Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.

: Nutrizioaren adinak: haurren elikadura 3 urtetik 11 bitarte

Lehenbiziko harremana ohitura osasungarriekin. Elikadura dibertsifikatzen hasten da seigarren hilabetetik aurrera, eta halaxe jarraituko du aurrerantzean ere, bizitzako aldi bakoitzera moldatuz. Hiru urtetik aurrera, itotzeko arriskua duten elikagaiak txertatzen hastearekin batean, helduak bezala jaten has daitezke haurrak. Garai honetan, elikadura osasungarria sustatzeko moduak segur aski ondorioak izango ditu haurrek janariarekin edukiko duten harremanean, bai epe motzean eta bai luzean ere.

Haur guztiek ez dute berdin jaten

Elikadura osasungarriak egoki ase behar ditu energiari eta mantenugaiei dagozkien beharrizanak. Elikadura osasungarriaren ezaugarrietako bat baino ez da hori, baina baliteke horrek eragitea kezka gehien gurasoei (eta familiako beste kideei eta zaintzaileei ere bai): haurrek behar adina jan dezatela nutrizio arloan dituzten beharrizanak asetzeko eta bilakaera fisiko eta intelektual egokia izateko.

Adin, sexu eta egoera fisiologiko bakoitzak (haurdunaldia, edoskitzealdia) nutrizio arloko beharrizan batzuk ditu, eta batez besteko kopuruak ere ezarri dira bakoitzerako, baina oroitarazi beharra dago kalkulu horiek oso zehaztugabeak direla. Adibidez, Elikadura arloko Segurtasunaren Europako Agintaritzaren arabera (EFSA), 4 urteko haur batek, batez beste, 1.250 eta 1.970 kcal artean hartu behar lituzke egunean. Bi kopuruak izango lirateke erabat normalak baina baita aski desberdinak ere, batik bat bi muturrak alderatzen baditugu. Hau da, haur batzuek gehiago jango dute eta beste batzuek gutxiago, eta ez daiteke erabat ziur jakin bakoitzak zenbat behar duen. Hain justu horrexegatik utzi behar dugu haurrek eurek doitu dezaten kopurua, gosearen eta asetasunaren seinaleei jarraituz.

Berdin gertatzen da mantenugai guztiekin. Baita funtsezkoak eta ongi aztertuak direla esaten zaigunekin ere, adibidez kaltzioarekin. EFSAk egindako kalkuluek diote 4 eta 10 urte arteko neska-mutilek 680 mg kaltzio behar dutela egunean. Baina erakunde horrek berak ondorioztatu zuen ez dagoela jakiterik kaltzio beharrak nola aldatu daitezkeen adin bereko haur batzuetatik besteetara, eta, horregatik, egunean 800 miligramora igo zuen gutxieneko kopurua, hartara bermatu egingo delakoan herritar gehienek aseta izatea kaltzio beharrak. Guraso eta zaintzaile askoren beldurra izaten da haurrek ez ote duten aski elikagai jango nutrizio arloko beharrizanak asetzeko, baina kontuan hartu behar da gure gizartean gehiegizko kontsumoa dela nagusi, eta arazo nagusiak ez direla gabezien ondorioz agertzen, gehiegikerien ondorioz baizik, eta gogoan izan behar da, halaber, gehiegizko pisuaren eta gizentasunaren tasak %40ra iritsi direla haurren artean, halaxe dio Elikadura Ohituren eta Nutrizio Egoeraren inguruko Azterketak (ENPE), Eroski Fundazioak egindakoak.

Laburbilduz, oso zaila da esatea haur bakoitzari zenbat janari eskaini behar diogun jaten duen hori nahikoa izan dadin, batzuek eta besteek kantitate desberdinak behar izango baitituzte. Egokiena da elikagai osasungarriak zentzuzko kopuruetan eskaintzea eta haiek erabakitzea zenbat jan behar duten. Komeni da jakitea, halaber, haurrek zer-nolako lehentasunak eta jarrerak dituzten elikagaiak prestatzeko moduen inguruan. Prestaera egokienak irakitea, lurrunetan, plantxan eta labean egitea dira, eta elikagai frijituak noizean behin baino ez lirateke hartu behar.

Aldaketa txiki batzuk hobeto jateko

GEHIAGO

  • Frutak eta barazkiak
  • Lekaleak
  • Fruitu lehorrak
  • Bizimodu aktiboa eta jende artekoa.

HOBESTEKOAK

  • Ura
  • Osoko elikagaiak
  • Oliba olio birjina
  • Sasoiko eta hurbileko elikagaiak

GUTXIAGO

  • Gatza
  • Azukreak
  • Haragi gorri eta prozesatua
  • Elikagai ultraprozesatuak

Iturria: Petits canvis per menjar millor, Kataluniako Generalitatea.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak