Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.

: Nork erabakitzen du gure haurrek zer jango duten eskolan

Hamabi urtez azpiko ikasleen %65,8k eskolako jantokian jaten dute egunero, datu hori eman du Espainiako Hezkuntza Ministerioak. Autonomia Erkidego bakoitzak erabakitzen du zerbitzu hori nork kudeatuko duen, zer-nolako ezaugarriak izango dituen eta nola eskainiko den. Familiek, bestalde, zeresan handiagoa eduki nahi dute otordu horien inguruan eta, kudeaketak kalitatean beti eragiten ez badu ere, adituek ziurtatzen dute ikastetxetik zenbat eta urrituagoa egon, gurasoek orduan eta kontrol gutxiago dutela. Asko dago egiteko.

Lurraldeen nahaste-borrastea

Autonomia erkidego batzuek zuzenean kontrolatzen dute kontratazio sistema. Hori gertatzen da Madrilen, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Errioxan. Andaluzian, 2017an Juntak onartu zuen dekretu batek desagerrarazi egin zituen Guraso Elkarteekin egindako hitzarmenak eta catering enpresen esku utzi zuen kudeaketa. Erdibideko egoera gisa, onartu egiten du eskolako jantoki zerbitzua bere baliabideekin eskaintzen duten ikastetxe publikoek berdin jarraitzea, baina langile gehiago kontratatu gabe. Langile horiek erretiroa hartu ahala, catering enpresek kudeatuko dituzte jantokiak. Kataluniak, aldiz, Guraso Elkarteen esku uzten du kudeaketa.

Beste erkidego batzuek udalerrien esku uzten dute ardura, eta horiek, aldi berean, enpresen esku utz dezakete edo fidagarritasuna eskaintzen duten erakundeen esku, adibidez gurasoen esku. Santiagoko Udalak, adibidez (Galizia), Serunion enpresarekin dihardu, eta Pontevedrak, berriz, Guraso Elkarteen Federazioaren esku utzia du kudeaketa (FANPA), zeinak, aldi berean, Arume enpresari eman dion zeregin hori. Antzeko zerbait gertatzen da Barañaingo Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxean (Nafarroa), non Guraso Elkarteak Ausolan Jangarria enpresaren esku utzi duen jantoki zerbitzua. Beste batzuetan, berriz, autonomia erkidegoek erabaki beharrean, gehiago uzten da gurasoek kontrolatu dezaten. Portonovoko udalerrian, adibidez (Pontevedra), zuzenean Guraso Elkartetik kudeatzen dute ikastetxe publikoko jantokia.

“Kudeaketa ereduak ez dio beti eragiten menuaren kalitateari, baina haren kudeaketa zenbat eta urrutiago egon ikastetxetik, gurasoek orduan eta gutxiago kontrolatzen dute haurrek zer jaten duten, gaitasun gutxiago dute epe motzean aldaketak egiteko eta eragin sozioekonomiko txikiagoa du tokian-tokian. Hau da, ogia, haragia edo bananak ez datoz tokiko ekoizleengandik, eskualde edo herrialde mailan aritzen diren banatzaile handiengandik baizik”, adierazi du Olga Leralta CEAPAko kideak.

Enpresen ordezkariek diote nutrizionistek diseinatzen dituztela menuak, NAOS Estrategia kontuan hartuta, zeina Kontsumoaren, Elikadura arloko Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziak sustatu baitu (AESAN). Era berean, “hilero-hilero, gure taldeek menu proposamen bat aurkezten diete ikastetxeei, eta horiek onartu egiten dituzte edo aldaketaren bat egiteko eskatzen digute”, azaldu du Aksel Helbek-ek, Serunion Educako arduradunak.

Eskolan kozinatzea

Lekurik ez dutelako, aurrekontuak ematen ez dielako edo beste arrazoiren bat dela medio, ez dago sukalderik ikastetxe guztietan. Zaragozan, adibidez, ikastetxe publikoen %75ek ez daukate. Galizia da sukaldea duten ikastetxe gehien duen erkidegoa: 333k daukate eta 103 dira ez daukatenak. Beste muturrean Andaluzia dago: 107 eskolak bakarrik daukate zortzi probintzietan, nahiz eta Juntak konpromisoa hartu duen beste 150 ikastetxetan ezarriko dituela hurrengo urteetan. Sukalderik ez dagoenean, kanpotik prestatuta ekarri beharra dago janaria. Dena den, sukaldea duten ikastetxeetan ere gero eta ohikoa da eskolako menuak azpikontratatu eta kanpotik ekartzea. Autonomia erkidego guztiek ez dute gardentasun berdinarekin jokatzen eskolako jantokiei buruzko datuak emateko garaian. Eskoletako jantokiak Espainian izeneko txostenean ageri denez (2018koa da), ikastetxeen %63,6k kanpoko catering zerbitzuak erabiltzen dituzte, eta %36,4k eskolako bertako sukaldeak.

Lerro beroa edo hotza

Menua eskolako sukaldean egitea ohiko jatetxe batean prestatzea bezala da. Baina kanpoan egiten denean, kontu handiz zaindu beharko dira alderdi guztiak zaporea eta elikagaien segurtasuna kolokan ez jartzeko. Horregatik, kanpoko zerbitzuek gehienean lerro hotzaren alde egiten dute. Enpresaren sukaldean prestatzen dituzte platerak, azkar hozteko sistemekin hoztu eta 40 ºC-an dauden erretiluetan garraiatzen dituzte. Ikastetxera iristean, labean berotu eta zerbitzatu egiten dituzte. Azkar hoztean, zaporeak kapsulatu egiten dira eta zaindu egiten da elikagaien testura. Enpresen ikuspegitik, horrela errazagoa zaie hornigaiak modu eraginkorragoan kudeatzea, janari sorta handiak eros ditzakete, kozinatu eta hotzean eduki jateko unea iritsi arte.

Lerro beroa ez da hain ohikoa. Metodo horrekin, elikagaiak kozinatu eta 65 ºC-tik gora edukitzen dira bero katea eten gabe. CEAPA erakundea eskolan bertan kozinatzearen aldekoa da, eta ez lerro hotza erabiltzearen aldekoa, bultzada sozioekonomikoa ematen baitu tokian-tokian, batez ere landa eremuan. Are gehiago krisi garaian. “Ez du ezertarako balio despopulazioaz hitz egiteak eta jantokia ehunka kilometrora dagoen lekutik kudeatzeak, bertako herritarrei lan aukerarik eman gabe. Eta kontrako egoera ere badago: landa eremuko ikastetxeak, non ezein enpresak ez duen zerbitzua eman nahi janaria haraino ez eramateagatik”, ohartarazi du Olga Leraltak.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak