Haur gizentasunaren aurkako borroka: zientzia da funtsezkoena

Gehiegizko pisua eta gizentasuna aski hedatua dagoen arazoa da, eta Europako herrialdeen artean laugarren lekuan ageri da Espainia. Horrek esan nahi du adingabeen %40k arrisku handia izango dutela bihotz-hodietako gaitzak, diabetesa edo zenbait minbizi mota izateko. Badakigu arrisku faktore asko gutxitu edo desgertu egiten direla bizi ohituretan aldaketa batzuk eginda, baina zientziak bakarrik eman diezaguke ezagutza hori.
1 abendua de 2021

Haur gizentasunaren aurkako borroka: zientzia da funtsezkoena

Ikerketa ezinbesteko tresna da gizentasunari nola aurre egin eta nola tratatu jakiteko, eta, horrexegatik, jarraitu egin behar da ikertzen. Ez egitea askoz garestiago ordainduko dugu.

Elikaduraren esparruan kanpaina bat egiten denean, adibidez Hijos del azúcar, zeina Espainiako Kontsumo Ministerioak sustatu baitu gurasoak ohar daitezen elkarri lotuta daudela azukre kontsumoa eta haurren gizentasuna, edo Nutri-Score etiketa sistema ezartzea erabakitzen denean kontsumitzaileek informazio hobea eduki dezaten elikagaien inguruan, edo haurrei zuzenduriko elikagai osasungaitzen publizitatea mugatzen denean, arrazoi batengatik egiten da, eta arrazoi horien oinarrian hainbat zientzialariren ikerketak egoten dira. Ikertzaile horien urteetako lanaren emaitza dira erabaki horiek guztiak.

Haiek atera dituzten ondorioei esker, badakigu gizentasunaren prebalentzia %18,1ekoa dela adingabeen artean (%20,4koa mutiletan eta %15,8koa nesketan), eta tasa horrek arrisku handia dakarkiela zenbait gaixotasun izateko, adibidez 2 motako diabetesa, hipertentsioa edo sindrome metabolikoa. Badakigu, halaber, Estatuko gazteen %3k ere ez dutela jaten behar adina fruta eta berdura (400 gramo egunean), haurrek eta nerabeek hartzen duten energiaren %21,5 azukreek emana dela (ia %30 hiru urtetik beherakoetan), eta gero eta haur gehiagorengan agertzen ari dela 2 motako diabetesa, oraintsu arte helduen gaitza zena.

Ezagutzak inbertsioa eskatzen du 

Ia ezinezkoa da finantzaketarik gabe ikertzea, eta inbertsio hori erakunde pribatuetatik lor daiteke (ez da oso ohikoa) eta publikoetatik ere bai. Honela funtzionatzen du sistemak: zenbait deialdiren bidez, ikerketa taldeak beren proiektuekin aurkezten dira, eta proposamen horiek azteRtu ondoren, ebaluazio batzorde batek erabakitzen du zein proiektu finantzatu eta zenbat diru eman, ikerketa taldeak eskatu duena edo gutxiago.

Ez dakigu zehazki zenbat ditu erabiltzen den haurren gizentasuna ikertzeko, halako daturik ez baitago, baina proiektu horietako asko finantzatzeko, Espainiako Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak ematen dituen laguntzak erabiltzen dira, Estatuko Ikerketa Agentziaren bidez eman ere. 2020. urtean, 411,15 milioi euro eman zitzaizkien unibertsitateetako taldeei, zentro publikoei eta irabazteko asmorik gabeko zentro pribatuei. Baliabide horiekin lortu nahi dena da komunitate zientifikoak kalitate handiko ikerketak egin ditzala, berritzaileak eta aipagarriak, ezagutza sortzen lagunduko dutenak eta gizartearen arazoak konpontzeko eta ekonomia bultzatzeko balioko dutenak.

Iaz baliabide gehien eskuratu zuen ikastegia Bartzelonako Unibertsitatea izan zen, zeinak 21,8 milioi euro bereganatu zituen 168 proiektu egiteko, honako fakultate hauetarako nagusiki: Medikuntza eta Osasun Zientziak eta Biologia (25 proiektu) eta Farmazia eta Elikadura Zientziak (hamar proiektu baino gehiago). Kontuak eginda, proiektu bakoitzak 131.000 euro lortu zuen. Baina aski al da?

Ezin konta ahala faktorek baldintzatzen dute ikerlan baten kostua, eta horrek egiten du, hain zuzen, proiektuen azken kostua hainbeste aldatzea. “Ikusi egin beharko da zenbat urte behar den gauzatzeko, zein arlotakoa den ikerketa (sozialagoa, adibidez ohituren inguruko inkesta handi bat, edo zientifikoagoa, immunologia arlokoa, metabolismoaren esparrukoa, genetikari lotua…).

Ikusi egin beharko da, halaber, nolako esperimentuak egingo diren, zenbat pertsona arituko den, laborategirako tresna berriak erosi beharko diren, jendea kontratatu beharko den proiektuaren helburuak lortzeko, animaliekin probak egin beharko diren, laguntza zerbitzurik baden…”, azaldu du Lluis Montoliuk, Espainiako BioteKnologia Zentroko ikertzaileak, zeinak hainbat urtez gidatu eta ebaluatu dituen ikerkuntza proiektuak Estatuko eta nazioarteko administrazioentzat. Horregatik, proiektu baten kostua milaka eurokoa izan daiteke, ehunka mila eurokoa edo milioika eurokoa ere bai. Dirua banatzeko orduan beste bi baldintza ere oso kontuan hartzekoak izaten dira: urte horretan zenbat ditu jarri den ikerkuntzarako eta zenbat ikerketa talde aurkeztu diren dirulaguntzen eskarietara.

Baliabideak motz gelditzen direnean

Lluis Montoliuk gutxi gorabeherako kalkulua egin du biomedikuntzako ikerketa proiektu batek zenbat balioko lukeen jakiteko; bi ikertzaile arituko balira eta iraupena hiru urtekoa izango balitz, guztira 499.488 euro inguru kostako litzateke.. Baina zer gertatzen da lortu den laguntza motz gelditzen denean eta ikerketa taldeak ez duenean behar beste baliabide proiektua gauzatzeko? Horixe gertatzen da gehienetan. Ohikoena izaten da, aski baliabide ez dagoelako, talde batek proiektua egiteko behar lukeen milioi erdi euroetatik azkenean 180.000-150.000 euro jasotzea. “Horregatik, azkenean beti langileetatik kentzen da, ez da tresneria berririk erosten eta mugatu egiten dira zerbitzuetako gastuak eta bidaiak”.

Espainiako ikerketa talde handiek ez dute arazorik izaten beren proiektuetarako finantzaketa lortzeko, baina arazoa beti berdina izaten da, zenbat jasoko duten, eta Europako beste herrialde batzuekin alderatuta, kopurua oso txikia da. Hala ere, ikertzaile asko ari da gure inguruan dagoen osasun arazo larrienetako bati irtenbideak eta tratamenduak bilatu nahian: gizentasuna (‘epidemia isila’ esaten diote).

Nondik heltzen da dirua?

Formula bat baino gehiago dago finantzabide publikoa lortzeko ikerketarako; Espainiako Estatuan, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministeriotik iristen dira funtsik gehienak (MINECO) eta Zientzia eta Berrikuntza Ministeriotik ere bai. Laguntza horiei esker lantzen dira ikerketa proiektuak, eta ikertzaileen trebakuntza eta mugikortasuna sustatzeko ere balio dute. Azpiegiturak hobetu eta eskuratzeko laguntzak ere izaten dira, edo ikerketa taldeen lankidetza laguntzeko, bai herrialde barnean eta bai nazioartean. Autonomia erkidegoek ere badituzte, halaber, laguntza programak ikerketarako, eta horiek beren aurrekontuetatik finantzatzen dituzte. Eta, azkenik, Europatik ere iristen da laguntzen zati bat, gehiena Europako Batzordeak emana.

Finantzaketa pribatua ere hor dago, eta zientziaren esparru batzuetan beso zabalik hartzen dute (adibidez, minbiziaren aurkako borrokan), baina haur gizentasunaren ikerketan eztabaida handi samarra eragiten du, laguntza horiek elikagaien industriak ematen dituelako (baita farmazia laborategiek eta osasun aseguru pribatuek ere), eta argi gelditzen da ikerketa horiek finantzatzeko interesa ez dela zientziari bultzada emateko asmo hutsez egina.

Berrikusketa sistematiko batzuek agerian utzi dute elikagaien industriak finantzaturik egin izan diren ikerketa batzuen ondorioak aski lerratuta egon direla, bereziki edari azukretsuen ondorioei buruz aritu izan direnean. Frogatuta dago finantzabide horien atzean interes gatazkak egoten direla, eta, beraz, zientzialariek oso zorrotzak izan behar dute ondorio horiekin. Ikertzailerik gehienek nahiago dute ez egon elikagai industriaren mende beren ikerketak egiteko, badakite-eta horrek kalte egingo liokeela, hein batean, emaitzen sinesgarritasunari.

Zenbat kostatzen da ikerlan bat?

Lluis Montoliu Espainiako Bioteknologia Zentroko ikertzailea da, eta kalkulatu egin du hiru urteko ikerketa proiektu batean bost lagun aritzea zenbat kostako litzatekeen. Horren helburua da gardentasuna eranstea finantzaketa publikoari eta xehetasunez azaltzea zein diren gastuak eta zeri uko egin behar zaion diru kopurua behar adinakoa ez denean egiazko kostuak estaltzeko. Zifra handi samarra dela pentsa lezake lan zientifikoarekin loturarik ez duen jendeak, baina ikertzailearentzat buruhaustea izaten da handi samarra, komeriak izaten baitituzte diru horrekin moldatzeko.

Zuzeneko kostuak / 412.800 euro

  1. Soldatak. Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorenean (CSIC) goi mailako ikasketak dituen norbait kontratatzea, adibidez, 36.000 euro inguru kostatzen da, eta teknikari baten kontratua 23.000 eurokoa izaten da. Hortaz, ikertzaile bat eta teknikari bat hiru urtez kontratatzea 177.000 euro izango litzateke.
  2. Tresneria. Ikerlan bat egiteko, ohikoa izaten da tresna espezifikoren bat erosi beharra. Prezioak asko alda daitezkeen arren, aurrekontuan 30.000 euroko atala jarri ohi da erdi mailako tresneria erosteko.
  3. Kontsumigarriak. Ikerketan erabiliko diren materialak sartzen dira atal horretan, adibidez produktu kimikoak, kultibo inguruneak zeluletarako… Gastu hori ere oso aldakorra da, baina 6.000 euro jartzen da pertsona eta urte bakoitzeko. Bost laguneko talde batek, beraz, hiru urterako 30.000 euroko aurrekontua behar luke.
  4. Zerbitzuak. Adibidez, genomika zerbitzua, mikroskopioena, zitometria, histologia eta ikerlana laguntzeko beste batzuk. Hilean gutxienez 2.800 euro beharko lirateke horretarako. Hiru urteko proiektu baterako: 100.800 euro.
  5. Bidaiak. Biltzarretara joan behar izaten da, herrialde barnean eta nazioartean norberaren emaitzak aurkezteko edo beste lantalde batzuk egiten ari direnetik ikasteko. Izena emateak, bidaiak, lotarako lekuak eta dietak, guztia kontuan hartuta, nazioarteko biltzar bat 1.750 euro kostako litzateke eta herrialde barneko bilkura bat 750 euroraino. Hiru urtean, beraz, 7.500 euro beharko lirateke.
  6. Bestelako gastu batzuk. Beste atal bat ere kontuan hartu behar da telefono gastuak ordaintzeko, mezularitzakoak, argitalpenak, eskuizkribuen azterketak… Atal hori aise irits daiteke 2.500 eurora urtean. Hortaz, hiru urtean 7.500 euro beharko lirateke gutxienez.

Zeharkako kostuetan / 86.688 euro

Zeharkako kostuetan sartzen dira ikerkuntza zentroen funtzionamendu eta mantentze gastuak ordaintzeko behar dena (argia, ura, gasa, berokuntza eta aireztapena, garbiketa zerbitzua, segurtasun zerbitzua, mantentze zerbitzua, tresneria zerbitzua, laguntza zientifiko eta administratiborako zerbitzuak, laguntzako langileak…). Espainian, zuzeneko kostuen ehuneko bat ezartzen da zeharkako kostuetarako: Espainiako I+G+b Planak finantzatzen dituen proiektuetarako %21ekoa izaten da.

Guztira: 499.488 euro

Zertan ari da zientzia

Ikerketa talde asko ari da aztertzen gehiegizko pisuak nolako arazoak sortzen dituen adingabeen artean. Horietako laurekin hitz egin dugu haien lana nolakoa den jakiteko eta gaixotasun horren inguruko ikerlanak norantz doazen ikusteko.

Gehiegizko pisuaren genetika 

  • Erakundeak: Madrilgo Niño Jesús Haur Ospitalea.
  • Ikertzaile nagusia: Jesus Argente Oliver, Pediatria Saileko zuzendaria.

Madrilgo Niño Jesús Haur Ospitale Unibertsitarioko Endokrinologia, Hazkuntza eta Metabolismo zerbitzua erreferentziazko erakundea da nahasmendu hormonalak, metabolikoak eta hazkundepatologiak dituzten haurren diagnostikoan, tratamenduan eta jarraipenean. Jesus Argente Oliver doktoreak zuzentzen du talde hori, zeina Gizentasunaren Fisiopatologia eta Nutrizioa Sarean Ikertzeko Biomedikuntzako Zentroko kidea ere baden (CIBEROBN), eta garrantzi zientifiko handiko ekarpenak egin ditu hazkuntzari eta gizentasunari loturiko anomalia genetikoen inguruan. Gaur egun, hainbat lanetan ari dira:

  • Zein genek baldintzatzen dituzten gizentasunik larrienak bost urtez azpiko haurretan. Badirudi zenbait haurren gizentasuna gene jakin batek eragina izan daitekeela (gizentasun monogenikoa), eta kalkuluek diote Europako haurren %13 daudela egoera horretan. Orain arteko ikerketek azaldu dutenez, baliteke 20 gene inguruk sorraraztea ondorio hori. Horregatik, Argente doktoreak eta haren taldeak, CIBEROBN erakundeak Haurren Gizentasunerako duen programan, gizentasun larria duten 1.300 haurreko talde bat sortu dute eta jarraipena egiten ari zaizkie. Ikerketa horrek mutazio genetikoak aurkitu ditu horietan guztietan.
  • Gizentasun sindromikoak. Beste nahasmendu batzuekin heldu direnak dira (bihotzekoak edo giltzurrunetakoak) eta sindrome baten zati direnak, adibidez Bardet-Biedl-ena, Almström-ena eta PraderWilli-rena. “Gure asmoa da genetikaren arloan ikertzen jarraitzea hasiera goiztiarreko gizentasun larria duten paziente guztietan, gose aseezineko historia klinikoa dutenetan, familian gizentasun arazoak dituztenetan edo neurogarapeneko arazoei loturiko nahasmenduak dituztenetan. Terapia pertsonalizatua bilatzen ari gara horientzat, zehaztasuneko medikuntzara iritsi nahian haurren gizentasunetan”, azaldu du Argentek.
  • Gizentasuna tratatzeko sendagaiak. Madrilgo Niño Jesús Ospitaleko taldea nazioarteko beste erakunde batzuekin lankidetzan ari da bi entsegu klinikotan, gizentasun larria tratatzeko sendagai baten eraginkortasuna probatu nahian. Leptina errezeptorean gabezia bat duten pazienteekin erabiltzeko sendagaia da (gosea doitzen duen hormona da leptina). Nahasmendu hori dutenek gosea izaten dute une orotan eta pisu asko hartzen dute. Orain arte ez zegoen tratamendurik gaixotasun horientzat eta entseguek emaitzak onak eman dituzte: pisu galera %10ekoa izan da lehen entseguan parte hartu duten pazienteen %80tan eta bigarren entseguko %45etan.
  • Hazkundearen hormona. Ikerketa talde horrek jarraitu egiten du aztertzen zer-nolako mekanismo genetikoek eragiten duten hazkundearen hormonan (GH): haurrek bere adinerako altuera eta pisu normala har dezaten eragozten duten arazoak. Gizentasuna duten pazienteetan aztertzen ari dira mikroRNA motak; biomolekula multzo bat da, eta gizentasunarekin zerikusia duten hainbat prozesu biologiko doitzen dute.
  • Pubertaro goiztiarra eta gehiegizko pisua. Gizentasuna duten haurrek pubertaro goiztiarra izaten dute (zortzi urte egin baino lehen nesketan eta bederatzi egin baino lehen mutiletan). Horrek nahasmendu emozionalak eta osasun arazoak sorraraz ditzake etorkizunean. Horregatik, talde horren beste helburuetako bat da pubertaro aurreko eta pubertaroko hazkunde patroia aztertzea gehiegizko pisua edo gizentasuna duten haur eta nerabeetan, eta argitzea zer-nolako nahasmenduak izaten dituzten bizitzako aro horren hasieran eta garapenean, eta nolako konplikazioak ager daitezkeen bigarren mailako sexu karaktereak eskuratzeko garaian eta sexu eta ugaltze funtzioak eskuratzean. Ikertzen ari dira, halaber, sexuak eta talde etnikoak nola eragiten duten gizentasunaren bilakaeran.
  • Gizentasunarekin zerikusia duten nahasmenduak. Jarraitu egiten dute komorbilitateak identifikatzen, hau da, gizentasuna duten haurrei agertzen zaizkien nahasmendurik ohikoenak: metabolismoaren nahasmendua, hiperurizemia (azido uriko gehiegi odolean) eta arteria hipertentsioa.

Gizentasunaren aldi kritikoak

  • Erakundeak: Haurren eta Nerabeen Gizentasunaren Lantaldea, Gizentasuna Ikertzeko Espainiako Elkartekoa (SEEDO).
  • Ikertzaile nagusia: Gilberto Perez Lopez, endokrinoa eta pediatra

Talde hori ez dago haurrei begira bakarrik, gazteak ere hartzen ditu kontuan, horien prebalentzia zifrak ere oso handiak dira eta. Gizentasunari diziplina askotatik heltzea da talde horren asmoa: medikuaren arreta, laguntza psikologikoa, dietoterapia (dieta egokia eginarazten duen tratamendua) eta ariketa fisikoa bizi ohiturak egiaz aldatzeko motor gisa haur eta gazteetan. Talde horren iritziz, haurraren hazkunde garaian aldi guztiek dute garrantzi berdina, baina SEEDOk hiru aldi kritikori begiratzen die nagusiki:

  • Haurraren bizitzako lehen 1.000 egunak. Jaiotzen denetik 2 urte bete arte. Aldi horretan, elikadurak eragin handia du haurtxoaren garunak bilakaera normala izan dezan, baina gizentasun arriskuari ere lotzen zaio, baita helduaroko beste gaitz kroniko batzuei ere (diabetesa eta arteria hipertentsioa). “Haurra sortzeko garaian, haurdunaldian eta bizitzako lehen bi urteak bete artean gurasoek egiten duten guztiak eragin izugarria edukiko du osasunean oro har eta gizentasun arriskuan bereziki”, azaldu du Perezek.
  • Bost urtetik zazpirako tartea: errebote gantzatsua. Gorputz masaren indizea irudikatzen duten lerroetan hazkunde bat ikusten da bizitzako lehen urtean, eta beherantz egiten du gero baliorik apalenetaraino bost eta zazpi urte artean. Une horretan berriz ere gorantz egiten du helduarora iritsi arte. Errebote gantzatsua esaten zaio horri. Errebote gantzatsu goiztiarrak, hiru eta bost urteen artekoak, lotura du gehiegizko pisua eta gizentasuna izateko arrisku handiagoarekin.
  • Nerabezaroa. Garai horretan aldaketa psikosozialak gertatzen dira abiadura handian. Testuinguru biologikoan, pubertaroan pisu gehiago irabazten da, luzetara ere hazi egiten direlako (egoera normalean, altuera handiagoa izaten da hartzen den pisua baino). Nerabezaroan gertatzen denak berebiziko eragina izango du gizentasun arriskuan, baita beste nahasmendu endokrinometabolikoetan ere (2 motako diabetesa) eta bihotz-hodietako arriskuaren gorakadan. “Nerabe batek gehiegizko pisua edo gizentasuna badu, %70etik gorako probabilitatea izango du helduaroan gizentasuna edukitzeko”, azaldu du doktoreak.
  • Gizentasuna eta ingurua. Azken urteetan, gizentasunari psikologiaren ikuspegitik heltzeko ahalegina egin du taldeak, eta inguruari emandako erantzun gisa ikertzen du gizentasuna, faktore psikosozialak eta familiari loturikoak ikertuz, baita erregulazio emozionalak gizentasuna sortzeko eta mantentzeko garaian duen zeregina ere. Ikertu egiten dute, halaber, zein garrantzitsua den adin txikietatik bertatik emozioak doitzea, baita esku-hartze psikologikoa egitea ere familiaren partaidetza bilatzen duten programen bidez.

Nutrizio pertsonalizatua

  • Erakundeak: Euskal Herriko Unibertsitateko Nutrizioa eta Gizentasuna.
  • Ikertzaileak: Saioa Gomez Zorita eta Naroa Kajarabille Garcia.

Euskal Herriko Unibertsitateko Nutrizioa eta Gizentasuna taldearen ikerketa lerro nagusiak gizentasuna eta hari atxikitako patologiak lantzen ditu, adibidez hiperkolesterolemia eta diabetesa. Dietaren osaera eta haren osagaiak kontuan hartuta, gorputzean zenbat gantz metatzen den aztertzea da taldearen lana nagusiki. Gaur egun hiru proiektutan ari da, Estatuko eta autonomia erkidegoetako beste talde eta erakunde batzuekin lankidetzan.

  • Zehaztasuneko nutrizioa. Proiektu horrek finantzaketa autonomikoa jasotzen du eta norbanakoaren neurrira egindako nutrizioaren arloa jorratzen du. Helburua da pertsona bakoitzari egokitzen zaion tratamendua bilatzea eta horrela modu egokiagoan egitea haur gizentasunaren prebentzioa eta tratamendua.
  • Nolakoak dira adingabeen ohiturak. Gasteizko Udalarekin ere lankidetzan ari da beste ikerketa lerro batean, non hiriko populazioaren elikatzeko ohiturak eta nutrizio egoera aztertzen ari diren. Lan horren barnean, haurrek fruta eta berdura gehiago jateko programa bat lantzen ari dira.
  • Gerta litezkeen mutazio genetikoak. Genetikarekin zerikusia duen proiektu bati ekin dio berrikitan talde horrek. Helburua da gerta litezkeen mutazio genetikoak identifikatzea eta horrek gizentasunarekin nolako zerikusia duen ikustea.

Elikadura txarraren zergatiak

  • Erakundeak: Haurraren Jarraipena Garapen Egokirako (SENDO).
  • Ikertzaile nagusia: Nerea Martin-Calvo, pediatra eta Epidemiologiako doktorea.

SENDO proiektua (Haurraren Jarraipena Garapen Egokirako) ikerketa lan bat da, eta horren helburua da dietak eta bizi estiloek haur eta nerabeen osasunean nolako eragina duten aztertzea, baina baita beste gaixotasun batzuekin nolako harremana duten ere, adibidez asmarekin edo Arreta Galeragatiko eta Hiperaktibitateagatiko Asaldurarekin (AGHA) Proiektu hori 2015. urtean sortu zen, Nafarroako Unibertsitateko Prebentzio Medikuntza eta Osasun Publikoko Sailean, baina 2018an Estatu osoan hedatu zen, eta gaur egun Espainia guztiko haur eta nerabeen laginak darabiltza SENDOk. Nerea Martin-Calvo doktorea da zuzendaria, eta herrialde osoko laguntzaileak, pediatrak eta ikertzaileak ditu taldean.

  • Adingabeen dietaren kalitatea. Gaur egun hiru pediatra ari dira doktore tesia idazten haur gizentasunaren inguruan, proiektu horretan parte hartu dutenen datuekin. Lan horietako bi haurren dietaren kalitateari loturiko faktoreak ari dira aztertzen. “Ikerketa horretan lortu diren datuei esker, badakigu amaren esnea hartu duten haurrek dietari loturiko ohitura hobeak dituztela bost eta sei urterekin. Badakigu, halaber, gurasoek nutrizioari buruz duten ezagutza, dietarekin duten inplikazioa, pantaila orduak eta jarduera fisikoa oso loturik daudela dietaren kalitatearekin, eta hori da, jakina den bezala, lotura handiena duen faktorea haur gizentasuna agertzearekin”, azaldu du Martin-Calvok.
  • Arazoaren muina bilatu nahian. Dietaren kalitatea gehien baldintzatzen duten faktoreekin lanean ari da ikerketa taldea. Gizentasunaren faktore moldagarriak aski ezagunak dira: dietaren kalitate txarra eta jarduera fisiko falta. “Horregatik guk nahiago dugu pauso bat atzera eman kausen katean eta faktore horien artean erabakigarrienei heldu: zerk garamatza okerrago elikatzera eta jarduera fisiko gutxi egitera. Espero dugu era horretako ikerketek eragin garrantzitsua izatea haurren gizentasun zifretan, zeren baliagarriak baitira arazoaren muinari heltzen dioten prebentzio kanpainak lantzeko”, adierazi du zientzialariak.
  • Sei urte egin aurretik ikastea. Egin dituzten ikerlanek baieztatu egin dute haur baten lehenbiziko sei urteak funtsezkoak direla, adin horretan haur askok dagoeneko argi izaten baitute zer atsegin zaien eta zer ez. “Haurtzaroan eskuratzen diren ohitura asko mantendu egiten dira helduaroan. Hortaz, haur batek ohitura batzuk bereganatzea nahi baduzu, erakuts iezazkiozu sei urteak bete aurretik”, azaldu du Nerea Martin-Calvok.