Gazta birrindua

Gazta birrindua: onena ez da beti garestiena

Gazta birrinduek aukera ematen digute denbora eta lana aurrezteko, baina arreta jartzea komeni da, alde handiak izaten diraeta batzuetatik besteetara. Gida honetan, zenbait gako emango ditugu produktu mota horren berri izateko.
1 urtarrila de 2022

Gazta birrindua: onena ez da beti garestiena

Gaztak leku seguru samarra izaten du erosketa saskian. 2019. urtean, esaterako, pertsona bakoitzak 7,8 kilo gazta jan zituen Espainiako Estatuan. Hau da, kilo bateko zortzi gazta zatiren baliokidea ia edo 53 bola gazta birrindurena. Gazta oso elikagai moldakorra da, eta horrexegatik izaten da kontsumoa hain handia. Ohikoa izaten da, adibidez, zatietan edo xerratan jatea ogi mutur batekin, baina beste hainbat erabilera ere ematen diogu: postreetan erabiltzen dugu, sandwichetan, tosta gainean jarrita edo haragi errezetatan, adibidez hanburgesak egiteko, sanjakoboak edo cachopoak.

Plater beroei buruz ari garenean, dena den, batez ere pizzak eta pasta prestatzeko erabiltzen da gehien gazta. Plater horietan gazta birrindua erabiltzen dugu gainazala estali eta gratinatzeko (pizza batean edo lasagna batean adibidez), edo gazta hautsa bestela, elikagaiarekin nahasteko (espagetiekin, adibidez). Horretarako gazta zati bat hartu eta birrindu egin dezakegu unean bertan, edo gazta birrindua erosi. Azken aukera hori oso ohikoa da, batez ere denbora eta lana aurrezteko balio duelako. Gazta birrindua erostea erabakiz gero, dena den, arreta jarri behar dugu, alde handiak izaten dira-eta produktu batzuetatik besteetara.

Dena ez da gazta

Begiratu batean, gazta birrindu guztiak berdinak direla dirudi. Agian alderik handienak prezioan, markan, ontziaren diseinuan edo gazta motan egon litezke, emmental motakoa ote den adibidez, edo lau gaztaren nahasketa bat. Baina xehetasun horiei begira jarri aurretik, garrantzi handiagoko beste alderdi bat hartu behar genuke kontuan: zer-nolako maila komertzialak dauden. Hiru multzo handi bereizi ditzakegu produktu mota honetan:

  • Gazta. Horixe aurkitzea espero izaten dugu produktu horiek erostean. Gazta hutsa izaten da, birrindu egin dutena txirbil txiki horiek lortzeko. Esnez egina izaten da, gatzagiaren bidez mamitzen dena (edo mamitzeko balio duen beste zerbait erabilita). Esneaz gain (osoa izan daiteke edo gaingabetua, osorik edo partzialki), esnetik heldu diren beste osagai batzuk ere erabil daitezke, adibidez esne gaina, gazura edo gurina, edo horietako batzuen edo guztien nahasketa, betiere esnetan izaten den proportzio bera edo handiagoa badu kaseinaren (esnearen proteina nagusia) eta gazur proteinaren artean (mamitu ondoren askatzen den likidoa).
  • Gazta urtua. Produktu hori ez da gazta, fusio prozesu bat pasarazi dioten gazta baizik. Zehazki, zenbait prozeduraren bidez gazta eraldatuz lortzen da. Normalean gazta mota bat edo gehiago birrintzen dira, elkarrekin edo beste osagai batzuekin nahasi eta emultsionatu, hau da, irabiatu edo ore baten gisa lantzen dira nahastura homogeneo bat lortu arte. Esnea edo esnetik datozen produktuak eransten ahal zaizkio (adibidez, esne gazura, esne gaina edo gurina), eta onartuta dauden beste osagai batzuk; adibidez, koloratzaileak, zapore indartzaileak edo gatz urtzaileak.
  • Gaztaren ordezkoak. Gazta edo gazta urtua diruditen produktu guztiak dira, baina bi maila horietan sartzen ez direnak, ez dituztelako betetzen horretarako baldintzak. Nagusiki gantz edo olio nahasketa bat izaten duten produktuak dira, gazta proportzio txiki bat dutenak eta bestelako osagairen bat ere eduki dezaketenak. Hau da, maila komertzial apaleko produktuak dira, aurreko biak baino merkeagoak. Baina ontziari bakarrik begiratuta, zaila da horretaz ohartzea. Ontzi horietan “sandwich”, “pizza” edo “burger” hitzak agertzen dira, eta horien irudiak ere bai; horregatik, etiketa arretaz irakurri ezean, gerta liteke erosi nahi dugunarekin zerikusi handirik ez duen zerbait sartzea erosketa saskian, gazta gutxi izaten baitute.

Zer-nolako produktu mota den jakiteko, garrantzitsua da legezko salmenta izenean zer jartzen duen irakurtzea (osagai zerrendaren gainean joan ohi da gehienean). Aztertu ditugun produktuetan ez dago gaztaren ordezko gisa izendatu dugunik, ez baita ohikoa halakoak supermerkatuan aurkitzea. Hautatu ditugunen artean, gazta urtuak dira bi (El Caserío filatto eta El Caserío hautsa), eta gainerako guztiak, berriz, gaztak. Azken horietan ere salmenta izenak informazio garrantzitsua ematen digu gazta motaren inguruan, hori ere funtsezko alderdia baita, zehaztu egiten du-eta produktuak nolako ezaugarriak dituen: osaera, zaporea, lurrina, testura, prezioa…

Analisia

Erosketa gida hau egiteko, gazta birrinduak edo hauts erakoak hautatu ditugu, merkatuan puntapuntakoak diren marketakoak, eta alderdi hauek aztertu ditugu:

  • Nutri-Scorek emandako puntuazioa. Kaloriek eta gantz kantitateak, proteinek eta gatzak bereziki baldintzatzen dute balorazioa.
  • Informazio komertziala. Aztertu egin dugu informazio baliagarririk ematen duten edo nahasgarria edo engainagarria izan daitekeen kontsumitzaileentzat.
  • Osagaiak. Kalitate komertziala nolakoa den jakiteko aztertu ditugu, batez ere zenbat esne eta nolako gazta duten jakiteko.
  • Prezioa. Ez da irizpide gisa erabili produktuaren kalitatea neurtzeko, baina kalitate-prezioak kontuan hartu dira sailkapenean.
  • Etiketa. Legea betetzen duen aztertu dugu.

Hiru osagai, mila gazta

Bitxia da hiru osagai erabiliz (esnea, gatzagia eta gatza) nola lortu daitezkeen hainbeste gatza desberdin; elaborazio moduaren araberakoa izaten da hori. Adibidez, hautatu ditugun produktuen artean, zazpi gazta mota ageri dira (mozzarella, emmental, maasdam, gouda, cheddar, Parmigiano Reggiano eta Grana Padano). Bost produktu gazta mota bakarrarekin eginak daude: Millán Vicente eta Arla, mozzarellarekin; Ferrarini, Parmigiano Reggianorekin; Eroski Seleqtia, Grana Padanorekin, eta Eroski, emmentalekin. Gainerakoetan, badira bi mota nahasian dituztenak, hiru eta lau: President Pizza, mozzarella eta emmental; El Caserío 4 gazta, maasdam, gouda, cheddar eta gazta ondua: eta President 4 gazta, emmental, gouda, mozzarella eta gazta erdiondua.

Gazta horietako bik Jatorri Izen Babestua dute, zehazki Parmigiano Reggiano (parmesanoa) eta Grana Padano izenekoek, eta horrek esan nahi du baldintza jakin batzuk bete behar dituztela: eskualde jakin bateko esnearekin eta animaliekin eginak egon behar dute eta prozedura berezi batzuk bete. Hau da, produktuaren kalitatea bermatzen duen zigilu bat da. Bi horiek Italiako gazta onduak dira, zapore eta lurrin sendokoak biak ere. Gainerakoak gazta tradizionalen bertsio generikoak edo “industrialak” dira. Behi esnearekin eginak daude guztiak, baina bakoitzak ditu bere ezaugarriak:

  • Mozzarella. Bufalo esnez egiten da tradizionalki eta jatorri izen babestua darama (Mozzarella di bufala campana izena hartzen du), baina bertsio generikoa behi esnez egina egoten da. Pasta guria eta testura elastikoa izaten du, eta zapore leuna.
  • Emmental. Suitzan du jatorria gazta ondu horrek, eta zulo handi samarrak izaten ditu. Berezkoak Jatorri Izen Babestua izaten du (Emmentaler izena hartzen du). Neurri handiko piezak egiten dituzte, eta hiru eta sei hilabete artean egoten dira ontzen. Zapore eta lurrin leunak izaten ditu, intxaurrak oroitarazten dituena.
  • Maasdam. Herbehereetatik dator eta emmentalaren antzekoa da oso, bai itxuraz (horrek ere zuloak ditu), eta bai zaporez eta lurrinez, oso antzera egiten dituzte-eta biak. Sortu ere, harekin lehiatzeko sortu zen. Desberdintasun bakarra da maasdamaren zaporea leunagoa dela eta testura guriagoa, emmentalak baino hezetasun handiagoa duelako, denbora gutxiago egiten baitu ontzen (hilabete bat eta hiru artean).
  • Gouda. Gazta hori ere Herbehereetatik dator, baina ez dauka zulorik. Elaborazio prozesuan, mamia garbitu egiten dute urarekin, eta horrek murriztu egiten du produktuak duen laktosa kopurua. Ondorioz, hartzitzeko garaian azido laktiko gutxiago sortzen da, eta horregatik da zapore gozoko gazta. Zaporea eta lurrina nabarmen aldatzen dira ontze mailaren arabera; lau aste eta 12 aste bitartean egiten du ontzen, eta zenbat eta denbora gehiago pasatu, zaporea orduan eta sendoagoa izango da.
  • Cheddar. Ingelesa da jatorriz, pasta gogor eta distiratsukoa, zulorik gabea, eta normalean laranja kolorekoa, koloragarriak eransten dizkiote eta; izan ere, larreetan bazkatzen ziren behiek ematen zuten esnearen kolore bera lortu nahian, gehigarri horiek erabiltzen hasi ziren jatorrizko bertsioan. Jatorrizko cheddarraren zaporea eta lurrina sendoa izaten da, mina ere bai zertxobait, eta lurraren usaina oroitarazten duten ñabardurak ditu, baina bertsio industrialek zapore eta lurrin leunagoak eta lauagoak izaten dituzte askoz.

El Caserío eta President etxeetako lau gazta erakoetan “gazta ondua” eta “gazta erdiondua” ere ageri dira, baina ez dute gehiago zehazten. Legeak onartzen du hori egitea, baina informaziorik ez daukagu gazta horien ezaugarriei buruz. Pentsa liteke Espainian gehien saltzen diren gazta moten generikoak izango direla, hau da, pasta gogorreko gaztak, Mantxakoaren antzekoak.

Erosotasuna ordaindu egiten da

Ferrarini gazta parmesanoaren zati bat hartzen badugu, 300 gramokoa, ikusiko dugu 7,45 €-ko prezioa duela, hau da, errazioak (30 g) 0,75 € balio duela. Produktu hori bera gazta birrindu gisa erosten denean (60 gramoko zorroetan saltzen dute), 2,29 €-ko prezioa dauka; hau da, errazioak (30 g) 1,15 € balio du. Bistan da gazta birrindua garestiagoa dela: %53 gehiago balio du. Ekoizpen kostuak handiagoak direlako gertatzen da hori; adibidez, energia erabili behar da birrintzeko, material gehiago ontziratzeko eta atmosfera babestuan ontziratzeko sistema ere bai. Prezio handiagoa ez ezik, beste eragozpen batzuk ere baditu gazta birrinduak; besteak beste, gutxiago irauten duela eta eragin handiagoa duela ingurumenean (ontzi gehiago behar izaten delako). Abantaila bat ere badu: birrindua izaki, denbora eta lana aurrezten dugu. Baina erosotasun hori ordaindu egiten da, eta komeni da kasu bakoitza ongi aztertzea eta ikustea ea merezi duen gehiago gastat zea. Produktu batzuetan, adibidez, ez dugu bestelako aukerarik, ez delako saltzen beste ezein formatutan, adibidez gazta urtua.

Osagai zerrenda deszifratu nahian

Gazta mota bakarrarekin eginda dauden produktuetan, osagai zerrenda sinplea izaten da eta erraz samar interpretatzeko modukoa. Horren adibide dira Millán Vicente, Ferrarini, Arla, Eroski Seleqtia eta Eroski markakoak, non hiru osagai diren oinarrizkoak, esnea, gatzagia eta gatza (horiek dira gazta egiteko ezinbesteko diren elementuak). Batzuek, horiekin batean, esnearen hartzigarriak ere badituzte, Millán Vicente, Arla eta Eroski markakoek, eta beste batzuek ez: Ferrarini eta Eroski Seleqtia.

Hori gertatzen da lehenbiziko horiek esne pasteurizatuarekin eginak daudelako, eta etiketan ere halaxe adierazten da. Hau da, esne horri tratamendu termikoa eman diote bakterioak desagerrarazteko, bai patogenoak eta bai hartzitzeko prozesuan parte hartzen dutenak ere. Horrexegatik erantsi behar izaten dizkiete ondoren bakterio horiek. Ferrarini eta Eroski Seleqtia markako gaztak, berriz, esne gordinez eginak daude, halaxe agintzen du-eta bi horiek babesten dituen Jatorri Izenak (Parmigiano Reggiano eta Grana Padano); hori dela eta, ez zaizkie hartzigarri horiek eransten, berez agertzen baitira esnean.

Bi gazta motarekin edo gehiagorekin eginda dauden produktuetan askoz ere zehaztugabeagoa izaten da osagaien zerrenda. Adibidez, El Caserío 4 gazta eta President Pizza izenekoek ez dituzte zehazten gazta bakoitzaren osagaiak, eta gazta motaren izena bakarrik ageri da. Adibidez, ez daude era honetan adieraziak: “maasdam gazta: esnea, gatzagia eta gatza”; gouda gazta: esnea, gatzagia eta gatza”; honela baizik: “maasdam gazta, gouda gazta”. Legeak, izan ere, aukera ematen du gaztaren osagaiak zerrendatu gabe uzteko, baldin eta esnezko produktuz, elikadura arloko entzimaz (gatzagiz), esnearen hartzigarriz eta gatzez egina badago. Aztertu ditugun produktuetan, gaztaren inguruko datu batzuk besterik ez da ageri, adibidez zenbateko proportzioan daukan (adibidez, mozzarella [%78]). Ildo horretan, komeni da jakitea osagaiak pisuaren arabera ordenatuta eman behar direla, eta horietako bat ontzian nabarmenduta ageri denean zehaztu egin behar dela zenbateko kantitatean duen.

Gazta horien osagaien zerrendan ezohiko elementuren bat ere nabarmentzen da. Adibidez, “cheddar gazta (karoteno koloratzailea dauka”) edo alergenoren baten berri ematen duen oharra. President Pizza markakoak, adibidez, “esnea” hitza nabarmentzen du gazta mota bakoitzaren ondoan. Azken hori, egia esan, ez da beharrezkoa, aski izango bailitzateke “gazta” hitza nabarmentzea, adibidez El Caserío 4 gazta markakoak egiten duen bezala, legeak ulertzen baitu hori nahikoa dela kontsumitzaileek informazio horren berri eduki dezaten.

Gazta mota bat baino gehiago dutenak

Gazta urtuetan luzeagoa izaten da osagaien zerrenda, gaztaz gain esnearen beste produktu batzuk ere izaten dituztelako (esnearen gazura, gurina, esnearen proteinak edo esne gaingabetua), eta beste osagai batzuk ere bai, adibidez ura, gatz urtzaileak, azidotasun doitzaileak eta kontserbagarriak. Eta zerrenda luze horrek eragiten du mesfidantza, hain zuzen, kontsumitzaile askorengan. Gazta urtuek gehienean balio komertzial txikiagoa izaten dute gaztek baino, batez ere esnearen osagai gutxiago izaten dutelako. Baina horrek ez du esan nahi baztertzeko moduko produktuak direnik.

Horien ezaugarri aipagarriena da “nahi bezalakoak” egiten dituztela, erabiltzeko garaian modu jakinean erantzun dezaten: adibidez, lasagna baten gainean erre gabe urtu daitezen eta gantza ez dadin bereizi gainerako osagaietatik, urtu gabeko gazta askori gertatzen zaien bezala. Prozedura bat baino gehiago erabiltzen dute hori lortzeko (fusioa, irabiatzea…) eta parametroak ere hainbat (tenperatura, irabiatze abiadura…) emaitza bat edo bestea lortzeko. Gainera, gatz urtzaileak erabiltzen dituzte, adibidez polifosfatoak edo sodio zitratoa, zeinak gaztaren barneko egitura aldarazten duten gantza ez dadin bereizi kozinatzean.

Zergatik daramate patata?

Mito, gezur eta esamesa asko dabil gazta birrinduen eta urtuen inguruan, eta horien ondorioz, pertsona asko ez da fidatzen horien osaerarekin. Esaten da, adibidez, produktu batzuei patata eransten dietela edo zura ere bai zenbaiti, kostuak merkatzeko. Egiaz, batzuetan zelulosa erabiltzen da, almidoia edo patata fekula, baina ez gaztaren ordezko gisa saltzeko, funtzio teknologikoa betetzeko baizik (kopuru txikietan): konposatu horiek xurgatu egiten dute hezetasuna eta eragotzi egiten dute gazta birrindua edo hautsa ez dadin trinkotuta gelditu. Zelulosa darama El Caserío 4 gaztak eta fekula, berriz, Millán Vicente, Arla, President eta Eroski emmentalek. Azken horretan bakarrik ageri da aipamen bat kantitateari buruz, eta adierazi egiten du ez dela produktuaren %3 baino gehiago. El Caserío hautsa eta El Caserío filatto markakoek almidoi eraldatua eta arto dextrina daukate, horiek ere funtzio hori betetzeko segur aski, nahiz eta azken osagai hori “zuntz” gisa ageri den osagaien zerrendan.

Gantza eta proteinak

Gaztaren osagaiak gantza eta proteinak dira oinarri-oinarrian. Ontzen eman duen denboraren arabera, gehiago edo gutxiago edukiko ditu bata eta bestea, denborarekin produktuak galdu egiten duelako ura (lurrundu egiten da) eta mantenugaiak kontzentratu egiten dira. Hau da, gazta fresko batean gantz eta proteina gutxiago izaten da pisu bereko gazta ondu batean baino. Horrek azaltzen du zergatik dauden halako aldeak aztertu ditugun produktu batzuen artean.

Ferrarini, Eroski Seleqtia eta Eroski markakoetan erabiltzen den gazta da ontzen denbora gehien eman duena, eta hiru horiek dute, ondorioz, gantz eta proteina gehien: %62 eta %56 hurrenez hurren. Gutxien, berriz, Millán Vicente (%48), Arla (%45) eta President Pizza (%46) markakoek dute, horiek darabilten gazta ez delako hain ondua eta ur gehiago duelako. Nolanahi ere, gantz eta proteina gutxien dutenak gazta urtuak dira, El Caserío hautsa (%40) eta El Caserío filatto (%42), horiek egiteko prozesuan ura erabiltzen dutelako eta gaztak baino gantz eta proteina gutxiago duten beste osagai batzuk, adibidez esne gaingabetua edo esnearen gazura.

Gantz eta proteina portzentajea adierazle ona izaten da gaztak nolako kalitatea duen jakiteko, sarri askotan zerikusi zuzena izaten baitu balio komertzialarekin. Gazta onduek -jendeak horiei die estimu gehien- proportzio handian izaten dituzte mantenugai horiek, eta halako estimurik ez dutenek, adibidez freskoek eta, batez ere, urtuek, balio apalagoak izaten dituzte. Baina irizpide hori ez da beti betetzen. Izan ere, nutrizioari dagozkion alderdiekin kontraesanean egon ohi da hori, gazta onduek gantz gehiago izaten dute-eta gehienean. Espero izatekoa zen bezala, gantz gehien dutenak Ferrarini (%30), El Caserío 4 gazta (%28), Eroski Seleqtia (%29) eta Eroski (%29) dira.

Eta horrexegatik dira horiek berak gantz saturatu gehien dutenak (%18 eta %20 artean) eta kaloria gehien ematen dutenak, bereziki Eroski Seleqtia (398 kcal/100 g) eta Ferrarini (402 kcal/100 g). Horrek esan nahi du 120 kcal inguru dutela errazio bakoitzeko (30 g), bi sagarrek edo madalena batek ematen duten adina. Kontua ez da kaloriei bakarrik erreparatzea (ez da gauza bera madalenak jatea edo sagarrak jatea), baina komeni da kontuan hartzea gaztaren kaloria kopurua, batez ere lehendik kaloria asko duten platerei eransten diegulako, adibidez pastari edo pizzari. Bolognar eran prestaturik dagoen espageti platerkada batek, esaterako, 500 kcal ematen ditu.

Gatzak zeresan handia du

Gazta da gure dietari gatz gehien eransten dion elikagaietako bat, halaxe dio Anibes 2015 azterlanak; gazta, izan ere, maiz samar jaten dugu, eta gatz asko duen elikagaia da. Ideia bat har dezagun, elikagai batek gatz gehiegi duela esaten da %1,25 gehiago daukanean. Zifra hori gainditu egiten dute aztertu ditugun ia gazta guztiek, salbu eta President Pizzak (%1), President 4 gaztak (%1,1) eta Eroski emmentalek, zeinak %0,7 bakarrik duen gatza. Hori bereziki deigarria da, gazta ondua delako eta hain zuzen horiek izaten dutelako gatz gehien, osagai horren proportzioa handitu egiten baita ontze prozesuan ura galdu ahala. Horixe gertatzen da, esaterako, Ferrarini (%1,6), Eroski Seleqtia (%1,5) eta El Caserío 4 gazta markakoekin (%1,45): hiru horiek daukate gatz gehien.

Gazta urtuek aipamen berezia behar dute, etiketan ageri den gatz kantitatea erabat neurriz kanpokoa baita; %6,2 El Caserío hautsak eta %5,6 El Caserío filattok. Nolatan ageri diren kopuru handi horiek etiketan? Ez delako kontuan hartzen mahaiko gatza bakarrik (sodio kloruroa), guztizko sodioa baizik, eta osagai hori kopuru aipagarrietan ager daiteke beste osagai batzuetan ere, adibidez sodio glutamatoan (zapore indartzailea da, eta El Caserío filattok badauka), eta, batez ere, gatz urtzaileetan, adibidez sodio zitratoan.

Kalkulua modu horretan egiten da, sodio lotzen delako eragin kaltegarriekin, eta ez gatza; zehazki, handitu egiten du hipertentsioa eta bihotz-hodietako gaitzak izateko arriskua. Horrexegatik, Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) gomendioa da egunean 5 gramo gatz baino gutxiago hartzea. Espainiako Estatuan, pertsona bakoitzak 10 gramo gatz hartzen du egunean, eta gehien-gehiena (%77) elikagai elaboratuetatik dator: hestebeteak, aurrez kozinatuta dauden platerak, kontserbak, ogia eta gazta.

Gazta horiek hartzen ditugunean, normalean ez ditugu jaten 100 gramo; errazioa 30 gramo ingurukoa da, eta, beraz, hartzen dugun gatz kantitatea ez da 1,5 gramokoa, 0,5 gramo ingurukoa baizik. Nolanahi ere, kopuru aski aipagarria da hain elikagai gutxi izateko, eta zer esanik ez gazta urtuak direnean, non gatza 1,8 gramo inguruan dabilen errazio batean. Hori guztia kontuan hartuta, gatzari dagokionez Eroski emmental gazta birrindua da guztietan egokiena, %0,7 duelako gatza, hau da, 0,2 gramo errazio bakoitzeko.

Sailkapen gazi-gozoa*
  • El Caserío hautsa: %6,2
  • El Caserío filatto: %5,6
  • Ferrarini: %1,6
  • Eroski Seleqtia: %1,5
  • El Caserío 4 gazta: %1,45
  • Arla: %1,4
  • Millán Vicente: %1,1
  • President 4 gazta: %1,1
  • President berezia pizza: %1
  • Eroski emmental: %0,7.

*Gatz kantitatea. El Caserío produktuek sodio zitratoa daramate, eta osagai hori gatz gisa zenbatzen denez, besteek baino askoz proportzio handiagoa ageri dute. Elikagai batek gatz gehiegi daukala esaten da %1,25 baino gehiago duenean.

Zenbat gastatzen du familia batek urtebetean

  • Eroski emmental: 37 €
  • Millán Vicente: 66 €
  • El Caserío hautsa: 80 €
  • El Caserío filatto: 80 €
  • President berezia pizza: 83 €
  • President 4 gazta: 83 €
  • El Caserío 4 gazta: 84 €
  • Eroski Seleqtia Grana Padano: 99 €
  • Arla: 108 €
  • Ferrarini: 238 €

Urteko osoko gastua, lau laguneko familia batean kide bakoitzak astean errazio bat hartuz gero (30 g).

Ez da maiz jatekoa

Laburbilduz, gaztak ugari izaten ditu gantzak, gatz saturatuak eta gatza, eta kaloria asko samar ematen du. Faktore horiek guztiek kalte egiten diote Nutri-Score sistemako puntuazioari, eta horrexegatik daukate denek D letra. Horrek ez du esan nahi, dena den, ez dezakegula gaztarik jan. Elikagai horrek ere badu lekua dieta osasungarri baten barnean, baina ez da egunero jatekoa. Ereduzko gida dietetiko bati begiratzen badiogu, adibidez Harvard-eko Unibertsitateko Osasun Publikoko Eskolak argitaratu duenari, hauxe jartzen duela ikusiko dugu: “Mugatu egin behar da kontsumoa” Kontuan hartu behar da, gainera, gazta guztiak ez direla berdinak. Hautatzen hasita, gazta freskoa hobea da gainerakoak baino.

Ontziak axola du

Gazta birrinduak plastikozko poltsetan saltzen dituzte gehienetan; begiratu batean, antzekoak direla pentsa liteke, baina xehetasun batzuk aldatu egiten dira. Neurria izan liteke alderdi horietako bat. Aztertu ditugun gazta guztiak ez datoz formatu berean: Ferrarini etxekoa 60 gramoko ontzian dator eta Eroski emmental izenekoa 200 gramokoan, nahiz eta ohikoena 150 gramoko ontzia den. Neurriak badu lotura gazta motarekin. Gazta onduak, adibidez parmesanoak eta Grana Padano motakoak, ur gutxi izaten du, eta, ondorioz, bolumen gutxiago izaten dute freskoagoak diren beste batzuek baino, adibidez mozzarella motakoak. Lehenbizikoek, gainera, zapore eta lurrin sendoagoak dituzte, eta kopuru txikietan eransten zaizkie platerei. Horregatik merkaturatzen dituzte forma tu txikiagoetan leunagoak diren beste gazta batzuk baino, mozzarella esaterako. Horrekin beste gauza bat ere lortzen da, prezioa ez izatea hain handia, gazta mota horiek garestiagoak izaten baitira azken hori baino.

Ontziak funtsezko zeregina du kontserbatzeko garaian. Gazta onduetan, adibidez, poltsa erabat opakuak erabiltzen dira, errazago zaharmintzen direlako (argiak lagundu egiten du hondatzen). Hain onduak ez diren eta argiak halako kalterik egiten ez duen beste gazta mota batzuen ontziak zati garden bat izaten du, produktua ikusteko modua ematen duena.

Gaztarik gehienak atmosfera babestuan ontziratuta daude, hau da, gas kaltegabe batzuen nahasketa izaten dute (karbono dioxidoa, nitrogenoa eta oxigenoa gehienean), eta bizitza erabilgarria luzatzea izaten da horien egitekoa. Hori ez da gertatzen gazta urtuekin, horiei tratamendu termiko bat ematen diete-eta pasteurizatzeko, eta, gainera, kontserbagarriak izaten dituzte, zehazki potasio sorbatoa, lizunik ez sortzeko erabiltzen dena. Ontzi hori irekitzen dugunean, dena den, galdu egiten dute babesa, eta bizitza erabilgarria nabarmen murrizten da: bost egun inguru irauten dute. Horregatik, dena aldi bakarrean erabiliko ez dugunean, komeni izaten da poltsa ongi ixtea produktua hobeto kontserbatu dadin eta ez dadin sartu haizerik, hezetasunik edo mikroorganismorik, adibidez lizunak. Horretarako, ixteko sistema bat dakarte guk aztertu ditugun ontziek, zip erakoa guztietan, Millán Vicente etxekoan izan ezik, non tira itsasgarri bat dagoen (deserosoagoa izan daiteke hori).

Prezioan, alde handiak

Aztertu ditugun produktuen prezioak 1,03 € (El Caserío hautsa eta El Caserío filatto) eta 2,59 € artean dabiltza (Arla). Baina konparazioa bidezkoa izan dadin, errazio bakoitzaren prezioa aztertzea komeni da, eta hori 0,18 € (Eroski emmental) eta 1,15 € artean dabil (Ferrarini). Espero izatekoa zen azken hori garestienen artean egongo zela, balio komertzial handiko gazta delako –Italiako gazta ondu batekin egiten da, Jatorri Izena duena–, baina handiegia dela dirudi, batez ere kontuan hartuta Eroski Seleqtia markakoak ere ezaugarri berdinak dituela eta askoz ere merkeagoa dela (0,48 €). Arla etxekoaren prezioa ere gehiegizkoa dela dirudi (0,52 €), beste mozzarella batzuk merkeagoak dira-eta, adibidez Millán Vicente etxekoa (0,32 €). Nolanahi ere, kalitate-preziorik onenak dituena Eroski emmental motakoa da (0,18 €).

Ondorioak

Gazta birrinduek gatz asko izaten dute eta gantz dezente; ondorioz, kaloria asko ematen dute. Horregatik dira oso noizbehinka jatekoak. Nolanahi ere, alde handiak daude batzuen eta besteen artean. Hasteko, bereizi egin behar dira gaztak eta gazta urtuak. Azken horiek, adibidez El Caserío filattok eta El Caserío hautsak, jokabide hobea izaten dute beroarekin (gantza ez da bereizten gainerako osagaietatik), baina gantz eta proteina gutxiago izaten dute, esnetik datozen osagaiek ere gutxiago dituztelako. Horregatik dira maila komertzial apalagokoak, eta merkeagoak ere bai (0,39 € errazioak). Gainera, erruz daukate sodioa (gatza %6 inguru dabil), eta, horregatik, beste gazta batzuk hautatzea komeni da.

Gazten artean aukera bat baino gehiago dago; adibidez, badira mota bakarrarekin eginak eta badira bat baino gehiago daramatenak, edo gazta onduagoak dituztenak eta ez hain onduak. Ildo horretan, gure gustuen arabera hautatzea komeni da (zaporea, lurrina eta testura), eta emango diogun erabileraren arabera. Adibidez, pizza egingo badugu, agian mozzarella hautatzea da onena. Mota horretakoetan, Millán Vicente da aukerarik onena, kalitate-prezio hobeak ditu eta (0,32 € errazioak). Aldiz, zapore sendoko gazta ondua nahi badugu, kalitate komertzial handikoa, Ferrarini etxekoa aukeratu dezakegu edo Eroski Seleqtia, biak ere Jatorri Izenarekin. Bi horien artean, Eroski Seleqtia da onena, zalantzarik gabe, oso prezio-kalitate onak ditu eta (0,48 € errazioak). Guztiak hartuta, aukerarik onena Eroski emmental da, besteek baino kalitate-prezio hobeak dituelako (0,18 € baino ez errazioak), eta gatza ere gutxiago gainerakoek baino (%0,7).

Erosteko gomendioak
  1. Produktu mota. Etiketak esango digu zer den, gaztaren ordezkoa, gazta urtua edo gazta. Aukera onena gazta da, eta, gainera, jakin egin dezakegu zer motatakoa den.
  2. Osagaiak. Garrantzitsua da jakitea produktuak esnea duen edo esnearekin egindako beste eratorri apalago batzuk, adibidez esne gazura, esnearen proteinak…
  3. Nutrizio arloko informazioa. Zenbat eta gantz eta proteina gehiago eduki, orduan eta estimu handiagoa izaten du gaztak oro har.
  4. Gatz kantitatea. %1,25etik gora gehiegizkotzat jotzen da.
  5. Prezioa. Asko aldatzen da produktu batzuetatik besteetara. Garestienetako batzuetan ez da oso ongi ulertzen zergatik den hainbestekoa. Varía mucho entre diferentes productos. En algunos de los más caros el precio no parece justificado, considerando sus características.

Adi xehetasunei: produktu mota, osagaiak eta prezioa