Garraio publikoan, alde handiak toki batetik bestera

Autobus-txartel merkeena, Gasteizen

Halako tokiak duen garraio publikoak zehaztasun handiz adierazten du hiri horrek nolako bizi-kalitatea eskaintzen dion bertako zein kanpoko jendeari.
1 martxoa de 1999
Img tema listado

Autobus-txartel merkeena, Gasteizen

Hiri-autobusen (eta, dagoenean, metroaren) lineen hedakuntza eta maiztasunak, betetzen diren ibilbideen aniztasunak, zerbitzuaren erosotasun eta azkartasunak eta, nola ez, puntako orduetan trafikoak agertzen duen intentsitateak, denek batera, erabiltzaileari eskaintzen zaiona zein mailataraino den asebetetzeko modukoa adierazten dute. Era beretsuan, erabiltzaileak kotxe pribatua baliatzeari uko egin eta, hiri barnean ibiltzeko, garraio publikoaren alde agertzean ere, eragina dute aipaturiko faktore horiek. Aldekotasun hori gehiengoak agertuko balu, hiri handietako eguratseko satsudura eta hots-kutsadura murriztu eta, areago, trafiko-mordoiloak arindu egingo lirateke. Garraio publikoaren inguruko guztiak, beraz, sekulako garrantzi soziala du. Badago, ordea, honelako garraioaren alde edo kontrako joerak sor ditzakeen beste alderdi bat, kotxea dutenen artean bereziki, ibilgailu honen gastu nagusiak (asegurua eta kredituaren kuotak) finkoak baitira, kotxea gutxi nahiz asko erabilita ere. Autobus, metro eta autoaren prezioez ari gara, jakina. CONSUMER aldizkariak, indarrean dauden hiri-autobus eta metroetarako txartelen kostua eta taxien tarifak aztertu ditu Bilbo, Donostia, Gasteiz, Iruñea, Santander, Madril, Malaga, Bartzelona, Valentzia eta Alacanten. Aurreneko ondorioa hauxe da: hiri batetik bestera berebiziko aldeak hautematen direlarik, Gasteizko herritarra da autobusa merkeen ordaintzen duena: egungo prezioekin, aldizkari honek proposaturiko kasuan (1.000 bidaia autobusean, gehienetan astegunez, beti ere ahalik eta modu merkeenean) gasteiztarrek gainerako hirikoek baino askoz ere gutxiago ordaindu beharko lukete.

CONSUMERek ezarritako balizko kasuan, gasteiztarrak urtearen buruan 45.000 pezeta baizik ez luke ordainduko. Madrilgoek (48.950 pta.) eta Valentziakoek (52,800 pta.) gehiago atera beharko lukete patrikatik, iruñearrari 58.000 pezeta kenduko litzaizkioke eta Santanderko faktura 60.000 pezetaraino igoko litzateke. Donostia eta Bartzelonan, 63.000 eta 65.400 pezetaraino igotzen dira kostuak. Bilbotarrek 2.500 pezeta gutxiago pagatuko lukete Malagako hiritarrek baino (72.500 pezeta). Alacanteko hiritarrak egin beharko luke, azkenik, ordainketa handiena: 75.000 pezeta urtean. Kontu jakina da bezero askok ohiko tarifak aztertu eta, egin behar duen erabilerari modu onenean egokitzen dena aukeratzen duela, bere ekonomia domestikoan logistika-alorreko gastu honek ahalik eta eragin txikiena izan dezan. Hainbat bidaia (eta, bidebatez, bidaia bakoitzeko diru-aurrezkirik) egiteko eskubidea ematen duten bonobus edo metro-txartelez gainera, garraio-konpainia gehientsuenek (ez denek), kolektibo jakinei zuzenduriko berariazko tarifak eskaintzen dituzte.

Hori dela eta, CONSUMER aldizkariak egiaztatu du 65 urtetik gorako gasteiztarrak direla, hamar hiriotako herritarren artean, adin horretara iriste hutsaren ondorioz dohainik bidaiatzen duten bakarrak: horretarako, NAN erakutsi besterik ez dute egin behar. Gazte edo ikasleentzako tarifak konparatzen badira (honelakoak, hamar hirietatik seik bakarrik eskaintzen dituzte), Gasteiz dugu berriro prezio apalenetako hiria.

Gainontzekoetan denetik dago: hiri batzuek, metro edota autobuseko aldizkako txartelaren prezioaren apala dute bereizgarri; beste batzuek, berriz, hamar bidaiako edo urte osorako txartelen aurrezkia; baten batek, jubilatu edo ikasleentzako tarifa bereziak. Gasteiz eta Alacant (txostenean agertzen den autobusik garestiena, bietan ere) izan ezik, batzuk besteak baino askozaz ere garestiago nahiz merkeago direnik ezin esan daitekeen arren, Bartzelona, Bilbo edo Malaga bezalako metropoli handietako hiri-garraioa, Iruñea edo Santander bezalako tamaina txikiagokoetakoa baino garraio publiko garestiagoa da, oro har. Beste aldetik, hiri zenbaitek oso tarifa egokiak eskaintzen dizkio autobus edo metroaren ohiko erabiltzaileari; baina aldizkako bezeroa zigortu egiten du, bidaia bakarreko txartelei sekulako prezioak ezarriz.

Taxiaz ari garela, konparatzea ez da kontu erraza. Gasteiz eta Iruñeko taxiek gutxieneko tarifa garestiena dute, baina ñabardura hau egin behar dugu: hirien tamaina eta bertako trafikoaren ezaugarriak kontuan izaki, baliteke merkeagoa izatea ibilbide bera euskal bi hiriburuotan Madril edo Bartzelona bezalako hiri handietan baino, hauetako tarifak -itxuraz-apalago badira ere.

Mila bidaia urteko

CONSUMERek abiapuntutzat hiri-autobusaren bi erabiltzaile-eredu hartu ditu; batetik, 40 urte duen langilea eta 68 urteko jubilatu edo pentsioduna, bestetik. Bietan ere, urtean 1.000 bidaiaren gastua kalkulatu da (4 bidaia eguneko, urtean 225 lanegun izanik, eta egutegian ezarritako 50 jaiegunetan, berriz, eguneko 2 bidaia), aurrezkirik handiena ekarriko dieten tarifa edo txartel bereziak hartuko dituztela kontu eginez. Goian esan bezala, 10 bidaiako bonobusaren prezioaren apala (450 pezeta baizik ez) gogoan izaki, Gasteizko herritarrak du autobusik merkeena. Valentziako erabiltzaileak T-30 (hilean 4.400 pezeta) hartuko luke eta, era honetan, nahi adina bidaia egin ahal izango luke hiri-autobus zein metroan. Madrilgoek, urtearen buruan Valentziakoek baino 4.350 pezeta gutxiago ordainduta, urteko 48.950 pezetako bonua erosiko lukete eta hauek ere, honela, mugarik gabe ibil litezke hiri-autobus eta metroan. Iruñean aukera interesgarria 10 bidaiako bonobusa erostea da (580 pezeta), bestelako alternatibarik ez baitago, aurrezkiaz ari garela. Santanderren ere, irtenbide bakarra 10 erabilerako bonobusa hartzea duzu, 600 pezeta ordainduta. Donostian beste horrenbesteko panorama duzu, txartel horren prezioa 630 pezetaraino igotzen bada ere. Bartzelonako erabiltzaileak hileko txartela (T-Mes) hartuko luke, 5.450 pezetaren truke, metroz zein autobusez nahi adina bidaia egiteko. Bilbon aukera bakarra dago: 10 bidaiako bonobusa (700 pta.), baina honek ez du balio metroan sartzeko. Erkaturiko hirien artean bigarren garestiena dela, Malagako bonobusa 725 pezetan dago salgai. Alacant da, dudarik gabe, garraio garestieneko hiria, 10 bidaiako txartela 750 pezeta eta 30 bidaiako txartela 2.250 kostatzen direlarik.

Jubilatuak, ordea?

65 urtez gorakoei dagokienez, Gasteizkoak dira mesedetuenak: NAN aurkeztu besterik ez dute, hiri-autobusetan nahi adina doan ibiltzeko. Horrenbestez, CONSUMERek adierazitako kasuan (1.000 bidaia urteko), jubilatu gasteiztarraren gastua hutsaren parekoa litzateke. Kolektibo honi garraio ekonomikoena eskaintzen dion hurrengo hiria Madril da, Gasteiztik urruti, denaren prezioa urteko 14.080 pezetaraino doalako (3. Adinarentzako Abonua); bidai mugarik ez dago eta, gainera, Madrilgo Komunitateko garraiobide publiko guztiak (metroa barne) erabil daitezke. Donostian 26.000 pezeta (adin horretako erabiltzailearentzako 100 bonobus) ordaindu beharko lirateke. Gainontzekoetan, familiako diru-sarreren araberakoak dira prezioak. Bilbon, lanbidearteko gutxieneko soldata (LGS edo SMI, hau da, aurtengoari dagokiola, 70.000 pezeta baino gutxiago) baino sarrera txikiagoak dituzten jubilatu edo pentsiodunek bakarrik izan dezakete tarifa murriztua (doan ibiltzeko), Udal Garraiorako Txartela erakutsiz.

Badago mugapen bat, gainera: bazterketa-ordutegiak (7etatik 9ak arte eta 13etatik 15ak arte) errespetatu behar dituzte ordaintzen ez duten erabiltzaile horiek. Bartzelonan, adin handieneko erabiltzailerik gehientsuek aldekoa dute egoera: edadetuen (65 gabe, 62 urtez gorakoentzat) autobusaren prezioa diru-sarreren araberakoa den arren, ikus ditzagun tarifetan azaltzen diren bi kasuak: gehienez ere hileko 123.833 pezeta irabazten duten senar-emazteek edo 68.040 pezeta baino gehiago irabazten ez duten alargunek eskura dezakete 600 pezeta besterik kostatzen ez den urteko txartela. Bestetik, 62 urtez gorako senar-emazteek guztira 223.171 pezeta baino gutxiago irabazten badute edo, bestela, 123.833 baino gehiago irabazten ez duten alargunek T-4 (10 bidaia, 355 pezeta) txartela dute eskuragarri, jubilatu-agiriarekin batera erakutsi behar dutelarik.

Adinekoari berariazko tratamendua ematen dio Iruñeak ere. Nafarroako hiriburuan bi tarifa daude, biak ere merke-merkeak. “A” delakoa (10 pezeta bidaiako), pertsona bakarra izanik, LGS baino diru-sarrera txikiagoa duten 65 urtez gorakoei bakarrik aplikatzen zaie, pertsona bakarra izatekotan; erabiltzailea eta ezkontidea, biak batera badira, LGSren %120a da kalkulatu beharreko munta. LGS baino gehiago irabazten dutenei “B” tarifa aplikatzen zaie, hau da, 30 pezeta bidaiako. Hortaz, gure balizko kasuan, azken hauek urtean 30.000 pezeta ordaindu beharko lituzkete mila bidaia egiteko: kopuru handia bada ere, LGS baino gehiago irabazten duen Bilboko jubilatuak ordaindu beharrekoaren oso azpitik dago, bilbotarrak beste zeinahi erabiltzailek bezala pagatuko lukeelako.

Malagan, edadetuek 10 bidaiako 100 bonobus erabiliko lituzkete, bidaiako 10 pezeta ordainduz, LGS baino diru gutxiago sartzen badute hilean. Gainerakoek, ohiko tarifa. Valentzian, pentsiodunaren agiria urteko 1.700 pezeta besterik ez da kostatzen eta, hori erakutsiz, nahi adina bidaia egin litezke autobusez; nolanahi ere, diru-sarrerak LGS baino txikiagoak dituzten familiei bakarrik ematen zaie delako agiri hori. Santanderren 10 bidaiako bonoa 50 pezeta kostatzen delarik, hilean 100.000 pezetatik (LGS baino dezente gehiago, beraz) beherako sarrerak dituen jendeari soilik ematen zaio. Alacanten, LGSren azpitik dabiltzan edadetu ezkongabe, alargun edo bananduek CONSUMERek proposaturiko kasuan, urtean 15.000 pezeta inguru ordainduko lituzkete (“Hirugarren Adinarentzako” 30 bidaiako 34 bonobus, alegia). Kopuru horixe ordainduko dute, hilean eta bien artean 103.905 pezeta baino gehiago irabazten ez duten senar-emazteek. Ezaugarri hauek ez dituztenei ohiko tarifak aplikatzen zaizkie.

Gazte eta ikasleentzat, tarifa murriztuak

Azterturiko hamar hirietatik seik badituzte gazteentzako autobus-tarifa bereziak. Gasteizen hiru tarifa daudela, hauen prezioa senideen kopuruaren eta urteko diru-sarreren araberakoak dira. Bi autobus-linea ere erabil daitezke tarifa hauekin, nahi adina bidaiatan (prezio berezi hauen helburu edo xedea erabiltzailea bere etxetik ikastegira garraiatzea baita), baina astegunean bakarrik, eskolak daudenean (A tarifa, 205 pezeta hilean; B tarifa B, 1005 pezeta eta C tarifa, 2010 pezeta). Santanderren, 18 urtetik beherakoentzako agiriak 7.000 pezeta balio du eta horrekin hiru hilabetez ibil daiteke erabiltzailea inongo mugarik gabe. Madrilen, 21 urte bete ez dutenek, zeinahi garraiobide publikotan bidaiatzeko, A zonalderako (hiriburuko erdialdea) hileko abonua dute eskuragarri 3.085 pezeta ordainduz, bidai mugarik gabe. Valentziak, bere aldetik, T-30 Joven (3.300 pezeta hilean) txartela eskaintzen dio gazteriari, gazte-agiriarekin batera (14 urtetik 26ra bitartean lor daiteke). Abonu horri esker, Metro Valentzia eta EMTn ibil daiteke gaztea, bidai mugarik izateke, “AV Barrutiaren” (hirigunea) barnean bakarrik, 30 egunez segidan. Alacanten, 14 eta 26 urte bitarteko erabiltzaileak Bono Joven (30 bidaia, 1.800 pezeta) izenekoa balia dezake; ikasleek, aldiz, 30 bidaia egiteko balio duen txartela, 1.500 pezeta pagatuz. Malagan Ikaslearen Bonua dute: 10 bidaia 380 pezetagatik, eskola-egunetarako soilik. Donostia, Iruñea, Bartzelona eta Bilbon gazteentzako tarifa berezirik ez dago.

Bidaia bakarreko txartelik merkeena ere, Gasteizen.

Gasteizen, bidaia bakarreko txartelaren prezioa 90 pezeta da, hau da, hamarretan merkeena. Iruñean ere merkea da: 95 pezeta. Alacant eta Santanderren, hogei duroraino igotzen da kostua. Donostia eta Valentzia erdi parean daude, txartel horrek 110 pezeta balio duelarik. Autobusez bidaiatzeko Malagan 115 pezeta eta Bilbon 120 pezeta ordaindu behar dira. Madrilen (130 pezeta) eta Bartzelonan (145 pezeta) biziagoa da prezioa. Hamar bidaia egiteko bonobusaz ari garela, unitarioei bezalaxeko prezio-politikak aplikatzen zaizkie, oro har, salbuespenik ere badagoen arren. Bonurik apalena, ostera ere, Gasteizkoa delarik (450 pezeta), ohiko txartelarekiko aurrezkia (%50a) gainontzeko hirietakoa baino handiagoa da. Iruñean 580 pezetara doa, %39ko aurrezkia dakarrelarik. Santanderren, 600 pezeta kostatzen da eta bidaia bakoitza %40 merkeago gertatzen da horrela. Donostiako erabiltzaileak 30 pezeta gehiago ordaintzen du. Madrilen, bonobusa 680 pezeta kostatzen denez, bidaia bakarreko txartela hartuta baino %48 merkeago ateratzen zaio ohiko bezeroari. Valentzian (690 pezeta) eta Bilbon (700 pezeta) Bartzelonan (795 pezeta) baino gutxiago ordaindu behar izaten duten arren, hiri mediterraniar honetan egiten den aurrezkia (%45) biziki erakargarria da. Alacant (750 pezeta 10 bidaiako abonua) eta Malaga (725 pezeta) dira, Bartzelonaren ondotik, bonobus garestiena duten hiriak. Alacanten, 10 erabilerako bonuak %25eko aurrezkia besterik ez dio eskaintzen herritarrari.

Metroa: hamar hirietatik lauetan

Estatu espainoleko hiri gehienek ez dute metro-zerbitzurik. Gaurkoan konparatu ditugun hamarretatik Bartzelona, Madril, Bilbo eta Valentziak bakarrik dute. Bidaia bakarreko txartelik merkeenak Valentzian (125 pezeta) eta Madrilen (130 pezeta) aurkitu ditugu. Bilbokoa 135 pezetan dabil, eta garestiena Bartzelonako metroa da, bidaiako 145 pezeta kentzen dizularik. Hamar bidaiako bonua Madrilen 680 pezeta kostatzen denez, aurrezki handia lortzen du bezeroak; Valentzian 700 pezeta balio du eta Bartzelonan 795 pezeta; Bilboko metro berrian hamar ibilbide egiteko 825 pezetaraino ordaindu behar da. Garraiobide honetan muga gabe ibili ahal izateko hilabeteko abonuak ere eskura daitezke, hala nahi izanez gero: metroa maiz baliatzen duten erabiltzaileek oso prezio egokian dute hileko txartel hori. Tarifarik murriztuena, askozaz ere, Bilbokoa da: 3.575 pezeta. Madril eta Valentzian hileko txartel horren prezioa 4.450 eta 4.400 pezeta da. Bartzelonako ohiko erabiltzaileari eskaintzen zaion aurrezteko aukera apal-apala da, hilabete osoko txartela 5.450 pezeta kostatzen baita, hots, Bilbon baino %52 gehiago. Bartzelonak izan ezik, metro-zerbitzua duten hiriek gazteentzako tarifa bereziak ere eskaintzen dituzte. Onura handiena jaso dezakeena, honelakoetan, Bilboko gaztea da,inondik inora: 26 urte beterik ez dutenek 22.800 pezeta kostatzen den urte osorako Gazte-Txartela dute eskuragarri.

Pertsonalizatua dagoen eta hiru zonaldeetatik bakar baterako balio duen abonu honi esker, nahi bezainbeste bidaia egin lezake bezeroak. Bestetik, 21 urtetik beherako madrildarrek hileko abonua (Tarifa Joven) eskura dezakete 3.085 pezetaren truk, metroan eta hiri-autobusean bidaia-mugarik gabe ibiltzeko. Valentzian, bere aldetik, T-30 Joven eskaintzen da, hilean 3.300 pezeta pagatuz. Bi kasuetan ere, garraiobide publiko hau maiz darabilten gazteentzako honelako tarifa berezia Bilboko metrokoa baino garestiago ateratzen da urtearen buruan.

Taxiak: gutxieneko tarifak erkatuz

Taxien prezioa alderatzeko, erabiltzaileek horrelako ibilgailu batean sartzearren ordaindu beharko duten tarifa aztertu du, funtsez, CONSUMERek, egin beharreko ibilbidearen luzera zein bide horretan emaniko denbora kontuan izan gabe. Hiri guztietan (Madrilen izan ezik, bertako taxiek ez dutelako gutxieneko tarifa, “bandera-jaistea” baizik, 175 pezetan, gehi 85 pezeta ibilitako kilometroko) gutxieneko tarifa ordainduz gero 2.200 metro inguru ibili edo taxiaren barnean sei bat minutu egon daiteke erabiltzailea, esandako ibilbidea osorik egin ez den arren: honakoa maiz gertatzen da, hiriek –hiri handiek, bereziki– nozitzen dituzten trafiko-korapilo handiak direla medio.

Astegunez eta eguneko ordutegian, Bartzelonan dugu taxiaren gutxieneko tarifarik merkeena: 300 pezeta besterik ez. Bertan kobratzen zaio bezeroari gehien, ibilitako kilometro bakoitzeko: 103 pezeta. Santander eta Malagan, aldiz, 340 pezeta (gehi 89 pezeta kilometroko) eta 392 pezeta (80 pezeta kilometroko) ordaintzen dira, hurrenez hurren. Erdi parean daude Alacant (93 pezeta kilometroko) eta Valentziako (97 pezeta kilometroko) taxiak, gutxieneko tarifa 400 pezeta izaki. Bost duro gorago daude Bilbo eta Donostiako gutxieneko tarifa, kilometroko 80 eta 77 pezeta ordaindu behar direlarik. Iruñeako taxiek 430 pezeta (gehi 84,5 pezeta ibilitako kilometroko), gutxienez, kentzen dizute. Gasteizkoen gutxieneko tarifa, azkenik, 450 pezetaraino igotzen da, hortik aurrera kilometro bakoitzeko 84 pezeta ordaindu behar delarik. Jaiegun eta gaueko ordutegian ere, Bartzelona da gutxieneko tarifarik apalena duena (300 pezeta) baina, era berean, kilometroko gehien kobratzen duen bigarrena (125 pezeta). Valentzia eta Alacanten, jaiegun eta gauez 400 pezeta ordaintzen dira gutxienik, gehi 105 pezeta kilometroko.

Maila ertainean dago Santander (435 pezeta gehi 116 pezeta kilometroko), Bilbo eta Donostian 525 pezeta (gehi 110 eta 121 pezeta kilometroko) ordaintzen direlarik. Gasteizen ostera ere taxien garestia dugu bereizgarri: 550 pezeta da gutxieneko tarifa eta 121 pezeta kilometroko; Iruñean gutxieneko tarifa 645 pezetaraino igo delarik, gainontzeko kilometroak 127 pezetan pagatzen ditu bezeroak. Beraz, autobus nahiz metroz bidaiatzearen aldean taxiz ibiltzea garestia dela egia bada ere, dezenteko aldeak daude hiri batetik bestera. Hiri txikietan -bertan diharduten taxisten arabera- ibilbideak laburragoak dira eta auto-ilarak ez dira handietakoak bezain trinkoak eta sarriak. Horrenbestez, bidaiak azkarrago eta merkeago egiten dira. Hauxe izan liteke hiri ez handietako tarifak garesti aldera jotzearen arrazoia: taxistari bidaiako gutxieneko sarrera bermatzea, alegia. Taxien prezio-politika benetan agertuko lukeen erabilerako eredu teoriko bat hiri bakoitzean ezartzea ia-ia ezinezkoa litzateke, taxian halako distantzia bat egitea kostatuko litzatekeenaren arabera konparatzerik ez baitago, ezaugarri desberdinetako hirietako taxiek ibilbide berdin hori egiteko beharko luketen denbora -eta trafiko-mordoiloen trinkotasuna– ere arras desberdina litzatekeelako.

Fitxa teknikoa eta konparaketako taula

  • Hamar hiriburutan alderatu dira hiri-garraio publikoko tarifak: Madril, Bartzelona, Gasteiz, Bilbo, Donostia, Iruñea, Santander, Valentzia, Alacant eta Malaga.
  • 1998ko abenduaren 28az geroztik CONSUMER aldizkariko teknikariak hiri bakoitzeko udal, garraio publikoko konpainia eta taxi-elkarteekin harremanetan jarri ziren, hiri-autobus, taxi eta metroko erabiltzaileei eskaintzen zaizkien zerbitzu-mota eta tarifa guztien berri jasotzearren.
  • Tokian tokiko hiri-garraioa kudeatzen duten organismoek emaniko informazioa bildurik, hiri-autobus eta metrorako tarifa ohikoenak erkatu zituzten (bidaia bakarreko txartela, 10 bidaiako abonua, hilekoa, gazte edota ikasleentzako tarifa bereziak, adineko jendearentzakoa) eta taxien gutxieneko tarifak, aste eta jaiegunean, gau eta eguneko ordutegian, erabiltzaileari kilometro bat kostatzen zaion diru-kopurua adieraziz.
  • Esandakoez gain, hiri-autobusen erabiltzaile-eredu bi harturik eratu dira balizko kasuak: 40 urteko langilea eta 68 urteko jubilatu edo pentsioduna. Bi kasuetan ere, urteko 1.000 bidaiaren kostua kalkulatu da (4 bidaia eguneko, guztira 225 lanegun direlarik eta bi bidaia urteko 50 jaiegunero), ahalik eta aurrezki handiena ondorioztatzen duen tarifa edo abonu bereziez onuratzen direla kontu eginik.