Zer-nolako aldaketak iritsiko dira erretiroa hartzen dutenentzat

Kalkulua egiteko oinarria 25 urtean jarriko dute, eta erretiroa hartzeko adina 66 urte eta bi hilabetekoa izango da. Horiek dira 2022. urteko pentsioetan izango diren berrikuntzetako bi, non erretiro sariak handitu egingo diren. Hurrengo hilabeteetan erreforma gehiago etor litezke kotizazioen inguruan, eta aurrezteko tresna berriak ere jar litezke abian.
1 urtarrila de 2022

Zer-nolako aldaketak iritsiko dira erretiroa hartzen dutenentzat

Pentsioak eta horiei loturiko berrikuntzak eta proposamenak behin eta berriz agertu dira komunikabideetan azken hilabeteetan. Ulergarria ere bada, Ikerketa Soziologikoen Zentroak (CIS) egindako inkesten arabera herritarrei kezka gehien sortzen dien gaietako bat da eta. Gazteenek ez dakitelako kobratzeko modurik izango ote duten, eta erretiroa ate joka dutenek jakin egin nahi dutelako zenbat gelditu zaien.

Espainiako Estatuan 8,9 milioi dira pentsiodunak. Horiek guztiek 2021. urtean baino gehiago kobratuko dute aurten. Pentsioak kalkulatzeko formula berriak ekarri du igoera hori, erretiratuek erosteko ahalmenik ez galtzea lortu nahi da eta. Mekanismo berriarekin, kotizaziopeko pentsioak %2,5 handiagoak izango dira 2022an, hau da, azken 12 hilabeteetako KPIaren batez bestekoa igoko da (abendua hartuz erreferentzia gisa). Gainera, urteren batean tasa hori negatiboa izanez gero, ez da beherapenik ezarriko. Gutxieneko pentsioak eta kotizaziopekoak ez direnak, berriz, %3 igoko dira (sekula kotizatu ez dutenek edo gutxieneko 15 urteetara iritsi ez direnek jasoko dutena).

Honela kalkulatzen da erretiro saria

Erretiroa aurten hartuko dutenei zenbateko saria geldituko zaien ere argitzea komeni da. Hori kalkulatzeko, lan egindako urteak hartzen dira kontuan, kotizazioaren oinarria eta, gainera, familiako egoera, adibidez ezkontidea haren ardurapean dagoen edo ez. Nahi izanez gero, hemendik urte batzuetara zenbateko erretiro saria izango dugun begiratu daiteke Tu Seguridad Social atari elektronikoan (tu.seg-social-gob.es), baina aldaketa batzuk onartzeko bidean dira, eta baliteke simulazio hori ez izatea oso zehatza.

Orain dela hamarkada bat onartu zuten bezala, 2022an lehenengoz hartuko dira kontuan lan egindako azken 25 urteetako kotizazioak erretiro saria kalkulatzeko. Hau da, 2021ean baino 12 hilabete gehiago eta 2012an baino 10 urte gehiago, orduan hasita urtez urte luzatzen joan baita oinarri gisa hartzen den epea. Aldaketa horren eraginez, erretiro saria txikitu egingo zaio bati baino gehiagori. Adituek azaltzen dutenez, normalena da langile baten soldatak gorantz egitea lan bizitzan zehar, eta azken 15 urteetan kotizatu duenaren batez bestekoa handiagoa izango da azken 25 urteetakoa baino. Hori ez da arau finkoa, ordea, eta gerta daiteke gure lan bizitzan bolada batez lanik gabe egon izana edo soldata apaldu izana azken urteetan; halakoetan, mesedegarria izango litzateke kalkulua egiteko epea luzatzea.

Orain 25 urtekoa dena, hala ere, handitu egin daiteke etorkizunean, Bruselatik horixe eskatzen ari dira eta. Joera, hain zuzen, “lan bizitza osoa kontuan hartzea da Gizarte Segurantzako erretiro saria kalkulatzeko”, azaldu du Carlos Herrera ekonomialariak, Finantza Aholkularien eta Planifikatzaileen Espainiako Elkarteko kideak (AFPA). Beste aldaketa bat egiteko aukera ere zabalik zegoen argitalpen hau ixteko garaian: langileek eta enplegatzaileek portzentaje handiagoa bideratzea Gizarte Segurantzara kotizazio oinarriak hobetzeko.

Noiz, non eta nola eskatu erretiro saria

Noiz. Erretiro saria eskatzea tramite erraza da eta epe argiak ditu: lana utzi aurreko edo ondorengo hiru hilabeteetan egin behar da. Nolanahi ere, jarduera utzi eta hurrengo egunetik aurrera ezartzen dira saria jasotzeko baldintzak.

Non. Aurrez hitzordua hartu eta Gizarte Segurantzako edozein bulegotan eska daiteke, Arreta eta Informazio Zentroan, edo Tu Seguridad Social ataritik ere egin daiteke (tu.segsocial.gob.es).

Nola. Tramiteak hasteko, hauxe baino ez da behar: nortasun agiria; kontu zenbaki bat, saria sar dezaten; familia liburua, familiako baldintza jakinei dagozkien hobariak eta osagarriak ezartzeko.

Adinak badu pisua kopuruan

Erretiroa hartzeko asmotan dabiltzanak 65 urte bete zain egongo dira agian, hori delakoan lan egiteari uzteko adina, baina ez da guztiz horrela. 2013. urtetik 2027a bitarte, aldaketak ezartzen ari dira urtez urte, eta eragina dute erretiroa hartzeko adinean eta baldintzetan. Eta 2022an, dagokigun erretiro saria %100 kobratu ahal izateko, 66 urte eta bi hilabete eduki beharko dira lan eginak. Hau da, 2021ean baino bi hilabete gehiago. Proportzio horretan jarraituko du luzatzen 2027a arte, eta orduan 67 urtetan hartu ahalko da erretiroa. Adin hori baino lehenago ere izango dugu erretiratzeko modua, zehazki 65 urtetan, baina 37 urte eta sei hilabete eduki beharko genituzke kotizatuta. Hori 2022an, zeren 2027an 38 urte eta erdi eduki beharko baitira kotizatuta 65 urterekin erretiroa hartzeko, halaxe dago aurreikusia.

Erretiro aurreratuaren kontuak

Arauak dio erretiroa 65 urtetan hartu daitekeela (betiere gutxieneko urte kopuru bat kotizatuta), edo 67 urte eta bi hilabete egin ondoren (gutxieneko horretara iristen ez denean), baina bada aukera bi urte lehenago egiteko ere nork bere borondatez (erretiro aurreratua) edo lau urte aurreratzeko baldin eta enpresak berregituratze bat egitea erabakitzen badu edo langabezian bagaude (aurre-erretiro edo erretiro bortxatua). Hori bai, argi eduki behar da saria txikiagoa izango dela halakoetan.

Aurreratzen den hiruhileko bakoitzeko ehuneko bat kentzen dute kotizatu den urte kopuruaren arabera, %1,5 eta%1,875 artekoa erretiro bortxatua denean eta %1,625 eta %2 artekoa erretiro aurreratua nork bere borondatez hartzen duenean. Gizarte Segurantzak erretiro saria kalkulatzeko darabilen oinarri arautzaileari ezartzen zaio murrizketa hori, eta gure azken soldatan ageri da oinarri hori zenbatekoa den. Baina zer gertatzen da murrizketa horiek eginda ere emaitza gehienezko pentsioaren gainetik gelditzen denean? %0,5eko beste murrizketa bat egiten dute erretiroa aurreratzen den hiruhileko bakoitzeko (urtean %2koa alegia). Hau da, soldata handiak dituztenentzat kostu erlatibo txikiagoa du erretiroa aurreratzeak soldata txikiagoak dituztenentzat baino (%8rainoko murrizketa jasan dezakete horiek).

Egoera hori konpondu nahian, beste araudi bat prestatzen ari dira, baina argitalpen hau ixteko garaian oraindik ere guztiz gauzatu gabea zegoen. Aurrera aterako balitz, aldea handia izango litzateke, murrizketa koefizientea zuzenean erretiro sariari ezarriko balitzaioke, eta ez oinarri arautzaileari. Erretiro aurreratuari oztopoak jartzeko neurrietako bat da, eta horrekin batean, pizgarriak eman nahi dituzte lan ibilbidea luzatzeko. Nolanahi ere, erreforma horiek ez lirateke ezarriko 2024a baino lehen.

Araudia aldatzen ari den honetan, inork jakin nahiko balu noiz den erretiroa hartzeko garairik onena eta zenbateko saria geldituko litzaiokeen, Gizarte Segurantzara jotzeko gomendioa ematen du EFPA erakundeko adituak eta erretiro txostenak egiten aditua den kudeatzaileren bati galdetzeko.

Zenbait lanbidetan, gainera, badago modua erretiroa lehenago hartzeko, 52 urtetan ere bai zenbaitetan. Aukera hori daukate funtzio “bereziki neketsuak, arriskutsuak, toxikoak edo osasungaitzak egiten dituztenek eta morbilitate edo hilkortasun indize handiak dituztenek”, halaxe esaten du legeak. Kolektibo horietan sartzen dira meatzeetako edo burdinbideetako langileak, hegazkinetakoak, zezenketen arlokoak, suhiltzaileak, artistak, segurtasun indarretako kideak (Espainiako Polizia, Guardia Zibila, Ertzaintza, tokiko poliziak)… Kolektibo bakoitzak murrizketa jakin batzuk ditu erretiroa garaia baino lehen hartzeagatik.

Amatasunari (edo aitatasunari) dagokion gehigarria

Seme-alabak izateak eta, batez ere, haiek zaintzeak eragina izaten du laneko ibilbidean. Eta Gizarte Segurantzak egin duen analisiaren arabera, horixe da arrazoia emakumeek batez beste erretiro sari apalagoak jaso ditzaten gizonek baino, tradizionalki emakumeek hartu dutelako haurrak zaintzeko ardura, lan munduari uko eginda. Arrakala horri konponbidea jartzeko, pentsiodun berriei gehigarri bat ezartzen ari zaie erretiro sarian, eta haurren jaiotzak lan ibilbidean mugaren bat eragin diola egiaztatzen duenak jaso ahal izango du, amak bezala aitak. Zehazki, hilean 28 eurokoa da gehigarri hori seme-alaba bakoitzeko, urtean 329 eurokoa 14 alditan, eta gehienez ere lau seme-alabagatik.

Sistemaren bideragarritasuna

Eragile sozial eta politikoek urteak daramatzate erreformak diseinatzen indarrean dagoen pentsio sistema bideragarria izan dadin, zeinak hiru zutabe baititu gure inguruko herrialderik gehienetan: pentsio publikoa, enpresak jartzen duena eta norberak aurreztea lortu duena.

Beste herrialde batzuekin alderatuta, Estatuan hiru zutabe horiek hartzen duten proportzioa aldatu egiten da. Ekonomia Lankidetzarako eta Garapenerako Erakundearen barnean (OCDE), Espainiak du ordezkatze tasarik handienetakoa, eta horrek esan nahi du jaso den azken soldataren %72,3 dela pentsio publikoa, eta gainerako herrialdeen batez bestekoa, berriz, %50ekoa da. Horrekin batean, aurrezki pribatua, norbanakoarena edo kolektiboa oso tasa txikietan dabil, eta ez da pizgarririk ematen lan jarduera hastearekin batean ekiteko ekarpenak egiteari, beste herrialdeetan ez bezala.

Beste estatu batzuetan, proportzio hori oso desberdina da, eta erretiroa hartzean kobratzen den diruaren zatirik handiena langile gisa metatu den dirutik dator (gure enplegatzaileak eta langileak berak egin dituzten ekarpenei esker) eta/ edo norberak aurreztu duenetik, pentsio plan pribatuen bidez. Herrialderik gehienetan, kotizazioetatik edo zergetatik datorren pentsio publikoak oinarrizko beharrizanak baino ez ditu estaltzen.

Hiru zutabeen arteko oreka beste era batean osatzeko, erreforma berriak lantzen ari dira gaur egun, eta horien helburuetako bat da enpresei loturiko pentsio plan kolektiboak erabiltzeko joera indartzea (enplegu planak ere esaten zaie). Asmoa hori bada ere, ez da eztabaidarik falta gai horren inguruan. Jardunbide hori zabaldu samarra dago Euskal Autonomia Erkidegoan, non langileen %55ek parte hartzen duten gisa horretako programaren batean, nagusiki Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeetan (BGAE), datu hori eman du Espainiako Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak. Gainerako erkidegoetan, aldiz, %31koa da batez besteko hori. Orain helburua da enpresa txiki eta ertainetako langileei eta autonomoei sarbidea erraztea aurrezki mota horretara eta era horretan norberak osatu ahal izatea itxura guztien arabera gero eta eskasagoak izango diren pentsio publikoak.

Zer gertatzen da autonomoekin? 

Besteren kontura ari den batek ziur samar jakiten du zer kobratuko duen urtero, baina autonomoen egoera ziurgabeagoa da, ez baitute jakiten zenbateko diru sarrerak izango dituzten. Horrek azaltzen du, Langile Autonomoen Elkarteak (ATA) dioenez, autonomoen %86k zergatik kotizatu zuten 2019. urtean gutxieneko oinarria Espainian; ondorioz, erretiro saria ere gutxienekoa izango dute. Autonomoek, dena den, besteren kontura ari direnek ez bezala, erabaki egin dezakete zenbat kotizatuko duten Gizarte Segurantzan, eta urtean lau aldiz alda dezakete kotizazio oinarria; erretiro sari handiagoa jaso nahi duenak, beraz, badu aukera gehiago kotizatzeko. Askok ez dakiena da 47 urte bete arte alda dezaketela libreki; hortik aurrera muga batzuk izango dituzte.

Nolakoak izango dira aurtengo pentsioak*
  • Kontribuziopeko gehienezko pentsioa: 2.819,6 euro hilean
  • Kontribuziopeko pentsioak (gutxienekoak)
    • 65 urte edo gehiagorekin erretiratuta: Ezkontidea ardurapean izanik, 890,5 euro hilean. Ezkontiderik gabe, 721,7 euro hilean. Ezkontidearekin, baina ez ardurapean, 685 euro hilean.
    • 65 urte bete aurretik erretiratuta: Ezkontidea ardurapean izanik, 835 euro hilean. Ezkontiderik gabe, 675,3 euro hilean. Ezkontidearekin, baina ez ardurapean, 638,2 euro hilean.
  • Ontribuziopekoak ez diren pentsioak (erretiroa eta desgaitasuna): 414,80 euro hilean.

* * Hileko zenbatekoak. Pentsiodunek 14 ordainsari kobratzen dituzte urtean.

Baliagarriak al dira erretiro saria osatzeko produktuak?

Herritar askok uste du erretiro saria ez dela aski izango egungo bizi mailari eusteko. Sari hori desagertu egingo dela ere uste du batek baino gehiagok. Azken hori ez da oso gertagarria, baina oso litekeena da etorkizuneko pentsioak txikiagoak izatea egungoak baino, horrexetarako egin dituzte-eta aldaketak kopurua kalkulatzeko formulan. Hori ikusita, adituak aspaldi ari dira esaten modu pribatuan aurreztea komeni dela, erretiroa hartzeko garaia iristean aurreko urteetan altxatu dugun diruarekin osatu dezagun pentsio publikoa.

Inverco Behatokiaren VII. Aurrezki Barometroak emandako datuen arabera, Espainian aurrezten duten herritarren %86k eperako gordailu bat kontratatzen dute, nahiz eta oso etekin txikia ematen duten egun; pentsio planak dira bigarren produkturik erabilienak (herritarren %54k). Azken urteetan, banakako planak (banku eta aseguru etxeek eskainiak) eta banabanako Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeak (finantza erakundeek sustatuak) izan dira tresnarik egokienak erretiroari begira aurrezteko, baina berriki egin dituzten aldaketek zalantzan jarri dute lehenbizikoen erabilgarritasuna.

Aldaketak pentsio planetan 

Aldaketak egin dituzte pentsio planen inguruan, eta mugatu egin dute tresna horiekin gehienez aurreztu daitekeen diru kopurua. 2020a arte, urtean 8.000 eurokoa zen gehienezko muga, baina 2021ean 2.000 eurora jaitsi zuten eta 2022an 1.500era. Ekarpenei ezarritako muga horiek oso kontuan hartzekoak dira hainbat arrazoirengatik. Lehenik, urtean gutxiago aurrezten badugu, gutxiago pilatuko dugulako. Eta bigarrenik, murrizketa horrek zuzenean eragiten diolako pentsio planek izaten duten desgrabazioari; izan ere, urte barnean egindako ekarpenak hartzen dira kontuan PFEZaren oinarri zergapegarria jaisteko.

Hau da, errenta adierazpena egitean, diru gutxiagoren gainean kalkulatzen dira zergak. BGAEetan, berriz, banakako ekarpenak 5.000 euroraino iristen dira. Kontuan hartu beharreko gauza gehiago pentsio plan batekin eta BGAEekin aurreztu nahi dugunerako. Lehenbizikoa da dirua ez dagoela bermatua: inbertsioak ongi joanda, etekin ona lor dezakegu, baina Burtsak bat-batean behera egin dezake eta gerta liteke dena galtzea ere. Lehen ohikoak ziren gutxieneko etekin bat bermatzen zuten planak, baina egun interes tasak zerotik gertu dabiltza eta ez dute eskaintzen halakorik.

Bada beste gauza garrantzitsu bat ere: aurreztu dugun dirua ez dezakegu atera guk nahi dugunean. Erretiroa hartzen dugunerako aurreztea da kontua, eta, beraz, diru hori luzaroan inbertitzea da egokiena, irabazi gehiago metatzeko. Planteamendu horrekin, erretiroa hartzean atera daiteke dirua edo gutxienez 10 urte igarotzean (arau hori 2025ean sartuko da indarrean, baina BGAEetan beti egon da aukera hori). Gaixotasun larri bat izanez gero, langabezian egonez gero edo edo desgaitasunen bat etorriz gero, dirua ateratzen uztea proposatzen da. Eta jabea hilko balitz? Haren oinordekoak edo hark izendatu duen pertsonak jasoko luke. Gainera, lortu diren emaitzek ez bagaituzte asetzen edo beste banku baten estrategiak hobeak iruditzen bazaizkigu, askatasun osoa dugu gure dirua pentsio plan batetik bestera eramateko nahi dugunean, eta produktu bakoitzak hilean duen komisioa baino ez dugu ordaindu beharko.

Bestelako produktu batzuk 

Aseguru etxeek bestelako tresna batzuk eskaintzen dituzte pentsioa osatzeko, adibidez Aurreikuspen Plan Asegurudunak (interes tasa bati lotuak egoten dira, zeinak hiru hilez behin berrikusten diren), Aurrezki Sistematikoko Banakako Planak (likidezia eta zerga abantaila handiagoak eskaintzen dituzte biziarteko errenta gisa kobratuta) edo Unit linked direlakoak (inbertsio funtsei loturiko aseguruak). Inbertsio funtsak ere egokiak dira epe luzera aurrezteko, eta erretirorako aurrezkiak epe luzera begirakoak dira.