Pausoa nolakoa, barne-zola halakoa

Zapaten barne-zolek, erosotasuna emateaz gain, funtsezko eragina dute oinazpiko eritasunei aurre egiteko orduan
1 maiatza de 2011
Img salud

Pausoa nolakoa, barne-zola halakoa

Oinetakoak janzten dizkiegu, eta han behean geratzen dira, zama guztia gainean dutela eta erdi ahantzita. Arreta handirik jarri gabe eta zer behar duten kontuan hartu gabe, muga-mugara eramaten ditugu sarri askotan. Haiek, berriz, batetik bestera eramaten gaituzte, ordainetan deus eskatu gabe. Oinei buruz ari gara, eta, zehazki, oinazpiei edo oin-zolei buruz. Gorputzari eusten dioten zutabeak dira, baina behar-beharrean ez bada, ez diegu eskaintzen merezi duten arretarik, eta arrazoi horrexegatik, gero eta jende gehiagok behar izaten ditu barne-zolak zapatetan, bai arazoren bat zuzentzeko, bai oinazeei aurre hartzeko eta, zergatik ez, erosoago ibiltzeko ere bai. Azken batean, konponbide bikainak dira gure oin nekatu, minberatu eta gogortasunez beteentzat. Askotan, min arinak saihesteko, aski izaten da ohiko oinetakoentzat diren zolak erabiltzea, baina horiekin ezin denean, erdi mailako zolak behar izaten dira, eta bestela, profesional batek agindutako zola terapeutikoak jarri beharko dira. Oin bakoitzarentzat, beraz, zola bat komeni da. Norberak zer podologia-arazo daukan ikusi beharra dago, harentzat zola mota egokiena zein den jakiteko.

Ohiko oinetakoen zolak

Oinetakorik gehienek barne-zola eduki ohi dute erosotasuna bermatzeko; batzuk kendu egin daitezke, eta besteak zapatari itsatsita egoten dira. Uneotan, era askotako barne-zolak daude, EVASekin, latexarekin eta poliuretanoarekin eginak, besteak beste, eta badira ezaugarri bereziak dituztenak ere, pertsona talde jakinek erabil ditzaten: kirol-oinetakoak erabiltzen dituztenek, haurrek, adinekoek edo emakumeek. Zola guztien artean, bio anatomikoak dira erosoenak, horien forma egokitu egiten baitzaio oinaren anatomiari (orpoak, arkuak eta metatartso-hezurrek osatzen dute oina). Kirol-oinetakoarentzat, barne-zola bereziak egin dituzte, zoruaren aurkako kolpeak arintzen dituztenak lasterka egiterakoan edo jauzi egiterakoan. Zola horiei zati bat eransten diete orpoan, material espezifikoz egina, zeinak hobeki xurgatzen baititu zoruaren aurkako kolpeak.

Haurren oinetakoetan, oinen higienea hobetuko duten zolak behar izaten dira, elementu bakterizidak eta onddoen aurkakoak dauzkatenak. Haurrak zenbat eta txikiagoak izan, orduan eta ehun guri gehiago izaten du haien oinazpiak, eta, beraz, ez da beharrezkoa izaten barne-zolak beste ezerekin osatzea. Adinekoei, berriz, kontrakoa gertatzen zaie: oinazpiko mintza murriztu egiten da, eta oina lurrean jartzean, presio handia jasaten dute; ondorioz, material aringarriekin osatu behar izaten dira zolak, oinazpiko presioa modu egokian banatu dadin.

Barne-zola aukeratua baino lehen norberak
ze arazo duen jakin behar da

Emakumeentzako zoletan ere berrikuntza interesgarri bat agertu da azken urteetan: zapata takoidunetan jartzeko zola-zatiak. Orpoan jartzen dira zolak, oin erdiraino, edo, bestela, oinaren aurreko aldean, metatartsoa hartzen dutela. Zola-zati horien helburua da oinak ez dezala irrist egin, eta erabiltzaileak erosotasun handiagoa eta presio txikiagoa senti dezala takoiaren gainean jarrita eta oinaren aurreko aldean. Egonkortasuna hobetzen dute, erosotasuna ere bai, eta ohiko patologiei aurre hartzen laguntzen dute; besteak beste, talalgiei eta metatartsalgiei. Min kronikoak dira horiek biak, orpoan izaten dena lehena eta oinaren aurrealdean bigarrena, eta emakume askok izaten dituzte 65 urtetik aurrera.

Erdi mailako barne-zolak

Ohiko oinetakoen zolen eta terapeutikoen artean, erdi mailakoak daude, botiketan, supermerkatuetan eta kirol-dendetan saltzen direnak. Erabiltzaileek horiek erosten dituzte, baldin eta zapatek lehendik dauzkatenak gustatzen ez bazaizkie edo beren beharretara egokitzen ez badira, oinetakoek zola oso gogorra badute edo arazoak badituzte oinazpian edo orpoan. Oinetan izaten den mina arintzea eta erosotasuna hobetzea izaten da helburua. Hainbat material erabiltzen dituzte horiek egiteko: gela, EVAS, poliuretanoa edo latex sofistikatuagoa. Prezioa, berriz, 5 eta 20 euroren artekoa izaten dute. Horiekin ere oinazea joaten ez bada, podologotara joan beharra dago laguntza profesionala eskatzera; hark aztertuko du oinean patologiarik baden edo ez, gerta daiteke-eta lotura edukitzea belaunetan, bizkarrean edo egitura muskulu-eskeletikoan sortu den arazoren batekin.

Oinak ez dezan zapalkuntzarik jasan
  1. Produktu ez-terapeutikoa bada, eguneroko oinetakoentzat,
    arretaz erreaparatu behar zaio barnezolari,
    elementu garrantzitsua baita erosotasuna
    bermatzeko, eta eragina ere handia du oinazpiko
    eritasunei eta oinazeari aurre hartzeko.
  2. arreta bereziarekin aukeratu behar dira haurrentzat
    eta adinekoentzat diren zolak.
  3. Zalantza edukiz gero, eta mina sumatzen bada
    oinetan edo belaunean edo bizkarrean, podologo bati
    edo profesional bati galdetu behar zaio.
  4. Barne-zolek sendabide eraginkorrak dira, eta
    erasaten ez dutenak; gainera, oso onak izan daitezke
    oinen osasunarentzat.

Iturria: Juan Carlos Gonzalez, Valentziako Biomekanika Institutuko Jantzien Saileko

Barne-zola terapeutikoak

Oinetan izaten diren arazoak zuzentzea eta konponbidean jartzea izaten da zola terapeutikoen helburua. Talalgiak eta metatartsalgiak aipatu ditugu lehen, baina badira bestelako arazo batzuk ere:

Oinaren lerrokadura:

Norbaitek oin laua edo planoa duenean, oinaren arkua behar baino beherago izaten du. Batzuetan, oin laua izateaz gain, gerta daiteke oinak gehiegi biratzea orkatilarekiko, eta azken hori EDO OINA? barrurantz makurtzea (oin lau valgoa); epe luzera, eta beste arrisku-faktore batzuei lotuta (luzaroan zutik egotea, adibidez), beste arazo bat ekar dezake: oin-zolako faszitisa. Horregatik, oin laua duten pertsonei zola terapeutikoak jartzen dizkietenean, arkua goratzeko izaten da, eta oinaren eta orkatilaren lerrokadura zuzentzeko. Oinaren barnealdean doan zatia lodiagoa izaten dute zolek, eta kanpoaldekoa finagoa, gehiegizko makurdura zuzentzeko (pronazioa).

Oin sakon edo kaboa dutenei kontrakoa gertatzen zaie: oinaren arkua oso handia izaten da eta, oro har, horrekin batera, oina gehiegi biratzen da orkatilarekiko, eta oina kanporantz makurtzen da (oin sakon varoa). Barne-zolak, beraz, oin lauarentzat ez bezalakoak izaten dira: oinaren kanpoko aldea goratzen dute barruko aldea beharrean, orkatila lerroka dadin, eta zolaren anatomia arkuaren neurrira egokitu dadin, oina lurrean normal jartzeko. Era horretan lortzen da arkuak euskarri bat izan dezan pisuarentzat, eta horren gainean berma dadin.

Barne-zolak erabiltzeak ez du zuzentzen oin lauaren eta oin sakonaren anatomia, baina saihestu egiten du oin-forma horiek bestelako arazorik sortzea. Oin laua gehiago bermatzen da barnealdearen eta behatz lodiaren gainean, non juanikoteak sortzen diren (Hallux valgus), eta areagotu egiten ditu juanikoteak eta barnealdeko gogortasunak. Oin sakonetan, berriz, kanpoaldean eta behatz txikian agertzen dira gogortasunak.

Oinaren lerrokaduraren arazoei dagokienez, kontu berezia eduki behar da haurrekin. Haurrek, jaiotzen direnean, ehun guri ugari izaten dute oinean, eta oin lauak izaten dituzte, gainera. Hazi ahala, ehun gantzatsua galdu eta arkua sortzen da. Hiru edo lau urte egin ondoren azal daitezke arazoak oinetan, baina diagnostiko garbirik ez da lortzen haurrak bost edo zazpi urte bete arte. Haurrak oinetan arazoak izan ditzakeela susmatzen bada, komeni izaten da urtero podologoarengana eramatea, azterketa egin diezaion, batik bat lehen urteetan, oina azkarrago hazten den garaian, alegia (hamalau edo hamabost urteetatik aurrera, motelago hazten da), zeren barne-zola txiki geratuko balitzaio, gaizki jarria edukiko luke orekatu beharreko oinaren forma anatomikoarentzat.

Oin-zolako faszitisa:

Faszia batek biltzen du oinazpiaren barrualdea, ehun-mintz batek, alegia (tendoiaren oso antzekoa da), eta horri esker, tentsioan egoten da oinaren arkua. Oin-azpiko faszitisa zera da: faszia hanpatzea, eta, ondorioz, mina izaten da orpoan edo oin-azpiaren erdigunean. Oinetako desegokiak erabilita sortu edo larritu liteke faszitisa, eta gune horri lan gehiegi eginarazteagatik ere izan liteke (luzaroan zutik egon behar dutenek, kirolariek, pisu gehiegi duten pertsonek… jasan dezakete). Oin lauak eta gehiegizko pronazioa ere arrisku-faktoreak dira, fasziari tentsio handia egin diezaiokete eta. Oin-azpiko faszitisaren oinazeak saihesteko, oinaren arkuari eutsiko dion zola erabil daiteke, fasziak duen tentsioa murriztu eta ez dezan hainbeste tiratu metatartsoan eta orpoan barneratzen diren guneetan.

Fasziako oinazeak arintzeko, infiltrazioak eta hanturen aurkako sendagaiak hartu behar izaten dira. Horregatik, barne-zolak erabiltzeko aukera beti da ona, sendagaiek baino gutxiago erasaten baitute.

Oin diabetikoa:

Pertsona diabetikoek saiatu behar izaten dute ahal bezain modu homogeneoan banatzen oinaren gaineko presioak, inon ez dadin sortu gehiegizko presiorik, eta hortik ez dadin etorri ultzeraren bat. Beraz, oinaren guneren batean presio gehiegi izaten dela ikusiz gero, podologotara joan eta barne-zola moldatu behar lukeke (material guriago bat sartuta edo zulo bat eginda). Podologoek egiten dituzte zola horiek, eta horiei esker, diabetikoek ongi banatzen dituzte oinaren gaineko presioak, eta saihestu egiten dituzte ultzerak.

Nola egiten dira barne-zolak?

Zola terapeutikoak egiteko, bestelako zolentzat erabiltzen diren material berberak erabiltzen dituzte gehienetan. Prezioetan, alde nabarmenak aurki litezke: 80 eurotik 150 euro bitartekoak daude, eta horri, podologoaren bisita gehitu behar zaio (beste 60 euro). Podologoek eurek agintzen dute zer zola mota behar duen bakoitzak, eta egin ere, eurek egiten dituzte; traumatologoek ere agindu dezakete zer zola jarri behar den, baina ez dituzte egiten, eta ortopediek, berriz, egin bai, baina ezin dute agindu. Arrazoi horregatik, traumatologoak esan dezake zer zola mota jarri behar den, eta ortopedia batera bidal dezake bezeroa, han eros ditzan, baina podologoak bi gauzak egin ditzake: oina aztertu eta zola egin. Argibide horiek eman dizkigu Juan Carlos Gonzalezek, Valentziako Biomekanika Institutuko Jantzien Saileko zuzendariak.