Etiketa energetiko berria dute etxetresna elektrikoek

Aurrerapen teknologikoen eraginez, eguneratu egin behar izan da hozkailuen, garbigailuen eta ontzi-garbigailuen eraginkortasuna sailkatzeko modua
1 otsaila de 2012
Img medioambiente listado 704

Etiketa energetiko berria dute etxetresna elektrikoek

Etxetresna elektrikoek gero eta energia-eraginkortasun hobea dute, eta tresnak berritzen diren heinean, berritu egin behar da horien sailkapena ere. Urte berriak hori ere ekarri digu: energia-sailkapenarekin zerikusia duten adierazle berriak. Orain artean, zazpi kolore eta zapi letra dituen etiketa erabili izan da tresna bakoitzak zer-nolako eraginkortasuna duen adierazteko, eta oinarrizko egitura hori ez da aldatu, baina eskala edo maila berriak gehitu dizkiote orain arte zeudenei (sailkapen berriarekin, A+++ maila irits dezakete tresnarik eraginkorrenek). Diseinu berrituari, gainera, piktogramak jarri dizkiote testuaren lekuan, eta parametro berrien informazioa ere ematen du: zenbateko zarata egiten duen edo zenbat energia gastatzen duen stand by egoeran edo pausaldian dagoela. Orain arte erabili izan den eskala ez da desagertuko denbora batez, baina etiketa berriak dakartzan onurei erreparatzeak lagundu egin dezake ingurumena gehiago zainduko duten tresnak erosten.

Iazko azaroaren 30etik aurrera, Europako Batasunaren legedi berriak agintzen duenari jarraitu behar diete salgai jartzen diren etxetresnek. Gerta daiteke, ordea, tresna batzuk lehenagokoak izatea eta eskala zaharraren araberako etiketak erabiltzea. Aurrerantzean, beraz, energia-eraginkortasuna sailkatzeko, ziurtagiri berria agertuko dute garbigailuek, hozkailuek eta ontzi-garbigailuek.

Nolakoa da etiketa energetiko berria

Aurreko etiketaren antzeko diseinua du berriak ere. Zazpi sail energetiko dauzka eta kolore berberak: hasi berdetik (etxetresnarik eraginkorrenen kolorea da) eta gorria bitarte (gehien kontsumitzen eta kutsatzen dutenen kolorea da).

  • Etiketaren gorengo aldean, hornitzailearen izena edo marka ikus daitezke, eta modeloaren identifikazioa.
  • Azpian, sail energetikoak ageri dira, koloreetako gezietan emandako letrekin.
  • Informazio horren eskuinetara, hondo beltzaren gainean zuriz idatzita, tresna zer mailatakoa den adierazten da letra batekin, hari dagokion altueran jarria. Adibidez, A+++ mailakoa bada, goren-gorenean agertuko da, eta A bada, eskalaren erdialdean. Horri esker, tresnak elkarren artean aldera daitezke, eta sailkapenean kokapen onena zeinek duen ikusi.
  • Ondoren, urtebetean zenbat energia kontsumitzen duen esaten da.
  • Beherengo aldean, tresnaren ezaugarririk garrantzitsuenen berri ematen da piktogramen bidez. Hemendik aurrera, tresna bakoitzak zenbateko zarata egiten duen adierazi beharra dago, baldin eta alderdi hori erabakigarria bada.

Berrikuntzen artean, nabarmentzekoa da beste hiru sail energetiko egin dituztela A sailaren gainetik: A+, A++ eta A+++ (azken horretakoak dira guztietan eraginkorrenak). Etiketa bat eta bakarra izango da Europako Batasuna osatzen duten 27 herrialdeentzat, hizkuntza gorabehera, zeren orain arte agertzen ziren testuen ordez, piktogramak ageri baitira orain. Irudi horiekin, produktuak zer-nolako aukerak, emaitzak eta ezaugarriak eskaintzen dituen jakin ahalko dute kontsumitzaileek, modu erraz-errazean, informazio hori Europako Batasuneko hizkuntza ofizial guztietara itzultzen ibili beharrik gabe. Hain zuzen, etiketa berria egokia zen edo ez jakiteko egin ziren azterketetan parte hartu zuten kontsumitzaileen iritziz, aurrekoa baino errazago ulertzen da berria.

Oro har, zazpi kolore eta letrako sailkapena da. Etxetresna batek lor dezakeen mailarik gorena A+++ da, eta berde ilunez adierazia egongo da; ondotik etorriko dira A++, A+… eta azken-azkenean, D maila egongo da, gorriz. Etiketa zaharra duten etxetresnetan, berriz, A+ izango da sailkapen gorena, eta F letrak adieraziko du eraginkortasun gutxieneko maila.

Etxetresna bat erosi nahi duenak, beraz, jakin egin behar du etiketa zaharra edo berria duen, elkarrekin alderatu ahal izateko, eskala berak erabili behar baitituzte etxetresnek.

Zer adierazten du piktograma bakoitzak

Etxetresna elektriko bakoitzak irudi multzo bat dauka, eta horien bidez, azkar eta erraz ulertzeko moduan jasotzen du informazioa kontsumitzaileak. Honako hauek dira irudi horiek:

  • Iturri baten irudia eta jarraian zenbaki bat (2.700) eta “l/annum” agertzen denean, urtean ur kantitate hori kontsumitzen duela esan nahi du.
  • Tetrabrik bat eta segidan zifra bat (300L) ageri direnean, konpartimentu guztien artean biltegiratze-bolumen horixe daukatela esan nahi du.
  • Ontzi-garbigailu batek zenbat mahai-tresnarentzako tokia duen adierazteko, plater bat, kopa bat, koilarak, sardexkak eta labanak erabiltzen dira, eta ondoan, zenbaki bat agertzen da: horrexek adierazten du zenbat sar daitezkeen.
  • Izar bat agertzen denean -meteorologia-mapetan elurra irudikatzeko erabiltzen den horietako-, ondoan beste txikiago batzuk eta zifra bat dituela (120L), elikagai izoztuak gordetzen diren konpartimentuek zenbateko biltegiratze-bolumena daukaten adierazten du.
  • Zenbat zarata egiten duen adierazteko, zeharka jarritako bozgorailu baten eta uhin batzuen irudia erabiltzen da, azpian zenbaki bat duela (dezibelioetan emana egoten da).
  • Kamiseta baten irudia eta “kg” terminoa agertzen direnean, azpian zenbaki bat dutela, garbigailuak zenbateko gaitasuna duen adierazten du, kotoiarentzako programa normalizatua erabiltzen denean 60 ºC-an edo 40 ºC-an, garbigailua guztiz betea dagoela.
  • Urtean zenbat energia kontsumitzen duen adierazteko, ez da erabiltzen irudirik; zifra bat jartzen dute, eta azpian “kWh/urteko” ikurra.

Etxetresnak, banan-banan

Hozkailuak

Hainbat informazio ematen dute piktogramek: urtean zenbat energia kontsumitzen duen, zenbateko biltegiratze-gaitasuna duten konpartimentu guztiek, zenbatekoa elikagai izoztuak gordetzekoek eta zenbat zarata egiten duen hozkailuak (dezibelioetan neurtua dago). Sailkapen energetiko bat edo bestea emateko, kontuan hartzen dira zenbat energia kontsumitzen duen urtean, zenbateko bolumena duen eta zein den konpartimentu bakoitzak lor dezakeen tenperaturarik txikiena. Horrez gain, aintzat hartzen da “no frost” delakoa baduen edo ez, eta zer-nola jartzekoa den (nonbaiten sartuta edo independente uztekoa).

Hozkailu batzuek, zazpi sail eduki beharrean, hamar izaten dituzte (salbuespen dira). Xurgatze bidezkoak izaten dira horiek, eta ez, gehienak bezala, konpresio bidezkoak. Beste era bateko teknologia izaten dute (ohikoak baino isilagoak dira, ondorioz), baina energia gehiago kontsumitzen dute. Sailkatzeko erabiltzen diren ezaugarriak gainerako hozkailuek eta izozkailuek erabiltzen dituztenen antzekoak dira.

Ardotegiek etiketa espezifikoa dute; gainerako hozkailuenak bezalako ezaugarriak ditu etiketa horrek, baina zenbat botila sar daitezkeen adierazten du. Teknologia ere bestelakoa dute gailu horiek, eta energia gehiago kontsumitzen dute. Xurgatze bidezko hozkailuekin gertatzen den bezala, 10 sail ageri dira horien sailkapenean ere.

Garbigailuak

Garbigailuen ziurtagiri energetikoari erreparatuta, urtean zenbat energia kontsumitzen duen jakiten da, zenbat zarata egiten duen, zentrifugatzerakoan zer-nolako eraginkortasuna duen, zenbat kilo arropa sar daitezkeen eta urtean zenbat ur xahutzen duen. Urtean zenbat litro behar dituen jakiteko, baita zenbat energia xahutzen duen eta zentrifugatzerakoan zer-nolako eraginkortasuna duen jakiteko ere, zenbait alderdi hartzen dira kontuan: kotoiarentzako programa, 60 ºC-koa, garbigailua guztiz betea dela eta zati bat soilik betea duela; programa hori bera 40 ºC-an, zati bat soilik betea duela; eta zenbat kontsumitzen duen itzalita dagoela eta zenbat itzali gabe.

Ontzi-garbigailuak

Ontzi-garbigailuaren etiketan ageri diren irudiek ere antzeko ezaugarrien berri ematen dute: urtean kontsumitzen duen energia kopurua, egiten duen zarata (dezibelioetan), zenbat mahai-tresna sartzen diren, lehortzean zer-nolako eraginkortasuna duen eta urtean zenbat litro ur kontsumitzen duen (ez ziklo bakoitzean, lehen bezala). Sailkapen energetikoa emateko, kontuan hartzen dira garbitze-ziklo normalizatuek zenbat energia behar izaten duten urtean, ontzi-garbigailuak onartzen dituen mahai-tresna guztiekin betetzen denean; zenbat potentzia eta zenbat denbora behar izaten duen itzaltzeko agindua emanda eta eman gabe. Arropa-garbigailuekin gertatzen den bezala, ontzi-garbigailuek ere A saileko eraginkortasuna eduki behar dute garbitzerakoan, eta, beraz, alderdi hori jada ez da agertzen etiketan.

Telebistak

Telebistetan ere jartzen dute etiketa berria, urtean zenbat energia behar izaten duen jakinarazteko. Horrez gain, piztuta dagoela zenbat potentzia kontsumitzen duen ere adierazten du, itzaltzeko etengailurik baduen edo ez, eta zenbateko pantaila ikusten den (diagonalean neurtua egoten da, hazbetetan eta zentimetrotan).

Etiketa ezartzeko egutegia

Etiketa berria, oraingoz, ez dute etxetresna guztiek eduki beharko. Hasiera honetan, batzuei eman zaie lehentasuna (garbigailuak, ontzi-garbigailuak eta hozte-tresnak), baina gutxika-gutxika, gainerako guztiei ere jarriko diete.

2011. urteko azaroaren 30a arte, hornitzaileek aukeratu egin zezaketen diseinu berria erabili edo ez, baina data horretatik aurrera, derrigorrezkoa da etxetresna multzo horrek ziurtagiri eguneratua eduki dezan, salbu eta joan den urteko abendua baino lehen jarri badituzte salgai etiketa zaharrarekin.

Beraz, bolada batez, etiketa zaharra duten etxetresnak eta berria dutenak izango dira merkatuan. Hori dela eta, arreta gehixeago jarri beharko dute erosleek, sailkapena eguneratua duten edo ez jakiteko.

2012. urteko apiriletik aurrera, derrigorrezkoa izango da komunikazio-material guztiek sail energetiko berriaren aipamena eduki dezatela energiarekin, prezioarekin edo datu teknikoekin zerikusia duten informazio guztietan.