Sindrome bisual informatikoa: pantailekin egindako gehiegikerien ondorioak

Ez ikaratu: gailu digitalek ez dute itsutasunik eragiten. Baina horrek ez du esanahi kaltegabeak direnik. Arrazoi asko dago pantailaren aurrean ordu gutxiago emateko. Begien higienea zaintzeko neurri batzuk hartzeak lagundu egiten du nahasmendu trabagarri bezain itzulezinak saihesten.
1 urtarrila de 2021

Sindrome bisual informatikoa: pantailekin egindako gehiegikerien ondorioak

Mugikorrak, tabletak, ordenagailuak, liburu elektronikoak, kontsolak, telebista adimendunak… Gailu horiek guztiz ohikoak dira gure egunerokoan, eta asko eta asko ezingo lirateke bizi horiek gabe. Kataluniako Optikari Optometristen Elkargo Ofizialak berrikitan egin duen ikerketa batek azaldu duenez, 30 urtetik beherako herritarrek egunean 10 ordu baino gehiago ematen dituzten pantailen aurrean Espainiako Estatuan; 31 eta 45 urte arteko gizon-emakumeek 9,3 ordu (ordubete gutxiago 46 eta 60 urte artekoek), eta 60 urtetik gorakoek, berriz, 3,8 ordu. Valentziako Unibertsitatean Oftalmologiako katedraduna da Manuel Diaz Llopis, eta hark egindako beste ikerketa batek ondorioztatzen duenez, herritarren %80k esnatzean egiten duten lehen gauza mugikorrari begiratu bat ematea izaten da, eta 10etik 7k lotara joan aurretik egiten duten azken gauza ere horixe izaten da.

Horien erabilera hain dugu barneratua, hirutik bik komunera ere eraman egiten baitute, halaxe dio azken ikerlan horrek. Gailu horiek oso baliagarriak dira eta hainbat abantaila eskaintzen dute, horretan ez dago eztabaidarik, baina pantailekin sortu dugun harremanak “itsututa” gabiltzan honetan, gogoeta egin behar genuke, hain zuzen, begien osasunari egiten zaion kaltearen inguruan: gailu digitalen eraginpean hainbeste denbora egiteak zenbateraino hondatu dezake gure ikusmena? Nola konturatu gaitezke gure begiak sufritzen hasita daudela? Egin al dezakegu zerbait hori eragozteko teknologiari uko egin gabe?

Sindrome bisual informatikoa

Gailu elektronikoari begira ordu luzeetan eta etenik gabe egoteak nahasmendu batzuk eragiten ditu, eta espezialistek Sindrome Bisual Informatikoa izena jarri diote (SBI). Medical Practice and Reviews eta Employment Relation Today zientzia aldizkarietan argitaratu diren zenbait ikerlanek esaten dutenez, egunean hiru ordu baino gehiago ematen dituztenek pantaila horiek aurrean (ordenagailuak, eramangarriak, telefono mugikorrak eta tabletak) %90eko arriskua daukate SBI delakoa pairatzeko. Espezialistek tipologiaren arabera sailkatu dituzte sintoma horiek.

  • Astenopikoak. Begien nekeak eragiten dituen sintomak dira, adibidez begietako eta betazaletako min sorra eta nekea; zefaleak, zerbikaletako mina eta baita goragalea ere. Begietako giharrek ahalegin handia egin behar izaten dute hainbeste ordutan, eta hortik datoz min horiek. Begietako nekea laneko gaixotasunen artean sartua du Lanaren Nazioarteko Erakundeak, nahiz eta eztabaida ere badagoen horren inguruan. Gaur egun, monitorerik gehienak eta bulegoetako aireztatze eta argiztatze sistemak egokituta daude, eta langileek badute modua atseden hartzeko tarte batzuetan; hori dela eta, lan arloko segurtasunean adituak diren zenbaitek esaten dute etxean ere gailu elektronikoak modu masiboan erabiltzeak eragiten duela sintoma horiek areagotzea eta larritzea.
  • Begietakoak. Ohikoa izaten da “begi lehorra” esaten zaiona, nahiz eta ez den agertzen pantailak erabiltzeagatik bakarrik. Pertsona alergikoek, adibidez, sarritan izaten dute, eta sintomak larritu egiten zaizkie pantailen aurrean, oso kontzentratuta egonik utzi egiten baitiote begiak kliskatzeari, eta horrek eragiten die malko-jario etengabea, hondarra sartzean izaten den irudipen desatsegina, narritadura, erredura eta begiak gorritzea.
  • Ikusmenekoak. Ikusmen lausoa, ikusmen bikoitza, fotofobia (argiarekiko sentiberatasun muturrekoa).

Denek ez dituzte izaten sintoma berdinak

Sintoma horietakoren bat edo batzuk ager daitezke (denak ez daude begiei lotuak; hor daude, esaterako, lepoko mina eta zurruntasuna ere, edo bizkarreko, eskumuturretakoa eta eskuetako mina), batzuetan indar handiagoarekin edo txikiagoarekin; horretan zerikusia izaten dute pantaila aurrean emandako orduek eta baita beste bi faktore erabakigarrik ere:

Pertsona bakoitzaren ikusmen sistemaren funtzionamendua. “Zenbat eta eraginkorragoa izan gure ikusmen sistema, orduan eta arazo gutxiago izango dugu SBIaren ondorioz”, azaldu du Salvador Perez Fernandez optometristak, zeina Garapenaren eta Jokabidearen Optometriaren Nazioarteko Elkarteko lehendakariordea baita (Siodec). Pertsona batzuek, adibidez, ez dute jasaten inolako eragozpenik. “Sintomak larritu egiten dira lehendik antzeman edo zuzendu gabeko errefrakzioak daudenean, adibidez miopia, hipermetropia, astigmatismoa, presbizia edo arazo binokularrak, adibidez begi nagia”. Eta hori oharkabean pasatu daiteke heldu eta haur askorengan. Adibidez, gauza jakina da herritarren %70ek balio txikiko astigmatismoa (0,50 dioptriatik beherakoa) izaten dutela (ikusmen lausoa izaten dute gertutik bezala urrutitik). Gehienetan oharkabean gelditzen da eta, ikusmenean beste arazo edo patologiaren bat izan ezean, ez da betaurrekorik gomendatzen. Baina dioptria gutxi horiek aski izaten dira SBIaren sintomak okertu ahal izateko. Berdin gertatzen zaio presbiziarekin hasi dela jabetu ez denari edo betaurrekoak gaizki graduatuta dituenari.

Distantzia. Sintomak areagotu ditzakeen beste faktore bat begiratzeko distantzia izaten da, hau da, gailu bakoitza zenbateraino dagoen urrun edo gertu: zenbat eta gehiago hurbildu begietara, orduan eta gogorragoak sintomak. “Urrutitik ikusteko diseinatuta dago gizakiaren ikusmen sistema (sei metrotik harago). Gertutik begiratzen dugunean, aktibatu egiten dira begietako giharrak, bai gure begiak mugitzen dituztenak eta bai enfokatzeko balio dutenak”, azaldu du Alexander Dubra optikari-optometristak (Galiziako Optikari-Optometristen Elkargoko kidea da).

Horregatik, urrutira begiratzen dugunean, gure begiak erlaxatuagoak egoten dira. Gertuko ikusmenak ahalegin bat eskatzen dio gure ikusmen sistemari eta energia gastu handiagoa. “Horrekin batean, bakanago kliskatzen dira begiak eta horien gainazala ez da behar bezalako maiztasunez berhidratatzen malkoekin”. Pantaila guztien artean, telebistarenak eragiten du sintoma gutxien begietan/ikusmenean, gehienean bi edo hiru metrora egoten baita (batez ere, monitorerik handienak iritsi zirenetik). Distantzia horretan, egokitze sistema erlaxatuagoa egoten da (begiak egin behar duen egokitzapena da, hau da, objektu urrun edo gertukoak enfokatzeko egin behar duen ahalegina potentzia handitu edo txikitzeko). Sailkapen horretan, ordenagailuko pantaila dator bigarren lekuan, zeinak 65 zentimetrora jarria egon behar lukeen eta, azkenik, gailu txikiak datoz, telefono mugikorra edo tableta esaterako, zeinak 30 eta 40 zentimetro arteko distantzian jarri behar liratekeen.

Baina pertsona askok, batez ere haurrek, 20 zentimetroko distantzian erabiltzen dute. Hain gertu egonik, gure begiek askoz ahalegin handiagoa egin behar izaten dute. Begiratzeko angeluak ere badu zeresana. “Monitorea begien lerrotik gora dagoenean, esposizio eremua handiagoa izaten da eta malkoak gehiago lurruntzen dira; begiak lehortu egingo dira eta horrek eragozpenak sortuko ditu. Hori dela eta, gomendioa izaten da monitorearen goiko aldea begien parean egon dadila edo hobeto zertxobait beherago, baina sekula ez gainetik”, azaldu du Salvador Perez doktoreak.

Hainbesteko kaltea egiten al du argi urdinak?

Mugikorrek eta gailu elektronikoek LED teknologia erabiltzen dute gaur egun argiztapenerako, baina eztabaida handia sortu da argi horren eta begietan eragin ditzakeen kalteen inguruan. Espainiako Oftalmologia Elkartearen arabera, argi urdinak oso axaleko eragina du larruazalean eta begietan, eta ez du kalterik eragiten. “Oro har, argia islatzen duten objektuei begiratzeko diseinatuta dago gure ikusmen sistema, eta ez argia igortzen dutenei. Horrexegatik sortu da azken urteetan hainbeste bibliografia zientifiko gailu elektronikoen eta argi urdinaren inguruan”, adierazi du Salvador Perezek.

Orain arte, eta egungo ebidentzia zientifikoak baieztatzen duenez, badakigu eguzkitik hartzen dugun argi urdina ehun aldiz ugariagoa dela argi artifizial batek ematen duena baino, eta gailu elektroniko batetik datozen uhin laburren luzera askoz txikiagoa dela argi artifizial batetik datorrena baino. Halaxe berretsi du Erradiazio ez-Ionizatzailetik Babesteko Nazioarteko Batzordeak (Icniro), zeinak aztertu egiten dituen argiak jasotzen dituen erradiazio optikoen mugak. Ondorio argia atera du: gailuen argi urdinaren erradiazioak arrisku txikia dakarkio begiari eta ez dago begiko lesioak izateko arriskurik; horrek ez du esan nahi, dena den, ez dezakeela traba egin edo ez dezakeela SBIaren sintometako bat agerrarazi, etenik gabe erabiliz gero.

Orduan, iragazkiak erabili behar al dira pantailen argi urdinaren aurka? Sortu dira halakoak ordenagailurako, mugikorrerako, betaurrekoetan txertatzeko eta sistema eragileetan bertan ere bai (Google, Apple), eta guztiak deskargatu edo erosi daitezke Internet bidez (13 eta 20 euro artean dabiltza). Pantailen bidez iristen zaigun argi urdin horren zati bat iragaztea da asmoa (%15 eta %20 artean), eta erretinan ustez sortzen digun kaltetik babestea. Baina esan behar da ez dagoela horien eraginkortasuna baieztatzen duen txosten eta artikulu zientifikorik. “Esan litekeena da, modu subjektiboan, iragazkia txertaturik duten betaurrekoak darabiltzaten pertsonarik gehienak erosoago sentitzen direla”, nabarmendu du Alexander Dubrak.

Planetaren erdia miopea izango da 30 urteren buruan

Oraingoz, badakigu sintoma horiek, trabagarriak izanik ere, gailuaren aurrean gaudenean bakarrik agertzen direla eta, egoerarik txarrenean, zenbait ordu iraun dezaketela. Baina Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) egindako aurreikuspenaren arabera, 2050. urtean miopeak izango dira herritarren erdiak. “Kalkuluek diotenez, haurrek eta gazteek egunean bi eta sei ordu artean pasatzen dituzte telefonoarekin, eta horri gehitu behar litzaizkioke eskolan ordenagailuarekin eta tabletarekin ematen dituzten orduak. Herrialde garatuetan, bata bestearen ondorio izan da miopeen portzentajea handitzea eta gailu horiek adin goiztiarretan erabili dituen lehen belaunaldia agertzea, hau da, hurbileko ikusmena ordu askoz eta urrutikoa oso gutxi erabili duten haurrak agertzea”, ohartarazi du Dubrak.

Bada gaixotasun bat aipatu hutsarekin beldurra sortzen duena eta aldiren batean pantailen gehiegizko erabilerari lotuta agertu izan dena; glaukomaz ari gara. Sintomarik gabe agertzen da patologia hori, eta mantso-mantso, lapurtu egiten du ikusmena, guztiz itsutu arte. Baina frogatuta dago hori ez dela horrela, zeren pantailari begira luzaroan egonagatik ere, argi horrek oso axaletik baino ez baitie eragiten gure larruazalari eta begiei, eta ez du inolako eraginik organismoaren barnealdean. Gainera, Alexander Dubrak nabarmentzen duen eran, parametro batzuen bidez zehazten da zenbateko probabilitatea egon litekeen glaukoma bat izateko: adina, familian beste norbaitek eduki izana (hamar aldiz handiagoa izan liteke arriskua), diabetesa, tabakoa, miopia handiak (gehienean sei dioptriatik gorakoa), kortikoideak luzaroan hartzea edo eguzkia sarri hartzea.

Jardunbide onen eskuliburua teknologiari itsatsita dauden begietarako

Lanerako pantailak (PC edo Mac erakoak) 50 eta 70 cm arteko distantzian egon behar dute, sekula ez 40 cm baino gertuago, distantzia horretan asko nekatzen delako ikusmena eta ahalegin oso handia egin behar duelako. Begien lerrotik 10-20 gradu behera egon behar du, oinak lurrean jarrita ditugula eseri behar dugu, bizkarra gerrialdean bermatuta eta belaunak 90 º-ko angelua eginez.

Noizean behin atseden hartu behar da (45 minututik behin egitea litzateke egokiena), zertxobait mugitzeko, luzatze ariketak egiteko eta begiak kliskatzeko. Lanean ari garela, urrutira begiratu behar da ahal denean, eta 20/20/20 araua gauzatu: 20 minututik behin 20 segundoz begiratu 20 oineko distantziara (6 metro dira).

Pantailako irudiak egonkorra izan behar du, garbia eta distirarik gabea. Distira kolpe batek itsutu ez gaitzan, leihoetatik urruti jarri behar dira pantailak, eta leihoak errezelekin edo saretekin estali. Begiak gutxiago neka daitezen, oso garrantzitsua da monitore on bat hautatzea, bereizmen egokia duena. Eta freskatze tasa 120 Hz-koa izatea (segundo batean irudia zenbat aldiz eguneratzen duen adierazten du tasa horrek); horrek esan nahi du irudia 120 segundotik behin eguneratzen dela. Begiak pantailan dardararik ikus ez dezan, 50 Hz-ko freskatze tasa litzateke gutxienekoa (mugikorrik gehienek 60 Hz-koa daukate, baina badira 90 Hz-koak ere).

Argiztapena. Gelan argitasun egokia izatea funtsezkoa da, zeren zenbat eta argi gutxiago egon, are eta gehiago finkatuko baitugu begirada pantailan eta begiak gutxiagotan kliskatuko ditugu. Garrantzitsua da oreka egon dadin monitoreak igortzen duen argiaren eta girokoaren artean. Beti da hobea naturala, baina artifiziala izan behar badu, fluoreszenteak saihestea komeni da.

Freska zaitez malko artifizialekin. Errezetarik gabe eros daitezkeenak gomendatzen dira, begiei hezetasuna bakarrik ematen dietenak. Dosi bakarrekoak dira egokienak, kontserbagarririk gabeak (produktua maiz erabiliko baitugu) eta azido hialuroniikoa dutenak, hidratatzeko gaitasuna dauka-eta osagai horrek.

Pantailak garbia egon behar du, itsatsita gelditzen diren hauts partikulek okertu egin baitezakete begietako narritadura.

Badira pantaila iluntzeko aplikazioak mugikorretarako, eta abisua ematen dute luzaroan begira gaudenean edo behar baino argi gutxiago dagoenean. Eta gertuegi gaudenean ere jakinarazi egiten dute (30 cm-ra baino gehiagora hurbiltzen garenean).

Argi urdina pantaila eta gailuetan egoten da, baina eguzkian ere bai. Beharrezkoa dugu erritmo zirkadianoak ongi arautzeko, eragina baitu melatonina aktibatzeko eta ezabatzeko garaian, eta melatoninak lagundu egiten du loaldia doitzen. Garrantzitsua da lotara joan aurretik egiten dugun azken gauza ez dadila izan pantailari begiratzea, argi urdina gauean blokeatzeak gehiago aktibatuko baitu melatonina jarioa, eta horrek hobetu egingo du loaren kalitatea.

Jar ezazu astean egun bat pantailarik gabe egoteko. Semealabak badituzu, har ezazu gogoan zu zarela eredurik onena haientzat.

Aire zabalean denbora pasatzea ezinbestekoa da haurren begiek bilakaera normala eduki dezaten. Ameriketako Oftalmologia Akademiaren arabera, egunean 40 minutu aire zabalean emateak murriztu egin dezake miopia. The Lancet aldizkarian argitaratua dagoen lan batek ziurtatzen duenez, eguzki argiaren eraginpean egoteak (hari zuzenean begiratu gabe) bizkortu egiten du dopamina ekoizpena; nerbio sistemaren neurotransmisore bat da, eta eragotzi egiten du begiko globoa luza dadin (horrek sortzen du, hain zuzen, miopia).

Begi nagia sendatzen duten bideo-jokoak

Pantailek mesede ere egin dezakete gure begien osasuna zaintzeko. Horren adibide dira, esaterako, ikusmena entrenatzeko sortu diren programa informatikoak eta bideo-jokoak. Anbliopia kasuak hobetzeko erabiltzen dira horietako batzuk (begi nagia). Ikusmenaren nahasmendu horrek munduko herritarren %3ri erasaten die, eta hori gertatzen denean, pertsonaren garuna ez da egoten konektatuta begietako batekin: ezabatu egiten du begi horretako informazio guztia, eta besteak bidaltzen dionarekin bakarrik gelditzen da. Gaur egun partxea jartzea izaten da tratamendu estandarra (estali egiten da osasuntsu dagoen begia, nagiak ahalegin handiagoa egin dezan), baina bideo-joko bidezko tratamenduak ere osagarri onak izaten dira begia bizkortzeko (bat baino gehiago dira zeregin horretarako propio sortuak).

Zenbait ikerketak frogatu du, begi nagiaren gaitza tratatzeko sortu diren bideo-jokoekin terapia egin ondoren (funtsean, bi begiak erabiltzera behartzen dira haurrak), nabarmen hobetzen dela ikusmenaren zolitasuna, gaitasun estereoszipikoa (ahalik eta distantzia txikiena antzemateko espazioan elkarri gainjarrita dauden objektuen artean) eta irakurtzeko abiadura. “Baina bideo-jokoak ez dira baliagarriak anbliopia eta ikusmen periferikoa dagoenean bakarrik, erabilgarriak dira, halaber, beste hainbat trebetasun hobetzeko ere, adibidez begi-eskuen koordinazioa, begiaren arreta eta aurrea hartzeko gaitasuna, begimugimenduak, erreakzio denbora, hiru dimentsioko ikusmena… Hain zuzen, eliteko kirolari askok, ikusmenean arazorik eduki gabe ere, ikusmena entrenatu egiten dute beren gaitasunak eta errendimendua hobetzeko”, azaldu du Alexander Dubra optikari-optometristak.