Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.

: Ariketa fisikoa: medizinarik onena gizentasunaren aurka

Hiru eta zortzi urte arteko haurren %40,6k gehiegizko pisua edo gizentasuna daukate, eta horietako gehienek arazo bera edukiko dute helduaroan ere. Azukreak eta elikagai ultraprozesatuek badute zerbait haurrak erakartzeko, baina bada hain erakargarria ez den beste gauza bat haien ongizatean berebiziko eragina duena: neska-mutilen %37 bakarrik iristen dira egunean gutxienez ordubeteko ariketa sikoa egitera (horixe da Osasunaren Mundu Erakundearen gomendioa).

“Egungo haurren bizitza itxaropena murriztu egin liteke gizentasunaren ondorioz”

Idoia Labaien, Osasun zientzietako irakaslea Nafarroako Unibertsitate Publikoan 

Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea eta ELIKOS ikerketa taldeko zuzendaria da Labaien Nekazaritzako Elikagaien Berrikuntza- eta Jasangarritasun-kateko Institutuan (IS-FOOD), non ikertu egiten duten adingabeetan nolako arriskuak sorrarazten dituen gibelean gantz gehiegi metatzeak, eta azaldu digunez, kalte hori onbidean jar daiteke baldin eta pubertaroa bukatu aurretik geldiarazten badugu gizentasuna. Horrek kemena eman behar liguke modu osasungarrian jaten hasteko eta aktiboagoak izateko. Horretarako, epe ertain-luzean prebentzio estrategiak erabiltzearen alde egin du, eta familiak ohitura osasungarrietan hezi eta inplikatu egin behar direla adierazi du, eta tratamendu gisa ariketa programa bat sustatu, bizia eta aerobikoa, eta jarraipena egin.

Gizentasuna duten adingabeen zifrak larritzeko modukoak dira. Erakunde batzuk eta besteak prebentzio estrategiak eta programak lantzen ari dira azken hamarkadetan, baina ez da ikusten emaitzarik. Zer ari gara gaizki egiten?

Gauza asko egin da epidemia deskribatzeko eta arrazoiak aztertzeko, baina ez hainbeste erremedioa jartzeko. Izan dira ekimen batzuk, publikoak eta pribatuak, baina oro har epe motzeko estrategiak izan dira, eta ez dituzte inplikatu zeresana duten diziplina eta eremu guztiak.

Estrategia horiek ariketa fisikoari baino arreta handiagoa jarri al diote elikadurari? 

Oso estrategia gutxi dago epe ertainluzerako. Ekimen herabe horietako gehienak ohitura dietetikoei begira egon dira, baina hori egin denean ere, ongi diseinaturiko heziketa programak falta izan zaizkigu, eta eskola bezala osasun arloa ere inplikatuko dutenak, haurrak eta gurasoak ere bai, eta elikagaien industrian eta publizitatean ere eragingo dutenak.

Espainian, 8 eta 16 urte arteko haurren %63k ez dute betetzen jarduera fisikoari buruzko gomendioa. Ikasgeletan behar adinako ahalegina egiten ari al dira zure ustez?

Eskola garaian, ordu gutxi eskaintzen zaio gorputz hezkuntzari, behar baino gutxiago, eta, gainera, formazio jarduerak pentsatuta daude haurrak eserita egon daitezen. Bestalde, kirol jarduerak oso espiritu lehiakorrarekin pentsatuta daude askotan, eta kanpoan uzten dituzte gaitasun eta trebetasun gutxiago duten neskamutilak.

Jarduera fisikoa zabaltzen al da beste eremu batzuetara? 

Oraindik ez dugu ulertu jarduera fisikoa eta ohitura dietetikoak osotasunean hartu behar direla osasunaren barnean eta, bereziki, haurtzaro garaian. Bizi estilo osasungarrietan heztea izan behar luke heziketaren funtsa, modu zabalagoan ulertuta. Jarduera fisikoa ez da futbolean edo saskibaloian entrenatzen den une hori bakarrik, eskolara oinez edo bizikletaz joatea ere bada, jolasgaraiak aktiboak izatea, aisialdiko askoz denbora gehiago partekatzea familian…

Adituen esanetan, baliteke hurrengo belaunaldien bizitza itxaropena txikitzea gehiegizko pisuaren eta gizentasunaren erruz. Gertagarria al da hori, zure iritziz?

Bai, Osasunaren Mundu Erakundeak kalkulatu duenez, egungo haurren belaunaldiaren bizitza itxaropena murriztu egin daiteke gizentasunaren ondorioz [hiru urteko zifra eman du OCDEk]. Azken 10 urteetan izugarri handitu da gibeleko esteatosiaren edo gibel gantzatsuaren prebalentzia, zeinak are gehiago handitzen duen zenbait gaitz izateko arriskua: diabetesa, bihotzhodietako gaixotasunak eta gibeleko disfuntzioa. Gaur egun, gehiegizko pisua edo gizentasuna duten helduen %25ek eta haurren %40 inguruk gibel gantzatsua daukate.

Nola aurre egin dakioke arazo horri? 

Gizentasuna gaixotasun bat da. Hori barneratu egin behar dugu prebentzio lana egiten eta tratatzen hasteko. Gizentasunak kalte larria egiten dio haurren osasunari une horretan bertan eta etorkizunean. Zeren gehiegizko pisua duten haurrek arrisku handiagoa baitute diabetesa, bihotz-hodietako gaitzak eta minbizia izateko, eta, gainera, kalte egiten die osasun emozionalari eta emaitza akademikoei.

Gizentasuna eta gehiegizko pisua duen haur batek beti pairatuko al ditu horren ondorioak heldua denean? 

Lan zientifiko oso garrantzitsu batzuek frogatu dutenez, pubertaroa bukatu aurretik sendatzen denean haurren gizentasuna -13 urte dituztenean, gutxi gorabehera-, diabetesa izateko arriskua gizentasunik ez duen haur batek duenaren berdina da. Horrek pizgarri gisa balio behar liguke.

EFIGRO proiektuak familiak hezten zituen bizi estilo osasungarrietan, eta frogatu zuen familiak inplikatzeak eta ariketa fisikoak lagundu egiten dutela osasuna hobetzen. 

Gure ikerketak frogatu egiten du programa batek bizi estilo osasungarrietan hezten dituenean familiak, heziketa psiko-afektiboa ere ematen zaienean ohitura horiek aldatzeko eta haurren osasun emozionala hobetzeko, eta ariketa fisikoa eginarazten dienean, murriztu egiten dela gorputzeko gantza eta, batez ere, urritu egiten dela intsulinarekiko erresistentzia (diabetes aurrekoa egoera) eta gibeleko esteatosia %20raino.

Zer-nolako zeregina dute gurasoek ikaskuntza horretan?

Haurrek imitazio bidez gehiago ikasten dute bizitzako lehen urteetan ematen dizkiegun mezuetatik baino. Ez du askorik balio guk esateak “jan ezazu fruta, oso ona da eta” edo “itzali telebista”, baldin eta gu ez bagaituzte ikusten fruta jaten edo ez badugu jardueraren bat proposatzen telebistaren ordez. Gurasoek bizimodu osasungarria egiten badute, eskoletan ere hori sustatzen bada, aurrea hartzen hasiak izango gara haurren gizentasunari.

Astean zenbat orduko ariketa fisikoa eta zenbateko intentsitatez egin behar dute haurrek horren onurak sumatzeko?

Gibelaren eta bihotz-hodien osasuna hobetzeko ariketarik eraginkorrena intentsitatea duena da; hau da, nekatu egin behar dugu, eta haurrekin, ongi pasatzea ere oso garrantzitsua da. Horixe ikusi dugu gure ikerketan: haurrek jolastu bitartean egiten zuten ariketa astean hiru aldiz 90 minutuan. Era berean, 15 egunetik behin familia guztia joaten zen ohitura onak ikastera nutrizio arloko eta psikologiako adituekin.

Genetikak gizentasuna izateko joera dakarrenean, gainditu al daiteke oztopo hori? 

Badakigu pertsonen osasuna baldintzatu egiten duela bizi estiloak eta bizitzako lehen 1.000 egunetan bizitoki izan den inguruak. Hau da, haurra sortzen denetik bi urte egin artekoak. Nahiz eta joera genetikoa eduki gizentasuna izateko, bizimodu osasungarria eginez gero, ez da agertuko. Nutrizioak eta jarduera fisikoak eragina dute gure geneen funtzionamenduan. Hori inoiz baino gehiago sumatzen da bizitzako lehen egun horietan, non zelula banaketa oso azkar gertatzen den hazkundearen eraginez. Horrexegatik esaten dugu gizentasunaren prebentzioa haurdunaldian hasten dela.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak