Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.

: Nork erabakitzen du gure haurrek zer jango duten eskolan

Hamabi urtez azpiko ikasleen %65,8k eskolako jantokian jaten dute egunero, datu hori eman du Espainiako Hezkuntza Ministerioak. Autonomia Erkidego bakoitzak erabakitzen du zerbitzu hori nork kudeatuko duen, zer-nolako ezaugarriak izango dituen eta nola eskainiko den. Familiek, bestalde, zeresan handiagoa eduki nahi dute otordu horien inguruan eta, kudeaketak kalitatean beti eragiten ez badu ere, adituek ziurtatzen dute ikastetxetik zenbat eta urrituagoa egon, gurasoek orduan eta kontrol gutxiago dutela. Asko dago egiteko.

Familien eskariak

Horrekin batean, indarra hartzen ari da eskola garaian haurren elikadura beste modu batez kudeatzea nahi luketenen eskaria. Hor daude, esaterako, Eskola Publikoetan Kalitatezko Jantokien aldeko Plataforma Aragoin eta Gure Platera Gure Aukera Euskal Autonomia Erkidegoan, non eskatzen duten, gainera, sukaldeak ikastetxean bertan egon daitezela, erkidego horretan kontrako joera izan baita azken urteetan.

Bizkaian, Berton Bertokoa ekimenean bildu dira bederatzi ikastetxe, eta eskatzen dute familiek erabakitzeko gaitasun handiagoa eduki dezatela seme-alabek eskolan jaten dutenaren inguruan, legeak enpresa kudeatzaileen esku uzten baitu erabaki hori 2000. urteaz geroztik. “Gaur egun lehentasuna ematen zaio kudeatzeko eredua homogeneizatzeari, eta ez elikadura osasungarria eta kalitatezkoa izateari”, azaldu dute Berton Bertokoa elkartetik. Plataformaren aldarria da elikagai gehiago izan daitezela ​​tokikoak eta ekologikoak, eta eskatzen dute produktuaren kudeaketa eskolen gain gelditu dadila, udalekin lankidetzan aritu daitezen, eta ez dezatela enpresek erabaki.

Osagaien jatorria zutabe garrantzitsua da tokiko ekonomia dinamizatzeko. Sistema horren alde eginez gero, tokiko merkatutik datozen produktuak erosiko lirateke, eta horrek diru sarrerak ekarriko lizkieke auzoko edo udalerriko saltokiei. Horrekin batean, dena den, garrantzitsua da zer eta nola kozinatzen den, baita plateraren nutrizio kalitatea nork kontrolatzen duen ere. Eskola Publikoetan Kalitatezko Jantokien aldeko Plataforma sortu da Aragoin, eta salatzen dute, besteak beste, gobernuek ez dutela kontratatzen nutrizionista independenterik menuen nutrizio balioa aztertzeko. Gehienetan, enpresetako dietista-nutrizionisten bermea baino ez dute, eta horiek enpresen interesen mesedetan aritu daitezke. “Adineko jendearengan ikusten ditugun gaixotasunak haurtzaroko elikagai faltari lotuta daude, eta gure seme-alabek etorkizunean izango dituztenak elikadura txarrari lotuak egongo dira. Hori konpontzeko, kontratazio baldintzak egoki diseinatu behar dira eta nutrizioari eman lehentasuna”, adierazi du Noelia Panillok, Dietetika eta Nutrizio arloko teknikariak.

Catering enpresek diote eskoletako menuek Osasunaren Mundu Erakundearen gomendioei jarraitzen dietela eta autonomia erkidegoetako Osasun Sailen jarraibideei. Serunion Educa enpresako zuzendari komertziala da Aksel Helbek, eta haren esanetan, hilabeteko menuan sasoiko eta hurbileko produktuak izaten dira, baita ekologikoak ere, eta astean lau fruta fresko eskaintzen dituzte postrean. “Animalia jatorriko proteinak murriztu eta landare jatorrikoak ugaritzeko prozesuan gaude, eta osoko zerealei lekua egiten ari gara (ogia, pasta eta arroza), eta sasizerealak sartzen, adibidez kinoa. Azkenik, azukre kontsumoaren inguruko heziketan ari gara lanean, eta jogurt azukretsu gutxiago eskaintzen dugu”, adierazi du.

Erkidegoena da azken hitza

Ikastetxe publikoetan haurrek zer jango duten eta elikagai horiek nork prestatu eta zerbitzatuko dituen erabakitzeko orduan lege esparru konplexu bat hartzen da kontuan; 90eko urteetan zehaztu zen hori, eta autonomia erkidegoen esku utzi zen azken hitza, salbu eta Ceuta eta Melillan, non Espainiako Hezkuntza Ministerioak erabakitzen duen. Hori Lehen Hezkuntzarako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako. Espainiako Pediatria Elkarteak dokumentu bat argitaratu zuen 2021eko urtarrilean, Eskola-aurreko eta eskoletako jantokiak. Gidak, gomendioak eta araudia Espainian, eta datu kezkagarri bat ageri da bertan: ez dago inolako araudirik, ez erkidegoetan ez Estatu mailan, haur eskoletako menuen inguruan (hiru urte bitarteko haurrak). Eskolako jantoki zerbitzua duela hiru hamarkada zehaztu zen, 1992ko azaroaren 24ko Aginduan. Kudeatzeko bost eredu ageri dira bertan:

  • Zerbitzu guztia enpresa bati ematea, zeinak ikastetxean bertan dauden sukaldeak erabiltzen dituen.
  • Ikastetxetik bertatik kudeatzea eta hark, aldi berean, hirugarren baten esku utz dezake osagaiak erosi, kozinatu eta zerbitzatzeko ardura, ikastetxeko sukaldea erabilita edo erabili gabe.
  • Kanpoko enpresa bat kontratatzea egunero janaria prestaturik ekar dezan eskolara.
  • Herri bakoitzeko udaletik kudeatzea.
  • Hitzarmenak egitea beste establezimendu, erakunde edo instituzioekin.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak