Jabetza Horizontalaren Lege Berria

Auzoekin ongi konpontzea, nahitaezkoa denak behar bezala funtziona dezan

1 urria de 1999
Img informe listado 118

Batean auzo zaratatsuak eraginiko molestiak direlako, bestean fatxadako obrak egitean edo teilatuaren konponketaren fakturaren kostua banatzean Jabeen Batzordean irizpide desberdinak azaldu direlako…

Auzoekin ongi konpontzea, nahitaezkoa denak behar bezala funtziona dezan

Tentsioa lehertu zen azkenean, komunitateko kuota ordaintzeari uko egiten dion auzoa konbentzitzeko modurik ez baitzegoen, edo goiko maizterrak loreak garastatzean gure terraza zikintzen zuelako… Auzoen arteko istilu eta gora-beherek ere gure eguneroko bizitza osatzen dute. Areago, geure burua kontrolatzeko eta irudimena eskatzen digute, tarteka, sesio eta kalapita horiei bidezko konponbidea emango badiegu, borroka eta haserrerik piztu gabe. Honelakoak, jakina, gehienetan saihestekoak badira ere, harik eta mingotsago gertatzen zaizkigu ondasun beraren jabekide izanik, maiz ikusi behar dugun jendearekin jazotzen direnean. Auzokideen komunitateez ari gara, noski. Gauza bat da auzoekin ondo edo gaizki konpontzea (denok baikara berezi xamarrak) eta beste bat, zeharo bestelakoa, komunitatearen funtzionamenduan arazo larriak sor ditzakeelarik, akordiotara iristeko ahalmen edo gaitasun ez izatea, kontu horiek, lehen edo geroago gure bizi-kalitatea hondatu egin dezaketelako. Jardueran eraginkorrak izan daitezen, osoko gestio egokia (profesionalen eskuetan utzi edo ez) eraman behar dute auzoen komunitateek, etxebizitzen eta lokalen jabeen artean behar bezala kontsentsuatuak. Bai egunero sortzen diren arazoak, bai inoiz agertzen zaizkigun apartekoak arretaz konpontzea eta gastuei aurre egitea ahalbideratuko duten akordioetara iritsi ezean, auzoen komunitatea -gestioa dela medio, hain zuzen- geldiarazirik edo amaigabeko liskarrek zamatuegirik gerta liteke: horrek ondorio kaltegarriak ekarriko lizkioke komunitate horrek eskaini eta auzo guztiek jaso behar dituzten zerbitzuei. 1960ko uztailaren 21ean onetsi zen Jabetza Horizontaleko Legeak estreinakoz arautu zituen auzoen komunitatearengan eragina duten kontu behinenak, problema guztiak konpontzeko balio izan ez bazuen ere. Alderdi gehiegi zehazteke utzi izanak ahalbideratzen zuen auzi batzuk betirako soluzionatu gabe geratzea (berankorren zorrak eta igogailua bezalako zerbitzuak instalatzeko akordio-erregimeni zegozkien kontu istilutsuak, besteak beste) eta, era berean, beste arazo zenbaitek epaitegietan geldirik urte luzeak ematea, erakunde horiek epaiak ematea erraztuko zien konkrezio handiagoz jardutea behar zuten eta, kolapso hartatik ateratzeko.

JHL berria eraginkorragoa, egungo arazoak konpontzeko

Harrezkeroztik beste hirutan indarturik (1988, 1990 eta 1992 urteetan), joan den apirilaren amaiera aldean Jabetza Horizontalaren Lege berria indarrean sartu zen. Ia sektore guztiek onuragarritzat hartu duten lege berri horren ekarpenik garrantzizkoenak, alde batetik, auzokide berankorrei zorrak kobratu ahal izateko, komunitateari eman dizkion lanabes eraginkorrak; bestetik, aurrekoa baino malgu eta eragileagoa izango den akordio-erregimena indarrean jarriko du (erabakiak aho batez, 3/5eko gehiengoz, gehiengo soilez… hartzea), guztien adostasuna erabaki gutxiago hartu ahal izateko galdatzen baitu. Zorioneko JHL horren beste hobekuntza bati esker, komunitatea bera gauza izango da erabakiak hartzeko auzoak bilerara joaten ez direnean edo deialdi-agiria jasotzen ez dutenean (izan ere, etxebizitza aldian behin bakarrik okupatzen dutelarik, pisua bigarren egoitza duten auzoei “tuerkak estutu” egiten dizkie legeak). Azpimarra dezagun, bukatzeko, telebista-antena kolektibo zein indibidualak instalatzeko erraztasunak ematen dituela. CONSUMER-eko zerbitzu juridikoen arabera, oraingo legeak eraikinak hobeki kontserbatzen laguntzen omen du, etxearen mantenimendua egitea dela eta, komunitatearen urteko aurrekontuaren %5aren pareko Erreserba-Fondoa osatzera behartzen baititu auzoak, beste neurrien artean. Ez dezagun ahantz, nolanahi, epaitegiak izango direla aurrerantzean ere lege hori interpretatu behar dutenak, liskarrik sortzekotan (ezkaratzeko atea aldatu behar den ala pintatzea aski den erabakitzea baldin bada kontua, konparazio baterako). Kontua da obra egitea ezinbestekoa den ala dagoena hobeturik nahikoa den deliberatzea. Garrantzi handia du, premiazkoa balitz, auzo gehienek harturiko erabakia aski izateak: era horretan, eragindako gastua denek ordaindu beharko lukete eta. Hobekuntza gisa hartzen bada, ordea, atea aldatzearekin bat ez datozenek ez dute faktura ordaindu beharko, osoko kostua komunitateko hiru hilabeteko kuota baino handiagoa ez bada. Obra hori egitea premiazkoa bada, ordea, aski da auzokideen gehiengoa. Hobekuntza-lana egin behar izatekotan, kide guztien adostasuna lortu behar da.

Etxebizitzaren jabe izateak nola behartzen gaituen

Instalazio amankomunak eta etxebizitza edo lokal pribatua hein berean errespetatu eta mantendu behar ditugu; era beretsuan, eraikinaren zerbitzuak agindutako konponketa-lanak egin daitezen baimena emateko obligazioa dugu, gure etxebizitzan egin behar direnean. Esan gabe doa, eskrituretan xedaturik dagoen partaidetza-kuotaren arabera ordaindu behar ditugula gastu horiek eta gainerakoak. Pisua saltzen duenean, salerosketako eskritura publikoa notarioaren aurrean formalizatzean, komunitateko zor guztien ordainketa eguneratuta dagoela egiaztatzen duen agiria aurkeztu behar du jabe saltzaileak, erostunak betebehar horretatik salbuesten ez badu, bederen, harenganako konfiantza erakutsiz edo eskrituren sinaketa ez geroratzearren. Etxebizitzaren jabeak komunitateko idazkariari titulartasunaren aldaketaren berri gaztigatu behar dio: baldintza hori bete ezean, erostunak berenagatuko ditu aurreko jabeak komunitatearekin zituen zorrak. JHL berriaren arabera, komunitatearen erreserba-fondoa osatzeko dagokion zatia (aurrekontu arruntaren %5a baino gutxiagorik ez, nolanahi ere) ordaindu behar du jabeak. Etxebizitzan edo toki hartan izango ez balitz, Espainiako zein tokitan bizi den jakinarazi beharko luke, komunitateak egingo lizkiokeen deialdi eta ohartarazpenak jasotzeko. Horrelakoak entregatzerik ez balego, erabilera orokorreko toki ikuskorrean ipinita, baliozkoak izango lirateke.

Komunitatearen antolamendua

Komunitatearen organigraman hurrengoak agertzen dira: Jabeen Batzordea, Komunitateko Presidentea (hauteskunde, errotazio nahiz zozketa bitartez izendatua; kargua betetzea derrigorrezkoa da baina, hori bai, eragindakoak epaile eskudunaren aurrean eska dezake beste batek txanda har diezaion), Presidenteordea (Presidentearen ordezkoa izango da eta bere lanetan lagundu egingo dio), Idazkaria eta Administratzailea (badago kargu bi hauetarako Presidentea izendatu eta pertsona berak betetzea). Auzo guztiek daukate Batzarrera joateko edo bere burua ordezkatzeko eskuduntza, baina gasturik ordaintzeko dutenek, eztabaidetan esku hartzeko hitza izango duten arren, boto-eskubiderik ez dute izango. Jabetza Horizontala osatzen duen tituluren baten onespen edo aldaketa, edo Estatutuen aldaketa proposatzen denean, Batzordearen erabakiak bazkide guztien aldeko botoez hartu behar dira. Igogailua, atezaindegia, zaintza nahiz bestelako zerbitzu amankomunak ezarri edo kentzea auzitan jartzen denean, berriz, jabe guztien 3/5en esku hartzea aski da (baldin eta partaidetza-kuoten portzentaia bera ordezkatzen badute). Eragozpen arkitektonikoak suntsitzea baldin balitz kontua, jabe eta kuoten gehiengo soila nahikoa litzateke. Telekomunikazioen (antena parabolikoak) instalazioa, gas naturala nahiz bestelako energi zerbitzu kolektiboak ezartzea eztabaidatzen denean, azkenik, partaidetza-kuoten portzentaia bera ordezkatzen duten jabe guztien herenaren aldeko botoa aski izango da. Auzoen gehiengoa alde edukitzea nahikoa da, era berean, gainontzeko erabaki guztiak hartu ahal izateko. Batzordean harturiko akordio edo erabakiak, bestetan bezala, Akta-Liburuan jaso behar dira, bilera zein egun eta tokitan egin den, nork (lehenbizi edo bigarren deialdian) egin duen dei, bertara bildutakoen izenak eta horien karguak, ordezkaturik bildutako jabeak, eguneko gaien zerrenda, harturiko akordioak (alde eta kontrako botoak nork eman dituzten zehazturik) eta norberaren partaidetza-kuoten munta adierazita. Bilera egin denetik hamar egun igaro baino lehenago, Presidenteak agiria sinatu beharko du. Idazkariaren eginkizuna da aktak, deialdiak, ohartarazpenak, ahalordetzeak eta garrantzizko beste agiri guztiak gordetzea, bost urtez, gutxienez.

Lanak: aldeko eta kontrakoak

Etxebizitzen barnean, alderdi amankomunetan edo behe komertzialetan egin beharreko edo eginiko obrak, maizegi, auzoen arteko sesio-, liskar- eta borroka-iturri gertatzen dira. Jabetza Horizontalaren Legeak jabeari obrak egiteko baimena aitortzen dio, muga batzuen barruan. Esate baterako, etxebizitza edo lokal bat bitan banatzea baldin bada kontua, auzokide guztiek aldekotasuna agertu beharko dute, erabaki horrek guztirako ondasunen kopuruan, Batzorde berriaren osaketan eta partaidetza-kuotetan izan bailezake eragina, noski. Bestelako aldaketa edo lan xumeagoak (gelen arteko pareta ahulak eraistea, komuneko aparatuak aldatzea edota ateak hormatzea, adibidez) egiteari dagokionez, Legea ez da horren zorrotza. Horrelakoetan, jabeak obra egin ahal izango du, baldin eta, hasi aurretik, komunitatearen ordezkariari lanen berri eman badio eta baldintza jakin batzuk betetzen baditu: udal arau eta ordenantzak, lizentziak, etab. Berritze-lan horiek, hala eta guztiz, badituzte errespetatu beharreko mugak ere: ezin izan daitezke kaltegarri, gogaikarri, osasunaz kontrako, arriskutsu edo legez kanpokoak, ezin ipin dezakete arriskutan eraikinaren segurtasuna, horren egituraren funtsezko elementu bat ukitzen delako, etab. Fatxadaren itxura aldatzerik ere ez da onartzen. Horrelako legehausterik hauteman balitz, Presidenteak horrela jakinarazi beharko lioke arduradunari, jarduera bertan behera utz dezan. Lanean segitzekotan, ostera, obra gelditzea galdatu ahal izango lioke, epailearen erabakiz. Mutur-muturreraino iritsita, lanak berehala uztea agintzeaz gainera, hiru urtez gehienez ere etxebizitza edo lokalaren erabilera galaraz liezaioke epaileak legea hautsi duenari.

Mantenimenduko eta bestelako lanak

Eraikina behar bezala mantentzeko premiazkoak diren lanak (10. artikulua), batetik, eta zerbitzuak emateko behar direnak (11. artikulua), bestetik, zehazki bereizten ditu Legeak. Eraikina mantentzeko obrak dira etxeak baldintza egokietan iraungo badu egin ohi direnak: fatxada garbitzea edo tximist-orratzak ipintzea, konparazio baterako. Matxurak edo zati kaltetuak konpontzeko ere premiazkoak diren lan eta obra horiek ohikotzat jotzen dira, denboraren iragateak eraginiko akatsak zuzentzea baldin badute helburu. Gastu orokorrengatiko kuotetan kargatuz ordaindu ohi dira, aparteko ordainketarik onetsi eta eragin gabe alegia, komunitateak horretarako berariazko akordiorik hartu gabe ere administratzaileak serrailak konpondu eta bonbilak aldatu behar dituelako. Konpontze-lana ustekabeko ezbeharrari badagokio, aparteko ordainketa onetsi beharra dago. Atal honetan jasotzen diren beste obra batzuk dira eraikinaren zaharberritze eta birgaitzea eragiten dutenak, biztangarritasun-, estankotasun- eta segurtasun-baldintzak indarrean dagoen araudiari egokitu ahal izateko. Elektrizitate-instalazioak berritzea, segurtasun-arauak igogailuetan aplikatzea, zerbitzu- eta egurasketa-sareak egoera egokian mantentzea eta antzekoak dira obra horiek. Berritze-lanei dagokiela, Jabetza Horizontalaren Legeak bi bereizketa egiten ditu: eraikinaren izaeraren arabera egiten direnak (ezkaratzeko aspaldiko ate hondatuaren ordez berria jartzea, kaoba edo ebanozkoa ez baldin bada) eta eraikinaren izaerarekin zerikusirik ez dutenak. Lehendabizikoak kideen gehiengoak onetsi eta auzo guztiek -ados daudenek zein kontra daudenek-, partaidetza-kuoten arabera ordaindu behar dituzte. Bigarren zaharberritze-klasea, ordea, (biziki baliagarriak izan daitezkeen arren) luxu-alorrekotzat jotzen dira eta, horrenbestez, konplexuagoak agertzen zaizkigu. Esate baterako, auzokideen gehiengoak etxearen gainaldean piszina ipintzea onesten baldin badu, horren kontrako botoa eman duten auzoek ez dute zertan gasturik ordaindu, instalazio-kuota hiru hilabeteko arrunta baino handiagoa delako. Ezkaratzean koadro bat ezartzea erabakitzen badu gehiengoak eta horren instalazio-kostua 6.500 pezeta baldin bada (hau da, hiru hilabetekoa baino gutxiago), aldiz, apaingarri hori jartzearen kontrako botoa eman duten auzoek ere pagatu egin beharko dute berrikuntza.

Berankorrek, aurrerantzean askoz ere okerrago

  • Bileretara joan, eztabaidetan esku hartu eta erabakitakoaren jakinarazpena jaso ahal izango duen arren, botoa emateko eta harturiko erabakiak inpugnatzeko eskubidea galduko du auzo berankorrak.
  • Bere etxebizitza edo lokala saldu nahi duenean, komunitatearekin dituen zorrak ezin ezkutatzeak balizko erostuna uxatu egin lezake. Saltzaileak komunitateko gastu guztiak ordainduak dituela berresten duen ziurtagiria erantsi behar diote salerosketaren agiriari notarioek.
  • Auzolagun bat berankor dela berariaz azalduko da Batzordeetara egingo diren deialdietan: honek, dudarik gabe, publizitate kaltegarria ekarriko dio interesatuari.
  • Zorduna auzitara eramateko aukera handiagoa da orain; horrezaz gain, epaitza eman ondoren, zorraren ordainketa erraztuko du lege bidezko jokaera berriak.
  • Dei egiten zaionean berankorra agertzen ez bada edo eskakizunaren kontra azaltzen ez bada, epaileak exekuzio ekonomikoa betearaziko du. Horren munta, jakina, zor duen diru kopuruak, interesek, epaiketako kostuek eta gastuek osatuko dute.
  • Auzo berankorrak zor duena ordaintzeari uko egiten badio, ahozko epaiketaren tramitazioa beteko du epaileak eta, bidezkotzat hartu ondoren, prebentziozko bahitura ere betearazi ahal izango du.

Liskarren iturburuak

Auzoen komunitateetan sortzen diren arazoen kasuistika era askotako eta zabal-zabala izaki, katalogo juridiko baten zergatia, telenobela luze baten zioa edo epekako nobelaren muina izan liteke. Nolanahi ere, eta arazoak hamaika motatakoak izan daitezkeela ahantzi gabe, badira hiruzpalau liskarren iturburu ohi-ohikoak, hara:

  • Igogailua. Aparatu berria instalatu ahal izateko, partaidetza-kuotaren eta auzolagunen 3/5en gehiengoa bildu behar da. Eraikinean elbarrituren bat bizi delako, igogailua instalatzearen helburua eragozpen arkitektonikoak ezabatzea baldin bada, auzoen gehiengo soila aski izango da erabakia hartzeko. Bi kasuetan ere, aldekoek zein kontrakoek ordaindu behar dute gastua.
  • Terrazak ixtea. Horrelako obrek eraikinaren kanpoko itxura aldatu egiten dute epaitegien ikuspegitik, hau da, titulua aldarazten dutenez, auzo guztien aldekotasuna ezinbestekoa da lan horiek egiteko.
  • Tximinia eta ke-hodien instalazioa. Negozio-lokalek horrelako obrak komunitateari informazioa eman gabe egin ohi dituzten arren, epaitegien iritziz tituluan dute eragina, hormak zulatu eta, gainera, elementu amankomunen gaineko zortzapen berria ezartzen dutelako. Horrelakoak ezartzeko auzo guztien adostasuna beharko litzateke baina, eraikinaren itxura nabarmen aldarazten ez baldin bada, gehiengo soila aski izan ohi da.
  • Aire egokitua. Aparatuak txikiak baldin badira, hots, fatxadaren kanpoaldea aldarazi edo kaltetzen ez baldin badute, Batzordeak akordioa hartzea ez da ezinbestekoa. Horman zuloak egin eta elementu amankomunak aldaraziz hobetzen baldin bada instalazioa, orduan auzo guztien edo gehiengoaren adostasuna lortzea ezinbestekoa da, kasuen ezaugarrien arabera, jakina.