Margarinak

Margarinak: oso antzekoak eta oso desberdinak

Denak ere aski antzekoak dira itxuraz, baina alde nabarmenak dituzte elkarren artean. Ondorioz, garrantzitsua da etiketari begiratzea eta zer jartzen duen ulertzen jakitea.
1 urtarrila de 2021

Margarinak: oso antzekoak eta oso desberdinak

Margarinari errezelo handi samarrez begiratu izan zaio beti: produktu “industrial” eta “artifizial” gisa ikusten du jendeak, osaera “susmagarria” edukiko balu bezala. Beldur horiek lehendik datoz, margarina askok garai batean izaten zituzten ezaugarrien eraginez: orain dela hamarkada bat arte, nutrizio kalitate kaskarreko gantzak izaten zituzten, adibidez trans gantzak. Horretaz gain, kontsumitzaile gisa ezin izaten genuen jakin zer-nolako osaera zeukaten zehatz-mehatz, etiketan aipu orokorrak egiten zirelako osagaien inguruan; besteak beste, “gantz begetalak” zituztela esaten zen, gantz horiek nolakoak ziren zehaztu gabe.

Gaur egungo produktuek ez dute zerikusirik ordukoekin. Hobetu egin da osaera, eta orain gehienek ez daukate trans gantzik. Etiketak, gainera, zehaztasunez zerrendatzen ditu osagai guztiak; adibidez, “gantz begetalak” esan beharrean, orain zehaztu egiten da “oliba olioa” edo “koko gantza” den. Horrela jakin dezakegu ez daukatela osagai arrarorik, eta funtsean olio eta gantz jakin batzuen nahasketa direla. Horrekin batean, orain informazio gehiago daukagu zein aukeratu erabakitzeko. Baina osagaiei erreparatu aurretik, garrantzitsua da beste alderdi bati begira jartzea: zer-nolako produktuari buruz ari gara hizketan.

Margarina al da egiaz? 

Margarina bat aukeratu aurretik oso kontuan eduki behar genuke antzeko itxura duten produktu asko dagoela (izaera solidoa, kolore horixka, malgutasuna, antzeko ontziak), baina aski alde handiak daude batzuetatik besteetara. Hainbesterainokoak, horietako batzuk ez baitira margarinak ere, nahiz eta hori ez daitekeen jakin etiketa irakurri ezean eta, zehazki, salmenta izena (osagai zerrendaren ondoan agertzen da). Produktu horiei guztiei izen generikoa ematen die legeak: “materia gantzatsuak”. Gantzen nahasketak izaten dira, eta ura ere izaten dute proportzio txikian: ur hori materia gantzatsuan sakabanatua egoten da tanta txikiak osatuz, eta horregatik esaten da gantzetan dagoen ur emultsioak direla.

  1. Esnearen materia gantzatsuak. Esnetik edo esnekietatik bakarrik datoz. Multzo horretan, gurinak daude (gurin mota guztiak).
  2. Materia gantzatsu konposatuak. Olioek edo gantzek osatzen dituzte, bai animalia jatorrikoek eta bai landare jatorrikoek. Produktu mota horretan, esnetik datozen materia gantzatsuek %10 eta %80 artean ibili behar dute.
  3. Materia gantzatsuak. Landare edo animalia jatorriko materia gantzatsuz osatuta daude; solidoak edo likidoak izan daitezke, eta esnearen gantza ez daiteke izan %3 baino gehiago. Multzo honetako produktuei “margarinak” esaten zaie (horiek aztertu ditugu gida honetan), baina ikuspegi teknikotik eta legearen ikuspegitik, zenbait izen bereizten dira:
      • Margarina. Materia gantzatsuak %80koa edo hortik gorakoa izan behar du eta %90etik beherakoa; hori gertatzen da, adibidez, Tulipán Original delakoarekin (%80).
      • Margarina hiru laurden (3/4). Materia gantzatsuak %60 izan behar du gutxienez eta %62 gehienez; era horretakoak dira Roda (%60) eta Puleva (%60).
      • Erdimargarina. Materia gantzatsuak %39 izan behar du gutxienez eta %41 gehienez. Legeak dioenez, gantz kantitatea %41ekoa edo hortik beherakoa denean, produktua “margarina arina” izendatu daiteke, eta horixe gertatzen da, adibidez, Ligeresa etxekoarekin, zeinak %40 duen gantza.
      • Zabaltzeko materia gantzatsua %X. Izen hori hartzen dute materia gantzatsua honako kopuru hauetan dutenek: – %39tik behera, adibidez Flora Proactiv etxekoak (%35). – %41etik gora eta %60tik behera, adibidez Artua (%55), Delínea (%54) eta Tulipán palma oliorik gabe (%50). – %62tik gora eta %80tik behera, adibidez Flora Original (%70) eta Flora Esencia (%70).

Flora Proactiven etiketan, izen hau ematen zaio produktuari: “Zabaltzeko materia gantzatsu begetala %70”. Baina nutrizio arloko informazioan esaten denez, %35 dauka gantza. Enpresak jakinarazi digunez, hutsegite bat dago etiketan. Datu zuzena %35ekoa da, eta, beraz, izen hau eduki behar luke: “Zabaltzeko materia gantzatsu begetala %35”.

Ikus daitekeen bezala, nahiko kontu konplexua da produktu horiek sailkatzea, eta produktua multzo batean edo bestean sartzeko informazioa etiketan agertzen den arren, kontsumitzaileek nekez uler dezakete. Kontuan hartu behar dugu produktu horiek materia gantzatsuz eta urez osatuta daudela nagusiki, eta horrek zera esan nahi du: gantzak %70 badira, gainerako %30a ura izango dela ia osorik. Hau da, kalitate komertzialaren ikuspegitik, estimu handiagoa dute gantz asko daukaten produktuek. Horrek beti ez du bat egiten nutrizioaren ikuspegiarekin, produktu horiek gantz gehiago izaten dutelako eta energia gehiago ematen dutelako. Nolanahi ere, garrantzitsua da kontuan hartzea gantz guztiak ez direla berdinak. Xehetasun horien berri jakiteko, osagaien zerrendari begiratu behar diogu.

Analisia

Erosketa gida hau egiteko, margarinak hautatu ditugu, merkatuan puntapuntakoak diren marketakoak, eta alderdi hauek aztertu ditugu:

  • Nutri-Scorek emandako puntuazioa. Balorazioa asko baldintzatzen du energia eta gantz kantitateak eta gantz saturatuen proportzioak.
  • Osagaiak. Batez ere, zer-nolako gantzak dituzten aztertu dugu.
  • Informazio komertziala. Aztertu egin dugu informazio baliagarririk ematen duten edo nahasgarria edo engainagarria izan daitekeen kontsumitzaileentzat.
  • Prezioa. Ez da irizpide gisa erabili produktuaren kalitatea neurtzeko, baina kalitate-prezioak kontuan hartu dira sailkapenean.
  • Etiketa. Legea betetzen duen aztertu dugu.

Zerekin eginak daude?

Produktu horietan erabiltzen diren terminoak nahasgarriak izan daitezke. Oro har, “gantzak” esaten zaie animalia jatorrikoei, adibidez txerriarenari edo arkumearenari, eta “olioak” landare jatorrikoei, esaterako oliba edo ekilorearenari. Ikuspegi teknikotik eta legearen ikuspegitik, ordea, izen horiek ez dira jatorriaren ondorio, ezaugarrien araberakoak baizik, eta ezaugarri horiek osaerak zehazten ditu. Horrela, “gantzak” esaten zaie giroko tenperaturan solidoak direnei, izan animalia jatorrikoak (ahatearena esaterako) edo izan begetalak (kokoarena); horiek ugari izaten dituzte gantz azido saturatuak, eta horrexegatik dira solidoak. Bestetik, “olioak” esaten zaie giroko tenperaturan likidoak direnei, eta horiek gantz azido saturatugabe ugari izaten dute (horrexegatik dira likidoak).

Gauza are gehiago zailtzeko, “gantzak” terminoa erabiltzen da lipido guztiak izendatzeko (izan “gantzak”, “olioak” edo bestelakoak, adibidez “esterolak”), eta horixe gertatzen da etiketan nutrizio arloari buruz ematen den informazioarekin. Aztertu egin behar dugu, beraz, zein testuingurutan erabiltzen diren, eta horrela ulertuko dugu zer esan nahi duen zehazki.

OLIOAK. Margarinak egiteko erabiltzen dira, gehienbat nutrizio arloko ezaugarri eta irudi hobeak dituztelako gantzek baino. Gida honetan aztertu ditugunetan, hauek agertzen dira:

  • Oliba olioa. Ezagunena da gure inguruan. Jakina den bezala, olibak prentsatuz lortzen da, eta osasungarritzat jotzen da. Puleva etxeko margarinak badauka, zehazki oliba olio birjina estra (%6). Ez da kopuru aipagarria: 10 gramoko errazio batean, 0,6 gramo daude oliba olioarenak, eta hori koilarakadatxo baten seirena-edo izango litzateke, hau da, tantatxo batzuk.
  • Koltza. Brassica napus (koltza) landarearen hazietatik lortzen da. Espainiako Estatuan oso ospe txarra dauka, zeren 1980ko hamarkadaren hasieran elikadura arloko krisi izugarri larria eragin baitzuen koltza olio faltsutuak. Horrexegatik merkaturatzen da beste izen batzuekin, adibidez nabina olioa izenarekin. Olio hori, dena den, erabat segurua da eta baita osasungarria ere. Honako margarina hauetan ageri da: Flora Original, Flora Esencia, Flora Proactiv (%4), Tulipán palma oliorik gabea (%38) eta Delínea, nahiz eta azken horretan bakarrik ageri den “koltza” izenarekin.
  • Ekilore olioa. Ekilore hazietatik lortzen da olio hori, eta produktu mota honetan gehien erabiltzen dena da; honako hauetan ageri da: Artua, Tulipán Original (%80), Ligeresa, Flora Original, Flora Esencia, Flora Proactiv (%13), Roda (%44), Puleva eta Tulipán palma oliorik gabea. Hau da, aztertu ditugun produktu guztiek daukate, Delínea etxekoak izan ezik.
  • Artoa. Zereal horren hozitik lortzen da. Artua etxeko margarinaren osagai nagusia da (%28).
  • Lihoa. Liho hazietatik lortzen da. Ugari ematen du omega-3, eta osasungarritzat jotzen da horrexegatik. Olio hori darabilte Flora Original, Flora Esencia, Flora Proactiv (%6), Puleva eta Tulipán palma oliorik gabeak.

GANTZAK. Olioak bakarrik erabiliko balira margarinak egiteko, izaera likidoa edukiko lukete giroko tenperaturan, eta ez solidoa eta malgua. Berezko testura hori eduki dezaten, gantzak eransten dizkiete, gehienean landare jatorrikoak; izan ere, animalia jatorrikoek ez dute ospe onik, eta jendeari iruditzen zaio ez direla lehenbizikoak bezain osasungarriak. Honako gantz hauek ageri dira guk aztertu ditugun produktuetan:

  • Palma eta palmistea. Palmondoaren fruituaren mamitik lortzen da lehenbizikoa (Elaeis guineensis L), eta bigarrena, berriz, hazitik. Palma gantza da ohikoena aztertu ditugun produktuetan, seguruenik eskuragarriena eta merkeena delako. Guztiek daukate, salbu eta Flora Esencia, Puleva eta Tulipán palma oliorik gabea izenekoek (azken horrek berariaz nabarmentzen du alderdi hori). Palmiste gantza Delínea etxekoak bakarrik darabil. Beldur asko dago gantz horien inguruan, eta gaur egun erabat deabrututa daude. Harrigarria dirudien arren, gaur egun ez dago argi esaten den bezain txarrak ote diren, baina horrek ez du esan nahi gomendagarriak direnik. Arazo nagusia ez da izaten gantza bera, gantz horrek zer-nolako produktua laguntzen duen baizik: gailetak, opilak…
  • Kokoa. Kokondoaren fruitutik datorren gantza da (Coco nucífera L). Margarina hauek darabilte: Flora Esencia, Roda, Puleva eta Tulipán palma oliorik gabea. Gantz mota horrek zalantza asko eragiten du kontsumitzaileen artean. Egiaz, ez da uste bezain txarra, baina onenetakoa ere ez da, inondik ere. Zientziak esaten digunez, gantz horien ordez gantz azido saturatugabeak hartzeak, adibidez oliba olioa, murriztu egin lezake bihotz-hodietako arriskua.
  • Karité gantza. Bi zuhaitz espezieren hazietatik lortzen da: Vitellaria paradoxa eta Vitellaria nilótica. Zuhaitz horiek Afrika erdialdeko eta mendebaldeko zenbait herrialdetan landatzen dira. Margarina hauek darabilte: Flora Esencia, Puleva eta Tulipán palma oliorik gabea. Oraingoz ikerketa gutxi dago gure inguruan exotikoagoak diren gantz horien gainean. Koko gantzarekin gertatzen den bezala: ez da esaten den bezain txarra, eta ez da miragarria ere. Bestelako gantz osasungarriago batzuekin ordezkatzea da onena.
Erosteko gomendioak
  1. Irakurri produktuaren izena, eta horrela jakingo dugu nolako materia gantzatsua duen eta zenbat gantz.
  2. Zer-nolako olioek eta gantzek osatzen duten eta zenbateko proportzioan ageri diren, esaten badu (ez da nahitaezkoa). Lehenbizikoen artean, oliba olioa, koltza olioa eta liho olioa dira onenak. Bigarrenen artean, koko eta karité gantzak.
  3. Gantz saturatuak zenbateko proportzioan dituzten eta, esaten badu, monosaturatugabeak eta polisaturatugabeak zenbat. Hobe da produktuek kopuru txikietan eduki ditzaten lehenbizikoak eta ugariago azken horiek.
  4. Kontsumoa. Margarina ez da egunero jateko, noizbehinka baizik. Egunerokoan hartzeko, badugu askoz ere aukera hobea: oliba olioa.

Gantz kantitatearen araberakoa izaten da produktu mota

  • Margarina: %80 baino gehiago eta %90 baino gutxiago.
  • Margarina hiru laurden: Gutxienez %60 eta gehienez %62.
  • Erdimargarina: Gutxienez %39 eta gehienez %41.
  • Zabaltzeko materia gantzatsua %X: %39 baino gutxiago // %41 baino gehiago eta %60 baino gutxiago // %62 baino gehiago eta %80 baino gutxiago

Nutrizio arloko informazioa

Nagusiki gantzekin eginak direnez, ia ez dute batere karbohidrato, azukre, proteina eta zuntzik. Hau da, daturik aipagarrienak alderdi hauetakoak dira: energia, gantz kopurua eta gantz saturatuen proportzioa. Horiek baldintzatzen dute gehienbat Nutri-Score sistemako puntuazioa, eta aztertu ditugun guztien artean, bostek C maila lortu dute (Ligeresa, Flora Original, Flora Esencia, Flora Proactiv eta Delínea), eta gainerakoek D maila (Artua, Tulipán Original, Roda, Puleva eta Tulipán palma oliorik gabea).

Gatza kopuru txikietan ageri da aztertu ditugun produktu guztietan (Puleva etxekoak du gehien, %0,76, eta gatz gehiegi duela esateko, %1,25etik gora behar izaten da). Hori horrela izanik ere, mantenugai horrek baldintzatzen du Roda (%0,5), Puleva (%0,5) eta Tulipán palma oliorik gabea (%0,7) non sailkatu. Azken horrek, esaterako, puntuazio kaskarragoa lortu du gantz gehiago eta gantz saturatu gehiago duten beste batzuek baino, adibidez Delínea etxekoak baino. Har dezagun gogoan Nutri-Score sistemak kontuan hartzen duela gantzen eta gantz saturatuen kopurua, baina ez du aintzat hartzen beste gantz batzuen izaera (omega-3, monosaturatugabeak…) ezta horien jatorria ere (lihoa, kokoa…); horregatik, informazio hori osatu egin behar dugu osagaien zerrendan eta nutrizio taulan ageri denarekin.

Orduan, zein da onena?

Xehetasunei erreparatuta, oso konplexua da produktu horien inguruan nutrizio arloko ebaluazio bat egitea. Badakigu, adibidez, oliba olio birjina estra osasungarria dela (nahiz eta propietate batzuk galdu egiten dituen produktu horiek egiteko berotzen denean, kalteak jasaten baititu konposatu batzuetan, adibidez herdoilaren aurkakoetan), baina hain ohikoak ez diren beste olio eta gantz batzuk ebaluatzea zailagoa da, adibidez karité gantza, azterketa gutxi egin delako horien inguruan. Produktu batzuek, gainera, olio eta gantz bat baino gehiago dute nahasian formatu jakin batean, eta ia ezinezkoa da epai bat ematea; are gehiago osagai horiek zenbateko proportzioan ageri diren zehazten ez delarik (horietakoren bat ontzian nabarmentzen denean bakarrik adierazi behar da nahitaez). Gainera, aztertu ditugun marka askok ez dute gantz monosaturatugabeen eta polisaturatugabeen informaziorik ematen nutrizio arloko taulan.

Aukerakoa da informazio hori eman edo ez, baina era honetako produktuetan eskertuko litzateke adieraztea, garrantzi berezia baitu. Gantzen inguruan, orain badakigu ez direla lehen uste zen bezain txarrak. Eta antzeko zerbait esan daiteke gantz saturatuen inguruan ere. Nahiz eta deabrutu egin dituzten, denak ez daitezke sartu zaku berean, denak ez direlako berdinak eta ez dutelako eragin bera osasunean.

Nolanahi ere, gomendiorik kontserbatzaileenak esaten dute gantz saturatuen kontsumoa murrizteak edo gantz saturatugabeekin partzialki ordezkatzeak txikitu egin dezakeela nolabait bihotz-hodietako gaixotasunen eragina. Ikuspegi hori darabilgu produktu horiek aztertzeko, analisia sinplifikatu eta ulergarri egiteko. Nutrizio arloko informazio osatuagoa eskaintzen duten produktuen artean, Flora Original, Flora Proactiv eta Puleva markek dituzte baliorik interesgarrienak begiratu batean, ugari samar ematen baitituzte gantz polisaturatugabeak (monosaturatugabeak eta saturatuak baino gehiago). Ildo horretan, Tulipán Original izango litzateke txarrena, horrek baitu gantz saturatu gehien (%34). Hori gertatzen da osagai jakin batzuk dituelako (palma gantza eta ekilore olioa) eta kopuru handietan dituelako gainera (%80). Atzetik datoz Artua eta Puleva etxekoak (biak %19rekin). Beste muturrean daude Ligeresa, gantz saturatuak %11 dituena, eta Tulipán palma oliorik gabea, %12rekin; balio apalak ageri dituzte gantz mota horretan eta guztizko gantzak ere gutxiago dituzte.

Osasun arloko adierazpenak

Gurinaren ordezko gisa erabili izan da margarina tradizionalki. Horregatik aberasten dute esnearen gantzek izaten dituzten bitaminekin, adibidez A eta D motakoekin. Horietako askok, gainera, E bitamina ere badaukate, baina ez erantsita, berezkoa baizik, konposatu hori berezkoa baita olio eta gantzetan. Interesgarria da bitaminak edukitzea, baina horrek ez digu pentsarazi behar produktua den baino hobea dela (materia gantzatsua da azken batean) eta ez da komeni pentsatzea produktu mota hori hartu behar dugunik beharrizan horiek estaltzeko, mantenugai horiek modu naturalean agertzen baitira elikagai osasungarrietan, adibidez arrautza eta arrainetan. Hori garrantzitsua da omega-3 eta omega-6 gantz azidoei dagokienez ere. Elementu horiei esker, mezu hau jar daiteke ontzian: “Lagundu egiten du kolesterol mailak normal mantentzen”, eta halaxe ageri da, adibidez Puleva eta Delínea etxekoetan, baina horrek ez du esan nahi aparteko onurarik izango dugunik horiek janda. Gantz azi do horiek ere beste elikagai batzuetan aurki ditzakegu, adibidez arrainean.

Delínea margarinaren bi erraziotan (20 g) 0,07 gramo omega-3 daude, eta izokin kopuru berean, berriz, (20 gramo xerra baten hamarrena da) 0,5 gramo inguru. Esterol begetalekin ez da gauza bera gertatzen. Konposatu horiek modu naturalean ageri dira maiz jaten ditugun elikagai askotan, fruta eta berduretan esaterako, baina oso kopuru txikiak dituzte, bai behintzat produktu aberastu batek ematen duenarekin alderatuta, adibidez Flora Proactiv izenekoak. Kalkuluek diote dieta normal batek 150-400 mg artean ematen dituela, eta produktu horren hiru erraziok, berriz (30 g), 2.000 mg ematen dituzte (hau da, 2 gramo). Kantitate hori maiz janez gero, murriztu egingo zaigu kolesterol maila, esterol begetalek antzeko egitura kimikoa dutelako eta lehia egiten dutelako xurgatze mekanismoekin; hau da, organismoari zaildu egiten diote kolesterola xurgatzea.

Nolanahi ere, produktu horiekin kontuz ibili beharra dago, ez delako komeni 3 gramo baino gehiago hartzea horietatik (egunean ez 4,5 errazio baino gehiago Flora Proactiv margarinatik) eta produktu horiek ez direlako egokiak haurdun daudenentzat, bularra hartzen ari direnentzat, 5 urtetik beherako haurrentzat eta kolesterola kontrolatu behar ez dutenentzat. Kolesterolarekin zerikusia duten sendagaiak hartzen ari direnek medikuari galdetu behar diote. Ez dugu ahaztu behar, gainera, bihotz-hodietako gaixotasuna multifuntzionala dela, eta, beraz, odoleko kolesterolaren maila jaisteak ez du esan nahi murriztu egingo denik patologia hori izateko arriskua.

Esnerik gabe?

Legeak aukera ematen du margarinek %3raino eduki dezaten esne jatorriko gantza, baina aztertu ditugun produktuetan ez dute erabili. Horregatik, batzuek nabarmendu egiten dute “begetal” hitza, adibidez Artua eta Flora Original etxeetakoek. Hori horrela izanik ere, baliteke esne jatorriko osagaiak edukitzea, eta batzuek badituzte; Tulipán Originalek gurin gazura dauka, Pulevak esne gaingabetua eta Delíneak esnea lurrin gisa; hori kontuan hartu behar dute pertsona beganoek eta esneari lotutako nahasmenduak dituztenek, adibidez laktosarekiko intolerantzia edo proteinekiko alergia. Marka batzuek horregatik nabarmentzen dute “laktosarik gabeak” direla (Artua, Flora Original, Flora Esencia, Flora Proactiv eta Tulipán palma oliorik gabea), edo elikagai beganoaren ziurtagiria txertatzen dute (Flora Original, Flora Esencia, Flora Proactiv eta Tulipán palma oliorik gabea).

Zenbat gastatzen du etxe batek margarinatan urtearen buruan?

Margarina bat edo bestea hautatzeak badu eragina sakelan ere. Merkeena erosita, urtean 105,12 euro aurreztu daitezke garestienarekin alderatuta. Hau gastatzen du lau kideko familia batek marka bat edo bestea erosi.

  • Roda: 40,88 €
  • Tulipán Original: 49,64 €
  • Artua: 65,70 €
  • Flora Original: 73 €
  • Ligeresa: 75,92 €
  • Delínea: 77,38 €
  • Tulipán palma oliorik gabea: 106,58 €
  • Puleva: 127,02 €
  • Flora Esencia: 135,78 €
  • Flora Proactiv: 146 €

Lau kideko familia batek urtearen buruan gastatzen duena, kide bakoitzak egunean margarina errazio bat hartuz gero (10 g).

Gurina edo margarina?

Margarinaz hitz egiten denean, galdera bera sortzen da beti: hobe da produktu hori edo gurina hautatu behar da? Denboran zehar aldatu egin da produktu horiek ikusteko modua eta baita horien inguruko ezagutza ere. Orain dela urte batzuk arte nolabait gaizki ikusia zegoen animalia jatorriko gantzak edukitzea, bihotz-hodietako gaixotasunei lotuta egon baitira tradizionalki. Horrexegatik hautatzen zen gurina, zeina landare jatorriko olio eta gantzez osatua baitzegoen sarri askotan, nahiz horrek ere ez duen eduki ospe onik, ez baita gurina bezain “naturala”. Azken urteetan gutxika-gutxika igo egin da gurinaren kontsumoa (2010ean 0,24 kg hartu zituen pertsona bakoitzak eta 2019an 0,34 kg), agian gero eta irudi hobea duelako, eta margarinarena, berriz, jaisten joan da nabarmen (0,81 kg-koa zen kontsumoa 2010ean eta 0,59 kg-koa 2019an). Nolanahi ere, azken hori oraindik ere gehiago kontsumitzen da lehenbizikoa baino.

Gurinaren ezaugarriak uniformeak dira, hau da, marka guztiek dute osaera berdintsua (nahiz eta alde batzuk egon litezkeen, adibidez zaporeari dagokionez). Margarinaren osaera, aldiz, asko aldatzen da produktu batetik bestera. Gaur egun badakigu gurina ez dela garai batean uste zen bezain txarra, nahiz eta oraindik ikerketa askok esaten duten hobe dela gantz saturatuak baztertu eta saturatugabeak hartzea. Horregatik, zenbait erakundek adierazten dute hobe dela margarina guria hartzea (hau da, olio asko dutenak gantza beharrean), gantz gutxikoa eta trans gantzik gabea; iritzi horretakoak dira, adibidez, Bihotzaren Ameriketako Fundazioa eta Harvard-eko Unibertsitatea. Nolanahi ere, ez dugu ahaztu behar gurinaren eta margarinaren arteko eztabaida okerreko dilema bat dela. Horien ordez, hobe da oliba olioa hartzea, zalantzarik gabe: osasungarriagoa da eta oso eskura daukagu gure inguruan.

Ondorioak

Garbi eduki behar dugu margarina, gainerako materia gantzatsu guztiak bezala (adibidez, gurina), ez dela osasungarria. Alde handiak daude, hala ere, marka batzuetatik besteetara, bai gantz kantitateari dagokionez eta bai bakoitzak duen olio eta gantz motari dagokionez ere. Kalitate komertzialaren ikuspegitik egokiagoa da gantz ugariko margarina, adibidez Tulipán Original (%80) edo Flora Esencia (%70), baina horrek talka egiten du nutrizio arloko alderdiekin.

Osaerari dagokionez, hobe da gantz saturatu gutxikoak izatea eta kopuru handietan edukitzea gantz polisaturatugabeak. Hau da, olio osasungarriekin eginda dauden margarinak hautatu behar genituzke, adibidez oliba olio birjina estrarekin, koltza olioarekin eta liho olioarekin eginak, gantz gutxi dutenak, eta gantz horiek kokoarenak edo karitéarenak izatea komeni litzateke, eta ez palmarenak. Hori guztia kontuan hartuz, Flora Esencia eta Flora Original dira produkturik gomendagarrienak. Eta kalitate-prezioei begiratzen badigu, bietan azkena hobetsiko genuke. Nolanahi ere, komeni da argi edukitzea gure inguruan baditugula aukera osasungarriagoak.

Zer jaten dugu txigorki bat margarinarekin hartzean?

Gida honetan aztertu ditugun produktuen balioekin batez besteko bat egiten badugu, margarina errazio bakoitzak (10 g) zera ematen du 51 Kcal, 5,7g gantz (horietatik 1,7 g saturatuak):

  • 51 kcal Maria erako bi gailetak ematen duten energia da.
  • 5,7 g txokolate esnedunaren bost ontzat (20 g) ematen duten gantz kantitatea
  • da 1,7 g jogurt natural batek (125 g) dituen gantz saturatuak dira

Gantz motaren arabera aukeratu beharra dago