezin alda daiteke denbora, ezta potentzia ere.
  • Barnean sua sortu ondoren, erantzun eskasa du: aparailuak ez zuen berriro funtzionatu.

Ufesa HM-7479

  • 31.233 pezeta. 14 litroko edukiera.
  • Arrunt berotzen da: arauak baimentzen duen muga gainditzen du, martxan dabilela.
  • Labe hau pizteak, indar elektrikoaren irteeraren frekuentzia aldarazten du.
  • Barnean sua gertatzen bada ere, labeak martxan segitzen du, kalte handirik jasateke.