Argi-kutsadura

Argitasunak itsututa

1 urtarrila de 2011
Img en imagenes listado 167

Argitasunak itsututa

Gauero, izarrak zerura irteten dira beren ibilalditxoa egitera, baina beti ez ditugu ikusten. Han egon eta ikusi ez? Zerk itsutzen ote gaitu, bada? Argiak, alajaina! Argi-laino batek estaltzen ditu hiriguneak, eta ezin ikusi handik gorakorik. Kale-argien kupulek laranja koloreko distira igortzen dute, ihesi ere joaten zaie mordoa, eta argi asko galtzen da bidean, eta dirua ere bai. Argiteria-sistema horiek, izan ere, ez dira batere eraginkorrak, eta begi-bistakoa da hobeki argituko gaituzten proiektuak landu behar direla, beste ikuspegi batekin, argi eta diru gutxiago xahutze aldera. Izarrak guri begira daude.

Argi gehiegi eta gaizki emana

Deusetarako ere ez du balio 3.000 watt erabiltzea kale bat argitzeko, baldin eta potentzia horren erdia itzuri joaten bada atmosferara edo inguruko etxeen fatxadetara. Logikoagoa da kale-argiak egoki banatzea eta energia aurreztea. Egungo legediaren arabera, onargarria da kale-argiek igortzen duten argiaren % 20 galtzea, goitik ihes egitea, baina gaur egun, tamalez, badira hori baino argi gehiago galtzen duten modeloak. Globo itxura duten kale-argiak, adibidez. Mota horretakoek zehar-argi asko igortzen dute, eta itsugarriak gertatzen dira; eta, aldiz, ia ez dute argitzen beren ingurua. Horien ordez, itxitura lau eta horizontala daukaten argiak jarri behar lirateke, argi guztia beherantz igortzen dutenak, han behean ibiltzen baitira oinezkoak eta ibilgailuak.

Ekosistemak inbaditzen

Argi-kutsadura bazter guztietara heldu da, eta horren lekuko dira basoak, ibaiak, aintzira-erriberak, kostaldeak… Ekosistema horietan bizi diren izaki bizidunak bete-betean harrapatu ditu argi-inbasio horrek. Iluntasunik ezak pertsonen bizi-zikloak eta jokabideak aldatzen eta nahasten dituen bezala, berdin-berdin aldatzen eta nahasten ditu izaki horienak. Hondartza eta kostalde asko ikus litezke gaur egun argiz gainezka, eta zuhaitzak ere urte osoan ageri dira distiratsu, Eguberrietan baleude bezala. Argazkietan polit dirudite, baina begietan min egiteko adina argi izaten dute.

Sodio-lurrunezko lanparak eta LED teknologia darabiltenak

Biztanle guneetan dauden lanpararik gehien-gehienak presio handiko sodio-lurrunez dabiltza. Deskarga-lanparak dira, argi hori monokromatikoa ematen dutenak. Zenbait lekutan, horien ordez, argia igortzen duten LED diodoekin funtzionatzen dutenak jartzen hasi dira. Sodio-lurrunezkoek baino argi gehiago egiten dute watt gutxiagorekin, argia hobeki bideratzen dute eta, askoz gehiago irauten dutenez, mantentze-gastu gutxiago izaten dituzte. Hau da, eraginkortasun energetiko handiagoa dute, eta, beraz, etorkizuneko teknologia horixe dela esan liteke. Dena den, badute bere ifrentzua ere: sodio-lurrunezko lanparek halako bi balio dute, eta igortzen duten argi zuria sortzeko, osagai urdin bat erabiltzen dute, zeinak uhin-luzera motza baitu, eta gehiago sakabanatzen da. Argi horrek, gainera, intsektu gehiago erakartzen ditu.

Gares, eraginkortasun energetikoaren adibide

2008. urtetik, Garesko kaleak modu eraginkorrean argiztatuta daude. Argiteriari hainbat aldaketa egin dizkiote Nafarroako herri horretan, eta horiei esker, urtean 15.000 euro gutxiago gastatzen dituzte argitan. Besteak beste, multzo optikoak jarri dizkiete argiei goiko aldean, eta fluxu-erregulatzaileak paratu dituzte, goizaldean argi-potentzia apaltzeko. Kaleak, hala ere, lehen bezain argi ikusten dira. Izan ere, egungo lanparen argia, 70 watt dituzten sodio-lurrunezkoek ematen dutena, lehengoena baino bi aldiz eraginkorragoa da, nahiz eta haiek 100 watt eduki.