Espainiako Estatuko herritarrek urtean 265 euro ordaintzen dituzte zergetan gizentasunak eta gehiegizko pisuak eragiten dituzten arazoak tratatzeko, datu hori eman du Ekonomia Lankidetzarako eta Garapenerako Erakundeak (OCDE). Eta haurren gizentasunak ageri dituen zifra beldurgarriak murriztu ezean, kostu horrek jarraitu egingo du handitzen.

Zenbat kostatzen zaigu gizentasuna?

1 ekaina de 2021

Zenbat kostatzen zaigu gizentasuna?

Aladino txostenaren arabera, sei eta bederatzi urte arteko haurren %40k gantz gehiegi dauka gorputzean pilatuta, eta horrek patologia larriak eragin ditzake haiengan, gehienak helduengan agertu izan direnak orain arte: hipertentsioa, diabetesa eta bihotz-hodietako gaitzak, esaterako. Aztertu egin dugu zenbat kostatzen den gehiegizko pisuarekin zerikusia duten patologia horiek tratatzea eta zer egin egin dezakeen osasun sistemak beste “pandemia” hori arintzeko.

Haurren gizentasuna XXI. mendeko osasun arazorik larrienetakoa da”, halaxe dio Osasunaren Mundu Erakundeak (OME). Herrialde bakar bat ere ez dago libre epidemia horretatik, eta okerrera egiten ari da, gainera. Aladino ikerketaren arabera, sei eta bederatzi urte arteko haurren %40ri eragiten die arazo horrek. Eta lehenago edo geroago, patologia larriak sortzen ahal ditu, gehienak helduengan agertzen direnak, adibidez 2 motako diabetesa, bihotz-hodietako gaixotasunak eta baita minbizi mota batzuk ere.

Guztiak ere aurrez geldiarazteko modukoak jatorrian eraginez gero, halaxe dio Osasunaren Mundu Erakundeak. Espainian, gaixotasun horren eta harekin zerikusia duten patologien tratamendura bideratzen den gastu publikoa 2.500 milioi eurokoa da, halaxe dio Gizentasunak eta patologiak eragindako kostu sozial eta ekonomikoen liburu zuriak. Eta handitzen ari da: Gizentasuna Ikertzeko Europako Elkarteak egindako kalkuluaren arabera (EASO siglak ditu ingelesez), gizentasunak urtean 3.081 milioi euroko gastua eragingo die Estatuko herritarrei.

Arazo handiena da prebentzioaren arloan egiturazko kontuek huts egiten dutela. Nancy Babio presidenteordea da Espainiako Dietetika eta Nutrizio Elkartean, eta haren iritziz, “administrazioak ez dio neurria hartu haur gizentasunaren prebalentziak dakarren arazo larriari”. Hori dela eta, funtsezko neurriak falta dira orain ere.

Adibidez, ez dago dietista-nutrizionistarik Lehen mailako Arretan, eta adituen iritziz funtsezkoak dira arazoa txikitzeko. Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiaren arabera (CGCODN), profesional horiek lehen mailako arretan txertatuz, osasun sistemak 5,8 eta 105 euro artean aurreztuko lituzke inbertitzen duen euro bakoitzeko. Jose Serrano pediatraren esanetan (Espainiako Pediatria Elkartekoa kidea da), dietista-nutrizionisten eta pediatren kontsultek “ondoz ondo” egon behar lukete osasun etxeetan, egunero eskuz esku lan egiteko. Gainera, nutrizio arloko heziketa falta da bai haurrentzat eta bai helduentzat ere.

Osasun arloko elkarteek etengabe egiten dituzte kanpainak eta deialdiak Lehen mailako Arretako egoera hobetzeko, baliabide gehiago egon daitezen ez bakarrik haurren gizentasunak sorrarazten dituen arazoei erantzuteko, baita gaitz hori errotik mozteko ere prebentzio politiken bidez. 2013. urtean, adibidez, Bizkaiko Medikuen Elkargoak heziketa kanpaina bat abiarazi zuen neska-mutilak hezteko, baina batez ere haien gurasoak, ohar zitezen zein garrantzitsua den ongi elikatzea eta zer-nolako arriskuak dituen hala ez egiteak. Coruñako farmaziek ere antzeko zerbait egin zuten 2017an, eta kanpaina bat aurkeztu zuten haur gizentasunaren prebentziorako. Oro har, eta prebentzio planak egon badauden arren, adituek uste dute administrazioek ahalegin handiagoa egin behar dutela, bai erkidegoetakoek eta bai Estatukoak ere. Gisa horretako estrategiek, Jose Serrano pediatraren eta beste hainbaten iritziz, beti laguntzen dute: “Ekintza horiek hondar ale bat gehiago dira, nahiz eta lege arloko neurri sakon gehiago nahi genituzkeen”. Babio ere ados dago: “Administrazio publikoek izan behar dute ardatza. Hortik ez bagoaz, oso zaila izango da aurre egitea”.

Tratamenduen gastuak

Gizentasunak eragin zuzena du altxortegi publikoan eta herritar guztien patriketan. Gastua izugarri handia da, gainera. Ekonomia Lankidetzarako eta Garapenerako Erakundeak (OCDE) egindako txostenean ageri denez (Gizentasunaren pisu astuna izena du, eta 2019an argitaratu zuen), Espainiako Estatuak osasun publikoan egiten duen gastu guztiaren %9,7 hartzen dute gehiegizko pisuak eta gizentasunak, eta horrek esan nahi du herritar bakoitza 265 euro jartzen ari dela tratamendu horietarako. Gehiegizko pisuak, azkenerako, %2,9 murrizten du Espainiako Estatuko BPGa. OCDEko beste herrialdeetako batez bestekoa baino dezente gehiago da hori; herrialde horiek osasun arloko gastuaren %8,4 eskaintzen diote arazori horri, eta herritar bakoitzak urtero 181,60 euro jarri behar ditu zergen bidez.

Galdera hauxe sortzen da datu horiek jakinda: eta zehazki zertara bideratzen da gizentasunak ‘jaten’ duen diru hori guztia? Eta erantzuteko garaian, gai horrekin zerikusia duten kontuez arduratzen diren ministerioak bata besteari begira hasten dira. “Gai hori Kontsumokoek daramate”, erantzuten dute Osasunetik. “Hori Osasun Ministerioan esan behar lizukete”, ziurtatzen dute Kontsumotik. Gobernuko erakundeen erantzun ofi zialik ezean, OCDEren txostenak argibide batzuk ematen ditu diru hori nola banatzen den jakiteko. Batez beste, diabetes tratamendu guztien %70ek dute zerikusia gehiegizko pisuarekin, bihotz-hodietako gaitzen %23k eta minbizi tratamenduen %9k.

Prebentzioa da irtenbide bakarra

Espainiak NAOS estrategia dauka (Nutrizioa, Jarduera Fisikoa eta Gizentasunaren Prebentzioa). Espainiako Kontsumo Ministerioak eta Elikadura arloko Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziak ere (AESAN) kanpaina bat abiarazi zuten joan den urteko azaroan (Jarri heroi gehiago zure platerean eta bete zure bizitza superheroiz), haurren artean elikadura osasungarria sustatu nahian. Bideoak, kartelak, sare sozialetarako iragazkiak eta web-orri bat ere bai jolas eta guzti, baliabide horiek guztiak darabiltzate haurrek ikas dezaten zein diren elikagai osasungaitzak eta zein osasungarriak.

Ez da lehenbiziko kanpaina (eta ez da azkenekoa izango, segur aski). Kontsumo Ministerioak egin dituen kanpainen zerrenda aztertuz gero, beste batzuk ere ageri dira: Esnatu eta gosaldu! (2006an eta 2007an), zeinaren bidez azaldu nahi zen zein garrantzitsua den gosari osasungarria egitea eta jarduera fi sikoa maiz egitea. Baina adituek neurriren bat txalotzen badute, freskagarriei zerga gehiago jartzea da, zalantzarik gabe, eta asmo horretan da, gainera, Espainiako Gobernua (Katalunian 2017tik egiten dute). “Badakigu edari azukretsuak edatea dela haur gizentasunaren arrazoietako bat, eta nutrizio politikekin mugak jartzea oso ekimen ona da”, ziurtatu du Babiok.

Autonomia erkidegoek ere kudeatzen dutenez eta gaitasuna dutenez beren osasun planak lantzeko, horiek ere badituzte beren metodologiak gizentasunaren kontra ekiteko. Batzuk aipatzearren, Euskal Autonomia Erkidegoan ekimen programa bat landu dute elikadura osasungarriaren alde, eta horrekin %20 gatz eta azukre libre gutxiago hartzea lortu nahi dute 1.000 egunetan. Andaluziak Haurren Gizentasuneko Plan Integrala dauka, zeinak formazioari eta arazoak garaiz antzemateari ematen dion garrantzia: Madrilgo Erkidegoak InfaSEN dauka, non dieta osasungarria sustatzen den eta atseden hartzeak eta jarduera fi sikoa egiteak duen garrantzia azpimarratzen den; eta Kataluniak plan pilotu bat ezarri zuen 2019an, komunitaterik ahulenetan arazoa onbideratzeko helburuz.

Eeste adibide bat izan daiteke Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarena: SANO prebentzio estrategia darabilte fruta eta berdura kontsumoa handitzeko, jarduera fi sikoei denbora gehiago eskaintzeko eta ordu gutxiago egiteko pantailen aurrean. “Sedentarismoa da gizentasunari lotuta dagoen beste arrazoietako bat eta zenbait ikerketak diote lotura dagoela egunean telebista bi ordu baino gehiago ikustearen eta gehiegizko pisua handitzearen artean. Hortaz, arrisku faktore horrentzat ere estrategiak landu beharra dago”, adierazi du Espainiako Dietetika eta Nutrizio Elkarteko presidenteordeak.

Kataluniak ere badu bere estrategia (Estatuan aitzindaria izan da, gainera, edari azukretsuei zerga jartzeko orduan), eta han baliabide gutxien duten familietan jarri dute arreta, eta ariketa fisikoan eta psikologian adituak direnen laguntza jasotzen dute haurrengana iritsiko diren mezu eraginkorrak sortzeko. Garrantzitsua da hori, zeren haurren gizentasunak prebalentzia handiagoa ageri baitu errenta apaleko familietan (Aladino ikerketak erakutsi duenez). “Hori kontuan hartu behar da edozein neurri lantzean, izan prebentziokoa edo tratamendu arlokoa”, erantsi du Babio. 2013. urteaz geroztik, Galiziako Xuntak Xermola plana dauka, eta horren bidez, nutrizio arloko kontrolak egiten dituzte eskoletan, informazioa ematen dute osasun arloko laguntza zerbitzuen bitartez eta jarduera fi sikoa sustatzen da haurren artean.

Nola murriztu gastu horiek

Aditu guztiek onartzen dute kanpaina horiek guztiak ez direla aski gizentasunaren arazoa bukarazteko. OCDEren iritziz, beharrezkoa da politika sorta bat ezartzea, non elikagaiei etiketak jarriko zaizkien, jarduera fi sikoa medikuak aginduko duen eta ongizate programak sustatuko diren. Erakunde horrek egindako kalkuluen arabera, horrekin 32 milioi euro aurreztuko lirateke urtean osasun kostuetan. Esaten du, halaber, azukre, gatz, kaloria eta gantz saturatu asko duten elikagaietan %20 murriztuz gero kaloriak, transmisio bidezkoak ez diren 472.000 gaixotasuni aurrea hartzeko modua izango litzatekeela hurrengo 30 urteetan, eta urtean 169 milioi euro aurreztuko liratekeela osasun kostuetan.

Osasunaren Mundu Erakundeak politikariei dei egiten die zuzenean: “Haur gizentasunaren epidemia geldiarazteko, beharrezkoa da konpromiso politiko jarraitua eta zeresana duten aldeen lankidetza, bai publikoena eta pribatuena. Gobernuek, nazioarteko erakundeek, gizarte zibilak, gobernuz kanpoko erakundeek eta arlo pribatuak funtsezko zeregina dute inguru osasungarriak sortzeko eta haurrentzat eta nerabeentzat osasungarriagoak diren aukera dietetikoak modu onean eskura jartzeko”. Hain zuzen, 2019. urtean eskaria egin zuen gehiegizko azukre kopurua erabiltzea galaraz dezaten haurtxoentzako produktuetan eta herritar multzo horrentzat ez dezaten janari eta edari gozorik iragarri.

Bere estrategiaren barrenean, OMEk ekintza plan bat landu zuen 2013 eta 2020 artean mundu osoan transmisio bidezkoak ez diren gaitzei aurrea hartzeko eta horiek kontrolatzeko. Edo bestela esanda: estrategia global bat haur gizentasunaren epidemiak eragiten dituen gaitz kroniko eta prebenigarriei heltzeko. Gainera, berariaz arazo hori bukarazteko zeregina duen batzorde bat dauka.

Helduen gaitzak dituzten haurrak

Haurren gizentasunak era guztietako ondorioak uzten ditu, halaxe diote Bihotzaren Espainiako Fundaziotik: “Autoestimu arazo bat sortzen du, handitu egiten du jarduera fi sikoak egiteko zailtasuna eta diskriminazioa sustatzen du beste haurren artean, eta, gainera, arrisku handia dakar osasunerako”. Arazo horien artean aipatzen ditu gaixotasun koronarioak, diabetesa, arteria hipertentsioa, garuneko infartua, loaren apnea eta osteoartritisa. Guztiak dira helduen artean agertzen diren gaitzak, orain arte behintzat. “Gizentasuna daukaten haurrek 30 urte eransten dizkiote odol-hodietako osasunari”, adierazi dute fundazio horretako kideek.

Hori pisu izugarria da organismorako, handitu egiten baita bihotzhodietako arazoak izateko arriskua, eta beste parametro batzuk ere igoarazi egiten ditu, adibidez glukosa, guztizko kolesterola eta triglizeridoak. “Gizentasunaren prebalentzia handiak baldintzatuta agertzen dira haurrengan diabetesa, hipertentsioa eta hari atxikitako beste patologia batzuk. Gizentasuna duen haur batengan, gaixotasun horrek beste patologia batzuetarantz egin dezake eta haurraren bizi kalitatea murriztu”, azaldu du Nancy Babiok.

Hain da larria arazoa, Espainiako Kardiologia Elkarteak (SEC) premiazko neurriak eskatu baitzizkien erakundeei 2019an, ‘Bihotz-hodietako arriskua haurtzarotik’ izeneko txostena aurkeztu zuenean, eta zenbait proposamen egin zituen haurren osasuna hobetzeko. Sei gomendio izan ziren guztira, ariketa fi sikoari eta elikadurari lotuak, eta kalitate zigilu bat sustatzea ere proposatu zuen ikastetxeetarako, jarduera fi sikoa, nutrizio arloko heziketa eta menuen kalitatea hobetzen dutenei aitortza egiteko. “Adituen gomendioa da Haur eta Lehen Hezkuntzan ordu bat gehiago eskaintzea jarduera fi sikoari, haurraren bilakaera fi siko eta mentala laguntzeaz gain, sustatu egiten duelako haurren sozializazioa ere”, azaldu du Emilio Luengok, Kirol Medikuntzako Espainiako Elkarteko kideak. “Oro har, ikastetxeak funtsezko lekuak dira prebentzio neurriak gauzatzeko, gaitasuna baitute nutrizio ohitura osasungarrietan hezteko eta haurrek, aldi berean, gurasoei helaraz diezaiekete mezu hori”, aztertu du Babiok.

Neurri fi sikoekin batean, SEC erakundearen gomendioa da eskoletako menuak hobeto kudeatzea eta elikagaien kalitatea hobetzea. Eta elikagaiak saltzen dituzten makinak eskola eta institutuetatik kentzea. Azkenik, kalitate zigilu bat sortzea proposatu du ikastetxeetarako, eta horrekin aitortza egitea zenbait alderdi sustatzen dituztenei: jarduera fi sikoa, nutrizio arloko heziketa eta jantokietako elikagaien kalitatea.

Zer egiten dute beste herrialde batzuetan?

Gure mugetatik kanpo, badira zenbait estrategia haurren gizentasunari aurre egiteko. Europan, Osasunaren Mundu Erakundeak zenbait estrategia abiarazi du jarduera fisikoa sustatzeko eta elikaduraren eta nutrizioaren arloak lantzeko, bai helduekin eta bai haurrekin, heziketa eskaini eta gehiegizko pisua, gizentasuna eta malnutrizioa izaten ari diren gorakada geldiarazi nahian. Plan horiek, ordea, ez dira nahitaezkoak, eta estatu bakoitzaren esku dago ezarri edo ez.

Behartuta ez egon arren, gobernu askok dituzte beren planak gizentasunaren arazoari heltzeko, halaxe dio Euro Health ikerketak. Herrialdeko osasun planean gizentasuna sartu zuen lehena Moldavia izan zen, 2014an. Bi urte geroago, Erresuma Batuak bere ekintza plana abiarazi zuen haur gizentasunaren kontra. Erresuma Batuan, halaber, Ofcom erakunde independenteak (arautu egiten ditu telebista, irratia eta telekomunikazioak) galarazi egin zuen elikagai azukretsuen iragarkiak ematea 16 urtetik beherakoentzat. Poloniak ere gauza bera egin du eta elikadura eta hezkuntza sistema jarri ditu bere estrategiaren erdigunean. Haren helburua da dieta osasungarria sustatzea neska-mutilen artean.

Espainiako kasuaren antzekoa da Maltakoa ere, non %40 ingurukoa den haurren gizentasuna eta gehiegizko pisua. Hori dela eta, herrialde horretan lege arloko neurri batzuk ezarri dituzte zifra horiek murrizteko. 2016. urtean, Bizimodu Osasungarria Sustatzeko eta Transmisio bidezkoak ez diren Gaitzak Artatzeko Legea onartu zuten, zeinaren helburua baita jarduera fisikoa eta dieta osasungarria sustatzea zenbait ekintzaren bidez. Herrialde horrek ere kontseilu bat dauka gizentasunaren arloan aholkuak emateko. Lorpenen artean, bizi ohitura osasungarrien programa bat ezarri dute eskoletan eta arautu egin dute nolako elikagaiak saldu ahal zaizkien haurrei ikastetxeetan. Neurri horiek betetzen direla egiaztatzeko, gobernuak ikuskaritzak egiten ditu aldian-aldian.

Dietista-nutrizionistaren figurari dagokionez, hain garrantzitsuak direnez prebentzio lanean, zenbait herrialdek dagoeneko txertatu dituzte beren osasun sistemetan, adibidez Kanadak, Ameriketako Estatu Batuek eta Portugalek ere bai. Kanadak, adibidez, 2009an dietista bat ezarri zuen 50.000 biztanle bakoitzeko, eta gero aldatu egin zuen eta 16.000 eta 29.000 paziente arteko ratioa ezarri zion bakoitzari.

Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiak manifestu bat osatu zuen eta espezialista horiek Espainiako Osasun Sisteman sartzeko eskatu. Haiek egindako proposamenean, aditu baten beharra ikusten da Arreta Espezializatuko 100 ohe bakoitzeko, beste bat eskatzen dute Lehen mailako Arretan dauden 500.000 osasun txartel bakoitzeko, eta beste bat Osasun Publikoan dauden 500.000 biztanle bakoitzeko. “Lehen mailako Arretan diharduten dietista-nutrizionistek 5,8 eta 105 euro artean aurreztu diezaiokete osasun sistemari tratamenduetan inbertitzen den euro bakoitzeko. Ospitaleetan ikusi da dietista-nutrizionistaren esku-hartzeak murriztu egiten duela ospitaleetako egonaldia (76 euroko inbertsioarekin egun bat gutxiago egiten da ospitalean) eta urritu egiten dira berriz ospitaleratu beharreko kasuak.

Gehiegizko pisuaren eta hari atxikitako gaixotasunen osasun kostua 

2.500 mili. Honela banatzen da zifra hori:

  • Gizentasuna: %65
  • Bihotz-hodietako gaixotasunak: %22,6
  • 2. motako diabetesa: %9
  • Dislipemiak (kolesterola, triglizeridoak edo biak): %2,4
  • Gihar-hezurduretako gaixotasunak: %1

Iturria: Gizentasunak eta patologiak eragindako kostu sozial eta ekonomikoen liburu zuria.

Dietista-nutrizionistak lehen mailako arretan 

Lehen mailako Arreta Zerbitzuan profesional horiek txertatuta, %500 aurreztuko litzateke osasun gastuan. Nutrizio arloko tratamenduetan inbertitzen den euro bakoitzeko:

  • 56 € aurrezten dira osasuna hobetzeko
  • 3 € aurrezten dira osasun kostuetan (sendagaiak eta ospitaleratzeak)
  • 4 € irabazten dira produktibitatean (laneko absentismo gutxiago)

Iturria: Kataluniako Dietista-Nutrizionisten Elkargoa (Codinucat).

Gehiegizko pisuak eta hari loturiko gaixotasunek osasunean eginarazten duten gastuaren portzentajea 

Ekonomia Lankidetzarako eta Garapenerako Erakundeak (OCDE) emandako datuen arabera, gizentasuna eta hari atxikitako gaixotasunak tratatzeko erabiltzen da osasun arloan egiten den gastuaren %9,7 Espainian. OCDEren batez bestekoaren (%8,4) gainetik dago hori.

“Pediatrek ez diezaiokegu behar adina denbora eskaini hiru hiletik behin etortzen den neskari edo mutilari”

Jose Serrano, pediatra da eta infadimed programako kolaboratzailea, zeinak haurren gizentasunari aurrea hartzea duen helburu.

Lehen mailako Arretan ari diren pediatrak daude haurren gizentasunari aurka egiteko lehen lerroan. Baina oztopoz betea dago haien lana, eta ia ezinezkoa gertatzen zaie haurrei jarraipen egokia egitea. Jose Serrano pediatra katalanarekin mintzatu gara. Haurtzaroa eta Dieta Mediterraneoa (Infadimed) programako kolaboratzaileetako bat da, eta horren bidez tresnak eman nahi dizkiete neska-mutilei haiek erabaki dezaten zer den ona osasunerako. Lehen mailako Arretan diharduten profesionalek sustatu dute ekimen hori, eta sei eta bederatzi urte arteko haurrei zuzendua dago. “Eskoletara joaten gara eta haien adinari egokitzen zaizkion marrazki bizidunak jartzen dizkiegu ohitura osasungarriak ikas ditzaten. Eta itxuraz funtzionatzen du, supermerkatuan guraso batek baino gehiagok esan baitit ez dezaketela opilik erosi, haurrak errieta egin dielako”, kontatu du.

Behar bezalako erantzuna ematen ari al zaio haurren gizentasunari? Haurren gizentasuna zifra beldurgarrietara iristen ari da. Aladino ikerketaren azken argitalpenean (2019koa da) jaitsiera bat sumatzen da 2015ekoarekin alderatuta. Baina datuetan pixka bat sakonduz gero, ikusten dugu urtean 18.000 eurotik beherako errenta duten familietan handitu egin direla gehiegizko pisuaren eta gizentasunaren tasak. Hau da, lehen gaizki gindoazen, eta orain okerrago, gizentasunaren epidemia gero eta klase sozial apalagoei ari zaileko erasaten, eta horiek gehienean baliabide gutxiago izaten dute arazoa konpontzeko, bai maila ekonomikoan eta bai maila sozialean eta heziketa mailan ere.

Zure ustez, zein dira zifra horien arrazoiak? Faktore askok eragin du joera okertzea, adibidez prebentzioak berak eta horretaz arduratzen diren atalak, Lehen mailako Arreta esaterako. Pediatra taldeen errua al da? Izan liteke, baina egunean hainbeste bisita edukita, ez diezaiokegu behar bezalako denborarik eskaini hiru hiletik behin datorren neskari edo mutilari. Elikagaien industriak ere badu errua, gizentasuna eragiten duten produktuak saltzen baititu, eta oso publiko argi bati bideratuta, haurrei alegia. Horretarako dira marrazkiz, kolorez eta superheroiz beteriko kaxa horiek guztiak. Eta horretaz guztiaz gain, oparitxoak ere izaten dituzte, eta haurrek horiek erosteko eskatzen diete gurasoei. Eta, azken batean, arauez arduratzen diren agintariak aipatu behar dira. Baliabideak jarriko balituzte Lehen mailako Arretak denbora gehiago eskain dezan, dietista-nutrizionistek kontsultetan parte har dezaten, elikagaien industriak ez dezan egin nahi duen guztia eta zergak jarriko balizkiete produktu azukretsuei hain erraz ez erosteko, gauza guztiek bilakaera logikoagoa edukiko lukete.

Gurasoak al dira errudunak? Ezetz esango nuke, haiek onena nahi dutelako seme-alabentzat. Errudunak baino gehiago biktimak dira, eta haiek ere jasango dituzte seme-alaben gizentasunaren ondorioak.

Arautzeko ardura duten agintariak ari al dira behar den guztia egitea? Ez. Faktore horiek guztiak, azken batean, administrazioaren mende daude. Baina ez aurrean dugun arazoa kontrolatzea bera, aurretik baliabideak jartzea baizik heziketa emateko elikadura osasungarriaren inguruan, eta jarraibideetatik ateratzen ari direla ikusten duenean, erremedioa jartzea. Lehen mailako Arretako espezialistei aukera emango baliete hiru hilabetetik behin 15 minutu baino gehiago eskaintzeko, gauzak askoz ere bideratuagoak egongo lirateke eta ez ginateke iritsiko muturreko egoeretara, gaur egun bezala.

Kontsultan denbora gehiago behar dela esaten duzunean, zenbat beharko litzateke zehazki? Kalkulua egin dugu, eta patologia kroniko bat duen edozein haurrek, eta hor sartzen da gizentasuna, hilean 30 minutu merezi lituzke gutxienez. Eta kontsultak gainzamatuta egonik eta langile taldeak hain urriak izanik, ezinezkoa da. Prebentzio lana egiteko, “haur osasuntsuaren kontrola” esaten zaien horiek ditugu, gaizki izendatuak gainera; horiek ere eskas gelditzen dira, txertoak hartzeko bisita programatuak baino ez baitira, eta horiek maiz samar egokitzen dira lehen hilabeteetan, baina lau urtetik aurrera –orduan hasten da gizentasuna agertzen edo ordurako hartuta izaten dituzte elikatzeko ohitura desegokiak– ez ditugu ikusten urte batzuk pasatu arte. Ez legoke gaizki urtean behin gutxienez egitea kontrolak, edo maizago, ohitura osasungarriez hitz egiteko, adibidez elikaduraz, jarduera fi sikoaz…

Prebentzio neurriei dagokienez, hartu al da neurri egokiren bat, zure ustez? Azkenaldian ikusten dudan gauza on bakarra da gero eta profesional gehiagok duela gaiaren inguruko kontzientzia, baina eskuak lotuta izaki, ez dezakete aurrera jarraitu.

Zer egin behar litzateke beste ezer baino lehen prebentzioa eraginkorragoa izan dadin? Profesional gehiago jartzea horretan eta profesionalei formazio espezifi koa ematea gaiaren inguruan. Eta eskoletako hezitzaileei eta haurrei txiki-txikitatik erakustea ere bai, ikasten duten horrek bizi osorako irauten baitie. Astean eskola bat emango balute, txiki-txikitatik, ohitura osasungarriak hartuko lituzkete bizi osorako. Familientzako heziketa ere bai, askok ez baitaukate gaitasunik, baliabide ekonomiko gutxi dutelako, baina kontua da gehien-gehienek ez dakitela zer ari diren erosten. Etiketa bat ontzien aurrealdean, familiei esango diena zer den osasungarriagoa eta zer ez, ez ibili beharrik izateko atzeko etiketetan begira, niri ere kosta egiten zait eta. Hori guztia administrazioari dagokio. Baita tasak eta zergak ere edari azukretsuetan eta elikagai osasungaitzetan. Jarduera fi sikoa sustatzea eta Osasunaren Mundu Erakundearen gomendioak zabaltzea, adibidez haurrek pantailen aurrean gehienez eman beharreko orduen inguruan. Gauza asko dago egiteko.

Komeni al litzateke Lehen mailako Arretan dietista-nutrizionistak sartzea? Erabat. Bai pediatrian eta bai familiako medikuntzan ere, eta gaixotasun espezifi koei aurrea hartzeko. Pediatrek badugu gure formazioa haurren nutrizioan, baina haiek askoz gehiago dute guk baino, eta osasun publikoari nola eragiten dion ere jakiten dute, guk ez bezala. Hortaz, lankide gisa gurekin izatearen alde nago. Ez 15 egunetik behin datozen aholku emaile gisa, lankide gisa baizik egunero-egunero.

“Gaixotasun kronikoa da gizentasuna, eta ez dakigu sendatzen”

Jose Maria Capitan, dietista-nutrizionisten elkargo ofizialen kontseilu nagusiko kidea (CGCODN)

Lehen mailako Arreta Zerbitzuetan dietista-nutrizionistak sartzea aldarrikatzen dute aspalditik profesional horien elkargoek. Jose Maria Capitan dietista-nutrizionista da Sevillako Udaleko Osasunaren Behatokian eta Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofi zialen Kontseilu Nagusiko kidea ere bada. Eskari horri buruz hitz egin digu, eta azaldu egin digu haur gizentasunaren arazoari nola aurre egin diezaiokegun hainbat eremutatik.

Zer-nolako neurriak behar lirateke haurren gizentasunari aurre egiteko? Zergak igo behar litzaizkieke elikagai osasungaitzei eta, aldiz, osasungarrienei jaitsi. Edo etiketari buruzko legedi argi bat ezarri. Beharrezkoa da familiek nutrizio arloko informazioa eskura eduki dezatela Lehen mailako Arretako beren zentroetan, dietista-nutrizionista gidari dutela prebentzio lanean. Azken batean, itxurakeria hutsa izango ez diren neurriak.

Zer-nolako zeregina dute dietista-nutrizionistek osasun sistema publikoan? Ez gaituzte aintzat hartzen eta harrigarria da. Pentsa ezazu errepide plan egin nahi dela ingeniaririk gabe. Gizentasunaren aurka borrokatzeko Espainian abian jarri diren plan bakar batean ere ez gaude sartuta dietista-nutrizionistak, eta gu gara horretarako prestaturik dauden profesionalak. Anomalia hori gertatzen da Espainian, eta erkidego bakoitzeko osasun sistema autonomikoetan ere ez gaude sartuta. Europako gainerako herrialdeetan funtsezko fi gura da Lehen mailako Arretan, ospitaleetako arreta eskaintzen duten zentroetan eta beste hainbat arlotan: ez bakarrik osasunean, baita errestaurazioan ere, elikagaien industrian profi lak hobetzeko… Oraindik bide luzea dago egiteko. Kontu hau seriotan hartu nahi badugu eta gizentasunaren pandemia borrokatu nahi badugu, berariaz horretarako prestaturik dauden profesionalak kontuan hartu beharko ditugu.

Pediatrek zer-nolako zeregina eduki behar dute haurren gizentasunaren aurkako borrokan? Ez dugu zeregin berdina. Pediatrak ez dira espezialistak haurren nutrizioan, non eta ez diren arduratu elikaduraren inguruko ezagutzak eskuratzeaz.

Txikienei erakutsiz hasten al da prebentzioa? Bai. Gizentasunaren epidemia, zeinak Covid-ak baino askoz jende gehiago hiltzen duen, bete-betean astitzen ari da gure herrialdea. Haurren %40k daukate patologia hori, eta jendea ez da ohartzen zertarainoko kaltea egiten duen. Gaixotasun kronikoa da, eta ez dakigu sendatzen. Gizena dagoen pertsona bat bizi osoan izango da hala. Horrek azaltzen du argaltzeko dieta egiten duten pertsonen %98k nola hartzen duten lehengo pisu berdina bost urteren buruan, eta batzuetan, yo-yo efektuaren eraginez.