Erradiografia mikrobiotaren

Ehunka mila milioi mikroorganismo bizi da gure gorputzean. Bakterioak eta, neurri txikiagoan, birusak, onddoak, arkeak eta protistak, zeinak ezinbestekoak diren gure osasunerako, baina, era berean, nahasmendu eta gaixotasunen eragile ere izan daitezke. Mikrobiotari buruz ari gara. Benetako ekosistema bat da, eta azken urteetan ikusi da funtsezko atala dela gure organismoan.
1 urria de 2021

Erradiografia mikrobiotaren

Azkeneko ikerkuntzek azaltzen dutenez, giza zelula adina bakterio daukagu. Kalkulu hori kontuan hartuta, Ignacio Lopez-Goñi Mikrobiologiako katedradunak dio “erdi gizaki, erdi bakterio” izango ginatekeela. Are gehiago, gizakia ez litzateke izango unitate independente bat, giza zelulen eta mikrobioen komunitate dinamiko eta interaktiboa baizik.

Ekosistema orekatua

Komunitate horretan 1.000 bakterio espezie baino gehiago bizi dira, eta mikroorganismorik gehienak digestio traktuan daude, nagusiki hestean: kolonean bizi dira %90 baino gehiago. Aho barrunbean eta sudur-faringeetan ere badugu mikrobiota, traktu genitourinarioan ere bai, arnasketa traktuan eta baita amaren esnean ere.

Agian ez gara jabetzen hor dagoela, baina uste dugun baino leku gehiago hartzen du gure egunerokoan. Nondik dator oinetako usaina, halitosia edo txantxarra? Zer dago urdail-hesteetako nahasmenduen edo elikadura arloko intolerantzien atzean? Ez hori bakarrik: kontzentrazioarekin eta memoriarekin arazoak daudenean ere, bakterioak izan daitezke arrazoi ezkutua, baita gaixotasun autoimmuneetan, arazo dermatologikoetan eta artikulazioetako oinazeetan ere. Bakterioen ekosistemak oreka galdu eta osaera eta aniztasuna aldatzen direnean sor daitezke desordena horiek.

Gure hesteko mikrobiotaren harmoniak baldintzatu egiten du digestioa egiteko modua eta elikagaien osagaiak ere ez dira berdin digeritzen eta xurgatzen egoera batean edo bestean; izan ere, haren zeregina da urdailean eta hestean digeritzen ez diren mantenugaiei probetxua ateratzea eta mantenugai esentzialak sortzea (zenbait bitamina, aminoazido eta gantz azido). Sari Arponen Zientzia Biomedikuetako doktoreak azaltzen duenez, Parkinsonen gaitza duten pertsonek esnea edaten dutenean nahasi egin dakieke mikrobiota eta metabolito neurotoxiko bat sor dakieke, indoxilo sulfatoa izenekoa. Hori dela eta, patologia hori duten pazienteek agian utzi egin behar liokete esnea edateari.

Bakterio onak eta txarrak

Gure bakteriorik gehienak (%90 inguru) Bakteroideteen eta Firmikuteen taldekoak dira (talde horietan familiak, generoak, ordenak… sartzen dira). Oso labur esateko, esan liteke lehenbizikoak “onak” direla eta bigarrenak “txarrak”. Bien arteko oreka funtsezkoa da gure osasunerako: bi bakterio talde horien artean ratio egokia izatea da kontua, eta hausten denean, ez izatea Firmikuteen alde. Zenbait gaixotasun dituzten pertsonetan, adibidez gizentasuna, patologia metabolikoak edo autoimmuneak, ikusi da aniztasun txikiagoa duela osasuntsu dauden pertsonetan baino. Hortaz, mikrobiota askotarikoa izatea interesatzen zaigu.

Ez daude bi berdin

Gutako bakoitzak mikrobiota bat du, eta esan liteke hatz marka bezain norberarena dela mikrobiotaren osaera. Aniztasun horri beste alderdi bat ere erantsi behar zaio: oso ikerketa gutxi dago mikrobiota osasuntsuaren inguruan, gehien-gehienak osasun arazoak dituzten pertsonei egiten baitizkiete, eta oso zaila da bikaintasuna zer den esatea. Mikrobiota bat osasuntsu dagoela esateko, garrantzitsuena mikroorganismoen familien arteko oreka izaten da, eta aniztasuna ere bai. Bereizi egin behar dira zenbait kontu:

  • Eubiosia. Termino horrekin mikrobiota normal eta orekatua adierazten da, “on egingo liokeena osasunari maila metabolikoan, immunitarioan, neuronalean eta babes hesi gisa”, azaldu du Eva Gosenjek, Eroski Taldeko dietista-nutrizionistak.
  • Disbiosia. Sarri gertatzen dira aldaketa kualitatiboak eta kuantitatiboak gure mikrobiotaren osaeran, eta horrek nahasmenduak eragin ditzake haren funtzionamenduan. Bakterioen desoreka hori arrazoi askorengatik gerta daiteke: elikadura, sendagaiak, estresa, sedentarismoa, toxikoak kontsumitzea (tabakoa eta alkohola…). Faktore horiek, batez ere, murriztu egin ditzakete bakterio onuragarriak edo handitu egin ditzakete patologiak.

Zer-nolako funtzioak ditu? 

Mikrobiotak 20.000 funtzio baino gehiago egiten ditu, giza zelulek egin ez ditzaketenak. Era horretan, mikroorganismoek harreman sinbiotikoa dute gurekin: bizitzeko leku bat uzten diegu eta behar dituzten mantenugaiak ematen dizkiegu (etxea eta jatekoa ematen dizkiegula esan dezakegu); ordainetan, geure kabuz egin ez ditzakegun lanak egiten dituzte:

  • Funtzio metabolikoa. Lagundu egiten digute digestioarekin, elikagai ez-digerigarriak hartzitzen dituzte eta. Francisco Guarne Vall d’Hebrongo Unibertsitate Ospitalean aritzen da, Digestio Sistemaren Ikerkuntza Unitateko zuzendari gisa, eta adibide bat jarri du: “Begetaletan karbohidrato konplexuak izaten dira, eta metabolizatu ez ditzakegunez, osorik iristen dira hestera. Han elikagaitzat balio dute bakterioentzat; haiek metabolizatu eta butiratoa sortzen dute, eta horrekin elikatzen dira hestea estaltzen duten zelula epitelialak”.
  • Hesi funtzioa. Oso garrantzitsua da hesteetako hesia babestea, eragotzi egiten baitu substantzia toxikoak odolera pasatzea. Hesia zulatua badago (hesteetako hiperiragazkortasuna) eta toxikoak pasatu egiten badira, immunitate sistema erne jarriko da eta gradu txikiko hantura eragingo du; hori izaten da gaixotasun autoimmune askoren sorburua.
  • Defentsa funtzioa. Espezie gisa izan dugun bilakaeran, milioika urtetako ibilbidean, bakterioek lagundu egin diete immunitate sistemako zelulei mehatxuak identifikatzen. “Mikrobiotak erraztu egiten du immunitate sistemarekin komunikatzea eta aukera ematen digu egoera onean mantentzeko, gai izan dadin infekzio bidezko gaixotasunei aurre egiteko, eta horrek lagundu egiten du patologia autoimmuneak edo alergiak saihesten”, azaldu du Sari Arponen-ek, Torrejongo Ospitaleko Barne-medikuntza Zerbitzuko doktoreak.

Mikrobiotari eragiten dioten faktoreak

Esan dugu mikrobiotaren osaera bakoitzak berea duela, hatz marka bezala. Baina zerk baldintzatzen du desberdintasun horiek egon daitezen kopuruan eta aniztasunean? Azkar erantzunez, esan liteke denak baldintzatzen duela. Izan ere, jaiotzen garenetik hiltzen garen arte, gure ekintzek, inguruarekin dugun harremanak edo elikadurak modulatu egingo dute gure mikrobiota.

  • Jaiotza. Mikrobiota aipatzean, hestea etortzen zaigu burura, baina beste leku batzuetan ere badira bakterioak. Besteren artean, baginako muki mintzean. Jaiotzean bakterio onuragarri horiek amarengandik haurtxoarengana pasatzen dira erditzeko kanalaren bidez. Zesarea egitean hori gertatzen ez denez, espezialista batzuen proposamena da gaza bat amaren baginako fluxuarekin bustitzea eta haurtxoaren gorputzean igurztea hasierako babes hori eduki dezan.
  • Amaren esnea. Luzaroan pentsatu izan zen amaren esnea antzua zela, baina orain badakigu bakterioz kolonizatua dagoela. Alex Mira FISABIO Fundazioko Genomika eta Osasun Atalean aritzen da, Giza Mikrobiomako laborategian, eta ikerketa bat egin zuen beste ikertzaile batzuekin lankidetzan amaren esnearen bakterio mikrobiota aztertzeko. 700 espezie baino gehiago aurkitu zituzten, nahiz eta oraindik ez dauden zehaztuta horien funtzio guztiak. “Hasieran uste genuen digestioa laguntzen zutela, baina gero eta indar gehiagorekin ikusten da haurtxoaren immunitate sistemari egiten diotela mesede eta lagundu egiten diotela berea dena eta beregandik kanpokoa bereizten”, adierazi du Mirak.
  • Genetika. Begi urdinak eta erritmoaren zentzua gure aurrekoengandik jasotzen ditugu. Eta, dirudienez, gure geneek badute zerikusia gure mikrobiotan mikroorganismo batzuk edo besteak nagusituko diren zehazteko garaian. Ameriketako Estatu Batuetan 2016an egin zen ikerketa batean ageri denez (Cell Host & M zientzia aldizkarian argitaratu zen), geneek eragina dute gure hestean kokatzen diren bakterio motetan eta kopuruetan.
  • Patologiak. Arrautzaren eta oiloaren artekoa bezala da hau: zein izan zen aurrena? Mikrobiota hondatuak sortu ote duen gaitz bat edo patologia bat izan ote den bakterioen desorekaren sorburua. Manuel Ferrer CSICeko ikertzailea da eta zenbait patologiak gure hesteko mikrobiotan nolako eragina duten ikertzen aritu da beste zenbait ikertzailerekin lankidetzan; hark dioenez, “gaixotasun autoimmune batzuek, adibidez lupusak, Crohn-en gaixotasunak edo artritis erreumatoideak, askoz eragin handiagoa eduki dezakete mikrobiotan beste faktore batzuek baino, adibidez gizentasunak, adinak, dietak edo tabakoak baino”.
  • Sendagaiak. Antibiotikoek sekulako kaltea egiten diote mikrobiotari, eta nahasmendu aipagarriak sorraraz ditzakete, batez ere bakterio onuragarri horiek desagerraraztean sortzen den hutsunea mikroorganismo patogenoek bete dezaketelako, adibidez Clostridium difficile delakoak, zeinak beherakoa eragin dezakeen eta kalte larriagoak ere bai hestean, hantura prozesu bat agerrarazterainokoak. Baina ez antibiotikoek bakarrik. Gaur egun gauza jakina da lau sendagaitatik bat gai izan daitekeela mikrobiotan aldaketak eragiteko. Eta horrek ondorio kaltegarriak eduki ditzake, baina onuragarriak ere bai zenbaitetan. Diabetesa tratatzeko sendagai ohiko batek, esaterako, aldarazi egiten du mikrobiotaren osaera, eta eragin metaboliko onuragarria dauka, desagerrarazi egiten baititu bakterio kaltegarriak eta ugaritu onuragarriak.
  • Ariketa. Granadako Unibertsitateak berrikusketa bat egin zuen 18 artikulu zientifikorekin, eta frogatuta gelditu da jarduera fisikoa egiteak on egiten diola gure mikrobiotaren aniztasunari eta osaerari.
  • Estresa, antsietatea eta hestea-garuna ardatza. Estresak eta emozioek eragina dute gure hesteen ongizatean; ardatz hori, dena den, joan-etorrikoa da, eta, hain zuzen, gero eta ikerketa gehiagok aztertzen dute mikrobiotak nola azaldu ditzakeen gaixotasun neurologikorik ohikoenetakoak, adibidez Alzheimerra, Parkinsonen gaitza edo esklerosi anizkoitza.
  • Adina. Lehen haurtzaroan, batik bat jaiotzeko moduak, amaren esneak, amaren osasunak, genetikak baldintzatuko du mikrobiotaren egoera. Urteak bete ahala, gure ohituren arabera eragingo dugu mikrobiotan. Zahartzaroan aniztasun gutxiago izaten da bakterioetan, eta ugaritu egiten dira patogenoak izan daitezkeenak.

Mikrobiotarekin zerikusia duten nahasmenduak

Gaixotasun batzuk zuzenean lotuta daude mikrobiotaren nahasmenduarekin. Patologia horiek gorputzeko zenbait atali eragin diezaiekete:

Urdaila eta hestea

  • SIBO (Small Intestinal Bacterial Overgrowth). Heste meharreko bakterioen gehiegizko hazkundea, horixe da SIBO. Heste meharrean, heste lodian ez bezala, bakterio gutxi izaten da, baina gerta daiteke oreka hori aldatzea zenbait arrazoiren eraginez. Oro har, hesteetako igarotze prozesua mantsotzen denean gertatzen da (dibertikulosia agertu delako, zeliakia, kirurgien ondoren…), eta mantenugaiek denbora gehiago egiten dute heste meharrean; ondorioz, bakterioak ugaritzeko giro aproposa sortzen da. Mikrobiotaren desoreka horrek zenbait sintoma eragin ditzake: digestiokoak, azalekoak, artikulazioetako minak, nahasmendu autoimmuneak… Sendagaiekin tratatu behar da (antibiotikoekin) eta dieta espezifikoarekin, FODMAP gutxikoa izan behar duena (fruktooligosakaridoak eta galaktooligosakaridoak); karbohidrato mota bat dira, heste meharrean erabat digeritzen ez direnak, adibidez fruktosa eta laktosa.
  • Helicobacter pylori. Laurogeiko urteetan aurkitu zuten bakterio hori, eta balio izan zuen ultzera gastrikoak eta duodenokoak zituzten pertsona askori laguntzeko. Bakterio horrek urdaila kolonizatzen duenean sortzen da infekzioa, gai baita inguru azidoetan bizirik irauteko. Une horretatik aurrera antibiotikoen konbinazioak sortu zituzten desagerrarazteko, baina gero eta ebidentzia gehiagok esaten du kasu bakoitza banaka aztertu behar dela. Hauxe dio Eva Gosenjek: “Badirudi antibiotikoekin batean probiotikoak erabiltzeak emaitza hobeak ematen dituela, hobetu egiten dituela nahi gabeko ondorioak eta bakterioak desagerrarazteko prozesua. Pertsonatik pertsonara transmititzen da, batez ere listu bidez edo gorozki bidez, baina baita janari eta ur kutsatuaren bidez ere”.
  • Estres digestiboa. Estres emozional jarraituak aldarazi egin dezake mikrobiota, disfuntzioa agerraraz dezake hesteetako hesian eta muki mintz digestiboa apalago berreskuratzea ekar dezake.
  • Hanturazko gaixotasun autoimmuneak. Crohn, artritisa, psoriasia… Horien jatorrian elkartuta ageri dira genetika, giroa eta mikrobiota, eta badirudi harremana joan-etorrikoa izan daitekeela. Disbiosia arrisku faktorea izan daiteke, eta alderantziz, hanturazko gaixotasun autoimmuneak ere arrisku faktore bat izan daitezke disbiosia agertzeko. Kausen eta sintomatologiaren araberakoa izango da tratamendua.

Ahoa eta faringea

  • Periodontitisa eta txantxarra. Gure ahoan 700 bakterio mota baino gehiago daude, eta listu milimetro bakoitzean 10 eta 100 milioi mikroorganismo artean egon daitezke. Horregatik, ahoko higienea funtsezkoa da hortz-haginetako plaka desagerrarazteko. Pilatzen uzten badugu, hortzoietako likidoaren eraginez ugaritu egingo dira bakterioak, eta hantura handiagoak eragingo dituzte.
  • Endokarditisa. Ahoko disbiosi baten gauzarik txarrena ez da txantxarra, ezta gaixotasun periodontala ere. Arriskurik handiena da bakterio patogeno horiek organismoaren zatietara irits daitezkeela, adibidez bihotz-hodietara, non arazo larriak sorraraz ditzaketen. Hori gertatzen da bakterio endokarditisarekin. Ikusi izan da, halaber, koloneko minbizian zerikusia izaten dutela andui batzuek, fusubacterium direlakoak, zeinak ahotik baitatoz.
Gauza bakoitza bere izenarekin. Zer da zer?

Ez dira sinonimoak, gauza desberdinak adierazten dituztelako, baina bi kontzeptu hauek oso estu lotuta daude:

Mikrobiota. Gure gorputzean bizi den mikroorganismo multzoa da. Hor sartzen dira bakterioak eta, kopuru txikiagoan, birusak, onddoak eta bestelako mikroorganismo batzuk.

Mikrobioma. Mikrobiota osatzen duen mikroorganismo bakoitzak bere genoma dauka. Mikrobiotan partaide diren kide guztien geneen bildumari esaten zaio mikrobioma. Giza genoma 23.000 genek osatzen dute, eta mikrobiotak ehunka mila gene ditu, zeinak gure zelulek dituzten funtzioen osagarriak eskaintzen baitituzte.

Prebiotikoak vs probiotikoak: hona hemen desberdintasunak

Zer dira? 

Prebiotikoak. Landare jatorriko elikagai batzuen konposatuak dira; gorputzak ez ditzake digeritu, eta digestio sisteman barrena pasatu eta kolonean bizi diren mikroorganismoen elikagai bihurtzen dira. Hesteko bakterio osasuntsuen janari direnez, on egiten diote hartzen dituen pertsonaren osasunari. Oligosakaridoak eta inulina aztertu dituzte gehien, baina eragin hori bera izaten dute gantz azido polisaturatugabe batzuek, konposatu fenolikoek eta zuntz dietetikoaren zati batek.

Probiotikoak. Mikroorganismo biziak dira, gehienean bakterioen anduiak, zeinak zuzenean eransten zaizkion hesteetako mikrobiotari. Behar adinako kopuruetan hartuta bakarrik eskaintzen dute onuraren bat pertsonen osasunerako. Probiotikorik aztertuenak bakterio eta legamia mota batzuk dira.

Non izaten dira? 

Prebiotikoak. Landare jatorriko elikagaietan: zerealak (oloa, garagarra eta arroza), tuberkuluak, erraboilak, sustraiak eta pasta egosi eta hoztua. Zenbait begetalek ere badute, esaterako orburuak, zainzuriak, baratxuriak, tipulak eta porruak.

Probiotikoak. Elikagai hartzitu batzuetan: jogurta, kefirra edo etxean egindako chucrut-a (aza hartzitua). Ogia, ardoa, txokolatea edo ozpinkiak ez dira probiotikoak, elaborazio prozesuan desegin egiten baitira organismo biziak.

Zer-nolako ondorioak dituzte osasunean?

Prebiotikoak. Mesedea zeharkakoa izaten da: hesteko mikrobiotaren elikagaia direnez, orekatu eta hobetu egiten dute bakterioen eta bestelako mikroorganismoen kantitatea, aniztasuna eta jarduera. Horiek konposatuak ekoitziko dituzte (kate motzeko gantz azidoak, entzimak, neurotransmisoreak edo bitaminak), zeinak onuragarriak izango diren pertsonen metabolismorako: probetxua ateratzen diete mantenugaiei, lagundu egiten dute pisua kontrolatzen eta odoleko kolesterola eta azukrea ere bai. Lagundu egiten dute, halaber, hesteko muki mintza mantentzen.

Probiotikoak. Organismoan eragin bat izateko, bizirik eta kopuru egokian iritsi behar dute hestera, eta hori zaila da, urdaileko azidoak desegin egiten baititu. Kantitate hori oso handia izaten da, ehun mila milioi unitate koloniaeratzaile (UKE) dosi bakoitzeko, anduiaren arabera. Cochrane-ko ikertzaileen arabera, andui espezifiko batzuen onuraren ebidentzia zientifikoa baino ez da lortu oraingoz antibitikoek eragindako beherakoari aurka egiteko edo esterokolitis nekrotizatzaileari (heste lodiko hanturari) aurrea hartzeko haurtxo goiztiarretan edo pisu gutxikoetan.

Eta posbiotikoak?

2010. urteaz geroztik, lan zientifiko batzuek kontzeptu berri bat ekarri dute: posbiotikoak. Bakterioen hartziduratik sorturiko substantziak direla esaten dute, hau da, probiotikoen hartziduratik sortuak, eta osasunari on egin diezaioketenak nutrizio mailan, immunitate mailan eta maila metabolikoan. Kate motzeko gantz azidoak ikertu dituzte gehien, neurotransmisoreak ere bai, mantenugai mota batzuk, mikrobioen aurkako peptidoak eta karbohidratoen aurrean aktiboak diren entzimak. Gaur egun, horien onurak aztertzen ari dira, adibidez entzimena, zeinak lagundu egiten duten probiotikoek zuntzak digeritu ditzaten. Gaur arte 500 posbiotiko aurkitu dituzte.

Honela elikatzen dira gure bakterioak

Honako substantzia hauek dira egokienak gure bakterioentzat, eta, hortaz, substantzia horiek dituzten elikagaiek kopuru egokietan agertu behar dute gure dietan.

Zuntz oso hartzigarriak

Azken urteetan ugaritu egin dira zuntz horien inguruko eta osasunari egiten dioten mesedearen inguruko ikerketak. Ez gara gai horiek digeritu eta barneratzeko, eta osoosorik heltzen dira heste lodira; han, hartzitu egiten dituzte bakterioek. Hortaz, prebiotikoak dira.

  • Pektinak (sagarrak, azenarioak). Zuntzik hartzigarriena da eta lagundu egiten du bakterioen aniztasuna. Gure mikrobiota elikatu dezaten, elikagai horiek kozinatuta egon behar dute, ez gordinik.
  • Almidoi erresistentea (patatak, batatak, arroza eta pasta). Elikagai horiek kozinatu egin behar dira eta hoztera utzi. Helburua da almidoiak bere egitura aldatzea eta digestio prozesua jasateko gai izatea. Era horretan hartzitu egingo da eta kate motzeko gantz azidoak sortuko ditu.
  • Muzilagoak (liho eta chia haziak). Hazi horiek bere horretan hartzen baditugu, gure hestetik pasatu eta besterik gabe kanporatuko ditugu gorozkiekin. Horien zuntza eskuratzeko, uretan beratzen jarri eta likidoa loditu zain egon behar dugu.
  • Fruktooligosakaridoak (zainzuria, tipula edo porrua). Zuntz disolbagarria daukate, eta gai da koloneko mikrofloraren osaera aldarazteko.
  • Inulina (txikoria, baratxuria, orburua edo banana). Horiek ere zuntz disolbagarria daukate, eta elikagai gisa balio du hesteko mikrobiotarentzat.
  • Galaktooligosakaridoak (amaren esnea). Suspertu egiten du bakterio onuragarrien hazkundea haurtxoaren hestean, horrexegatik eransten zaizkie formulako esne batzuei.

Polifenolak

Landare jatorriko elikagaiek izaten dituzte, eta herdoilaren aurka egiteko gaitasun handia dute. Lagundu egiten dute, halaber, bakterio onuragarrien bilakaera. Ardoak eta olioak ere badituzten arren, zuntzez lagunduta daudenak bakarrik iristen dira heste lodira; beraz, produktu horietan galdu egiten dute eraginkortasuna.

  • Fruitu gorriak.
  • Fruitu lehorrak (bereziki almendrak, intxaurrak eta hurrak).
  • Kakaoa, %etik gorako purutasunarekin.
  • Espeziak (nagusiki anis txinatarra, menda lehorra, jengibrea, kurkuma eta kanela).

Eta transplantea egingo bagenu?

Aspaldi samar hasi ziren ikertzen mikrobiotaren transplantea egiteko aukerarik egongo ote litzatekeen. Galdera da ea osasuntsu dagoen emaile baten bakterioek lagundu ote dezaketen hesteko oreka ekologikoa lehengoratzen gaixo dagoen pertsona batengan. Ildo horretan, animalietan ikerketa bat egin du Vall d’Hebrongo Ospitaleko Fisiologia eta Fisiopatologia Digestiboko Ikerketa Taldeak, zeina EBioMedicine aldizkarian argitaratu den, eta egiaztatu dute gorozki mikrobiotaren transplanteak lehengoratu egiten duela hesteko mikrobiota. Hanturen aurkakoekin konbinatuz, lagundu egin lezake hesteetan izaten diren hanturazko gaixotasunak tratatzen, adibidez kolitis ultzeraduna edo Crohn-en gaixotasuna.

Ba al du eraginik Covid-ean?

Mikrobiotak badu zerikusia koronabirusarekin ere. Horrela, ikusi da sudur-faringeetako mikrobiota desberdina dela Covid-19a duten pazienteetan eta osasuntsu dauden pertsonetan. Alderdi interesgarrietako bat da Covid arina duten pazienteetan Fusobacterium periodontium delakoa kopuru handiagoetan agertzen dela, eta pentsa liteke mikroorganismo horrek babestu egin lezakeela formarik larrienetatik. Era berean, ikusi da hesteko mikrobiotak eragina eduki dezakeela Covid larriagoa edo arinagoa izateko garaian.

Apendizean ere bai 

Apendizean badira bakterioak eta tradizionalki pentsatu izan da ehunka mila urte lehenago bakterio horiek lagundu egingo zietela gure arbasoei landareen zelulosa digeritzen. Gaur egun, ez genuke funtzio horren beharrik, eta, ondorioz, apendizea organo baliogabea izango litzateke. Baina 2007an argitaratu zen ikerketa batek iradoki zuen bakterio biltegi horrek izan zezakeela funtzio bat: infekzio batek gure mikrobiota osorik desegingo balu, apendizeko bakterioek gordailu gisa jokatuko lukete gure hestea birpopulatzeko.