ALDATU EGIN DA JOLASGARAIA

HEDATZEN ARI DA BIZIMODU OSASUNGARRIAREN ALDEKO JARRERA, ETA HORREK ALDARAZI EGIN DU HAMAIKETAKOA ERE: GARAI BATEKO OGITARTEKOEN ETA ZUKUEN ORDEZ, LEKUA IRABAZTEN ARI DIRA OSOKO SANDWICHAK ETA FRUTA. AZTERTU EGINGO DUGU ZERTAN DIREN ONAK ETA TXARRAK GARAI BATEKO MOKADUTXOAK ETA GAURKOAK.
1 apirila de 2019

ALDATU EGIN DA JOLASGARAIA

Eskola adinean dauden haur guztien errutina berdintsua izaten da goizero-goizero: gosaldu, jantzi, bizkar zorroa prestatu eta hamaiketakoa sartu jolasgaraian jateko. Eszena hori betidanik ezagutu izan dugu, baina osagaiak aldatu egin dira: gizartean gero eta zabalduagoa dago modu osasungarrian elikatzeko joera, eta, horren eraginez, aldaketak sumatzen dira goiz erdiko mokaduaren inguruan. Joerak joera, ordea, gaur egungo haurrak ez daude hain osasuntsu, ez behintzat kontzientzia horrek iradoki dezakeen adina. Espainiako herritarren Elikadura Ohituren eta Nutrizio Egoeraren inguruko Azterketan ageri denez (ENPE izena du, 2015ean sustatu zuen Eroski Fundazioak), 6 eta 9 urte arteko haurren gizentasun tasa %22,8 handitu da 2000. urtetik. Europako herrialdeen buruan jartzen gaitu datu horrek, Zipreren atzetik.

IRAGANERA BEGIRA

Garai bateko aperitiboak, oro har, ez ziren egungoak bezain prozesatuak. Andrea Marques nutrizionista da eta Dietetika eta Gastronomia arloko aditua, eta honela azaltzen du: “Garai bateko produktu batzuek ez zeukaten hainbeste gehigarri eta kontserbagarri. Hori aski ongi ikusten da orain saltzen dituzten ogi izoztuetan. Bestalde, ogitartekoek betegarri osasungaitzagoak eduki zitzaketen, adibidez hestebeteak, nahiz eta horietako batzuk osasungarriagoak izan besteak baino, adibidez urdaiazpikoa”. Gaur egun, zenbait gurasok konpromiso handia du seme-alabak egoki elikatzeko, baina beste batzuek ez hainbeste, edo ez daukate behar adina informazio.

Gaur egun aukera ugari dago, eta badaude guraso kezkatuak ere, haurrei fruta atal bat ematen dietenak, fruitu lehorrak ontzi txiki batean edo osoko sandwich baten erdia urdaiazpiko pixka batekin. Baina beste muturra ere hor dago, elikagai ultraprozesatuetara jotzen dutenak. “Borroka horretan ari gara nutrizionistak. Guraso batzuek gaileta zorrotxoak ematen dizkiete haurrei, azukrez beteta, opil industrialak gantz saturatuekin edo zukuak azukre erantsiarekin”, azaldu du.

Orain dela hamarkada batzuk, etxean egindako janariari ematen zitzaion lehentasuna. “Gaur egun, nahiz eta produktu ultraprozesatuek ere betetzen duten elikadura arloko segurtasunaren araudia, konposatu kimiko jakin batzuk izaten dituzte, eta, gehiegizko kopuruan hartuta, eragile endokrino gisa joka dezakete edo metabolismoa aldarazi, eta pilatuz gero, kaltegarriak izan daitezke organismorako. Ultraprozesatuak saihestu egin behar genituzke ahal den guztietan”, aholkatu du Marquesek.

BEHARREZKO MOKADUA

Jolasgaraiko otorduak egunaren buruan hartzen diren kalorien %10 ematen ditu, gutxienez. Azken urteetan zalantzan jarri da egokia ote den egunean bost otordu egitea, baina beti da hobea haurrek goiz erdian zerbait jatea baraurik gelditzea baino. “Eskolan goizeko zortzietan edo bederatzietan sartu eta bazkaltzeko orduraino han egon behar dutenean, beharrezkoa da, batez ere etxean gaizki gosaltzen duten haurrentzat”, ohartarazi du Andrea Marquesek. Hori bai, goizeko mokadu hori ahalik eta osasungarriena izatea komeni da.

Nutrizionistek honako aukera hauek jotzen dituzte ontzat, beste hainbaten artean: haurrak ongi gosaldu ez duenean, komeni izaten da fruta atal bat ematea, behar adina bitamina har ditzan; hobe freskoa izatea eta ez zuku eginda, ez dezan hartu behar baino azukre gehiago. Beste aukera bat da fruitu lehor sorta bat sartzea bizkar zorroan; horiek gantz osasungarriak eta omega-3 izaten dute, eta on handia egiten diote garunaren jarduerari. Eta esneki txiki bat ere jar daiteke, edo haurrak gosea izaten duela jakinez gero, osoko ogiarekin egindako sandwich baten erdia, urdaiazpiko ondu pittin batekin edo urdaiazpiko egosiarekin, edo atun lata baten erdiarekin, kalitatezko proteinak har ditzan. Aldiz, ez genioke jarri behar txorizorik, saltxitxoirik eta gantz gehiegi daukan beste hestebeterik.

Mokadu osasungarri bat planifikatzen hasita, ideia ona izango litzateke eskolako jantokian izaten dituzten menuekin bateratzea. Eskolako sukaldean bertan prestatu edo kanpotik ekarri, kalitate estandar zorrotzak bete beharra dute, eta beti eduki behar dituzte frutak eta berdurak, eta mugatu egin behar dituzte frijitukiak, aurrez prestatuta dauden jakiak edo haragiaren eratorriak, adibidez saltxitxak edo hanburgesak. Nutrizionistek adibideekin azaltzen dute nola konbinatu bazkaritako platerak eta hamaiketako: “Bazkaltzeko arroza eta arraina emango badiote eta berdurarik ez badu jango, egun horretan azpimarratu egin behar dugu fruta eraman behar duela. Animalia jatorriko proteinarik jango ez duen egunean, lekaleak dituelako plater bakar gisa, zertxobait proteina gehiago eraman behar luke goiz erdirako. Menuko postrea ere har dezakegu kontuan: fruta denean, eraman dezala jogurta, eta alderantziz”.

NORK KONTROLATZEN DU HAURREN ELIKADURA ESKOLETAN?

Agintariek kontrolatzen dituzte eskoletako jantokietan ematen dituzten menuak. Autonomia erkidegoek araudiak argitaratu dituzte zenbait jarraibiderekin, haurren elikadura osasungarria eta orekatua izan dadin. Elikadurari buruzko adostasun dokumentu bat ere badago eskolako eremurako; Lurraldearteko Osasun Kontseiluak onartu zuen, 2012an, eta zenbait erkidegok kontuan hartu dute. Haurrek jolasgaraian jaten dutenaren ardura, ordea, gurasoena da osoosorik. Ildo horretan, hainbat ekimen sortu da gurasoei formazioa emateko; hor dago, esaterako, Elikadura Osasungarria Sustatzeko Heziketa Proiektua (PEPAS), Errioxan abiarazi zutena, 2015ean, edo Guía de alimentación saludable en la escuela (Eskolan modu osasungarrian elikatzeko gida), Andaluziako Juntak argitaratua.

Ohitura osasungarrietan heziz

Batek baino gehiagok pentsatuko du, hamaiketako garaian mokadu osasungaitzak saihesteko ahalegina egiten denean, haurrak zukuak eta litxarreriak eskatuko dituela eskolatik ateratzean. Ez da pentsamendu burugabea, baina frogatuta dago ez dela hala. 2009an, Ameriketako Estatu Batuetako ikertzaileek hiru ikastetxetako ikasleak konbentzitu zituzten ez zezaten hartu ogitartekorik eta freskagarririk, eta beste hiru ikastetxetako ikasleei, berriz, ez zieten inolako jarraibiderik eman. Health Education and Behaiour aldizkarian argitaratu zituzten ikerketa haren emaitzak, eta hor ageri denez, esperimentua bukatu zenean, aperitiborik kaltegarrienak kendu zizkieten ikasleek onartu zuten etxean ez zutela konpentsaziorik bilatu halakoak janez.

Mokadu osasungarriak eginda, ohitura osasungarrietan hezten dira haurrak, eta dastamenaren zentzua ohitu egiten zaie organismoa zaintzen duten jakien alde egiteko. “Badakigu haurrei kosta egiten zaiela elikagai batzuk jatea eta hobeto onartzen dituztela beste batzuk. Hori kontuan eduki behar da”, adierazi du Juana Maria Gonzalez Prada dietistanutrizionistak. “Goseak zerikusia du elikagaia identifikatzen jakitearekin, gustatu egin behar zaizu ikustea, testura… Janariek goxoak egon behar dute. Dastamenaren zentzua gurekin dakargu, baina hezi ere egiten da”, azaldu du.

Ohitura horiek eragin zuzena daukate haurren gehiegizko pisuaren eta gizentasunaren tasetan. Gurasoen ardura da haurrak modu osasungarrian elikatzea, baina gaizki jaten duten etxeetan, haurrek ere gaizki jaten dute. “Oro har, elikagai ultraprozesatu asko jaten den etxeetatik datozen haurrek opil industrialak eta gailetak eramango dituzte eskolara, eta gizentasun tasa handiagoak edukiko dituzte”, nabarmendu du Andrea Marquesek. Espero izatekoa da kontrako joera nagusituko dela, hau da, gurasoek gero eta informazio gehiago edukiko dutela eta kezka ere handiagoa bizimodu osasungarriaren alde. Are gehiago Espainiako Estatuan, non dieta mediterraneoarekiko atxikimenduak bermatu egin behar lukeen modu osasungarri eta orekatuan elikatzea.

120 KALORIA BAINO GUTXIAGOKO BOST MOKADUTXO

Aukera hauetako asko oso ohikoak izan dira aspaldidanik, baina horrek ez du esan nahi mokadurik egokienak eta aproposenak direnik. Bost aukera osasungarri proposatuko dizkizugu.

  • Mortadela ogitartekoa. Aukera horrek kopuru handietan ematen ditu gantz saturatuak (kolesterola eragiten dute) eta kaloriak (266 Kcal 100 gramo mortadelak).

    GettyImages 174893591

  • Sandwich begetal baten erdia, osoko ogiz egina. Mikromantenugaiak ematen ditu (bitaminak eta mineralak) eta zuntza (azken hori galdu egingo genuke ogi zuriarekin).

    GettyImages 484129676

  • Opil industrialak. Ugari izaten dituzte gantz saturatuak eta azukreak. Gisa horretako produkturik gehienek batez beste 450 kaloria izaten dituzte 100 gramo bakoitzeko, eta batzuk 600era ere iristen dira.

    GettyImages 84754507

  • Etxean egindako gailetak edo opilak. Etxean produktu horiek eginda, gantz osasungarriak erabil daitezke, adibidez oliba olioa. Gainera, fruta eta fruitu lehorrak erantsi daitezke.

    GettyImages 74423676

  • Zuku ontziratua. Produktu batzuk osasungarriagoak dira (%100 zukutuak, adibidez) beste batzuk baino; dena den, zuku eta nektar ontziratu gehienek azukre ugari izaten dute.

    GettyImages 71516102

  • Fruta atala. Zure haurrak frutaren onura guztiak bereganatzea nahi baduzu, freskoa da aukerarik onena. Kaloria gutxi izaten du eta bitamina eta mineral asko.

    GettyImages 769781413

  • Opil txokolatedunak. Ugari ematen dituzte gantz saturatuak, kaloriak eta azukre erantsiak. Donut batek, adibidez, 200 Kcal izaten ditu, 21 gramo azukre eta 12 gramo gantz.

    GettyImages 922858848

  • Osoko ogiz egindako ogitartekoa txokolate beltzarekin. Kakaoarekin gozatu nahi denean, aukerarik onena izaten da osoko ogia eta txokolate beltza elkartzea; zenbat eta puruagoa, hainbat hobeto.

    GettyImages 553200073

  • Edateko esnekia. Kopuru handietan dituzte azukreak eta azkar xurgatzen diren karbohidratoak. Gainera, beste produktu batzuek baino gutxiago asetzen dute, eta, ondorioz, haurrak gosetuta jarraituko du.

    GettyImages 156842726

  • Gazta zatia. Esneki bat hautatzen baduzu, gazta zati bat da aukerarik onena. Laguntzeko, hauta itzazu osoko ogi luze batzuk. Beste aukera bat da gazta freskoa jartzea fruitu lehor batzuekin (eskutada bat).

    GettyImages 823898258

ZER JATEN DUTE HAURREK HAMAIKETAKOAREN GARAIAN?

/imgs/20190401/GettyImages-866514446.jpg

  • %34 ogitartekoa
  • %27 ez du ezer jaten
  • %21 zizka-mizka poltsak
  • %15 opilak
  • %7 fruta
  • %6 goxokiak
  • %1 esnekiak

(Portzentajeen baturak ez du ematen %100, haur batzuek gauza bat baino gehiago jaten dutelako)

Iturria: ‘Tendencias nutricionales en el horario de recreo en alumnos de ESO y Bachillerato,’ Jorge Granda Alvarezena. Madrilgo Unibertsitate Politeknikoa, 2015.