Piercing eta tatuajeak: 13 hiritako 105 establezimendu aztertuta

Beharrezko informazioa eman gabe egiten da eta baldintzak asko hobe daitezke

1 martxoa de 2004
Img listado afondo

Beharrezko informazioa eman gabe egiten da eta baldintzak asko hobe daitezke

Ez dago estatistika zifra fidagarririk piercing eta tatuajeei buruz, baina inork ez du zalantzan jartzen azken urteotan biekiko zaletasunak gora egin duela nabarmen. Igoera hori dela eta, batetik, negozioaren fakturazioa asko handitu da, eta, bestetik, gure hirietan ugaritu egin dira bezeroen gorputzean piercing-ak jarri eta tatuajeak egiten dituzten establezimenduak.

Arlo honetako profesionalek diote moda hau “estetika kontua dela, gazteen artean batez ere”, eta zehazten dute “gaur egun zulaketak askoz onartuago daudela tatuajeak baino”. Izan ere, Piercing-ak aldi baterako egintzatzat hartzen dira eta, aldiz, jakina da tatuajea betiko dela, ezin ken daitekeelako gure azaletik, teknika zorrotz, konplexu eta benetan garestien bidez ez bada, behintzat (laserraren kasuan). Gainera, teknika horiek ez dira eraginkorrak beti.

Erabiltzaileei ematen dieten zerbitzua ikertzeko helburuarekin, CONSUMER-eko teknikariek, bezero itxurak eginez, piercing-ak jarri eta tatuajeak egiten dituzten 105 establezimendu bisitatu zituzten 13 hiritan: Bartzelona, Madril, Valentzia, Bilbo, Malaga, Coruña, Donostia, Gasteiz, Iruñea, Murtzia, Almeria, Alacant eta Oviedon. Horretan bakarrik jarduten duten 73 establezimendu bisitatu dituzte, bai eta estetika pertsonalari begirako beste jarduera batzuk egiten dituzten 32 edergintza eta estetika zentro ere. Teknikariek bisita egin ondoren bete zuten galdekizuna prestatzeko, mediku dermatologoen laguntza izan genuen, eta bi abiapuntu hartu ziren kontuan: batetik, erkidego autonomo batzuetan horrelako establezimenduei ezartzen zaien araudia eta, bestetik, Tatuaje eta Piercing Adituen Estatu mailako Elkarteak praktika egokiei buruz duen kode txalogarria (oso zorrotza baita).

Lehenik eta behin, argi utzi behar da biak ere ez direla egintza gomendagarriak medikuntza eta osasun aldetik, azalean edo gorputzeko hainbat ataletan zauriak egiten dituztelako, eta bietan erreakzio alergikoak izateko eta hiesa eta hepatitisa bezalako gaixotasun larriak harrapatzeko arriskua dagoelako (behar bezala esterilizatu gabeko tresnen bidez kutsatuta). Body art-en mediku eta profesionalak bat datoz bezero askok beharrezko neurriak hartzen ez dituztela esaten, eta, baieztatzen dute, Estatuan berriki ezarri den eta partziala baino ez den arautzearen gainetik, establezimendu batzuek ez dituztela betetzen gutxieneko baldintzak.

Beraz, argi: piercing edo tatuaje bat egiteko asmoa dutenek profesional gaituengana jo behar dute, aparteko higienea eta kalitate tekniko egokia bermatzeaz gain, beharrezko prebentzioen eta egintzaren osteko zainketen berri emango dieten profesionalengana.

Bezeroari emandako informazioan, gutxiegi kalifikazioa eman zaie gehien-gehienei

Izan ere, ikerketaren ondorio nagusiak adierazten du establezimendu gehienetan bezeroak ez duela jasotzen bere gorputza arriskutik libre ez dauden teknika horiez apain dezakeen edo ez jakiteko behar duen informazioa, ezta sor daitezkeen arazoei aurre hartzeko informazioa ere.

Bestela esanda, oso gutxi dira bezeroa ondo aholkatzen dutenak, nahiz eta informazioa eta aholkuak erabat beharrezkoak izan. Gutxiengoa dira bezeroari piercing edo tatuaje bat egin aurretik beharrezko informazio guztia ematen dioten establezimenduak: profesionalen %85ek ez zioten galdetu bezeroari egintza ez egitea gomendatuko lukeen alergiarik, gaixotasunik edo orbaintze arazorik duen; %55ek ez zioten tatuaje bat egin aurretik hartu beharreko neurrien berri eman, hala nola, baraurik ez joatea eta alkoholik edo drogarik ez hartzea, eta, azkenik, %64k ez dute azaltzen piercing bat jartzearen edo tatuje bat egitearen prozesua, ea anestesia behar den, zenbat irauten duen saioak….

Gainera, beharrezkoa bada ere, establezimenduen %40k bakarrik gomendatu zuten tatuajea egin eta astebetera krema hidratatzailea hilabetez emateko. Tatuajeekin jarraituz, lokalen %75etan ez zituzten zainketari buruzko beharrezko aholkuak eman, adibidez, belaki eta eskuoihalekin ez garbitzeko, zarakarrak ez kentzeko, igerileku edo itsasoan ez bainatzeko orbaintzen ari den bitartean eta xaboi neutroa erabiltzeko.

Informazio falta hori da aztertutako establezimendu gehienei gutxiegi kalifikazioa jartzeko arrazoi nagusia. Dermatologoek (azaleko mediku espezialistak) adierazi bezala, piercing eta tatuajeek zauriak eragiten dituzte dermisean, eta, horregatik, komeni da erabiltzaileak informazio nahiko izatea sor daitezkeen arazoen inguruan (infekzioak, erreakzio alergikoak eta abar) eta egintzaren ondoren hartu beharreko neurrien inguruan: pomada antibiotiko eta orbaintzaileak ematea, tatuajea eginez gero eguzkirik ez hartzea, piercing-ak behar duen garbitasuna. Piercing edo tatuajea egiteak infekzioak, narritadurak eta alergiak eragin ditzake, eta higiene neurriak betetzen ez badira, baita gaixotasun biriko larrien transmisioa ere bai, esaterako hepatitis edo hiesarena.

Garbitasuna eta higienea, hobe daitezke

Oro har, lokalak baldintza egokietan zeuden garbitasun eta higiene aldetik, bai lan lekuan, bai harrera lekuan. Baina konpondu beharreko hainbat gabezia aurkitu dira: establezimenduen %63k ez zeukan esterilizazio gune berezirik, %25etan lan lekuan lurra eta hormak ez ziren erraz garbitu eta desinfektatzeko moduko materialezkoak, baldosak edo lauzak adibidez, eta %16tan ez zen bermatzen bezeroaren intimitatea, lan lekua gortina edo bionboen bidez bakarrik banandurik baitago. Badira hobetu beharreko beste prestazio batzuk ere: tatuatzaileen eta zulatzaileen herenak baino gehiagok ez du maskararik erabiltzen, seitik batek ez ditu eskuak garbitzen egintza hasi eta bukatzean, eta, azkenik, bost kasutik batean ez dago ohetxorik, edo ez dauka behar duen guztia, edo telazko edo paperezko izara ez dago behar bezain garbi.

Bestalde, oro har nahikoa kalifikazioa jaso zuten lan tresnen higiene eta esterilizazioari dagokionez, baina bostetik batek ez zuen utzi egiaztatzen. Profesional horiek, beren lanaren ezaugarriengatik, lan materialak eta tresnak zein egoeratan dauden egiaztatzeko aukera eman beharko liokete bezeroari, piercing edo tatuajea egin aurretik. Izan ere, erabiltzailearen osasuna jokoan dago.

Erabiltzaileen iritzia

Piercing edo tatuajea egin zuten 200 laguni inkestak egin zitzaizkien Estatu osoan. Inkesten emaitzek arlo horretan egindako ikerketaren antzeko egoera islatzen dute, baina, erabiltzaileen iritziz, aldizkari honetako teknikariek adierazi baino informazio hobea eta ugariagoa jaso zuten.

Inkestaren ondorioak azaltzeari ekinda, kasuen %95etan bezeroaren aurrean kendu zioten prezintua lan materialei; aldiz, proba praktikoan %20tik gora ziren egiaztatzen utzi ez zutenak. Tatuatzaile eta zulatzaileei dagokienez, inkestako datuak probakoak baino okerragoak dira: probaren arabera, profesionalen %43k zeramaten txabusina zuria eta inkestaren arabera, berriz, %17k baino ez. Maskara kasuen %63tan ikusi zen proban, baina erabiltzaileen arabera %28k baino ez zeukan.

Aholkuei dagokienez, piercing erabiltzaile guztiek baieztatzen dute azaldu zietela jarri ondoren nola zaindu behar zuen; bisitan, aldiz, profesionalen %60k ez zuten egiteko hori behar bezala bete. Gauza bera gertatzen da alergia posibleekin ere: erabiltzaileen %62k gogoratzen dute horren inguruan galdetu zietela, baina bisitan proportzioa %16 baino ez da.

Tatuajeei dagokienez, erabiltzaileen %30ek ziurtatzen dute ez zitzaiela ohartarazi aurreko orduetan alkoholik ez edateko (%63 proban), eta %59ri ez zitzaien esan ez zela komeni baraurik joatea (%82 proban). Inkestan, %40k baieztatzen dute ez zietela galdetu gaixotasun edo alergiarik zuen; gure bisitan, berriz, %86ra igotzen da ehuneko hori.

Hortik aurrera hartu beharreko neurri eta jarraitu beharreko aholkuei dagokienez, kontsultatuen %1ek bakarrik dio ez zitzaiola informaziorik eman; aldiz, proba praktikoan zentroen %35ek ez zituzten eman aholku horiek.

Azkenik, kontsultatuen %4ri bakarrik ez zioten esan eguzkia eta UVA izpiak ez hartzeko; aldiz, zentroen %57k ez zioten informazio hori eman CONSUMER aldizkariko teknikariei.

Errealitate bera islatzeko orduan alde hauek egotea (ikertutako gainerako alderdietan datuak antzekoak dira) horrela azal daiteke: litekeena da erabiltzaileei informazioa jaso zutela iruditzea, piercing edo tatuajea egin ondoren abisuak eta aholkuak jaso zituztelako. CONSUMEReko teknikariek, ordea, ez zuten horrelakorik egin, aldizkari honen iritziz praktika arriskutsuak direlako eta, ezinbestekoak ez izateaz gain, ez direlako gomendagarriak. Zentroetara joan ziren, bezero interesatuen itxura eginez, eta ahal izan zuten informazio guztia bildu zuten, baina kasu bakar batean ere ez behin egintza bukatzean profesionalek ematen duten informazioa.

Emaitzen artean alde hori egotearen beste arrazoi bat honako hau izan daiteke: CONSUMEReko teknikariek dermatologo eta sektoreko profesional onen aholkua jaso zuten, eta litekeena da erabiltzaileak baino zorrotzagoak izatea emandako informazioaren kantitatea eta kalitatea baloratzeko orduan.

Prezioetan alde handia: konparatzea komeni da

Bisitatutako 107 establezimenduen prezioak konparatzeko, guztietan zerbitzu berbera eskatu zen: piercing soil bera eta tatuaje soil bera. Piercing-ari dagokionez (jartzea barne), hiririk garestiena Bartzelona izan zen: batez bestekoa 49 euro zen, eta gainerako 13 hirietan 35 euro. Iruñea dator ondoren, ia 45 eurorekin. Merkeenak, berriz, Malaga (22 euro batez beste) eta Madril izan ziren, 17 eurorekin. Hain zuzen, konparatutako establezimenduen artean, Madrilen dago alderik handiena prezioen artean (34 euro). Almeria, Oviedo, Alacant eta Bilbon ere alde handiak daude prezioan.

Tatuajeei dagokienez, ikerketaren arabera batez beste 52 euro balio zuen. Hiririk garestiena Murtzia izan zen (batez beste 67,5 euro), eta ondoren Bartzelona eta Gasteiz (58 euro baino gehiago) eta Bilbo (ia 57 euro). Merkeena, berriz, Oviedo izan zen (42,3 euro), Alacant atzetik zuela (44,3 euro). Hiri berean alderik handienak Gasteiz, Almeria eta Oviedon jaso dira, 40 euro inguruko desberdintasuna baitago. Ondorioa: erabiltzaileak establezimendua aukeratzeko orduan higieneari, informazioari eta lanaren kalitate teknikoari eman behar dio lehentasuna, baina komeni da hainbat establezimendutako prezioak alderatzea, batzuen eta besteen arteko aldeak alferreko gastuak saihesteko aukera ematen du eta.

Kalitate irizpideak piercing edo tatuaje zentro batean

Piercing edo tatuajeak egiteak arrisku ugari dakartza, eta, horregatik, establezimendua aukeratzeko komeni da hainbat ezaugarriri erreparatzea:

  • Lokalak hiru gune banandu izango ditu: harrera lekua, lan lekua eta materialak esterilizatzeko aldea. Gune horiek zabalak izan behar dute, profesionala eta bezeroa eroso egon daitezen.
  • Garbitasuna, higienea eta kontserbazio egoera bikaina funtsezkoak dira gune guztietan, lan lekuan batez ere.
  • Lan lekuan, altzariak erabat garbi egongo dira; ez da animaliarik, materialik edo objekturik egongo lekuz kanpo, eta ez da inolako makularik egongo. Gune horrek erabiltzailearen intimitatea gordeko du, beste inork ez duela ikusiko ziurtatuz.
  • Tresnak armairu itxietan gordeko dira, eta bezeroaren aurrean kenduko zaie prezintua. Azalean sartzen direnak bezeroaren aurrean bota beharko dira, eta azala ukitzen dutenak esterilizatu egin beharko dira aurretik.
  • Profesionalak jantzi egokiak erabiliko ditu: arropa (txabusina zuria) eta oinetako bereziak, maskara eta behin bakarrik erabiltzeko eskularruak. Egintzaren hasieran eta amaieran eta egintza eteten duen bakoitzean eskuak garbitu behar ditu.
  • Bezeroa etzateko ohetxoak (zentroak derrigorrez eduki behar du) paper edo izara bat izango du, bezeroaren gorputzarekin kontakturik izan ez dezan, eta erabilera bakoitzaren ondoren aldatu egin beharko da.
  • Piercing edo tatuajea egin aurretik, profesionalak hainbat alderdiri buruzko informazioa emango du: zer-nolako arriskuak dakartzan (alergiak, orbaintze arazoak eta bestelakoak), bezeroak nola joan behar duen zentrora (alkoholik edo drogarik hartu gabe, aspirinarik hartu gabe eta inolaz ere ez baraurik) eta gorputzeko leku batean edo bestean piercing edo tatuaje bat egiteak izan ditzakeen ondorioak. Azkenik, piercing edo tatuajea zaintzeko beharrezko aholkuak emango ditu: pomadak, gasak, denbora jakin bat igaro arte igerilekuetan eta itsasoan ez bainatzea, krema hidratagarriak erabiltzea eta abar.

Piercing bat jarri aurretik…

  • Ziurtatu ez daukazula gaixotasunik edo infekziorik. Hotzeria soil batek edo hagineko minak gure sistema immunologikoa ahultzen dute.
  • Egiaztatu tetanosaren kontrako txertoa jarrita daukazula.
  • Jakin ezazu uda dela urtarorik desegokiena piercing bat egiteko: orduantxe botatzen dugu izerdi gehien, eta hondartzara edo igerilekura joaten gara. Itsasoko edo igerilekuko urak eta gorputzeko izerdiak areagotu egiten dute infekzio arriskua.
  • Piercing-a jarri eta handik urtebetera arte, ezin da odol emaile izan.
  • Adin txikikoek gurasoen baimena idatziz erakutsi behar dute, piercing-a jarri ahal izateko.
  • Kontuan izan gorputzeko atal batzuetan (mihia, zilborra, titiburuak, ezpainak genitalak), piercing-ak errotik ateratzeko arrisku handiagoa dagoela, ukitzeagatik edo arropan katigatuta geratzen direlako. Eta mukosa zonetan (ahoa, sudurra, mihia eta genitalak) errazagoa dela infekzioak sortzea.
  • Ez jarri piercing-a urratuak, erredurak, granoak, erreakzio alergikoak edo edozein gaixotasun dermatologikoren sintomak ditugun azal zatian.
  • Infekziorik edo gaixotasun transmisiorik ez izateko, joan higiene arauak eta osasun arriskuen prebentzio arauak errespetatzen dituzten zentroetara: lokalaren eta lan tresna eta materialen egoera hartu behar da kontuan, batez ere materialaren esterilizazioa eta erabili eta botatzeko materialen erabilera. Egiaztatu zentroak baimena duela jarduera horietarako.
  • Aukeratu material hipoalergenikoekin egindako piercing bat (adibidez, titanioa edo altzairu kirurgikoa).
  • Azala, mukosak edo beste ehunak zeharkatuko dituen material orok esterila izan behar du, eta behin bakarrik erabili behar da. Ebakuntzan erabiliko diren baina erabili eta botatzekoak ez diren tresnak, berriz, esterilizatu eta poltsa edo ontzi esteriletan gorde behar dira.
  • Exijitu profesionalari zulatuko digun azalaren partea garbitu eta desinfektatzeko.
  • Zerbitzua ordaintzean, faktura eskatu; garrantzitsua da erreklamazioren bat egin nahi izanez gero.

Piercing-a jarrita daukagunean…

  • Denbora jakin batean (zulaketa motaren arabera) piercing-a kontu handiz garbitu eta ikuzi behar dugu, xaboi neutroarekin batera likido berezi bat erabiliz.
  • Zarakarrak sortzea eragotzi, profesionalak emandako aholkuei jarraitu.
  • Aurpegiko piercing-etan, ez erabili makillajerik edo kremarik orbaintze prozesuan.
  • Ahoko piercing-ak: garbitu otorduen ostean eta edan edo erre ondoren.
  • Genitaletako piercing-ak: komeni da sexu harremanik ez izatea zikatrizazio prozesuak iraun artean, hau da, 4-6 astean.
  • Piercing-a jarri duzun aldea zaindu, eta berehala medikuarenera joan sukarra, gorriunea edota handitua, mina edo ondoeza izanez gero.

Tatuajea egin aurretik...

Ezin dute tatuajea egin:

  • Hemofilikoek, koagulazio arazoak dituztelako.
  • Taupada markagailua dutenek. Makinak sortzen duen eremu magnetikoak taupada markagailuaren funtzionamenduari kalte egin diezaioke.
  • Epileptikoek.
  • Azaleko gaixotasunak dituztenek (adibidez, psoriasia).
  • Tatuajeetan erabiltzen diren pigmentuei edo metalei alergia dietenek (orratz batzuk altzairuzkoak dira).
  • Tatuatu behar duten lekuan herpes edo onddoak dituztenek.
  • Orbanak uzten dituen ebakuntza kirurgikoren bat izan dutenek (adibidez, apendizitisa).
  • Gurasoen baimena idatziz aurkezten ez duten adin txikikoek.

Tatuajea egin badezakegu eta egiteko asmoa badugu…

  • Jakin behar dugu tatuajeak azala zauritzen digula. Ondo orbaintzeko, eskatu aholkua hartu beharreko neurriei buruz. Eta higienea kontu handiz zaindu tatuatutako lekuan, tatuajea egin aurretik eta ondoren.
  • B eta C hepatitisa edo hiesa bezalako gaitz larririk ez harrapatzeko, jo higienea eta osasun arazoen aurrean prebentzioa bermatzen dituen zentro batera.
  • Egiaztatu establezimenduak baduela baimena horrelako praktikak egiteko, tresnak esterilizatzeko metodoak erabiltzen dituela, erabilitako tintak eta pigmentuak homologatuta daudela eta erabili eta botatzeko diren ontzi txikietatik atera dituztela, ez ontzi handietatik.
  • Komeni da aurretik zerbait jatea: tatuajea baraurik egiteak zorabioak eragin ditzake. Gainera, deskantsatuta eta lasai joan behar dugu, giharrak uzkurtzen baditugu min handiagoa sentituko dugu eta.
  • Ez hartu alkohol eta drogarik, gutxienez tatuajea egin aurreko eta osteko 48 orduetan. Alkoholak hodiak zabaltzen ditu, eta, horregatik ohi baino odol gehiago isurtzen da tatuatzean. Ez hartu aspirinarik eta kaferik ere, aurreko 48 orduetan.
  • Egiaztatu profesionalak behin erabili eta botatzeko eskularruak erabiltzen dituela. Tatuajea egiteko lekuan ilea kendu behar bada, behin erabili eta botatzeko bizar xafla berriekin egin behar da.
  • Tatuajea larruazala osasuntsu daukagun lekuan egin; ez dezala erredurarik izan eta ez dezala erreakzio alergikoetarako edo gaixotasun dermatologikoetarako arriskurik izan.
  • Saiatu profesionalak egindako lan batzuk ezagutzen, bere kalitate teknikoa egiaztatzeko eta nolako marrazkiak egiten dituen ikusteko.

Behin tatuajea eginda…

  • Zaindu tatuajea (urarekin eta xaboi neutroarekin, pomada antibiotikoa emanez eta gaza garbi batekin estaliz) egunean hiru aldiz eta gutxienez astebetean.
  • Ez hartu UVA izpirik bi hilabete igaro arte.
  • Astebete igarotzean, krema hidratatzailea emango du hilabetean, tatuatutako aldea deshidratatu ez dadin.
  • Zarakarra eginez gero, ez hazka egin eta ez kendu, tatuajea hondatuko luke eta. Zarakarra eginez gero, ez da kendu behar; utzi bere kabuz erortzen. Bestela, orbaintze prozesu naturala eteteaz gain, tatuajearen zati batzuk kolorea galdu edo infektatzeko arriskua dago.
  • Behin eginda, tatuajea zure ardura da: gogoratu tatuajea zauri bat bezala dela, eta zaindu egin behar dela, espezialistaren aholku eta argibideei jarraituz. Arazorik izanez gero, jo dermatologoarengana.
  • Zerbitzua ordaintzean, eskatu faktura: baliagarri izango zaizu erreklamazioren bat egin beharrik izanez gero.
  • Gogoratu urtebete geroagora arte ezin duzula odola eman.

Piercing-arekin zulatuko dugun aldea eta orbaintzeko denbora

Sudurra eta belarriaren goiko aldea: kartilagoz osatutako zonak dira, eta, horregatik orbaintze prozesua oso motela da eta granulomak sor daitezke (zauri konkortuak). Sudurrean infekzioak sortzeko arrisku handia dago: estafilokokoz bete daiteke. Belarri pabiloian, berriz, ilea gertu izateak eta lo gaudela egiten dugun presioak zaildu egiten du zauria sendatzea; gainera, zaila da hor sortzen diren infekzioak tratatzea, ez dagoelako odol fluxu nahikorik, antibiotikoa bertaraino irits dadin.

Zilborra: zimurrak direla-eta, infekzio arriskurik handiena duen aldea. Bertan piercing-a jartzeak zainketa higieniko handiak eskatzen ditu. Arropa estuak arazoak eragin ditzake orbaintze prozesuan eta prozesu bakterianoak eragin ditzake.

Ahoa: behin jarrita, ahoko piercing-ak oso zorrotz zaindu behar dira; horrez gain, ahoa ondo garbitu behar da, eta ez da alkoholik edan behar orbaindu artean.

Orbaintzeko denbora

  • Belarria (kartilagoaren aldea): 8-12 aste.
  • Belarri gingila: 4-6 aste.
  • Bekaina: 6-8 aste.
  • Begitartea: 6-12 aste.
  • Sudur hobiak: 6-8 aste.
  • Mihia: 4-6 aste.
  • Ezpaina: 6-8 aste.
  • Genitalak: 4-6 aste. Sakonenek, berriz, 3-6 hilabete.
  • Gainerako ataletako piercing-ek 6-8 aste behar dute orbaintzeko.

Eta tatuajea kendu nahi badugu?

Urteekin, tatuajeak lausotu eta itsusitu egiten dira, eta, gainera, litekeena da gure azalean izateaz aspertzea ere. Tatuajea ezabatzeko hainbat metodo daude, baina batere ez erabat eraginkorra.

Garestiagoa da tatuajea ezabatzea egitea baino. Adibidez, tatuaje bat laser bidez ezabatzeak 700 eta 6.000 euro artean balio du, tamainaren eta tatuatutako aldearen arabera. Honako metodo hauek daude:

  • Azala urratzea: Tatuajea dagoen epidermis geruzak ezabatzen dira; horrela, gure azalaren zati hori eta bertan erabilitako pigmentuak ezabatzen dira.
  • Gatzaren bidez urratzea: Gatz berezi batekin lixatzen da, tatuatutako irudia ezabatu arte. Metodo honek orbanak uzten ditu.
  • Azala tenkatzea: Tatuajea dagoen aldeko eta inguruko azalari tira egin, eta tenkatu egiten da. Tatuajea moztu, eta gainazal tenkatua jartzen da bere ordez. Lerro formako orbana uzten du, eta tatuaje txikientzat bakarrik gomendatzen da.
  • Eszisioa: Azal zatiak mozten dira pixkanaka-pixkanaka, hainbat saiotan. Orbanak uzten ditu.
  • “Cover up” metodoa edo estaldura: Beste tatuaje bat egiten da aurrekoaren gainean.
  • Laserra: garestiena baina eraginkorrena. Dena den, ez du bermatzen azala tatuajea egin aurretik bezala geratuko denik, eta markak edo orbanak gera daitezke. Txikienak kentzeak 600-700 balio du gutxienez. Laser argi sortek pigmentuetan eragiten dute, eta ezabatu egiten dituzte. Tratamendu honen eraginkortasuna asko aldatzen da erabilitako pigmentu motaren arabera (beltza edo koloretakoa) eta tatuajea zein aldetan egin den kontuan hartuta. Ezabatzen zailenak kolorezkoak dira. Bestetik, zenbat eta denbora gehiago igaro den tatuajea egin zenetik, hainbat eta errazagoa izango da ezabatzea; aldiz, tatuaje egin berri bat kendu nahi baldin bada, gutxienez, lau aste itxaron behar da hasi aurretik, baina komeni da hilabete batzuk itxarotea, azalaren tonua azkarrago etorriko baita bere onera. Tatuaje beltzak, urdin ilunak eta gorriak oso ondo ezabatzen dira. Urdin argi, berde, more eta laranjak, berriz, neurri batean bakarrik, eta ez dago horiak ezabatzeko tratamendurik. Tatuaje beltz eta urdin ilunak ia erabat ezaba daitezke lau saiotan, eta gainerakoak ezabatzeko zortzi saio behar dira. Saioak oso laburrak dira, minutu gutxi batzuk baino ez. Laserraren inpaktuak deserosoak badira ere, saioak hain laburrak direnez, ez da tratamendu desatsegina.

    Tatuajeak tratatzeko eta ezabatzeko laserrik aurreratuenek oso bulkada laburrak egiten dituzte (Q-switched), eta barnean Neodomio izeneko material bat daukate: YAG, bai arrunta bai pultsu maiztasunekoa. Baina emaitzak ez du bermerik: tatuaje batzuk erabat ezabatzen dira, baina beste batzuetan orbain gorritu bat geratzen da tatuatutako azalean: Pixkanaka ezabatuz joango da, pomada antibiotikoa eta krema erregeneratzaileak emanda.

Tatuaje “erdi iraunkorrak”: ez du merezi

Tatuaje eta Piercing Adituen Elkarteko ordezkari baten arabera, tatuaje “erdi iraunkorrek” ez dute merezi; izan ere, zehaztasuna galtzen dute eta denborarekin desagertu ere egin daitezke (askotan hori agintzen zaio bezeroari, baina ez da erabat egia), eta, gainera, makula antiestetikoak uzten dituzte azalean. Tatuaje horien kolorea, hamar urte pasatzean adibidez, apalagoa da, baina profesional bat ez litzateke gai izango ohiko tatuajea den edo erdi iraunkorra den bereizteko. Ez dira gomendagarriak, azalean beti nabaritzen baitira tatuajearen ingurua edo makula itsusiak. Dirudienez, profesional on guztiek uko egiten diote horrelako tinta eta makinekin tatuatzeari.

Hainbat faktorek eragiten dute tatuajea erabiltzailearen azalean denbora luzeago edo laburragoan egotea: Azalaren porositatea: Tinta erraz sartzen bada, errazagoa da tatuajea egitea eta, pigmentua zenbat eta gehiago sartu azalean, orduan eta finkatuago eta markatuago geratzen da tatuajea. Tatuatzaileak oso gutxi sartu behar du larruazalean; kanpoko geruzan bakarrik tatuatzen saiatuko da, erortzen den dermis geruza horretan, baina oso zaila da.

Erabilitako tintak edo pigmentuak. Erabiltzen diren tinta mineral edo begetalak eta tatuaje erdi iraunkorrak ere tintak dira, eta, ondorioz, ezin dira erabat ezabatu behin azalean sartuta. Lausotzen joan den marrazkiaren makulak geratzen dira, eta ez dira batere estetikoak. Azken batean, tatuaje erdi iraunkorrak ez dira bere kabuz desagertzen, ez bada behintzat bezeroak sentsibilitate txikia duelako pigmentuarekiko eta urteen joan-etorriak tatuajearen ingurua eta marrazkia txikiagotzea lortu duelako.

CONSUMER-eko txosten honen aholkularietako bat izan den mediku baten iritzia oso garbia da: tatuajeak, edozein motatakoak direla ere, ezin dira erabat ezabatu. Tatuaje erdi iraunkorrak egiteko tintak, edozein motatakoak, erabiltzailearen dermisari arrotz zaizkion elementu organikoak dira, eta elementu horien aurrean gorputzak erreakzionatu egiten du, inoiz erabat desagertzen ez diren granuloma edo orbanak sortuz. Horregatik, ezin da ezabatu azalari arrotz zaizkion elementuekin egindako tatuajerik.