Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.

: Nutrizioaren adinak, 0-3 urte: osasunaren zimenduak

Esne garaiak berebiziko garrantzia du haurraren osasunean eta bilakaeran (haurtxoak esnea bakarrik hartzen duelako esaten zaio horrela). Izan amarena edo artifiziala, bakoitzak eskaintzen dituen aukerak sakon ezagutzea komeni da ahalik eta probetxurik handiena ateratzeko.

Biberoiak eta harraldiak: zalantzarik ohikoenak

Nola jakin formulako esneetan zein behar duen haurtxoak? Haurtxoak formulako esne bereziak hartu behar dituen edo ez, hori pediatrak esan behar du, historia klinikoa kontuan hartuta, haurrari azterketa eginda eta, batzuetan, proba osagarrien emaitzak aintzat hartuta. Haurtxorik gehienak ongi elikatzen dira hasierako formulekin (6. hilabetea bitartekoak) eta jarraipenekoekin (6. hilabetetik aurrerakoak), horiek mantenugai guztiak ematen dizkiete-eta garapen egokia eduki dezaten. Batzuetan, dena den, beharrizan bereziak agertzen dira, adibidez behi esnearen proteinarekiko intolerantzia, haurtxoaren digestio hodia heldu gabe egoten baita proteina handiak xurgatzeko. Ia kasurik gehienetan, arazo hori berez konpontzen da urtebete baino lehen, digestio aparatua ongi heldu ahala.

Zer hartu behar da kontuan biberoia prestatzeko? Funtsezkoa da biberoia egoki prestatzea, formularen eta uraren kopuruak egoki erabili ezean, hau da, behar baino hauts gehiago edo gutxiago erabiliz gero, deshidratazio koadroak sor daitezke edo desnutrizioa. Horregatik jarraitu behar zaie ekoizleak ematen dituen aginduei biberoia prestatzean. Iturriko ura erabil daiteke (kalitatearen arabera, agian minutu batez irakitea komeni izango da lehen hilabeteetan) eta ur mineral naturala ere bai (sodio gutxiko urak gomendatzen dituzte), eta azken horiek ez dira irakin behar. Haurtxoari eman aurretik, egiaztatu egin behar da tenperatura egokia duela, tanta batzuk norbere eskuaren gainaldera botata. Jakina, biberoia prestatu aurretik, ezinbestekoa da eskuak ongi garbitzea. Gure herrialdean, egungo osasun baldintzak kontuan hartuta, ez da ibili behar aldiro biberoiak eta tetinak irakiten; aski da uretan garbitzea xaboiarekin eta eskuila batekin (propio horretarako dena).

Kantitateei dagokienez, haurrak eskatu ahala eman behar da edo pediatrak ezarritako baldintzei jarraituz? Bularra modu egonkorrean ematen denean, haurtxoak egunean 160 edo 180 ml hartu behar ditu gorputzeko kilo bakoitzeko. Harraldiak kalkulatzeko, haurtxoaren pisua eta hazkunde erritmoa hartzen du kontuan pediatrak. “Kantitateez ari garenean, ez da zorrotza izan behar; haurtxo bakoitzari egokitu behar zaizkio eta malgutasun pittin bat onartu”, adierazi du Roselló doktoreak. Haurtxoa sekula ez da behartu behar biberoi guztia buka dezan. “Haurtxo batzuei janaria berrahoratu egiten zaie maiz eta kolikoak ere izaten dituzte gehiegi jaten dutelako. Hori bai, biberoi asko hartzeari uzten badio, pediatrari galdetu beharko zaio eta zergatia aztertu”, argitu du pediatrak.

Zenbateko denbora pasatu behar du harraldi batetik bestera? Ez da zurruna izan behar harraldi kopuruekin eta ordutegiekin. Lehenbiziko hilabetean, alderdi hauek hartzen dira kontuan egunean zenbat hartu behar duen zehazteko: jaioberriaren pisua, haurtxoaren bilakaera eta jarraipen pertzentilen tauletan ageri den hazkundea. Oro har, gomendioa da egunean 7 edo 8 harraldi ematea (hiru ordutik behin), batez ere lehen hilabetean, haurtxoen urdaila oso txikia izaten delako eta azkar husten delako; denbora tarte handiagoak utziz gero, hipogluzemiak sor daitezke (azukre beheraldiak). Haurtxoak 15 egun bete ondoren, gauetan etenalditxo bat egin daiteke, lau-sei ordukoa. Haurra heltzen eta handitzen joan ahala, handitu egin daitezke harralditik harraldirako tarteak eta 3 ordu eta erditik behin edo 4 ordutik behin eman (hau da, egunean bost edo sei harraldi). Harraldiaren iraupena, berriz, haurtxoaren araberakoa izango da. Oro har, ez du iraun behar 20 minutu baino gehiago.

Nola jakin esne egokia hautatu dugula? Mireia Roselló-ren arabera, haurra ongi elikatua dagoela jakingo dugu:

  • Gernua maiz egiten duenean (egunean bost aldiz gutxienez).
  • Maiz kaka egiten duenean.
  • Pisua egoki hartzen duenean (200 g inguru astean). Garrantzitsua da, halaber, muki mintzak heze eduki ditzala, larruazala hidratatua eta interesa ager dezala inguruarekin eta ingurukoekin interakzioan aritzeko.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak