Hogeita bi zoologiko eta aquarium bisitatu eta azterturik

Animalien kontserbazioaz, gaizki; ingurugiro-heziketaz, eskas

Esparru babestu eta basa faunan espezialista diren biologo batzuek, CONSUMER aldizkariko teknikarien laguntzarekin, aurtengo otsail eta martxoan era eta tamaina askotako hogeita bi zoologiko eta aquarium bisitatu dituzte Estatu espainiarrean zehar
1 ekaina de 2000
Img temap

Animalien kontserbazioaz, gaizki; ingurugiro-heziketaz, eskas

Lau atal hauek osatu dute azterketa: batetik, bezero-bisitariarenganako arreta, zentroaren segurtasuna eta prestazio ludikoak; bestetik, zoologikoak egiten duen ingurugiroari buruzko heziketa; hirugarrenik, animalien ongizatea eta hauen bizitokien kalitatea, eta espezien kontserbazioan zentroak egiten dituen ekarpenak aztertu dira. Azkenik, establezimenduak egiten duen ikerkuntza eta antzeko beste zentroekin eta erakundeekin dituen harremanak hartu izan dira kontuan, parke horien kudeatzaileek duten asmo-gogo zientifikoa eta konpromiso sozialaren adierazgarri baitira.

Txostenak argi eta garbi agertzen du: Espainiako aquarium eta zoologikoen egoera etsitzeko modukoa da (azkeneko batez besteko kalifikazioa aprobatuaren ertzean geratu da, baina azpialdetik), batetik bestera alde handiak dauden arren: bakarra dago ia eredugarria, bakan batzuk onak dira, erdipurdiko askotxo eta baten bat, azkenik, oso-oso eskasak.

Berariaz sorturiko metodologia abiagune harturik, ikerketak egiaztatu du 22 zoologiko eta aquariumetatik zortzi ez direla aprobatura iristen. Hona horiek hemen, kalitatez eskasenetik hoberenera: Kordobako Parke Zoologikoa, Madrilgo Aquarium Terrarium, Vigoko Zoologikoa, Río Safari Elche, Alacanteko Safari Aitana, Los Molinos Parke Ornitologikoa (Araba), Safari Madrid eta Alacanteko Safari Park Vergel. Aprobatu hutsean lau geratu dira: Guadalajarako Udal Zoologikoa, Bartzelonako Marineland, Valentziako Zoologikoa, Santillana del Mar-eko Zoologikoa (Kantabria), Beste bostek “nahikoa” baino ez dute merezi: Mallorcako Natura Park, A Coruñako Aquarium Finisterre, Bartzelonako Parc dels Aus, Bartzelonako L´Aquarium eta Madrilgo Zoologiko Aquarium. “Ongi” notarekin geratu da Mallorcako Marineland. Honez gero zentro hoberenak datoz, basa animaliak gatibu dauzkan esparruak gaur egun izan behar duena ongi betetzen dutenak. “Oso ongi” kalifikazioaz, Kantabriako Cabárcenoko Parkea, Donostiako Aquarium eta Bartzelonako Zoologikoa agertzen dira. Bikaina bakarra da Estatu osoan: Jerez de la Frontera-ko Zoologikoa.

Zoologiko eta aquarium horietako onargarriena bisitarienganako arreta eta ingurugiroari buruzko heziketa den arren, batez besteko kalifikazioa aprobatu hutsera baizik ez da iristen. Kontserbatzea funtsezko eginkizuna (gatibutzako hazkuntza-programak, animalien ongizatea, etab) izaki, ez da aprobatura ere heldu, oro har.

Ikerkuntza zientifikoari dagokionez, berriz, suspentso erabatekoa: hiru zentrotatik bakarrak aprobatu du eta. Horrenbestez, espainiar zoologiko gehientsuenak oraindik iraganean bizi direla ondoriozta dezakegu, XXI. mendeko gizarteak adierazten dizkien helburuak bete gabe segitzen dutelako. Animaliak erakusten dituzten esparruei buruzko legea (Estatu osoan indarra izango lukeena) ez izatea da, hein batez, egoera horren zergatia.

Beranduenik ere, 2002ko apirilean Espainiak bere legerian Europako Arau Nagusi bat (1999/22/CE) sartu behar du: zoologiko baten helburua herri-heziketa, zientzi ikerkuntza eta espezieen kontserbazioa dela adierazten duena, hain zuzen. Arau horrek, zoologiko eta aquariumetan maiztasun jakin batez ikuskaritza egitera behartzeaz gainera, bertan xedatutako baldintzak betetzen ez dituzten instalazioak ixteko aukera ere aurreikusten du.

Arazo nagusiak

Salbuespenak salbuespen, zoologiko eta aquariumek bisitariari arras informazio eskasa eskaintzen diote instalazioen barrualdean eta animalien bizitokietara oso arreta gutxi bideratzen dute. Hogeita bi zentroetako zazpitan, animalien balizko erasoetatik jendea babesteko segurtasun-neurriak hobetu egin behar dituzte eta lau zentrotatik bakarra dago bezero ezinduen premietara egokiturik.

Hona beste ondorio batzuk: bisitariari eragin diezaioketen gorabeherak sendatzeko osasun-zerbitzurik ez dago zentroen erdietan eta askok ez dute plan egokirik larrialdi bati (sutea, uholdea, etab.) aurre egiteko. Kezkagarriena, ordea, beste kontu bat da: hiru zentrotatik batek ez omen ditu bertako animaliak behar bezala zaintzen (eginiko bisitan horrela hauteman zen, behintzat). Bestetik, galtzeko arrisku gorrian dauden espezieak gatibu hazteko edo naturan berriro sartzeko programarik ez dute zoologiko hauek, egiaztatu den bezala. Beste horrenbeste esan dezakegu ikerkuntza zientifikoaz: aztertu diren aquarium eta zoologikoetatik hamaika baino gutxiagotan baino ez zen onartzeko modukoa. Bost zentrotan, dena den, ez da inolako ikerketarik egiten.

Zoologiko batek duen eginkizun behinenetako bat, eskuarki, bidaiatxo bat egin eta esparruan sartzeko sarrera ordaindu behar izaten duen bisitari horri aisialdirako alternatiba polita eskaintzea da. Halaz ere, bezeroak eskatutako eginkizun ludiko horretan ere, hiru zentrotatik batek ez du inongo ahaleginik egiten. Alderdi horretan kalifikazio hoberena Bartzelonako Zoologikoak irabazi zuen eta okerrena, berriz, Kordobakoak. Zentroek ingurugiroaz ematen duten heziketari goazkiola, herenak suspentso eraman du. Txarrena Madrilgo Aquarium Terrarium izan zen eta onena Jerez de la Fronterakoa.

Prezioak eta jende kopurua

Zentroak bisitatzen duen jende-kopuruaren azterketak (ia 400.000 lagun urteko, batez beste, batetik bestera sekulako aldeak hautematen badira ere) erakutsi du kontsumitzaileak oro har badakiela bereizten: beta harturik, denbora eta dirua uztea merezi duten zoologikoei buruzko informazioa biltzen baitu aurretiaz. Lau hoberenetako hiru dira jende gehien erakartzen dutenak, horra: Bartzelonako Zoologikoa (900.000 bisitari urtean), Cabárcenokoa (600.000) eta Donostiako Aquarium (575.000). Nolanahi ere, hogeita bietan bikain dagoen bakarrak, Jerez de la Fronterakoak alegia, urtean 206.000 lagun baizik ez du hartzen. Hori bezain harrigarria da zentro txarrenetako batek, Vigoko zoologikoak alegia, 140.000 bisitari hartzea. Ulergarriagoa da, hein berean, Arabako Los Molinos Parke Ornitologikoak 7.000 bisita besterik ez izatea: txiki-txikia izateaz gain, Biasterin (Araba) dago eta bertarainoko irispideak oso eskasak dira. Jende olde handiena hartzen duten biak, Madril (Zoologiko Aquarium, milioi bat bisitari urteko) eta Bartzelonan daude (L´Aquarium, milioi eta erdi lagun).

Espainiar Estatuko zoologikoak ez dira merkeak, inondik inora: helduen sarrera, batez beste 1.130 pezeta kostatzen da eta haurrena, berriz, 713. Gure azterketan erdipurdiko emaitzak lortu dituela, Bartzelonako Marineland da denetan garestiena: pertsona helduak 2.200 pezeta ordaindu behar ditu, txikiak 1.300 pezeta. Denetan bi bakarrik dira doanekoak: Guadalajarakoa, erdipurdikoa oro har, eta Vigoko zoologikoa, okerrenen artekoa. Kobratzen dutenetan, merkeena bera da txarrena, Kordobakoa, hain zuzen: 300 pezeta helduek eta 150 haurrek. Jerez de la Fronterakoak, aztertutako zentroetan hoberena izaki, prezioa ere ona du: 600 pezeta helduak eta 400 haurrak. Ereduzko izatetik biziki urruti dauden bi (Safari Madrid eta Alacanteko Safari Park Vergel) arrunt garestiak dira, pertsona helduak 1.600 pezeta ordaindu behar baititu bertara sartzeko.

Bisitari, ez bezero

Instalazioen erakarmen ludikoari eta animalien arriskuarekiko jendearen segurtasunari dagokionez, bisitariari egiten zaion arreta eta eskura ipintzen zaizkion zerbitzuak direla eta, zoologikoen %31 ez da aprobatura iristen. Suspentso nabarmenenak Kordobakoak, Madrilgo Aquarium Terrarium izenekoak, Vigoko zoologikoak eta Los Molinos Parke Ornitologikoak eraman dituzte. Txanponaren beste alderdian agertzen dira Bartzelonako Zoologikoa, A Coruñako Finisterre Aquariuma, Donostiako Aquariuma eta Cabárcenoko Parkea. Erakustaldiak eta ekitaldi bereziak dira jarduera guztietan urrienak (zentroen erdiek ez dute horrelakorik eskaintzen). Ikuskizuna maizen ematen dutenak Madrilgo Zoologiko Aquarium eta Bartzelonako Marineland dira.

Zoologiko edo aquariumetako instalazioetan zehar egin behar duen ibilbideari emaitza didaktikorik atera diezaion, bisitariari eskaintzen zaion informazioa ez da behar bezainbestekoa, inondik ere. Informazio-gune interaktiborik ez dago zoologikoen %81ean, ingurugiro-interpretazioari eskainitako egiturarik ez dute 22 zentroetatik 16k, eta azterturiko zentroen erdiek ez dute inongo argitalpenik ematen.

Animaliak bizi diren inguruneek, bisitariaren ikuspegitik, suspentso biribila besterik ez dute merezi. Bost zoologiko egoera tamalgarrian daude (Safari Madrid, Madrilgo Zoologiko Aquarium eta Aquarium Terrarium, Vigoko zoologikoa eta Kordobako Parke Zoologikoa) eta %45etan baldintzak hobetu beharrekoak dira. Egun ez da onartzeko modukoa zoologikoetan zikinkeria hondarrak, presondegi-giroa oroitarazten diguten barroteak, begitarako baldintza desatseginak edo animaliarentzat zeharo desegokiak (hormigoia, adibidez) diren egiturak erakustea.

Beste aldetik, animalien balizko erasoak direla eta, jendeari eskaini beharreko segurantzia ere hobetu beharra dago: bi zentrok (Kordobako zoologikoa eta Safari Madrid) ez dute horrelakorik bermatzen, hamabostek alderdi hori behar bezain ongi betetzen badute ere. Gainerako bostek (Vigoko zoologikoak, Alacanteko Safari Aitanak, Santillana del Mareko Zoologikoak, Mallorcaco Marineland-ek eta Jerez de la Fronterako zoologikoak) alor horretan dezenteko hobekuntza egin behar dute. Segurantziaz ari garela, hainbat parametro baloratu ziren: animalia handiengandik aparte mantentzeko segurtasun-zangak, itxiturak, esparruetara sartzeko ate bikoa, zentroaren egituraketa (animaliek ihes egitea galaraziko duena) eta animaliak eta jendea elkarrengandik behar bezain ongi isolaturik edukitzeko distantziak, besteak beste.

Erabiltzailearen segurtasunaz ari garela beti ere, bisitariei eskaintzen zaien osasun-arreta urri-urria da: hamar zentrok ez dute inolako osasun-zerbitzurik eta %40ak ez du larrialdietarako planik ere. Zoologikoek, bere aldetik, ez dute behar besteko ahaleginik egiten fisikoki ezindurik dauden erabiltzaileen premietara instalazioak egokitzeko. Aprobatu hutsean geratu dira, batez bestekoan. Bostek bakarrik (Madrilgo Zoologiko Aquarium, Mallorcako Natura Park, Aquarium Finisterre, Mallorcako Marineland eta Río Safari Elche-k) dauzkate ezinduek erabili ahal izateko moduko sarbide, komun, ibilbide eta abar. Bi zentrok (Madrilgo Aquarium Terrarium eta Los Molinos Parke Ornitologikoak), aldiz, ez dute inongo egokitzapenik egin, alderdi honetan.

Ingurugiro-heziketaz ere, dezente hobetu beharra Denetan okerrenak Madrilgo Aquarium Terrarium, Vigoko zoologikoa, Kordobakoa eta Alacanteko Safari Aitana dira. Zerrendaren beste muturrean azalduko dira, kalifikazio bikainarekin, Jerez de la Fronterakoa eta Donostiako Aquariuma. Heziketarako erakusketa eta ekitaldiak (animaliak parte hartzean berezko jokamolde eta biologia agerian uzten duten horietan, alegia, ekitaldi artifiziotsu edo ludiko hutsetan aritzeko entrenamenduren beharrik gabe) ez da egiten zentro gehientsuetan. Eskaintzen den heziketa-materiala ere urria da, oso. Zoologiko eta aquarium gehienetan kartelen batean besterik ez da agertzen horrelakorik. Bukatzeko, ingurugiro-heziketarako programa dokumentatua daukatela zentroen erdiek bakarrik frogatu ahal izan zuten.

Animalien kontserbazioan, hirutik bat eskas Animalien ongizatea sustatu eta babesteko lan, programa eta plangintzen bitartez espezieak kontserbatzeari dagokionez, instalazioen %36ak suspentsoa eraman du. Alderdi horretan txarrenak Kordobako Zoologikoa, Madrilgo Aquarium Terrarium, Vigoko zoologikoa eta Río Safari Elche gertatu dira. Bartzenolako Zoologikoak kalifikazio hobezina eraman zuen. Bikaina, horrekin batera, Jerez de la Fronterakoa eta Cabárcenoko Parkeak ere. Ez dira bidezkoak, adibidez, Safari Madrid zoologikoko hartzen habiak, hormigoizko hodi eskergak izanik.

Narrastien ongizatea ia zentro guztiek gutxietsi egiten dutelarik, Cabárcenoko (Kantabria) zoologikoa biziki arduratzen da animalia horiei duintasunezko bizimodua emateaz. Zentroen hutsune orokorrena, dena den, desagertzeko mehatxupean dauden espezieak gatibu hazteko eta espezieak naturan berriro integratzeko programarik ez izatea da. Era berean, kontzientzia urrieneko bisitariek agertzen dituzten gehiegikeriazko jokaeren aurrean animaliak babesteko arretarik ere ez da bideratzen. Alderdi onuragarriena, animalien ikusi baterako itxura fisikoa da, inondik ere, onargarri baino hobetzat jo baitzuten zientzialariek.

Nola egin den

  • Esparru babestu eta basa faunan espezialista diren biologo batzuek, galdategia eta baloratzeko sistemak finkatu ondoren, 2000ko otsail eta martxoan hogeita bi zoologiko eta aquarium bisitatu dituzte espainiar Estatuan.
  • Zentroetako instalazioak bisitatu zituzten teknikariek. Ondoren, zentroetako arduradunarekin elkarrizketa egin eta barne-dokumentuak aztertu zituzten (gestioa, erakundeekiko harremanak, etab).
  • Zentro bakoitzean 47 aldakin ikertu ziren, lau multzotan banaturik. Aurrenekoak, bisitariari emaniko arreta eta zentroaren kalitate ludiko eta heziketazkoa zela, 25 galdera biltzen zituen: zentrorako sarbideak, komunak, ostalaritza, jendearen segurtasuna bermatzeko neurriak, e.a. Bisitariari zentroak osasun arretarik eskain diezaiokeen eta larrialdietarako plan antolaturik daukan egiaztatu zen. Jendeari ateak noiz zabaldu eta ixten dizkieten apuntatu zen eta, esparruraz gero, bertan orientatzeko seinalerik bazegoen ere jaso zuten. Zentroek eskaintzen dituzten bisita gidatuak, arreta pertsonalizatua, dibulgazio materiala, zentroak sustaturiko ekitaldi eta jarduerak eta zoologikoarekin harremanetan sartzeko erraztasuna ere (internet, fax, telefono eta posta elektronikoa) hartu da kontuan. Instalazioak ezinduen premietara zein neurritan dauden egokiturik, informazio gune interaktiboak, zentroko argitalpenen ingurugiro-interpretaziora bideratutako egiturak eta antzekoak erkatu dira, honetan. Animalien bizitokiak, espezieak behatzeko erraztasun eta hurbiltasuna, eta ikus daitezkeen umeen kopurua ere balioztatu ziren. Azkenean, animaliek protagonizatzen dituzten erakustaldi eta ekitaldien kalitate eta aniztasuna ere hartu ziren gogoan.
  • Bigarren atalean ingurugiro-heziketa balioztatu zen. Zentroak heziketa-programa dokumentatua duen, esparruan jendeak eskura daukan informazioaren (kartelak, panelak, etab) kopuru eta kalitatea, zentroak eskaintzen duen heziketa-materiala eta antolatzen dituen hezkuntza-jarduerak baloratu ziren.
  • Hirugarren atala kontserbazioari dagokiona da eta bertan balioztatu ziren gatibutzako hazkuntza-programak, animali espezie jakinak naturan berriro sartzekoak eta faunaren kontserbazioari dagozkion beste zerbitzu batzuk ere. Animalien bizi giroak eta bizitokia, gorputz- eta gogo-egoera eta, jendearen balizko bidegabekerien aurrean, animaliek duten segurtasuna ere baloratu ziren. Bisitariari, animaliekin nolako jokamoldea agertu behar duen iragarri edo aginduko dioten kartelak ba ote diren ere kontuan hartu zen eta, zentro guzti-guztietan, espezieak gobernatu eta kontrolatzeko teknikak ere aztertu ziren (kontrazepzioa, minik gabeko eutanasia, nekropsiak, etab.).
  • Ikerkuntza zen laugarren atalaren gaia. Zentroek gaur egun nolako ikerlanetan ari diren, azken bost urteetan kaleratutako argitalpenak, erakunde edo elkarteetako kide izatea eta beste zentro eta erakundeekiko harremanak nolakoak diren jorratu zituzten azterlariek.
  • Zentroan informazio guztia bildu eta gero, azken txostena egin zuten. Aipatu berriko ataletako kontu bakoitza balioztatzeko irizpideak (desberdintasun handiak agertzen dituztenak, batetik bestera: animalien balizko erasoen aurrean jendearen segurtasunak 5 punturaino balio du eta haurrentzako jolasgunea izateak 0,5 puntuatzen du) CONSUMEReko teknikariek eta adituek elkarrekin adostu zituzten. Lau ataletako bakoitzari, gainontzeko hirurekiko, balioztatzeko irizpideez ari garela, laurek ere balio bera izatea erabaki zuten azterlariek (bakoitzak %25, alegia), zentro bakoitzaren batez besteko nota kalkulatzeko unean.
Ikerkuntzarik ez, kasik

Hogeitabi zoologikoetatik hamaikak ez dute ikerkuntza zientifikora inongo ahaleginik bideratzen. Atal honetan ere txarrenak, ohi bezala, Madrilgo Aquarium Terrarium, Kordobako Zoologikoa, Río Safari Elche eta Safari Aitana dira, Alacanteko Safari Park Vergel izenekoarekin batera. Bostek ere zero puntu irabazi zuten, inongo ikerlanik ez baitute egiten.

Nolanahi ere, zientziaren basamortu horretan salbuespenik agertzen da, tarteka: Jerez de la Fronterakoak kalifikazio bikaina erdietsi du, hamaikatxo ikerlan ospetsu egin baita; Kantabriako Cabárcenokoa eta Donostiako Aquarium ere bikain agertu dira.

Estatu espainiarreko aldizkari espezializatuetan argitara emaniko ekarpenak, azken bost urteotan, hutsaren hurrengo izan dira. Beste zentro, elkarte eta erakundeetako bazkide edo partaide izan edo horiekiko harremanak izateaz, ordea, aprobatu huts-hutsean geratu da batez bestekoa.

Nabarmenenak

  • Animalientzako esparru hoberen eta zabalenak dituena: Cabárcenoko Parkea Mehatxupean dauden espezieak kontserbatzean inbertsio handiena egiten duena: Jerez de la Fronterakoa.
  • XXI. mendeak zoologikoei aurkezten dizkien eskakizunetara hobekien egokituta dagoena eta gestio onena daramana: Jerez de la Fronterakoa. Ikerkuntza-lanik onena egiten duena: Jerez de la Fronterakoa.
  • Heziketarako ekipamenduzko azpiegituretan ahalegin handiena egiten duena: Donostiako Aquariuma.
  • Ingurune erakargarrienean dagoena: Aquarium Finisterre (A Coruña).
  • Heziketarako multimedia-hornikuntza onena daukana: Aquarium Finisterre.
  • Fauna autoktono iberiko anitza erakusteko ahalegin handien egiten duena: Guadalajarako Udal Zoologikoa.
  • Zerbitzu publikoez (jantokia, denda, bainuak, etab) hobekien hornitua dagoena: Madrilgo Zoologiko Aquarium.
  • Hegaztien hegalaldi-erakustaldi onenak eskaintzen dituena: Madrilgo Zoologiko Aquarium.
  • Haurrentzako gunerik onena daukana: Bartzelonako Zoologikoa.

Zoologikora probetxuzko bisita egiteko iradokizunak

  • Etorkizuneko lege-eskakizunetara eta denboramugez kanpoko eskakizun etikoetara ederki erantzuteko zentro moderno bihur daitezen zoologiko eta aquarium hauek nozitu beharko dituzten egokitzapenekin batera, gatibu egoeran fauna erakusgai duten esparru horietako bisitari batzuen pentsamoldea ere aldatu beharra dago. Basa animaliek pairatzen duten gatibu “errentagarri bihurtu” beharko luke bisitaldiak. Horixe erdiesteko ideia batzuk emango ditugu ondoren:
  • Zentroak nola funtzionatzen duen ezagutzea, bertako animalien ongizatea lortzen, mehatxupeko espezieak kontserbatzen, heziketa- eta sentsibilizazio-lanean ahalegintzen den jakiten ahalegintzea.
  • Gure zalantzei erantzun zehatzak emango dizkien pertsonal espezializatu edo aditua gidari hartzea. Ekitaldi bereziek (hegaztien hegalaldiak, foka eta izurdeen erakusketak, etab) animalien trebezia eta azturak ezagutzeko balio izan dezakete baldin eta beraien duintasuna errespetatzen baldin badute, egoera anormal edo animalientzat iraingarri gerta dakizkienak saihestu eta espeziearen ez ohizko jokamoldeak erakusteari uko eginez.
  • Orritxo, kartel edota multimedia egituren bitarteko informazioa (horrelakorik eskaintzen den zentro bakanetan) ikusten ari garen animaliez eta inguruneez informazioa transmititzeko diseinatu dituzte. Ez dugu alferrik galtzen utzi behar gure eskura jarritako baliabide preziatu hori.
  • Bisita bat haurrekin hasi baino lehenago, egiazta dezagun haientzako onuragarria izango dela: saia gaitezen gutxieneko heziketa-helburuak betetzen paseotxo horretan. Aldez aurretik bisita eginez, ingurugiroari buruzko heziketa-ekitaldiak egin daitezkeen ezagutuko dugu. Haurrak jasotzen duena eta irakatsi nahi dioguna oso gauza desberdinak izan daitezke: kontua berezko egoeratik kanpo, gatibu dauden animaliak erakustea denean, arazo delikatua da. Bisitaldia ikuskizun xelebre bilakatzea dugu arriskua.
  • Bisita egin ondoren, zoologiko edo aquarium batek erdietsi behar dituen helburuak betetzen ez direla iruditzen baldin bazaigu, helaraz diezaiegun gure adostasunik ezaren berri zentroko arduradunei.

Zoologikoa bai ala ez: horra koska

  • Basa animaliak itxirik (gatibu jaioak badira ere, horien kode genetikoa ez da aldatzen), eta behar ez bezalako habitatean edukitzea ordenu naturalaren aurkako erasoa izateaz gain, horrelako faunaren krudelkeriazko tratua da. Zoologiko batzuetan, gainera, bertako animalien ongizatea ahantzia dute, zeharo. Estatuko Gobernuak 1998ko urrian salatu zuenez, bertako zoologikoek ez zituzten betetzen espazio, diseinu, albaitaritzazko arreta, higiene eta elikadura alorretako premiak.
  • Horrelako esparru askoren asmo eta helburu bakarra, gaur egun, eskualde edo hiri bateko eskaintza ludiko-hezitzaile-turistikoaren beste elementu bat izatea baizik ez da. Edo negozioa hutsa, besterik gabe.
  • Ez dago garbi heziketarako zoologikoa baliozko tresna den, ezta arriskutan dauden animalien arazoekiko sentsibilizazio-igorle gisa ere. Faunari buruzko informazioa jaso behar edo nahi duenak, zoologikora jo gabe ere aurki dezake: telebistako dokumental, bideo, entziklopedia, liburu eta aldizkari espezializatu, Internet eta abarretan.
  • Kontserbazio-lana ez da aitzakia baliagarria: mundu zabaleko zoologikoek erakusgai dituzten hiru mila espezieetatik 66 bakarrik daude desagertzeko mehatxupean, arriskutan daudenak 6.000 inguru izan arren. Egokiena, animalia horiek bizi diren jatorrizko tokietako ekosistemak babestea litzateke: horrela ez legoke horrenbeste espezie arriskutan. Gaur dagoena, berriz, zoologikoen arteko espezie gutxi batzuen trukea da, baina hori nekez izan liteke animaliak jatorrizko habitat horietara itzultzeko lagungarri.
  • Izaki bakan batzuk babestuz (zoologikoek egiten dutena, alegia) ez da espezie osoa salbatzen. Zoologikoak bere buruari ozenki aitortzen dion “erreserba-eginkizuna” ez da erabat egiazkoa. Espezieen ondare genetikoa ez da berdin agertzen askatasunean eta gatibu: honetan ez dago lehiakortasunik, ez eta hautapen naturalik, adibidez. Horrek, azken finean, espeziea ahuldu egiten du.
  • Zoologikoek ez dituzte berriro sartzen espezie lokalak jatorrizko ekosistemetan. Gatibu daukaten faunari buruzko ikerkuntzarik ia ez dute egiten zoologikoek. Gehienez ere, gatibu dauden animalien gainean eginiko ikerlanen balio zientifikoa auzitan jarria izan da maiz.
  • Espainian instalazio zoologiko pribatu ugari dago, bai jende guztiari irekitako esparruetan, bai hotel, finka zein jolastokietan. Animaliek nozitzen omen duten egoera kezkagarria da askorentzat.
Zer egin zoologikoak hobetzeko
  • Kontzeptuaren itxura eta edukia erabat berriztatzea. Ikerkuntza, kontserbazioa eta heziketa izango dira zoologiko modernoaren hiru hankak: izaki basatien defentsan funtsezko elementu izan behar du aurrerantzean, habitat eta faunaren arteko oreka ekologikoa berriro ezar dadin ahaleginetan diharduelako.
  • Estatu osoan indarra izango duelarik, animaliak erakusgai dauzkaten esparruak arautzeko berariazko legea, egun ez dagoena. Beranduenik ere, 2002ko apirilean Estatu espainiarrak bere legerian Europako 1999/22/CE Arau Nagusia sartu beharko du: horrek, zentroetan maiztasun jakin batez ikuskapenak egin beharra xedatuko du.
  • Behar bezala jantziriko pertsonalak (ugaltzeko teknikak, minik gabeko heriotza, ebakuntza eta tratamenduak) kontrola ditzakeen espezie-kopurua bakarrik jaso dezake zoologiko batek, animalien alferrikako sufrimendua ekarriko luketen praktikak behin betiko ezabatzeko.
  • Zoologiko on batek, bertan bizi diren animalien bizitzaren ingurugiroari (instalazioak, bizitokiak, elikabidea, etab.) eta taldeari (taldearen osakera, osakideen kopurua, sexuen arteko ratioak, e.a.) dagozkion alderdiak zorrozki zaindu behar ditu.
  • Zoologiko edo aquariumak dauzkan animalia eta espezieen jatorrizko eskualdeen antzeko habitatak sortzea esparruan. Behar ez bezalako tokietan itxitako animalien jokamolde aldrebesak desagertzea lortuko litzateke horrela: kaiolan hara-hona amaigabe dabiltzan felidoak, barroteei hozka egiten dieten tximinoak, bisitariei litxarrerien eskean hurbiltzen zaizkien elefante, gazela eta bestelako herbiboroak …
  • Jatorrizko herrialdeetan, espezie guztien habitat naturalak suspertzeko benetako ahalegina, horixe baita agortzear dauden animaliak naturan berriro sartzeko modu bakarra.