Inkesta egin diegu www.consumer.es atariaren 1.000 erabiltzaileri baino gehiagori, eta berdura eta barazki izoztuen inguruan galdetu diegu

Berdura izoztuak: ez da erraza okerreko usteak gainditzea

Inkestari erantzun dioten herritarren %83k adierazi dute berdura freskoak erosteko ohitura dutela baina herritarren %14k bakarrik hautatzen dituzte berdura izoztuak maiz samar
1 abendua de 2016
Img tema de portada listado 219

Berdura izoztuak: ez da erraza okerreko usteak gainditzea

2015. urtean etxe bakoitzak, batez beste, 333 euro gastatu zituen barazkitan (patatak eta beste tuberkulu batzuk ere sartzen dira hor), halaxe ageri da Espainiako Estatistika Institutuak (INE) azkeneko egin duen Familia Aurrekontuen Inkestan (FAI). Guztira, Espainiako Estatuko herritarrek 4.125 euro gastatu zituzten urte hartan elikaduran, eta horrek esan nahi du %8 baino ez zutela bideratu berdurak eta barazkiak erostera (freskoak, hotzean edukitzekoak, lehorrak edo izoztuak).

Azken urteetan, familiek berdura eta barazkietan egin duten gastua apalduz joan da: 2006. urtean, adibidez, 400 eurokoa izan zen, eta 2015ean 333 eurokoa. Hortaz, %17 murriztu da.

Gauza jakina da berdurak eta barazkiak oso mesedegarriak direla. Elikagai elikagarriak eta osasungarriak izateaz gain, lagundu egiten dute gure organismoa hidratatzen, ur asko izaten baitute. Ugari ematen dituzte, halaber, bitaminak, mineralak eta zuntza, eta gutxixeago almidoia eta azukreak. Herdoilaren aurkako substantziak hartzeko, berriz, iturri paregabea dira.

Horregatik guztiagatik, berdurak eta barazkiak ezinbestekotzat jotzen dira dieta orekatua esaten zaion horretan. Hain zuzen, Osasunaren Mundu Erakundearen esanetan (OME), egunean behar adina janez gero bi horietatik, lagungarria izango litzateke garrantzi handiko gaixotasun batzuei aurrea hartzeko, adibidez bihotz-hodietakoei eta zenbait minbiziri. Erakunde horrek egindako kalkuluen arabera, berduren kontsumoa behar adina handituko balitz, urtean 1,7 milioi bizitza salbatzeko modua izango genuke.

Eguneroko dietan berdurak eta barazkiak erraz sartzeko, izoztuta daudenak erostea izaten da aukera bideragarrienetakoa, elikagai horiek kontserbatzeko era hori ongi egokitzen baitzaio egun daramagun bizi erritmo zoroari. Gisa horretan datozen berdura eta barazkiak, izan ere, azkarrago prestatzen dira, garbituta datoz eta urte guztian eros daitezke.

Hori horrela izanik ere, kontsumitzaileek nahiago dituzte kontserbatzeko beste modu batzuk. FAI txostenean ageri denez, 2015. urtean etxe bakoitzak, batez beste, 220 euro gastatu zituen berdura eta barazki freskoetan edo hotzetan edukitzekoetan, eta gainerako modalitateak (izoztuak, lehortuak edo kontserban eta prestatuak) bigarren mailan gelditu ziren. Zehazki, etxe bakoitzak 13 euro gastatu zituen, batez beste, berdura izoztuetan.

Kontsumitzaileek zergatik atsegin ote dituzten gehiago formatu freskoak eta hotzean edukitzekoak izoztuak baino? EROSKI CONSUMERek eta Begetal Izoztuen Espainiako Elkarteak (ASEVEC) inkesta egin dute kontsumitzaileen artean, eta berdura eta barazki izoztuak kontsumitzeko garaian zer-nolako lehentasunak eta ohiturak dituzten galdetu diete. Horretarako, elkarrizketa egin diete www.consumer.es atariaren 1.083 erabiltzaileri.

Egoera orokorra

Erantzun duten hamar lagunetatik bederatzik baieztatu dute maiz jaten dituztela berdurak. Horien artean, %83k jakinarazi dute freskoak erosten dituztela, haien ustez zapore hobea dutelako eta osasungarriagoak direlako. Gainera, inkestan parte hartu duten herritarren %50i iruditzen zaie hobeto kontserbatzen dituztela bitaminak eta beste mantenugai batzuk.

Dena dela, %73k adierazi dute berdura izoztuak ere jaten dituztela, nahiz eta %14k bakarrik eduki maiz samar erosteko ohitura. Berdura horiek erosteko arrazoi nagusia izaten da egoera onean aurki daitezkeela urteko edozein sasoitan.

Ohiturak

Kontsumo ohiturak

Inkestari erantzun dioten pertsonen %7k bakarrik onartu dute ohitura gutxi dutela berdurak jateko. Gainerakoen artean, maiztasun bat baino gehiago ageri da asteko kontsumoan: %37k astean behin- 5 aldiz jaten dituzte, %34k 5-10 aldiz, eta %22k 10 aldiz baino gehiago.

Osasun arloko agintarien gomendioa da egunean 3 eta 5 errazio artean hartzea barazkiak, hau da, egunean, gutxienez, 400 gramo jatea. Gomendio horiek betetzeko, aski izango litzateke lehen platerean jatea eta baita bigarren platerak lagunduz ere, bai bazkaritan eta bai afaritan ere. Gainera, komeni da errazio bat, gutxienez, gordinik jatea (entsaladan), era horretan eusten baitiete ongien beren mantenugaiei.

Elkarrizketatu ditugun kontsumitzaileen %83k adierazi dute gehienbat berdura freskoak erosten dituztela. Izoztuak erosteko ohitura %14k baino ez dute, eta beste %3ek kontserban datozenak aukeratzen dituzte.

Are gehiago, erantzun duten herritarren %52k diote berdura freskoak baino bakanago jaten dituztela izoztuak, eta %11k bakarrik hautatzen dituzte maizago izoztuak. Badira berdura izoztuak sekula jaten ez dituztenak ere, %27 hain zuzen.

Ildo horretan, batek baino gehiagok sinetsi egiten ditu berdura izoztuen inguruko uste eta mito okerrak, adibidez kontserbagarriak izaten dituztela edo galdu egiten dituztela ezaugarriak. Hain zuzen, elkarrizketan parte hartu duten lau lagunetatik hiruk honako bi arrazoi hauek eman dituzte berdura freskoen alde egiteko: osasungarriagoak direla eta zapore hobea dutela. Beste %22k azpimarratu dute dendan oso eskura izaten dituztelako erosten dituztela.

Izoztuei buruz

Lau lagunetatik hiruk berdura izoztuak jaten dituzte, halaxe adierazi dute. Horien artean, %44k nahiago dute berdura bakoitza banaka jan, beste %22k nahasita nahiago dituzte eta %34ri ez zaie axola modu batean edo bestean jan.

Berdura izoztuak jaten dituzten herritar horien erdiek baino gehiagok (%55) beti eskura eta egoera onean aurkitzen dituztelako hautatzen dituzte, urteko edozein sasoitan. Beste %36k nabarmendu dute erraz erabili eta prestatzen direlako maite dituztela (erraz prestatzen eta zerbitzatzen dira, eta prestatuta, moztuta eta garbituta etorri ohi dira), eta, azkenik, %9k horietara jotzen dute denbora eta dirua aurrezteko modua ematen dietelako.

Egia da berdura izoztuak garbituta etorri ohi direla, osorik edo moztuta eta egosteko prest (desizoztu beharrik gabe), zuzenean ur irakinetan sartuta, eta hori abantaila aipagarria da. Hain zuzen, horixe da gauzarik erakargarriena berdura mota hori erosten dutenentzat. Baina, horretaz gain, oso denbora gutxi pasatzen denez berdura horiek bildu eta izoztu artean (ordu batzuk baino ez), oso ongi mantentzen dituzte berdura freskoen nutrizio arloko ezaugarriak, eta batzuetan kopuru handiagoetan ere ematen dituzte bitaminak eta mineralak beste formatu batzuetan datozenek baino. Adibidez, bildu eta handik hiru egunera jaten diren espinaka freskoek kopuru txikiagoetan ematen dute C bitamina espinaka izoztuek baino. Eta, azkenik, prezioaren eta kalitatearen arteko harremana oso ona izaten da.

Ultraizoztu

Prozesua

Berdurak izozteko prozesua berezia izaten da, eta zorrotz zaintzen dituzte beren ezaugarri guztiak. Bildu ondotik, lantegietara eramaten dituzte eta han garbitu egiten dituzte, jateko moduan ez dauden zati guztiak kendu eta lur eta zikin arrastoak desagerrarazteko.

Ondoren, zuritu edo galdarraztatu egiten dituzte; hau da, ur irakinetan sartzen dituzte tarte labur batez. Metodo horri esker, higienizatu egiten dira berdurak (desagerrarazi egiten dira kaltegarriak izan daitezkeen mikrobioak) eta jarduerarik gabe uzten dira berduren entzimak (substantzia horiek azkartu egiten dute berdurak hondatzeko prozesua, eta horien erruz azaltzen dira gune arreak, zati guriak eta urtsuak). Era horretan, berdurak hobeto kontserbatzea lortzen da.

Ur irakinetan sartzen dituztenean, galdu egiten dira zenbait bitamina (C eta B multzokoak, B1, B2, B3, B6 eta B9), nahiz eta galera askoz txikiagoa den berdura freskoak gorde eta banatu bitartean gertatzen dena baino.

Azken pausoa berdurak izoztea edo ultraizoztea izaten da. Inkestari erantzun dioten herritarren %64k ez dakite prozesu hori nolakoa izaten den ere. Hain zuzen, %21ek uste dute prozedura horretan berdurek galdu egiten dituztela mantenugaiak, mineralak edo bitaminak (ez da horrela), eta erdien iritziz, berdura freskoek eusten diete ongien bitaminei eta mantenugaiei.

Jakin beharrekoa da, ordea, ultraizozteko prozesuak aldaketa gutxiago eragiten dituela elikagaiaren egituran, sortzen diren izotz beirak mikroskopikoak izaten direlako, hau da, mantso izozten direnean sortzen direnak baino askoz txikiagoak. Hori dela eta, berdura izoztuak oso aukera egokiak dira, eutsi egiten baitiete bitaminei, zuntzei eta mineralei, eta lurretik hartu berriak bezain elikagarriak dira ia. Hori bai, behin izoztuta daudela, -18 ºC-ko tenperaturan eduki behar dira. Baldintza onetan gorde nahi badira, ez da eten behar hotz katea ezein unetan.

Kontuz erosketak egiterakoan

Erosketa egiteko unean

Inkestan parte hartu duten hiru lagunetatik bik (%68) baieztatu dute berdura izoztuak erosten dituztela: %36k hilean behin baino gutxiagotan, %23k hilean behin eta %29k hilean zenbaitetan.

Hiru kontsumitzailetatik biren ustez, oso ona da berdura izoztuei esker urte guztian eskura izatea berdura mota guztiak, nahiz eta %33k ez dioten ematen garrantzirik alderdi horri.

Berdura izoztuak erosteko unean, komeni izaten da zenbait neurri hartzea:

  • Ez eten hotz katea: erosketa egitean, berdura horiek azken unean erostea komeni da eta poltsa isotermikoetan eramatea etxera (berariaz prestatuak daude horretarako). Aztertu egin behar da ontziak baduen izotz zuririk (izanez gero, hotz katea eten egin dela esan nahiko luke).
  • Ongi begiratu kontsumo data gomendatua: garrantzitsua da gehienezko biltegiratze data errespetatzea (ontzian ageri da idatzita), zeina 12 hilabete ingurukoa izaten den -18 ºC-an gordez gero.
  • Desizoztuz gero, ez berriz izoztu: behin berdurak desizoztu baditugu, egunean bertan prestatzea komeni da edo gehienez 4 eguneko tartean jatea. Ez dira berriz izoztu behar, galdu egingo bailituzkete jatorrizko ezaugarriak.

Berdura izoztuak prestatzeko moduari dagokionez, erantzun duten herritarren %28k onartu egin dute ez dakitela nola egin. Lehenik eta behin, jakin behar da ez dagoela berdurak garbitu beharrik prestatu aurretik. Berdura izoztuak erabiltzeko prest etortzen dira, aurretik garbitzen baitituzte.

Garbituta ez ezik, aurrez egosiak eta denari probetxua ateratzeko moduan iristen dira kontsumitzailearen eskuetara; hori dela eta, iraunkorrak dira eta ekologikoak. Nutrizio arloko ezaugarriak ahalik eta gutxiena gal ditzaten, egostean ur gutxi erabiltzea komeni da, eta desizoztu gabe sartzea eltzean. Plantxan ere presta daitezke, mikrouhin labean edo lurrunetan.

Info eu

Hotz-katea mantentzea

Berdura izoztuen ezaugarri organoleptikoak mantentzeko (testura, zaporea, kolorea eta usaina) funtsezkoa da hotz-katea mantentzea. Alegia, izoztuta dauden produktuen tenperatura kontrolatuta izatea haien ezaugarriak ongi mantentzeko. Elikagaia gehienak, tartean berdurak, -25 ºC eta -18 ºC artean mantendu behar dira hotz-katea ez apurtzeko.

Berez, produktu izoztu bat inoiz ez da egon behar -18 ºC-tik behera. Izozkailura iritsi bitartean, ostera, produktu batek bide luzea egiten du eta ekoizteko zentrotatik pasatzen da, garraio bereziko ibilgailuetan sartzen dute eta saltokietara iristen da edo banaketa sarera. Fase guzti horietan, denbora arerio izan liteke, askotan sor litezkeelako produktuaren ezaugarriak eta elikadura alorreko balioak sortzeko moduko egoerak. Bereziki, bitamina hidro-osasungarriak eta termolabilak galdu litezke, C bitamina, esate baterako. Hori gertatzen denean, usteldura prozesua reaktibatu egiten da eta produktua galtzen hasten da.

Jakina, etxean gaudenean kontutan izan behar dugu, berdurak desizoztu baditugu inoiz ez ditugula berriz izozkailuan sartu behar. Hori egiten badugu, daukaten ura kristalizatu egiten da eta berdurak kaltetu egiten ditu. Horrekin batera, kutsadura mikrobiologikoari lotutako arazoak ager litezke.