Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.

: Nork erabakitzen du gure haurrek zer jango duten eskolan

Hamabi urtez azpiko ikasleen %65,8k eskolako jantokian jaten dute egunero, datu hori eman du Espainiako Hezkuntza Ministerioak. Autonomia Erkidego bakoitzak erabakitzen du zerbitzu hori nork kudeatuko duen, zer-nolako ezaugarriak izango dituen eta nola eskainiko den. Familiek, bestalde, zeresan handiagoa eduki nahi dute otordu horien inguruan eta, kudeaketak kalitatean beti eragiten ez badu ere, adituek ziurtatzen dute ikastetxetik zenbat eta urrituagoa egon, gurasoek orduan eta kontrol gutxiago dutela. Asko dago egiteko.

Kalitatea eta zerbitzua, lehiaketa baten mende

Espainiako Estatuan, lehiaketa publikoa ezinbesteko tramitea da ikastetxe publikoetan janari hornidura bermatzeko enpresa bat azpikontratatu nahi denean. Egungo lizitazio pleguetan menuarekin zerikusia duten hainbat alderdi hartzen da kontuan: osagaien eta errezeten aniztasuna, elikagai multzo nagusietatik astean zenbat errazio daukaten (erkidego bakoitzak zehazten du), elikagairik ez galtzeko estrategiak, osoko aleak sartzea… Prezioa eta kudeatzeko gaitasuna ere hartzen dira kontuan, eta hor sartzen da zenbat sukalde dituzten, zenbat langile, kaudimenik baduten erosketei aurre egiteko eta, beharko balitz, lehengaiak garraiatzeko modurik baduten. Andres Muñoz Ricok jantokiei buruz 2018an egin zuen txostenean esaten du azken puntu horrek azaltzen duela jantokiak zergatik ari diren kontzentratzen errestaurazio arloko kudeatzaile handien eskuetan: catering enpresa txiki eta ertainek hornitzaileekin negoziatzeko tarte txikiagoa dute eta menuak eskala handian prestatzeko gaitasun gutxiago. Menu bera izanik, konpainia handi batek, a priori, prezio apalagoak eskaini ahalko ditu.

Prezioarekin gora eta behera

Eta, hain zuzen, menuen prezioak sortzen du eztabaida gehien. Espainiako Estatuan erkidego bakoitzak zehazten du familia bakoitzak zenbat ordainduko duen zerbitzu horren truke, eta lizitazioan ere irizpide horrek du pisu handiena. Andres Muñoz Ricoren txostenak dioenez, “prezio horrekin ordaindu behar da ez janaria bakarrik, baita langileen kostua eta zerbitzuak dituen beste gastu batzuk ere”. Erkidego bakoitzean, hala ere, atal jakin batzuk sartzen dira kopuru horren barnean. Batzuetan begiraleen kostua sartuta egoten da, besteetan bereizita kobratzen da.

Autonomia erkidego askok ikasturte hasieran zehazten dute jantoki zerbitzuaren gehienezko prezioa; beste batzuek, ordea, ez dute zifrarik jartzen. CEAPAk 2019- 2020 ikasturterako egindako kalkuluen arabera, hauek dira jantoki zerbitzuaren preziorik txikienak eta handienak erkidegoetan: 3,50 €-koa Asturiasen eta Kanarietan eta 6,50 €-koa Nafarroan.

Prezio horiekin estali al daitezke gastu guztiak? Kataluniako Auzitegi Gorenak ezetz dio. 2017. urtean, Kataluniako justiziak ebatzi zuen eskola jantokietan gehienez ordaintzen zuten prezioarekin (6,20 eurokoa zen erkidego hartan) ez zirela ordaintzen zerbitzuaren gutxieneko kostuak, eta “ekonomikoki bideraezina” zela. Nahiz eta epaiak ez zuen prezioa baliogabetu (hamar urte zeramatzan izoztuta), ebatzi zuen beharrezkoa zela ikerketa edo memoria bat egitea prezio horren zergatia azaltzeko.

Baina prezio horietan kudeatu al daiteke jantokia? CEAPAko kideek argi dute. “Egin daiteke, eta Ourenseko Guraso Elkarteen Federazioa da horren adibide, zeina kanpoko catering batekin ari den kudeatzen ikastetxe batzuetako jantokia, baina beste autonomia erkidego batzuetan dituzten kalitate eta prezio berdintsuekin”, azaldu digu Olga Leraltak. Erakunde horren ustez, “arazoa da errestaurazioko enpresek handitu egin nahi dutela etekina, eta hori zaila da menuak prezio horretan eskainita, zeren horri elikagaien kostua kendu behar baitiozu, eta baita egiturena ere (sukaldeak, halakorik daukatenek) eta langileena. Elikagaiak kopuru handietan erosita, merkatu egin ditzakete kostuak. Beste atal batzuetatik kendu beharra dagoenean, begiraleek galtzen dute, zeinak oso baldintza kaskarretan ari diren”, erantsi du Leraltak.

Familia askoren ustez, prezio horiek oso garestiak dira. Nahiz eta bekak egon, laguntza publiko horiek ez dira iristen etxe guztietara. CEAPAk 2016an egin zuen ikerketa baten arabera, familien %84,19k ez dute inolako laguntzarik jasotzen jantokirako, eta familien %24,2k arazoak dituzte prezio horiek ordaintzeko.

Prezioak ba al du eraginik nutrizio kalitatean? 

Hobea al da 6 euroko menua 4,88koa baino? “Zaila da bai edo ez erantzutea, osagaien kostua aldatu egiten delako leku batetik bestera. Eta ez da gauza bera Guraso Elkarteak kudeatzea, ez baitu irabazteko asmorik, edo enpresa batek egitea, horrek, gainera, garraio kostuak ere ordaindu behar ditu eta”, nabarmendu du Leralta Piñanek CEAPA erakundetik. Haren esanetan, prezioa gorabehera, enpresa bakoitza mundu bat da. Kalitatea ez da zenbat kostatzen den bakarrik, baita haurrei zer ematen zaien eta nola prestatzen den ere. Eta menuetan oraindik ere maiz erabiltzen dira metodo ez-osasungarriak (elikagai birrineztatuak, frijituak…) edo nutrizio kalitate apaleko elikagaiak eta kaloria asko dutenak (frutak almibarretan, arrain makilatxoak, esneki azukretsuak…).

Are gehiago, prezio txikiagoarekin ere menu osasungarri on bat lor daiteke nutrizioaren ikuspegitik, kudeaketa optimizatuz gero. “Kostuak murriztu ditzakegu sukaldeak elikagai gutxiago galduta; lehengai garestiagoen ordez nutrizio kalitate berdina duten beste batzuk erabilita, baina merkeagoak eta hurbilagoak; banakako ontziak kendu eta handizkako formatuak erabilita, adibidez jogurtetan; edo haragi errazio batzuk landare proteinarekin ordezkatuz”, adierazi du Isabel Coderch-ek, Te lo sirvo verde aholkularitza enpresaren sortzaileak, zeina errestaurazio jasangarrian espezializatua baitago.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak