Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Los datos, informaciones, interpretaciones y calificaciones que aparecen en esta información corresponden exclusivamente al momento en que se realizaron y tienen, por tanto, una vigencia limitada.

: ‘Veggie’ den guztia ez da osasungarria

HAMAR HERRITARRETATIK BATEK BAZTERTU EGITEN DITU, MODU BATEAN EDO BESTEAN, ANIMALIA JATORRIKO ELIKAGAIAK ESPAINIAKO ESTATUAN, ETA BERE BURUA ZAINTZEKO HELBURUZ EGITEN DU. BEGETALETAN OINARRITZEN DIREN DIETEK DOHAIN ASKO DUTE, BAINA HOR SARTZEN DIREN PRODUKTU GUZTIAK EZ DIRA BETI OSASUNGARRIAK. AZTERTU EGIN BEHAR DA HORIEN OSAERA, HORRELA JAKINGO BAITUGU ZEIN DIREN JAKI OSASUNGAITZ HORIEK, ETA EZ DA FIDATU BEHAR OSAGAI GALARAZIAK ORDEZKATZEKO DISEINATU DIREN ULTRAPROZESATUEKIN.

Industria eguneratzen ari da

Elikaduraren arloan agertu diren joera berriek eta gisa horretako produktuen eskarian izan den igoerak oihartzuna izan du industrian ere. Aurreikuspenek diotenez, haragiaren ordezkoen merkatu globala ia 4.500 milioi eurora iritsiko da 2020an, eta 2023an, berriz, 5.757 milioitik gora joango da. Hori horrela izanik ere, Vegans/Vegetarians/ Flexitarians izeneko ikerketak adierazten duenez (2013 eta 2016 artean egin zuten, eta Nutrition Insight aldizkarian argitaratua dago), produktu beganoen eskaintzarik handiena ogitegiko jakietan eta zizka-mizketan biltzen da, eta funtsean elikagai klasikoei zerealak edo haziak eranstea izaten da proposamena, aukera osasungarri gisa.

Hor sartzen dira, besteak beste, granolak eta muesli barratxoak, eta nutrizioaren ikuspegitik, egia esan, aski apala da horien kalitatea: gehienak irin finduekin eginak daude (ez osokoarekin), azukre erantsi asko izaten dute, osagai konposatuak ere bai –hau da, ez dira lehengaiak–, gehienbat azukrez eginak gainera (adibidez, txokolate haziak), eta kalitate eskaseko gantzak izaten dituzte (landare olio finduak). Hala ere, veggie saileko eskaintza handitzen ari da etengabe. Pertsona askok elikadura begetarianoa egitea erabakitzen du bere gorputza zaintzeko, eta ondorioz, izugarri handitu da elikagai funtzionalen eskaintza (oinarrizko nutrizioa eskaintzeaz gain, osasunean nolabaiteko eragin mesedegarria duten elikagaiak dira), eta aberastuena ere bai.

D bitamina eta B12 bitamina eskuratzea izaten da mota horretako elikagaien helburua, bi elementu horiek haragitik eta arrainetatik lortzen baitira gehienean. Ikerketa asko egin da haragiz egindako produktu horien zaporeak eta testurak birsortzeko, eta nagusiki soja erabili dute osagai gisa (begetal hori ageri da produktu berrien %44tan). Bere dohainen artean, ura atxikitzeko gaitasuna ageri da, proteina asko duela eta askotariko aukerak ematen dituela, nahiz eta alergenoa ere baden, nahitaez etiketan nabarmendu beharrekoa, gainera. Beste aukera bat izaten da ilarren irina erabiltzea, eta baita beste lekale batzuena ere, adibidez garbantzuena eta dilistena. Eta baita onddoen biomasa ere: substantzia elikagarria da, onddo hartzituekin lortzen dena; ugari ematen du zuntza, mikoproteinak ere baditu, gantz saturatu gutxikoa da eta ez du kolesterolik. Hori bai, oraindik ere ez daiteke pasarazi haragiaren ordezko gisa, berezia baita zaporez eta testuraz.

Itxura zenbaitetan engainagarria izaten da

Nutrizio profil apala duten ordezko batzuk. Itxuraz onak iruditu arren, supermerkatuan veggie edo vegan zigiluarekin saltzen duten hainbat produktuk oso kalitate apala dute nutrizioaren ikuspegitik. Horien artean daude fianbreak, saltxitxak, kroketak, opilak eta irabiakiak. Egia da horiek guztiek ez dutela izaten animalia jatorriko osagairik, baina zenbait osagairen ordez erabiltzen dituzten almidoiak, olioak eta azukreak osasungaitzak dira oso, jatorrizkoak bezainbeste. Horiek antzemateko, komeni izaten da arretaz aztertzea produktu begano hauen osaera:

  • ‘Saltxitxak’. Olioak, ura, almidoiak eta arrautza zuringoa izaten dituzte osagai nagusien artean (beganoek ez dezakete jan zuringorik). Proteinak eta almidoiak nahasiz egiten dira, haragiz eginda daudenak bezala.
  • Irabiakiak. Edari begetalak erabiltzen dituzte esnearen trinkotasuna lortzeko, adibidez soja eta olo edariak, eta beste osagai batzuk eransten dizkiete gero, olioak, azukreak eta almidoi lodigarriak, eta baita koloragarriak eta zapore emaileak ere, antzeko zapore emateko.
  • ‘Gaztak’. Gaztaren ordezko hori egiteko, gantz saturatu solidoak erabiltzen dituzte, adibidez palma edo koko olioa, eta almidoiarekin nahasten. Ez da gazta, inondik ere, eta ez dezake hartu izen hori.
  • Zizka-mizkak. Askok nahiago dute bananaz, batataz edo erremolatxaz egindako chipak jan patata frijituak baino, nahiz eta horiek ere begetarianoak izan. Zertxobait hobeak dira, egia da hori, baina ez osasungarriak, olioa %30 duen produktu frijitu bat ez baitaiteke izan. Kalitatea hobetu egiten da labean eginez gero, baina ez askorik.

Begetariano kontzeptua elikadura osasungarriarekin lotzen dugu, baina elikagai ultraprozesatu bat osasungaitza izango da beti, nahiz eta begetarianoentzat egokia izan. Ez dezagun ahaztu azukrea beganoa dela baina ez osasungarria, inondik ere.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak