Haurren gizentasuna: prebentzioa etxean hasten da

Familia funtsezkoa da haurren artean ohitura osasungarriak zabaltzeko. Gaur egungo bizimodu gero eta estresatuagoarekin eta lanaldi luzeekin, ordea, gurasoek ez dute izaten denbora askorik menuak planifikatzeko, erosketak egiteko edo kozinatzeko. Aztertu egin dugu gurasoek zer-nolako oztopoak eta erronkak dituzten seme-alaben gizentasunari eta gehiegizko pisuari aurre egiteko.
1 uztaila de 2021

Haurren gizentasuna: prebentzioa etxean hasten da

Haurren gizentasuna osasun publikoaren arloko arazoa da, eta alderdi asko hartu behar da kontuan horri aurre egiteko. Politika sozialak beharrezkoak dira, baita hezkuntza eta osasun arloko politikak ere, baina horiek ez dira aski izango familia kontuan hartu ezean. Familia delako, segur aski, egiturarik garrantzitsuena pisu osasungarriaren alde egiteko: etxean dauden ohiturak (zer-nolako elikagaiak hautatzen diren eta nola prestatzen diren, zein ordutan egiten diren otorduak, nolako arauak dauden telebista ikusteko edo pantailekin jolasteko, zein diren aisialdiko eta ariketa egiteko errutinak…) eta gurasoek ematen duten eredua funtsezkoak dira eta berdin izan daitezke arazoaren zati edo irtenbidearen ate.

Garrantzitsua da ongi mugatzea analisia egiteko ikuspegi guztiak: gizartea estresaturik bizi da eta ia ez dago denborarik menu orekatuak planifikatzeko, elikagaiak irizpide egokiekin hautatzeko eta kozinatzeko; industriak ustez laguntza ematen du denbora falta horri erantzuteko eta janari lasterra eskaintzen du, gustagarria eta hiperkalorikoa; publizitateak presio handia egiten du eta zaila da horri ixkin egitea…

“Kausen gainetik, gogoan eduki behar da gizentasunean esku hartzen duten faktoreetatik bakar bat ere ez dagoela haurraren kontrolpean”. Margaret Chan doktorearen hitzak dira, zeina Osasunaren Mundu Erakundeko zuzendaria izan baitzen 2017. urtea arte. Ildo horretan bertan, Gizentasuna Ikertzeko Nazioarteko Elkarteak (IASO) 2013an argitaratu zuen ikerlan batean ondorioztatu zuenez (Obesity Reviews aldizkarian), gurasoen artean arduraz jokatzeko jarrera sustatzea funtsezkoa da haurren artean gizentasunik ez agertzeko edo egoki tratatzeko behin agertu denean. “Haurren gizentasunean adituak direnek gomendatzen dute eskola-aurreko eta lehen hezkuntzako urteetan gehiegizko pisuaren prebentzioa egiteko eta horri tratamendua emateko, gurasoekin egin behar litzatekeela lana”, horixe dio ikerlanak.

Nola jaten da etxean? guztiei eragiten dien gaia

Familiari begiratu behar zaiola esaten dugu, baina ez dezakegu ahaztu familia horrek zer-nolako ingurua duen: maila sozioekonomiko eta kulturalak baldintzatu egingo ditu dietari loturiko ohitura asko eta erosketak egiteko modua. Era berean, oso kontuan hartu behar da azken hamarkadetan asko aldatu dela gizartea; emakumea lan merkatuan sartzeak, adibidez, dinamika eta rol berriak agerrarazi ditu etxean.

Lanaldiak oso luzeak dira hainbatetan, etxetik lanerako joan-etorriak ere bai askorentzat, langileek hara eta hona ibili behar izaten dute lana dela medio… Egoera horretan, ez da denbora askorik gelditzen menuak planifikatu, erosketak egin edo kozinatzeko, eta nekez espero liteke dieta bera orekatua eta osasungarria izatea. “Ez dago denborarik, indarrik eta gogorik”, azpimarratu du Carlos Casabona pediatra, idazle eta dibulgatzaileak. Etxekoandre tradizionalaren zeregina lausotu egin da eta etxerik gehienetan inork ez du ardurarik hartzen familia modu osasungarrian elikatu dadin.

Garestia al da modu osasungarrian jatea? 

Denbora falta are agerikoagoa da baliabide gutxien duten familietan. Aspaldiko urteetan hainbat azterketa egin da pobreziak eta haurren gizentasunak duten loturaren artean. Harreman hori garbi ikusi zuten Ameriketako Estatu Batuetan, eta izena ere jarri diete gunerik txiroenei; “elikagaien basamortuak”. “Horietan ez dute eskaintzen elikagai fresko edo kalitatezkorik. AEBetan askoz merkeagoa da gaizki jatea modu osasungarrian egitea baino”, azaldu du Jose Ordovas doktoreak, Tufts-eko Unibertsitateko Genomika eta Nutrizio Laborategiko zuzendari eta Obesity liburuaren koordinatzaileak. Espainian, badirudi joera antzeko dela, edo hori ageri da, behintzat, Aladino txostenaren emaitzetan: urtean 18.000 euro gordinetik beherako diru sarrera duten familietako haurren %23,2k gizentasuna daukate; portzentaje hori %11,9koa da 30.000 eurotik gorako diru sarrerak dituzten familietan. “Berdura kiloa garestiagoa da esnezko ogiak dituen poltsa bat baino. Mundu guztiak ez dezake gastatu dirua fruta eta elikagai freskoetan”, azaldu du Teresa Cenarro doktoreak, Lehen mailako Arretako Espainiako Pediatria Elkarteko presidenteordeak (AEPap). Paradoxa hauxe gertatzen da herrialde aurreratuetan: argaltzea baino merkeagoa da gizentzea.

Ildo horretan, Casabona doktoreak azaldu duenez, “dibulgatzaile askok esaten du ongi eta merke jan daitekeela. Ez nago guztiz ados. Egin daiteke, bai, baina maiz samar errepikatuz eta kalitate ertaineko jakiekin: lekaleak, arroza, pasta eta patatak; fruta gutxi; barazkiak oinarrizkoak, eta bigarren edo hirugarren mailakoak. Aldiz, opilak, hestebeteak eta fianbreak, haragi prozesatuak, zuku ontziratuak, freskagarriak, poltsako patata frijituak, gantxitoak, oso merke daude eta kaloria pila bat ematen dute eta, gainera, zapore bizia izaten dute eta haurrek oso atsegin izaten dituzte”.

Gurasoen heziketa

Haurtzaroa eta etorkizuna: errealitate berriak, erronka berriak ikerlana egin du Haurtzaroaren Behatokiak, eta hor ageri denez, Bigarren Hezkuntza bukatu duten gurasoen haurrek probabilitate txikiagoa dute gizentasuna izateko, bereziki gurasoek –eta, zehazki, amak– unibertsitate ikasketak baditu. Hainbat ikerketak dioenez, amaren maila kulturalak du garrantzi gehien, segur aski hark jarraitzen duelako kudeatzen etxeko otorduak. Ildo horretan, ondorio hau atera zuen Etelvina Suarez doktoreak koordinatu zuen proiektu batek, zeina Avilesko San Agustín Ospitaleko Pediatria Saileko burua den (NAOS Estrategia saria eman zion Espainiako Osasun Ministerioak): “Amak zenbat eta ikasketa gutxiago –aitak ez zuen eraginik–, orduan eta handiagoa zen gehiegizko pisua zuten haurren portzentajea”.

Baina hain garrantzitsua al da nutrizio arloko heziketa? Familia mota bakoitzak zenbat elikagai osasungarri jaten duen aztertuz gero, ikusiko dugu haur txikiak dituzten familiek jaten dutela fruta gutxien (urtean 47,3 kilo pertsona bakoitzeko), halaxe dio Elikagaien Kontsumoaren Txostena Espainian izeneko lanak. Erretiratuek, berriz, ia lau aldiz gehiago jaten dute (urtean 174,4 kilo pertsona bakoitzeko). Hau da, ohiturak oso garrantzitsuak dira elikagai osasungarriak hautatzeko garaian, eta horregatik, adinekoen belaunaldiek jaten dute fruta eta berdura gehien, horiek haur ziren garaian askoz elikagai industrial gutxiago baitzegoen.

Faktore erantsi bat

Haurtzaroa eta etorkizuna txostenak beste hau ere esaten du: “Haur migranteetan handiagoa da gizentasun arazoak dituztenen portzentajea bertan jaiotakoen artean baino (%21 eta %16, hurrenez hurren). Beste ezaugarri soziodemografiko batzuen eragina aztertzen badugu, zera ikusiko dugu: bost eta hamar urte arteko haurretan jatorri migrantea dutenek ia %80 arrisku handiagoa dute gizentasuna izateko bertan jaio diren gurasoen haurrek baino. Hiru faktore horiek nahasi egiten dira askotan, halaxe baieztatu du Carlos Casabona pediatrak: “Muga askorekin datozen pertsonak aurkitzen ditugu: askotan ez dute heziketa egokirik osasun arloan eta elikagaien eskaintza urria den herrialdeetatik datoz. Kontsultan gizentasun gehiago ikusten dut baliabide gutxien duten klaseetan, bai ekonomikoki eta bai kulturalki”. Baliabide gutxien duten familietan, gainera, elikagai osasungaitzak sari gisa ikusten dituzte askotan, adibidez freskagarri azukretsuak eta hanburgesak, ez baitute aukerarik beste gutizia batzuk eskaintzeko.

Profesionalen aholkua

Nork erabakitzen du haur batek zer jan behar duen? Osasun arloko profesionalaren eragina (pediatra, pediatriako erizaina edo dietista-nutrizionista) txikitu egiten da haurra handitu ahala. Hau da, haurtxoa denean bai, eskatzen diogu aholkua eta betetzen ditugu hark emandako jarraibideak, baina haurrak urtebete egiten duen garaia bereziki arriskutsua izaten da nutrizioaren ikuspegitik, txikitu egiten baita pediatrak emandako gomendioen eragina eta indar gehiago hartzen dute familiako ohiturek, eta horiek batzuetan urrundu egiten dira elikadura osasungarritik.

Haurrek jan, gurasoek hautatu

Lehenbiziko haurtzaroan, haurtxo izateari utzi berritan, haurrak ez du aukeratzen: ematen zaiona jaten du. Horixe da unea elikagai askotarikoak, freskoak eta osasungarriak eskaintzeko. “Haurrek ez dute erosten eta ez dute kozinatzen”, nabarmendu du Cenarro doktoreak. “Erosi dena jaten da etxeetan, biltegian edo hozkailuan dagoena. Helduek daukate erabakitzeko ahalmena; ohitura txarrak badituzte, oso zaila da horiek aldatzea”. Horrela da: haur batek ez du eskatzen xerra birrineztatua nahi duela plantxan egindakoaren ordez, esne gaina jarri nahi diola krema bati, bexamela azaloreari edo urdaia lekale batzuei. Baina txikitatik ohitzen bada hain ahogozo atsegina duten elikagaietara, gero ere horiek eskatuko ditu.

Ohituren kontuak gurasoen ispilura garamatza: gu gara eredua haurrentzat (ona edo txarra). Berdurarik eta frutarik hartzen ez badugu, opil industrialak eta elikagai ultraprozesatuak jaten baditugu, gure seme-alabek pentsatuko dute hori dela ohikoena. Funtsezkoa da gure seme-alabei eredu ona ematea. Denbora eskaini behar zaio, etxe barnean eta kanpoan. Familia askok haurraren inguruan egiten du erosketa, eta hori ona izan daiteke, baina txarra ere bai, zer-nolako joerak sustatzen diren.

Zer-nolako familia motak jaten du fruta gehien

Haur txikiak dituzten bikoteek jaten dute fruta kilo gutxien urtearen buruan. Gehien, erretiratuek. Horrek erakusten du ohiturak ta inguru soziala garrantzitsuagoak direla dieta osasungarria egiteko garaian.

Noizbehinkako elikagaiak, ohiko bihurtzen direnak

Eskolako adinean dauden haur askok saihestu beharrekoak eta oso noizbehinka jatekoak diren produktuak (adibidez, hilean behin) jaten dituzte maiz samar. Haur batzuek, esaterako, astean lau aldiz jaten dituzte gisa horretako elikagaiak.

Herri jakintzatik adinekoen dietak duen pisura

Baina baldintza ekonomiko, sozial eta kulturalek ez dute osotara azaltzen familiek nolako zeregina duten haur gizentasunaren arazoan. Horren erakusgarri da Aladino azterketaren datu hau: diru sarrera handiak dituzten familietan, haurren %12k daukate gizentasuna. “Etxe guztietan izaten dira arrisku faktoreak. Haur gizentasuna duten familietan, faktore horietako batzuk elkartu egiten dira aldi berean eta, gainera, luzaroago irauten dute”. Ondorio hori atera du Sonia Morenok, zeina Elikaduraren Soziologia Ikertzeko Taldean ari den Oviedoko Unibertsitatean eta honako ikerketaren egilea den: La obesidad como problema social: un análisis de las prácticas alimentarias y de actividad física en hogares con y sin obesidad infantil (Gizentasuna arazo sozial gisa: elikatzeko moduen eta jarduera fisikoen analisi bat haur gizentasuna duten eta ez duten etxeetan).

Ikerketa horren arabera, otorduak prestatzeko, denbora aurrezteko eta baliabideak kudeatzeko moduen inguruan herri jakintza handia duten etxeetan, nahiz eta diru asko ez eduki, emaitza osasungarriagoa lortzen dute. “Sukaldeko konpetentziek asko laguntzen dute”, azaldu du Morenok. Gainera, gurasoetako batek gizentasuna duenean eta bizitzan zehar dietak egin eta emaitza onik lortu ez duenean, ikusten da diskurtso genetikoak indarra hartzen duela, azken urteetako joerari jarraituz. “Horrekin gelditzen dira, ‘ez dago zereginik, nire metabolismoa da’, nahiz eta gaur egun badakigun ohiturak aldatzeak eragin handiagoa duela oinarri genetikoak baino” azaldu du Morenok.

Zenbateraino eska dakieke gurasoei?

Carlos Casabona pediatraren esanetan, gizentasunaren fenomenoarekin zerikusia duten 100 faktore baino gehiago identifikatu dira. “Haurrei dagokienez, nire iritzia da familiak –eta hari loturiko faktoreek– %85eko pisua dutela gutxienez”. Familiak funtsezko zeregina du seme-alabengan ohitura osasungarriak sortu eta lantzeko, baina zeregin handi hori ez daiteke utzi familiaren esku, eta baliabide guztiak eta behar den babesa eman behar zaio haurrei ohitura osasungarriak transmititzeko.

Haurren gizentasuna eragiten duten faktoreetako bat izan daiteke arazoari egiazko neurririk ez hartzea; gizentasuna duten haurren gurasoak ez dira jabetzen egiaz zein larria den arazoa, eta, ondorioz, haurrak ere ez. Aladino azterketaren emaitzetan ere ikusten da hori: “Guraso askok errealitatearen ikuspegi distortsionatua dute haien seme-alaben egoera ponderalari dagokionez”. Horrela, gehiegizko pisua duten haurren gurasoen artean, hamarretik bederatzik pentsatzen dute neska-mutikoek pisu normala dutela. Eta gizentasun larria dutenen artean, 10 gurasotatik bi ez dira jabetzen haurrak arazo bat duela. Horien artean, %11,7k bakarrik uste dute haurrek “gehiegizko pisu arina” dutela.

Jabetzen al dira gurasoak arazo horretaz? Eztabaida hori iritsi da komunitate zientifikora, eta pediatrak kezkaturik daude. Teresa Cenarro doktoreak azaldu digunez, guraso askok agertzen du kezka seme-alaben nutrizio egoeraren inguruan haurrari azterketak egitera joandakoan, “baina beste hainbatek, eta ez dira gutxi, uste dute haurtzaroan gehiegizko pisua izateak ez duela ez garrantzirik eta ez ondoriorik ere. Askotan esaten dizute sobera dituen kilo horiek galduko dituela luzatzen denean”. Guillermo Rodriguez ere iritzi berekoa da: “Guraso askok hortxe jarraitzen dute, luzatze kontu horiekin, baina ez da egia gantz guztia luzatzen eta desagertzen denik. Gainera, lehenbiziko urteak oso garrantzitsuak dira ohitura onak hartzeko”.

Menu osasungarria prestatzeko aholkuak

EROSKETA EGITEAN

  • Planifikatu ezazu asteko menua eta ez inprobisatu. Erosketa zerrenda bat eraman ezean, azkenerako janari lasterra aukeratzen da eta ohitura osasungaitzak sustatzen dituzten elikagaiak.
  • Ez erosi inolako ultraprozesaturik. Ez dira galarazi behar, baina hobe da haurrek gisa horretako produkturik ez aurkitzea etxean. Noizbehinka jatekoak dira eta, beraz, ez dugu etxean zertan eduki.
  • Fruta, berdura eta lekaleak beti hartu behar dira, eta proteina iturriak aldatuz joan. Sasoiko produktuak aukeratzea da onena, merkeago egoten dira eta.
  • Hautatu aukera osasungarriak eta erraz prestatzekoak. Aukera errazak eta azkar prestatzekoak izaten dira berdura zatitu eta izoztua (ez dute galtzen nutrizio arloko propietaterik), berdura kontserbak, arrain kontserbak eta lekale egosiekin eginak.

SUKALDEAN

  • Ez erabili zapore emailerik, adibidez azukrea. Haurrek ohitura hartzen badute esneari edo jogurtari azukrea botatzeko, gero ez diote zaporerik hartuko frutari eta, ondorioz, zailagoa izango da ohiko elikagaien artean sartzea. Beste aukera batzuk erabil daitezke gozotasuna emateko, adibidez datilak edo kanela.
  • Sukaldeko tekniketan, eman lehentasuna gantza eransten ez dutenei edo produktua asko aldatzen ez dutenei. Onena: plantxa, labea, papillotea edo lurruna. Saihestekoak: frijitzea, birrineztatzea edo arrautza- -irinetan pasatzea. Erabili espeziak. Helburua da hainbat zapore dasta ditzatela, baina beti elikagaiarena estali gabe. Lagundu egiten dute kopuru txikiagoan erabiltzen gatza edo zaporea indartzekoak.
  • Ez prestatu plater bereziak haurrentzat. Onena da menu osasungarri bakarra prestatzea haurrentzat eta gurasoentzat.
  • Erabili ezinbesteko elikagaiak. Prestatu barazkiak bazkaritan eta afaritan osagai nagusi gisa edo guarnizioan. Frutak (osoak eta ez zuku eginda) gosaritan, postrean eta ordu artean.

ETXETIK KANPO

Askotan, haurrentzako menuetan haragi prozesatu asko izaten da, saltsak, patata frijituak eta pasta. Halakoetan, hobe da menu orokorreko platerak hautatzea. Heldu batek jaten dituen gauza berak jan ditzake haur batek, baina kopuru txikiagoan.

Iturria: Daniel Ursua, dietista-nutrizionista.

Prebentzioa eta tratamendua

“Kontsultan ez dugu egiten balorazio subjektiborik, baditugu bitartekoak neurtzeko eta objektiboki esateko haur batek pisu gehiegi duen bere neurrirako eta adinerako”, adierazi du Cenarrok, baina hau erantsi du, hala ere: “Oso zaila da arlo horretan emaitza onak lortzea, etsigarria da pixka bat, eta oso poz gutxi ematen digu”.

Kontua ez da bakarrik gurasoek egoera onartu nahi ez izatekoa; gakoa da, batez ere, “egoera zuzentzeko aldatu egin behar dutela jateko modua. Ezin da errua inoren gain jarri, horrela lortzen den gauza bakarra familia urruntzea baita, eta ez laguntzea. Beraz, errietarik egin gabe, azalpenak eman behar dituzu, denek elkarrekin, beharrezko diren neurrian har ditzagun. Gizentasunaren arloan, behartzeak ez garamatza inora”, azaldu du. Lehenbiziko pausoa da etxean zehazki zer jaten den jakitea. “Horregatik, oso interesgarria da inkesta bat egitea eta han azal dezatela haurrek zer jaten duten zenbait egunetan; horrela aztertzen da zer jaten dute”, adierazi du Cenarrok. “Familiarekin aztertzen da hutsegitea non egon daitekeen, eta nutrizio arloko aholku egokiak ematen dira kasu bakoitzerako”, erantsi du.

Hautatzeko ardura

Gurasoen ardura da haurrak produktu osasungaitzetatik babestea. Baina, aldi berean, sarri askotan arazoak izaten dituzte denbora egoki kudeatzeko. Etxetik kanpo ordu asko lanean ematen dituztenek eta etxeko lanetan laguntzarik izateko baliabiderik ez dutenek lanetik itzuli takoan egin beharko dituzte, ahal duten bezala. Jesus Garrido pediatrak dioenez, horrek berekin dakar etxean “nagusiki elikagai industrial aurre-kozinatuak jatea eta jateko prest dagoen janari asko izatea. Janari industrialaren ezaugarri bat izaten da, lehiakideek baino gehiago saltzeko, harenak baino zapore hobea izan behar duela. Eta hori erraza da: zaporeak indartzeko, aski da gatz gehiago botatzea, gantz saturatu gehiago edo azukrea, eta kontserbagarriak, koloragarriak eta nutrizio funtziorik ez duten beste gehigarri batzuk. Horien guztien helburua da gustagarriagoak izatea”.

Inguruan baldintza eta muga asko izaten da eta zaildu egiten dute gurasoek aukera osasungarriak egitea. Beren ardura har dezatela eskatzen zaie, baina aztertzekoa litzateke ea baduten gaitasunik eta modurik baldintza horiek gainditu eta ezetz esateko. Gogoeta hori ageri da Julio Basulto nutrizionistak eta Francisco Ojuelos abokatuak idatzitako artikulu honetan (elikadura arloko zuzenbidean espezialista da azken hori): Libertad parental como barrera frente a la publicidad de productos alimentarios malsanos dirigidos al público infantil (Gurasoen askatasuna eta haurrei zuzentzen zaizkien elikagai osasungaitzen publizitatea aurrez aurre), zeina Lehen mailako Arretako Pediatriako Aldizkarian argitaratu baitzen.

Ondorio hauxe ateratzen dute hor: “Guraso gehienek ez dute nutrizio edo osasun arloko ezagutza egokirik, ezta gaitasunik ere interes komertziala duen manipulazioari egiaz aurre egiteko, askotan horren helburua izaten baita haurrak ez diezaiela kasurik egin hura zaintzeko ardura duten helduei”. Eta beste hau ere eransten dute: “Eztabaida askatasunaren eremuan kokatzea, hau da, esatea gurasoek askatasuna dutela haurrei zuzendutako elikagai osasungaitzak ez erosteko, eztabaida faltsutu nahi izatea da, arauak modu masiboan eta egiaztatuan urratzen diren testuinguru batean gainera, zeren aukeratzeko abagunean jarri aurretik, kontsumitzaileak babes eraginkorra eskuratu behar bailuke publizitate desleialaren aurrean”.

Plater orekatua

Sarri askotan, familiak ideiarik gabe gelditzen dira bazkari edo afari osasungarriak prestatzeko. Laguntza eman nahian, Harvard-eko Osasun Publikoko Eskolak plater eredu bat sortu zuen, non dietan ezinbestekoak diren elikagai multzo guztiak ageri diren. Hona hemen zenbait proposamen haurrentzako menu osatu bat prestatzeko.

Barazkiak: menuaren erdiak fruta eta barazkietan oinarritua egon behar du.

Proteikoak: laurden bat izan behar dute proteina iturri osasungarriek (arraina, hegazti haragia, lekaleak edo fruitu lehorrak). Murriztu egin behar dira haragi gorriak, fianbreak eta haragi prozesatuak.

Irinkarak: aletik datozen zerealak (osoko ogia, osoko pasta, osoko arroza…). Mugatu egin behar da zereal finduen kontsumoa, adibidez arroz eta ogi zuriarena.

Du hori plater bakarrean edo bitan moldatu daiteke. Elikagai mota horiek modu batean baino gehiagotan konbinatu daitezke. Adibidez:

  • Lehen platera: barazkiak eta osoko irinkarak, lekaleak edo tuberkuluak.
  • Bigarren platera: elikagai proteikoa (lekaleak, arraina, arrautzak, haragia).
  • Guarnizioa: barazkiak eta/edo osoko irinkarak, lekaleak edo tuberkuluak.
  • Postreak: fruta freskoa.
  • Laguntzeko: osoko ogia eta ura.
  • Kozinatzeko eta ontzeko: oliba olioa.

Afaritarako proposamena

  • Astelehena. Barazkiak + irinkarak: lekak patata eta baratxuri erregosiekin // Proteikoa: tortilla frantsesa // Fruta: sagar xerratua
  • Asteartea. Barazkiak: kalabaza eta patata krema haziekin // Proteikoa + barazkiak + irinkara: oilar xerra erremolatxa birrinetan pasatuta // Fruta: granada
  • Asteazkena. Barazkiak + proteikoa: dilista entsalada (dilistak, tomatea, piperra, tipula eta olibak) // Irinkara: osoko ogia // Fruta: mazedonia
  • Osteguna. Irinkara: osoko pastaz egindako zopa // Barazkiak + proteikoa: oilasko kroketak barazki erregosiekin // Fruta: sagarrak, ataletan moztuta.
  • Ostirala. Proteikoa + barazkia: garbantzu entsalada letxugarekin, espinakekin, kanonigoekin, sagarrarekin eta intxaurrekin // Fruta: mandarinak.

Iturria: Elikadura osasungarria eskola garaian (2020), Kataluniako Osasun Publikoko Agentzia.

Nutrizioaren dekalogoa gurasoentzat

Beren elikaduran parte har dezaten animatzea. Erosketa zerrenda egiten, dendara joaten, sukaldean laguntzen… Jarduera hezigarriak dira eta, gainera, elikadura osasungarriagoa egiteko aukera ematen dute.

Etxean eta familian kozinatzea. Aukera ona da haurrek hainbat eratako elikagaiak dasta ditzaten eta horrela handitu egingo da haiek prestatzen dituzten platerekiko interesa.

Familian bazkaltzea (edo afaltzea). Ebidentzia zientifiko askok baieztatzen dute ohitura hori onuragarria dela hainbat zentzutan; besteren artean, murriztu egiten du haurtzaroan gizentasuna izateko arriskua.

Haurra da, eta zaindu egin behar zaizkio errazioak. Haurrei gero eta errazio handiagoak ematen zaizkie, eta ondorioz gehiegi jaten dute eta handitu egiten da gehiegizko pisua edo gizentasuna izateko arriskua.

Hobe da saria ematea eta ez zigorra jartzea. Fruta jan ez duelako zigorra jartzen bazaio, gerta daiteke elikagai hori gorrotatzea. Hobe da pizgarri on bat ematea janari osasungarria jaten dutenean.

Haiekin batean ikusi telebista, Youtube-ko kanalak eta sare sozialak. Lagundu egin behar zaie produktu osasungaitzak identifikatzen, publizitateak erabiltzen dituen mezuak antzematen. Adibidez, marrazki bizidunetako pertsonaiak edo kirolarien irudiak erabiltzen ote dituzten haien arreta bereganatzeko.

Mugak eraikitzea. Mugak beharrezkoak dira garapenean zehar, eta lagungarriak dira haurrak modu seguruan eta konfiantzazkoan hazi daitezen. Helduek erabakitzen dute zer bazkalduko edo afalduko duten haien beharren arabera, ez haurrak beren nahien arabera.

Aholkua eskatzen ikastea. Funtsezkoa da gurasoek espezialistei, nutrizionistei edo pediatrei aholkua eskatzen jakitea, adibidez hezteko garaian lagungarriak izango zaizkien gomendioak.

Eredu ona ematea. Hurbileko familiak eredu gisa jokatzen du eta haurrek haiei begiratzen diete, eta haiengandik ikasten dituzte jokabideak, jarrerak eta bizi estiloak.

Nutrizio arloko informazioa irakurtzen erakustea. Horrela, elikagairik osasungarrienak hautatuko dituzte.

Iturria: Haurren gizentasunak Espainian duen egoeraren inguruko ikerketa.

Kantitate kontua: errazio gomendatua adinaren arabera

Osasunaren Mundu Erakundeak emandako datuen arabera, errazioen neurria nabarmen handitu da azken 20 urteetan. Gida txiki hau baliagarria izan daiteke orientazio gisa elikagai multzoen kantitateak doitzeko.

3-6 urte

  • Berdurak. Plater nagusia: 120-150 g (katilukada bat) // Guarnizioa: 60-75 g (katilu erdia).
  • Lekaleak. Plater nagusia: 30 g (zopako 5 koilarakada, egosita) // Guarnizioa: 15 g (zopako 3 koilarakada, egosita).
  • Patatak. Guarnizioa: 90-100 g.
  • Arroza edo pasta. Plater nagusia: 50-60 g (zopako 7-8 koilarakada, egosita) // Guarnizioa: 20-25 g (zopako 4 koilarakada, egosita).
  • Osoko ogia. Laguntzeko: Hiru hatzeko lodiera duen xerra bat edo pieza bat (30 g).
  • Jogurt naturala. Erdia edo ale bat.
  • Arraina. Xerra ertain bat (70-80 g).
  • Arrautzak. Ale 1.
  • Haragia. Xerra txiki bat (50-60 g).

7-12 urte

  • Berdurak. Plater nagusia: 120-150 g (katilukada bat) // Guarnizioa: 60-75 g (katilu erdia).
  • Lekaleak. Plater nagusia: 60 g (zopako 10 koilarakada, egosita) // Guarnizioa: 30 g (zopako 5 koilarakada, egosita).
  • Patatak. Guarnizioa: 90-100 g.
  • Arroza edo pasta. Plater nagusia: 60-80 g (zopako 8-10 koilarakada, egosita) // Guarnizioa: 20-25 g (zopako 4 koilarakada, egosita)
  • Osoko ogia. Laguntzeko: Hiru hatzeko lodiera duen xerra bat edo pieza bat (30 g)
  • Jogurt naturala. Ale bat (125 g).
  • Arraina. Xerra handi bat (100-120 g).
  • Arrautzak. 1-2 ale.
  • Haragia. Xerra ertain bat (80-90 g).

Fruta (gutxienez, egunean hiru errazio). Errazio bat izango litzateke: fruta txikien 2 pieza, adibidez kiwiak, mandarinak edo aranak // Fruta ertainen pieza bat, adibidez sagarra, laranja edo banana // Sandia edo meloi xerra bat, bi hatzeko lodiera duena.

Iturria: Haurren otorduak laguntzea, Kataluniako Osasun Publikoko Agentzia eta egileak landua.

“Mende bat beharko genuke haurren gizentasunean 1984an genituen zifretara itzultzeko”

Carlos Casabona, pediatra eta dibulgatzailea

Hogeita hamar urte baino gehiago daramatza pediatriako kontsulta batean. Denbora horretan lehen lerrotik ikusi du nolako aldaketak gertatu diren (demografikoak, sozialak, ekonomikoak eta kulturalak) eta horiek zer-nolako eragina izan duten haurren gizentasunean. Carlos Casabonak aho bizarrik gabe salatzen du zer-nolako faktoreak dauden epidemia horren atzean. Berak nabarmentzen duenez, “elikagaien industriak eta publizitatearen indarrak asko baldintzatzen dituzte familien erabakiak elikagaiak hautatzeko orduan”.

Zergatik kostatzen zaie hainbeste gurasoei produktu osasungarriak aukeratzea? Etxetik kanpo elikagai osasungarriak ez daude oso eskura eta ez dira merkeak. Bidaian joaten garenean, tren geltokietan, hegazkinean eta gasolindegietan ez dugu aurkituko fruta fresko osorik zentzuzko prezioan. Jatetxeetan, postrerako flanak eskaintzen dituzte, natillak, mousseak… Eta, gainera, oso zaila da publizitateari ez ikusiarena egitea.

Eta supermerkatuko erosketan? Osasun arloko aipuekin bonbardatzen gaituzte osasungarriak ez diren produktuetan. Burdina asko duten opilak; kakao bitaminadunak, esnearekin nahasi eta indarra eta energia ematen dutenak… Ez dute gezurrik esaten, baina zaildu egiten digute produktuaren egiazko osaera zein den jakitea.

Gurasoek ez al dute garai batean baino informazio gehiago? Bai, baina ez da aski. Familiek badakite opil industrialak eta freskagarriak ez direla osasungarriak; hortik aurrera, beren neurriak hartzen dituzte. Baina nahasita jarraitzen dute “gosaritarako” omen diren zerealekin. Haurrak ontziko marrazkien eta oparien eraginpean daude; gurasoak, bitaminen eta mineral inguruko informazioak baldintzatuta, eta ez dira ohartzen azukreak erruz ematen dituztela. Beste arazo bat izaten da “defentsak laguntzeko” jogurtekin, fruta “zaporeko” jogurt azukretsuekin…

Kontsultan gauza horietaz hitz egiten diezunean, zer erantzuten dute gurasoek? Esaten dute beren seme-alabek oso ongi jaten dutela, opil industrialik ez dutelako hartzen. Ez dira ohartzen kaloria likidoak sartzen ari direla zukuetan, esneki azukretsuetan, azukrea eta fekula urdaiazpiko egosian… Elikagai horiek, gainera, ez dute kentzen goserik, eta gero ogitartekoa hartu behar izaten dute.

Eragina izaten al du gurasoen egoera sozioekonomikoak? Bai. Aladino ikerketan ikusi dugu hori. Gizentasuna duten haurren %70-80 klase apaletakoak dira. Sarbide gutxiago dute kalitatezko informaziora eta osasun etxean denbora gutxi azterketak egiteko. Baliabide ekonomiko eta kultural gutxiago dute.

Zer da “asperdura ekonomikoa”? Familia batzuek ez dute aukerarik aisialdi osasungarria egiteko. Ez bizikletan ibili, ez mendian txango bat egin, ez eskolaz kanpoko jarduerak… Horietako askok janaria dute irtenbide ludiko bakarra. Plazeragatik jan, eta croissant poltsa bat erosten dute, edo gantxito poltsa bat.

Ezinezkoa al da modu osasungarrian eta merke jatea? Zaila da, non eta ez dituzun egunero ia gauza berak jaten. Kalitatezko fruta, salbu eta Golden sagarrak, banana merkatuak eta udarea, garesti dago beti. Kalitatezko haragia eta arraina ere bai. Eta osasungarria ez dena oso merkea da. Baina, gainera, asetasunaren kontua dago. Gaileta kiloa euro bat kostatzen da, eta 4.000 kaloria ditu. Tomate kiloa ere euro bat kostatzen da, baina 200 kcal ditu.

Zer-nolako eragina du bi gurasoek etxetik kanpo lan egiteak? Inguru sozioekonomikoan txertatu behar da. Baliabide gutxi baduzu eta, gainera, eguna lanean pasatzen baduzu etxetik kanpo, etxera etorri eta egingo duzun azken gauza da erosketak egitera joatea, berdurak erregostea, su eztian kozinatzea… Eta hor sartzen da industria, zeinak produktu gustagarriak egitea lortu duen, prestatuak, asegarriak eta merkeak. Denborarik ez baduzu, kroketa izoztuak egingo dituzu, patata baino ez daramatenak, tomate frijituaren poto bat irekiko duzu, azukre asko duena.

Azken ikerketetan ageri denez, egonkortu egin dira haur gizentasunaren zifrak, eta jaitsi ere bai… Ezinezkoa zen gehiago okertzea. Azken urteetan, puntu bat baino ez dira jaitsi. Horrek esan nahi du mende bat beharko genukeela 1984ko zifretara itzultzeko [%3koa zen eta egun %40koa]. Egiturazko arazoa da.