Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.

: Ariketa fisikoa: medizinarik onena gizentasunaren aurka

Hiru eta zortzi urte arteko haurren %40,6k gehiegizko pisua edo gizentasuna daukate, eta horietako gehienek arazo bera edukiko dute helduaroan ere. Azukreak eta elikagai ultraprozesatuek badute zerbait haurrak erakartzeko, baina bada hain erakargarria ez den beste gauza bat haien ongizatean berebiziko eragina duena: neska-mutilen %37 bakarrik iristen dira egunean gutxienez ordubeteko ariketa sikoa egitera (horixe da Osasunaren Mundu Erakundearen gomendioa).

Arrakasta lortu duten bi adibide

Nuestra Señora de la Paloma ikastetxe publikoa da adibide bat; Madrilen dago, eta jolastokian kontzeptu hori darabilte 2018. urteaz geroztik. Belen Gonzalez da zuzendaria, eta haren esanetan, “balantzea ona da. Hezkuntza komunitate osoak parte hartu zuen proiektua abian jartzen (irakasleak, gurasoak eta ikasleak)”, azaldu du arduradunak. Alde batetik, aldatu egin zuten diseinua, eta jolaserako elementu gehiago sartu zuten, aniztasun gehiago izan zezan, landaredia gehiago, baita koloreak, marrazkiak eta formak ere, baina antolatzeko modua ere aldatu zuten, irakasleak gidari lana egin behar baitu ikasle guztiak barne hartuko dituen ekintzak sustatzeko. Eta hauxe izan da emaitza: “Lehia sustatzen ez duten jolasek irabazi egin dute lekua, eta orain oreka handiagoa dago eremua banatzeko orduan, non lehen futbola eta saskibaloia ziren jaun eta jabe”, azaldu du Belen Gonzalezek.

Kurutziaga ikastolako esperientzia ere aski adierazgarria da; Durangon dago ikastetxe hori, eta irakasleek abiarazitako gogoeta prozesu batekin hasi zen, hori ere 2018an. “Geure buruari galdetu genion zer gertatzen den jolastokietan, eta pentsatu genuen interesgarria izango litzatekeela hezteko eta sozializatzeko eremu gisa erabiltzea, ohitura osasungarriak sustatzeko, adibidez kirola, eta baita ikasleen autonomia, interesa, motibazioa eta jakin-mina ere”, azaldu du Urko Rodriguez zuzendariak. Diseinu berria eman zioten jolastokiari, eta gaur egun mendi txikiak eta gora eta behera ibiltzeko guneak ditu kanpoaldean, bidegorri batek inguratzen du eremua, anfiteatro natural bat dauka, elkartzeko leku bat mahaiekin, zurezko egiturak irudimena lantzeko eta jolasak asmatzeko, adibidez autokarabana bat eta herensuge baten silueta, kirol jarduerak egiteko gune bat, esaterako pilota, saskibaloia, futbola edo eskalada, tirolina bat… Orain jolaslekua egokitua dago eskolako etapa bakoitzera eta diziplina anitzeko talde bat osatu da guneetako arduradunekin, begiraleekin eta jantokiko langileekin, horiek egoten baitira irakasleak falta direnean, eta zenbait gune eta proposamenetan antolatua daukate jolasgaraia: kirola, dantza, antzerkia, jolas librea… “Hiru urteko ibilbidean, gatazkak murriztu egin dira, norberak bere lekua baitu nahi duen moduan gozatzeko. Ikasleek zenbait aukera dituzte eta horrek on egin dio bizikidetzari. Eta hori lorpen handia da”, nabarmendu du Rodriguezek.

Esperientzia horiek ongi erakusten dute jolastokia nola moldatu daitekeen inklusiboagoa izan dadin. Haur Hezkuntzan (0-6 urte), adibidez, haurrek berezko interesa eta jakin-mina izaten dute gauzak aztertu eta aurkitzeko. Adin horietan beharra izaten dute inguru naturala aztertzeko eta interesatzen zaiena hautatzeko, motibatzen dituen hori. Horregatik, Kurutziaga ikastolan, adibidez, naturak leku handia du jolastokian, eta badute errekasto bat, harriak, urmaela eta baratzea. Lehen Hezkuntzan (6-12 urte), jolastokia lotuagoa dago taldeko jolasei eta jolas antolatuagoei. Izan daitezke arau ezarriak dituzten jolasak, edo izan daitezke haiek sortzen dituztenak. Elkartzeko leku bat da, helduek gidatzen ez duten leku bat. Berdin gertatzen da Bigarren Hezkuntzan (12-16 urte), eta hor alderdi sozialak eta kirol alderdiak garrantzi handiagoa hartzen dute.

Inguruaren garrantzia

Hiri eta herrietako inguruak ere badu eragina kirola egiteko garaian. Aire zabalean arnasa hartzeak aldarte oneko jartzen gaitu, biziberritu eta motibatu, baina familia guztiak ez dira bizi horretarako aukera ematen duten lekuetan, eta ezinbestekoa izaten da hiriek kirola egiteko modua eskaintzea eremu publikoetan, eta leku horiek diseinatzean erraztasunak eskaintzea ariketa eta jarduera fisikoa egiteko. Modu bat izan daiteke kirol instalazioak hurbilago jartzea, funtzio anitzeko eremu publikoak sortzea aisialdia eta kirola susta ditzaten aire zabalean, edo hiri jasangarriagoak eginez. Kirola pertsonengana hurbiltzea da kontua, eta administrazioek gai izan behar dute horretarako aukera emango duten politikak abiarazteko.

Gasteiz izan daiteke politika horien adibide (2012an Europako Hiriburu Berdea izendatu zuten, eta 2019an Hiriburu Berde Globala):

  • Hainbat diziplina egiteko eremu asko eta egokiak. EAEko hiriburuak 200 kirol instalazio ditu hirian banatuta: zentro zibikoak, kiroldegiak, igerilekuak, pilotalekuak, futbol zelaiak, futbolean eta saskibaloian aritzeko zelai irekiak… Horietako asko auzo bakoitzaren beharren arabera diseinatuta daude.
  • Kirola eta natura konbinatzea. Eraztun berdearekin lortu du Gasteizek; 30 kilometroko eraztun edo gerriko bat da, zeinak hiri periferiako 10 parke lotzen dituen, eta horrela ugaritu egiten dira jarduerak aire zabalean egiteko aukerak. Ibilbide hori ezinbestekoa da hirian hainbeste jende ibil dadin oinez, lasterka edo bizikletan.
  • Herritarrak partaide egitea proiektuen diseinuan. Herritarren parte-hartzea funtsezkoa izan da ekipamenduak diseinatzeko orduan, adibidez skatean aritzeko parke batzuk, kalisteniako parke bat, BMXeko zirkuitu bat edo Aldaian laster egingo diren kirol pista irekiak. Gasteizek 2018an inauguratu zituen lehenengo parkour pistak (hiriko eskailera eta kosketan jauziak eta akrobaziak egitea da), zeinak aurrekontu parte-hartzaileen bidez egin ziren. Herritar batena izan zen ekimena, eta Arabatarren Parkour Elkartearen laguntzarekin, espezialitate horretako erreferente izatea lortu du (Udalak 200.000 euroko inbertsioa egin zuen). Aurrekontu parte-hartzaileen programa horretan bertan, are ekimen handinahiagoa ageri da: auzo oso bat inplikatzea (Lakua) belaunaldi arteko parke bat diseinatzeko aire zabalean, non haurrek, nerabeek eta pertsona helduek kirola eta jarduera ludikoak partekatuko dituzten. Prozesua egin ondoren, 11 gune sortu dituzte auzoan banatuta, eta zirkuitu gisa erabil daitezke era guztietako espezialitateak egiteko, hasi kometak hegaldatzetik eta badmintonean aritzeraino. Dena aire zabalean, herritarrei gonbita egiten zaiela kalean bertan kirola egin dezaten.
  • Mugikortasun jasangarria sustatzea. Hiru joan-etorritatik bi oinez eta bizikletan egiten dira hirian. Horretan asko laguntzen du bertako bidegorri sare zabalak: 170 kilometro ditu. Gasteizek, gainera, mugikortasun jasangarria sustatu du eremu publikoa oinezkoentzat egokituz eta atseginagoa bihurtuz. 2014. urteaz geroztik, noranzko bakarreko bideetan 30 kilometro ordukoa da abiadura muga, eta gaur egun muga hori bera jarri dute hiri guztian.
  • Aisialdi aktiboa sustatzea familian. Parke, igerileku eta bainatzeko beste eremu batzuetako eskaintza osatzeko, adibidez urtegietakoa, beste zenbait zerbitzu ere bultzatu ditu Gasteizek, bizikletak alokatzekoa esaterako, zeinak aukera bikaina eskaintzen duen hiria eta inguruak ezagutzeko bi gurpilen gainean. Herritarrak kirola egitera motibatzeko, beste aukera on bat da zentro zibikoetan eta kirol instalazioetan jarduera fisikoak egiteko dagoen eskaintza. Hiru hilabetetik behin ikastaroak eskaintzen dituzte milaka lekurekin hainbat espezialitatetan. Badira mugimendu fisikoa lantzeko programak, kirolean hastekoak, eskola adinean dauden neska-mutikoek egitekoak… Sare hori, gainera, adinekoek erabiltzeko 12 osasun parkek hornitzen dute; aire zabalean daude eta gimnastika egiteko gailuak dituzte, non ariketa fisikoa egiten duten libreki edo entrenatzaile baten doako laguntzarekin.

Osasunari atxikitako kirol politiketan lider bihurtzeko, inbertsio handia egin behar du hiri batek: urtean 60 milioi euro inguru. Horietatik, Udalak 12,87 milioi gastatzen ditu igerileku estalia duten bederatzi kiroldegietako jarduerari eusteko (bakoitzak 1,43 milioi euro eskatzen ditu urtean). Hirian dauden 14 zentro zibikoetan, berriz, Udalak 46,2 milioi euro inbertitzen ditu urtean (3,3 milioi bakoitzean).

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak