Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.

: Ariketa fisikoa: medizinarik onena gizentasunaren aurka

Hiru eta zortzi urte arteko haurren %40,6k gehiegizko pisua edo gizentasuna daukate, eta horietako gehienek arazo bera edukiko dute helduaroan ere. Azukreak eta elikagai ultraprozesatuek badute zerbait haurrak erakartzeko, baina bada hain erakargarria ez den beste gauza bat haien ongizatean berebiziko eragina duena: neska-mutilen %37 bakarrik iristen dira egunean gutxienez ordubeteko ariketa sikoa egitera (horixe da Osasunaren Mundu Erakundearen gomendioa).

Familia guztiari eragiten dion auzia

Pantailek erru handia dute zifra kezkagarri horietan guztietan, baina baita gurasoek ariketaren aurrean daukaten pasibotasunak ere. Bartzelonako Nazioarteko Unibertsitateak (UIC) egindako ikerketa batean aztertu egin zuten zer-nolako lotura dagoen pantaila baten aurrean eserita egotearen eta elikagai osasungaitzak jatearen artean, eta ondorioztatu zuen horiei begira ordubete baino gehiago ematen duten haurrek kopuru handiagoetan jaten dituztela gozoak, edari azukretsuak, janari lasterra eta zizka-mizkak denbora librean kirola egiten dutenek baino (Healthcare aldizkariak argitaratu zuen, 2021eko otsailean). Beste behin, eredu ona ematea da bidea, eta gure seme-alabak kirolen bat egitera bultzatzea eta jarduera fisikoak familian egitera, adibidez mendi txangoak, paseoak aire zabalean, igeri egitea, bizikletan ibiltzea, patinetan… Neska-mutilek norbait behar dute ondoan lagun egiteko eta eredua emateko, izan senide zaharragoak, izan gurasoak edo beste senitarteko batzuk, nori begiratua edukitzeko mugitzeko garaian. Eskailerak oinez jaistea eta ez igogailuan edo eskolara oinez joatea, horra hor eredua emateko modu erraz batzuk.

Haurrek gurasoengandik ikasten dute, bai ona eta bai txarra. Horixe erakutsi zuen Errioxako Unibertsitateak egindako ikerketa batek (Journal of Sports Sciencie and Medicine aldizkariak argitaratu zuen), non 12 eta 16 urte arteko 1.978 ikasle hautatu zituzten ausaz. Ikertzaile horien arabera, gurasoek denbora librean ez badute kirol jardueretan edo jarduera fisikoetan parte hartu, etxe horretako nerabeek lau aldiz aukera gehiago izango dute jardun fisikorik ez egiteko. Gurasoak jardueretan partaide direnean edo ariketa fisikoari garrantzi handia ematen diotenean, murriztu egiten da sedentarismoa.

Gorputz hezkuntza: arrastaka dabilen ikasgaia 

Ikastetxeak funtsezko zeregina dauka ikasleek behar diren trebetasunak eskuratu ditzaten jarduera fisikoa egiteko eta horretan gozatzeko, batez ere adingabeen %80k eskola orduetan bakarrik egiten dutelako. Europako Batasunean, Gorputz Hezkuntzari ordu gutxien eskaintzen dion herrialdeetako bat da Espainiako Estatua. Zehazki, astean bi ordu batez beste. Europako Parlamentuak hiru ordu eskaintzea gomendatzen du eta Espainiako legediak astean gutxienez ordubete eskaini behar zaiola esaten du. Gaur-gaurkoz, autonomia erkidego gehienek bi ordu eskaintzen dizkiote, baina ari dira bestelako joera batzuk ere agertzen. Madrilgo Erkidegoak, adibidez, hirugarren ordua ematea onartu du, eta 2022-2023 ikasturtean hasiko dira. Dena den, oraindik oso urruti gaude beste zenbait herrialdetatik: Frantzian, adibidez, astean bost ordu eskaintzen dizkiote ariketa egiteari. Vicente Martinez de Haro irakaslea da Madrilgo Unibertsitate Autonomoan (Gorputz hezkuntza, Kirola eta Giza Motrizitatea ematen du), eta haren esanetan, herrialde hori hartu behar litzateke eredutzat.

“Frantzian eredu hauxe darabilte Bigarren Hezkuntzarako: bi ordu Gorputz Hezkuntzarako eta hiru ordu kirolerako eta jarduera fisikoetara, guztira bost ordu astean. Gorputz Hezkuntzako ikasgaian, mugimenduaren bidez erakusten dute, eta helburua da pertsona aktiboak sortzea, jabetzen direnak zer egin dezaketen, zergatik eta nola, eta zer-nolako gaitasunak dituzten. Kirolari eta jarduerari fisikoari eskaintzen zaion tartean, norberak atsegin duen horretan aritzea da kontua”, azaldu du Martinez de Harok. Hezkuntza sisteman oreka bilatu behar da ikasgaien artean, herritar jantziak eta ongi prestatuak lortzeko, baliagarri izango zaiena erakutsiz. Antzeko ikuspegia du Alejandro Lucia Mulas-ek, zeina Ariketaren Fisiologiako katedraduna den Europako Unibertsitatean. Ariketari loturiko gaien inguruko ikertzaile horren iritziz, “eguneroko ikasgaia izan behar luke, Jarduera Fisikoa eduki behar luke izena eta ordubete eskaini behar lioke, gutxienez, jolas aktiboari, adibidez egunero bizi samar oinez ibiltzeari edo saltoka aritzeari, eta astean bi edo hiru saio egin behar lirateke sendotze orokorrerako (gimnastika erakoa)”.

Irakasle ongi prestatua eta motibatzen duena

Irakasleen zeregina funtsezkoa dela nabarmentzen du Lucia Mulasek. “Etorkizuneko helduen osasunean zeresan handia dute profesional horiek, nahiz eta orain arte zalantza handiak izan ditudan Gorputz Hezkuntzako saioek sedentarismoaren aurka egin ote duten edo sustatu egin ote duten sedentarismoa”. Espezialista horren iritziz izan ere, urteetan erabili diren zenbait metodologia aldatu egin behar lirateke. “Adibidez, gehiegizko pisua duen eta kirolean oso trebea ez den haur bati betiko kendu diezaiokezu bizimodu aktikoa egiteko gogoa edo kirolzaletasuna, baldin eta lehian jartzen baduzu bera baino dohain hobeak edo joera genetiko mesedegarriagoa duen norbaitekin edo Cooper test bat eginarazten badiozu, non ahalik eta distantziarik handiena egin behar den 12 minutuan. Kontua ez da kirola erakustea –hori zoragarria da, bai, baina nik eskolaz kanpoko jardueretarako utziko nuke–, jarduera fisikoa lantzea baizik eta, ondorioz, osasuna”, azaldu du Europako Unibertsitateko irakasleak.

Jolastoki inklusiboak: guztientzako moduko jolasak

Ikastetxeetan jarduera fisikoari ordu gehiago eskaintzeaz gain, adituek nabarmentzen dute jolasgarai aktiboak ezarri behar direla. Jolastokiak berriz diseinatzea eskatzen du horrek, baina baita irakasleek begirale lanak egitea ere edo talde bat jartzea ikasleak aktibo egon daitezen eta inor ez dadin bakartuta gelditu aukerarik aurkitzen ez dutelako jolaserako edo jarduera fisikoa egiteko. Ikasleen arteko gatazka asko jolasgaraian sortzen dira, eta horretan erru handia izaten du eremu horietan denentzako moduko jarduerarik edo aisialdirik ez egoteak.

Jolastokian lasterka ibiltzen dira batetik bestera eta oihu asko egiten da, baina ikasle gutxik lortzen du taldean bildu eta jolastea. Bestalde, ikastetxerik gehienetan futbola da jaun eta jabe jolasgaraian, eta ostikoz ostiko, bereganatu egiten dute jolaserako eremu guztia, eta oso leku gutxi uzten zaie futbolean aritu nahi ez dutenei. Irakasleak aspaldi samar ohartu ziren betiko jolastoki hori nahiko oldarkorra dela ikuspegi urbanistikotik, eta atseginago bihurtzea erabaki zuten, ikasleak jolasean hezteko eta mutilak bezala neskak ere partaide sentitzeko. Ikasgelan lantzen diren balioak jolastokian ere txertatu beharra zegoen: enpatia, errespetua, tolerantzia eta aniztasuna. Horixe da jolastoki inklusiboaren ideia; dagoeneko ikastetxe askotan jarri dute abian, eta arduradunen esanetan, ongi funtzionatzen du.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak