Azterketa dokumentala egin dugu munduan gosearen egoera nolakoa den eta haurrei nola eragiten dien jakiteko

Bederatzi pertsonatatik batek gosea dauka gure planetan

Munduan 795 milioi lagunek ez dute aski elikagai bizimodu osasungarri eta aktiboa egiteko, 1990. urtean baino 216 milioi gutxiagok
1 azaroa de 2015
Img tema de portada listado 169

Bederatzi pertsonatatik batek gosea dauka gure planetan

2000. urtean helburu bat jarri zuten 189 herrialdek, desnutrizio egoeran zeuden pertsonen proportzioa erdira jaistea, baina ez dute lortu

Gosea da osasuna arriskuan jartzen duen arrazoi nagusia, eta horri aurre egin behar izaten diote munduko herritar askok eta askok. Urtero, goseak jende gehiago hiltzen du HIESAk, malariak eta tuberkulosiak elkarrekin baino, datu horixe eman berri du Elikagaien Mundu Programak (WFP siglak ditu ingelesez).

Nazio Batuen Erakundeak (NBE) oroitarazten du goseak eta nutrizio desegokiak garaiz aurreko heriotza dakarkiela amei, bularreko haurrei eta haur txikiei, eta bilakaera fisiko eta garun bilakaera desegokia eragiten duela gazteengan. Manos Unidas erakundearen iritziz, goseak hil egiten du, mutilatu, bilakaera eragotzi, soldatak murriztu, eskola hutsegitea handitu eta hazkunde ekonomikoa ahuldu.

Deigarria gertatzen da, dena den, jakitea mundua gai dela munduko herritar guztiak elikatzeko adina elikagai sortzeko (7 milioi pertsona bizi gara munduan). Eta deigarria da jakitea, halaber, zer janik ez duen jendea egoteaz gain, badela beste era bateko malnutrizioa duen jendea ere, justu beste muturreko egoeran dagoena: gehiegi jaten duena, alegia. Urtetik urtera handitzen ari dira gehiegizko pisuaren eta gizentasunaren tasak, eta, ondorioz, baita horiekin zerikusia duten gaitzen prebalentzia ere; adibidez, diabetesarena eta bihotz-hodietako gaixotasunena.

Orduan, zein da arazoa? Zerk eragiten du gosea? Pobrezia, nekazaritzako inbertsio falta, merkatuen ezegonkortasuna, klima, naturako hondamendiak, gerrak eta desplazamenduak, eta elikagaiak alferrik galtzea. Sei faktore horien ondorioa da munduko gosea (faktore horiek interakzioan daude).

EROSKI CONSUMERek jakin nahi izan du zein den gosearen egoera munduan eta nola eragiten dien haurrei. Horretarako, azterketa dokumental bat egin du zenbait iturri erabilita: Nazio Batuen Erakundea (NBE), Osasunaren Mundu Erakundea (OME), Elikagaien Mundu Programa (WFP siglak ditu ingelesez), eta Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundea (FAO).

Balantzea: konpromisoak eta errealitatea

Nazioarteko konpromisoak

2015a balantzea egiteko urtea da eta gosearen aurka nazioartean hartu ziren bi konpromisoak bete ote diren ikustekoa.

Lehenbizikoa 1996. urtean finkatu zuten, Erroman, Elikadurari buruzko Munduko Goi-bileran (CMA). 182 gobernutako ordezkariek honako konpromiso hau hartu zuten: “Herrialde guztietan gosea desagerraraztea, eta beranduenez 2015. urterako, egun desnutrizioa pairatzen dutenen kopurua erdira murriztea”.

Bigarren helburua Milurteko Garapen Helburuen lehenbiziko ekitaldian ezarri zuten (ODM 1), 2000. urtean, 189 herrialdek. Besteren artean, hauxe lortu nahi zuten: “2015. urterako, erdira jaistea gosea pasatzen duten pertsonen proportzioa”.

Helburuak ez dira bete

Munduan 795 milioi lagunek ez dute aski elikagai bizimodu osasungarri eta aktiboa egiteko. Horrek esan nahi du bederatzi lagunetatik batek gosea pasatzen duela gure planetan. Ondorio hori ageri da FAOk, WFPk eta FIDAk (Nekazaritza Garatzeko Nazioarteko Funtsa) argitaratu duten txosten honetan: “Elikadura arloko segurtasun faltaren egoera munduan 2015”.

Oro har, ez dira bete nazioartean ezarri ziren helburuak. 1990. urtetik hona, munduan gosea pasatzen duten pertsonen kopurua 216 milioi murriztu da (orduan, 1.000 milioi ziren). Horrekin batean, zifra osoa albo batera utzi eta porzentajeei erreparatzen bazaie, azpielikatuta dauden pertsonen ehunekoa ere jaitsi egin da: %19koa zen 1990. urtean eta %11koa izango dela kalkulatzen da 2014 eta 2016 artean.

Txosten horren arabera, honako faktore hauek galarazi dute emaitza hobeak izatea: alderdi ekonomikoek (produktuen prezioetan izandako aldakortasuna, elikagaien eta energiaren garestitze orokorra, langabezia tasa handiak, eta 1990eko hamarkadan eta 2008az geroztik izandako atzeraldi ekonomiko globalak), klimatikoek (muturreko meteorologia fenomenoak eta naturako hondamendi gero eta ohikoagoak) eta politikoek (pertsona desplazatuen igoera izugarriak eragindako ezegonkortasun politiko eta gatazka zibilak).

Kontuan hartu behar da, dena den, munduko biztanle kopurua 1.900 milioi handitu dela eta, hala ere, azpielikaduraren prebalentzia %42 murriztu dela mundu osoan eta %45 herrialde aurreratuetan.

Ildo horretan, aipamen berezia merezi dute Txinak eta Indiak, oso herrialde handi eta populatuak baitira. Pertsona azpielikatuen kopuruan 1990. urtetik 2015. urtera izan den murrizketa osoaren %81 ordezkatzen dute bi herrialde horiek eurek bakarrik (garapen bidean dauden herrialdeen multzoan). Eta Txinak berak bakarrik kopuru osoaren bi heren hartzen ditu: 1990. eta 1992. urteen artean, 289 milioi pertsona zeuden goseak eta 2014. eta 2015. urteetan 134 milioi izango direla diote kalkuluek.

Munduko gosearen mapa, 2015

MapaEU

Gosetea garapen bidean dauden herrialdeetan

Garapen bidean

Munduan gosea pasatzen duten pertsonarik gehienak garapen bidean dauden herrialdeetan bizi dira; herrialde horiek bizi itxaropen txikiagoa, heziketa apalagoa eta diru gutxiago dute, baina herrialde aurreratuek baino hazkunde tasa handiagoa. Zehazki, kalkuluek diote herrialde horietan 780 milioi pertsona daudela azpielikatuta, mundu osoko populazioaren %13.

Hala ere, garapen bidean omen dauden 129 herrialdeetatik (horiei egin zaie jarraipena) 72k erdira murriztu dute gosea pasatzen duten pertsonen ehunekoa 1990etik 2015era bitartean (bete egin dute ODMren helburua) eta horietako 29k baita pertsona kopurua ere (bete egin dute CMAren helburua).

FAOk, FIDAk eta WFPk egindako ikerlanaren arabera, horietako gehienek baldintza politiko egonkorrak eta hazkunde ekonomikoa izan dute, eta, gainera, herritar ahulenei zuzendutako babes politikak ere ezarri dituzte.

Asia

Kontinente guztiak kontuan hartuta, Asian dago gosea pasatzen duen jende gehien. Guztira, 512 milioi pertsona, hau da, azpielikatuta dauden pertsona guztien (795 milioi) bi herenak. Zehazki, zifra absolutuetan egoerarik gordinena duen eremua Asia hegoaldea da (Afganistan, Bangladesh, India, Iran, Maldivak, Nepal, Pakistan eta Sri Lanka): 281 milioi pertsonak pasatzen dute gosea, hau da, munduan egoera horretan dauden biztanleen %35ek.

Eremu horretan, India nabarmentzen da, herrialde horretan 195 milioi pertsona baitaude azpielikatuta, mundu osoan daudenen %25. Prebalentzia, hala ere, hobetu egin da Indian: %24koa zen 1990. urtean, eta %15ekoa da egun.

FAOk, FIDAk eta Elikagaien Mundu Programak egindako txostenaren arabera, aurrerapauso txiki hori egin ahal izan da elikagaien garestitze globalak oso eragin txikia izan duelako herrialde horretako prezioetan, eta elikagaiak banatzeko programa zabal bat jarri dutelako abian. Baina beste hau ere nabarmentzen dute: “Hazkunde ekonomiko handiagoak ez du ekarri elikagaien kontsumoa igotzea, eta are gutxiago dietak hobetzea; horrek esan nahiko luke, hortaz, goseak erasandako pertsonek ez dutela onura handirik sumatu hazkunde orokorrarekin”.

Afrika

Edonola ere, zifra absolutuak alde batera utziz gero, Afrikan dago pertsona azpielikatuen prebalentziarik handiena: bost lagunetatik batek desnutrizioa daukan han. Egoerarik kezkagarriena Saharaz hegoaldeko herrialdeetan ageri da. Eskualde horretan, azken 25 urteetan, igo egin da desnutrizioa duten pertsonen kopurua; zehazki, 44 milioi lagun gehiago daude orain egoera horretan (220 milioi guztira). Gaur egun, hortaz, lautik batekoa da azpielikatuta dauden pertsonen proportzioa.

NBEren, FAOren eta FIDAren iritziz, eskualde horretan “bereziki kezkagarria da urtez urte zein mantso aurreratzen den gosearen aurkako borroka”. Eta hiru faktore aipatzen dituzte pertsona azpielikatuen kopuruak ez dezan behera egin inguru horretan: elikagaien garestitzea, lehorteak eta zenbait herrialdetako ezegonkortasun politikoa.

Konpromiso berriak

Irailean, Nazio Batuen Erakundearen Goi Bilera egiten zuten, 2015. urteko Garapen Iraunkorraren Agendaren inguruan eztabaidatzeko. Bilera horretan, mundu osoko 193 lider bildu ziren eta datozen 15 urteotarako 17 erabaki hartu zituzten. Horrekin, hiru helburu lortu nahi dituzte: muturreko pobreziarekin bukatzea, gizartean dauden desberdintasunei eta justizia gabeziei aurre egitea eta eguraldi aldaketaren ondorioak murriztea. Erronka horiek herrialde guztietan lortu beharrekoak direla aldarrikatu zuten eta pertsona guztien konpromisoarekin.

Haurren desnutrizioa eta hazteko arazoak

Goseak bereziki gogor astintzen ditu haurrak. Manos Unidas erakundearen arabera, azpielikatuta dauden haurrak ez dira hazten haur osasuntsuak bezala, eta adimenari dagokionez, garapen mantsoagoa izan dezakete. Erakunde horrek oroitarazten du, gainera, etengabeko goseak ahuldu egiten duela immunitate sistema, eta horrek ahulago bihurtzen dituela gaixotasunen eta infekzioen aurrean.

Giza laguntza ematen duten erakundeek kalkulatzen dutenez, nutrizio desegokiak eragiten ditu bost urtetik beherako haurren heriotzen ia erdiak (3,1 milioi haur urtean eta 8.500 inguru egunean). Eta lau adingabetik batek, berriz, atzerapena izaten du hazkundean elikagai faltagatik (garapen bidean dauden herrialdeetan, hirutik batekoa izan daiteke proportzio hori).

Unicef-en kalkuluen arabera, gainera, munduko haurrik pobreenen %20k hazkundean atzerapena izateko eta bost urte bete aurretik hiltzeko aukera handiagoa dute (bikoitza) haurrik aberatsenen %20k baino, eta hori ere elikagai faltagatik gertatzen da.

Azkenik, zifra zirraragarri horien laburpena osatzeko, Elikagaien Mundu Programak emandako beste datu bat ekarriko dugu: herrialde aurreratuetan, Lehen Hezkuntzan ari diren haurretatik, 66 milioi gosez joaten dira eskolara. Are gehiago: Afrikan bakarrik 23 milioi daudela kalkulatzen da.