Birziklatze-sinboloak ulertzeko gakoak

Nola birziklatu behar den esaten digute, eta birziklatzeari buruzko kontzientzia hartzeko ere oso baliagarriak dira
1 azaroa de 2011
Img medioambiente listado 696

Birziklatze-sinboloak ulertzeko gakoak

Ez dira hieroglifoak, ezta ikur zentzugabeak ere. Birziklatze-sinboloak dira. Ikur edo sinbolo horiei esker, badakigu produktu eta ontziak birziklatu egin daitezkeela edo aurrez birziklatu egin dituztela, eta beste hainbat informazio ere ematen dute: zer material motarekin eginda dauden edo zer edukiontzitan utzi behar diren, adibidez. Horrez gain, lagungarriak gertatzen dira kontsumitzaileek kontzientzia har dezaten eta ohar daitezen oso garrantzitsua dela birziklatzea, energia eta lehengaiak aurrezten direlako, eta erraztu egiten duelako zaborrak biltzeko eta kudeatzeko prozesua.

Ontzi batek, esaterako, Puntu Berdea ageri badu, horrek esan nahi du ontziaren ardura duen enpresak egoki betetzen duela Hondakinen Legea. Hau da, enpresa horrek bermatu egiten du, ontzi hori hondakin bihurtzen denean, birziklatu eta balioztatu egingo dela; maizenik, Ontzi-Hondakinak Kudeatzeko Sistema Integratuaren bidez (SIG) egiten da, zeina Ecoembesek kudeatzen baitu. Honako ontzi hauek eduki dezakete ikur hori: plastikozkoek, metalezkoek eta brik motakoek, kartoizkoek eta paperezkoek, eta beiraz eginek (azken horiek Ecovidriok kudeatzen ditu).

Möbius-en eraztuna edo zirkulua ere aski ezaguna da, nazioartean horixe bihurtu baita birziklatzearen ikur, nahiz eta hainbat modutara ager daitekeen gero. Eraztuna bera bakarrik ageri denean, esan nahi du ontzi hori birziklatzeko moduko materialekin egina dagoela. Eraztuna zirkulu baten barrenean badago, berriz, zera adierazi nahi du: produktu edo ontzi horren material batzuk aurrez birziklatu egin dituztela. Portzentajea ere ager daiteke ikurraren ondoan, eta horrek zehazten du, osotara hartuta, zenbat den material birziklatua. Datu hori, sarri askotan, kartoizko ontzi eta kaxetan agertzen da. Irudiari erreparatzen badiogu, ohartuko gara hor % 20 dela material birziklatua.

Tidyman esaten zaion sinboloa ere hor dago (gizaki baten irudia da, hondakin bat paperontzira botatzen ari dela); ikur horrekin, kontsumitzaileari adierazi nahi zaio hark hartu behar duela ardura hondakin hori leku egokian uzteko.

Kristalezko botiletan ere ikus daitezke Möbius-en eraztuna eta ontzi bat edukiontzian uzten ari den panpina. Era horretan, kontsumitzaileari oroitarazi nahi izaten zaio edukiontzi edo iglu berdeak erabili behar dituela.

Birziklatze-sinboloen jatorria eta esanahia

Birziklatzearen jatorrizko sinboloa 1970. urtean sortu zen. Lurraren Eguna antolatu zuen, lehenengoz, Container Corporation of America erakundeak, eta diseinu-lehiaketa bat egin zuen Ameriketako Estatu Batuetako ikasleen artean. Gary Andersonek irabazi zuen, Hego Kaliforniako Unibertsitateko ikasle batek (Los Angeles).

Möbius-en zirkulua da sinbolo hori, eta hiru gezietako bakoitzarekin, birziklatzeko prozesuaren pausoetako bat adierazi nahi da: materialak biltzea, gero birziklatzeko; birziklatzeko prozesua bera; eta produktu birziklatu horiek erostea. Eta zirkuluan daudenez, sistemak etenik gabe jarraitzen duela esan nahi da. Andersonen diseinu horren atzean, August Ferdinand Möbius (1790-1868) alemaniar matematikari eta astronomoak 1858an aurkitu zuen banda dago.

Puntu Berdearen sinboloa, berriz, Alemaniako enpresa pribatu batek sortu zuen, Duales System Deutschland AG delakoak (irabazi asmorik gabeko elkartea da). Ondoren, EB Europako Batasuneko herrialde batzuek ere onartu zuten, eta 1994. urtean, EBko kide ziren estatuek hala erabakita, Ontzien eta Hondakinen Europako Zuzentarauaren marka bihurtu zen. Ameriketako Estatu Batuetan ere erabiltzen da, baina han, ikur hori ontzietan jartzen duten enpresek, birziklatzeko konpromisoa hartzeaz gain, ontzietako materiala murrizteko konpromisoa ere hartzen dute, baita errazago birziklatzeko materiala erabiltzekoa ere.

Gero eta gehiago birziklatzen da Espainiako Estatuan

Kontsumitzaileek birziklatzearen aldeko kontzientzia eta jarrera argiak dauzkate. Halaxe adierazten dute, behinik behin, Hondakinak Kudeatzeko Sistema Integratu (SIG) nagusiek urtero ematen dituzten datuek. Ecoembes-en arabera, 2010. urtean, plastikozko ontzien % 45,3 birziklatu ziren (323.030 tona), kartoizko eta paperezko ontzien % 83 (646.186 tona) eta metalezkoen % 71,5 (240.710 tona).

Pasta-, Paper- eta Kartoi-Ekoizleen Espainiako Elkarteak (Aspapel) adierazi duenez, 2010. urtean % 11 paper eta kartoi gehiago birziklatu da Espainiako Estatuan (4,6 tona gehiago izango lirateke). Ondorioz, 45 futbol-zelai handi betetzeko adina hondakin isurtzeari utzi zaio.

Bestalde, Ecovidriok egindako inkesta batek dioenez, biztanleen % 79,2k beti birziklatzen dute beira. Beti birziklatzeko joera duen herritarraren soslaia, berriz, honako hau omen da: emakumea, 44 urtetik gorakoa, eta Aragoin, Errioxan, Nafarroan, Katalunian eta Euskal Autonomia Erkidegoan bizi dena.

Ildo horretan, eredugarri bihurtu behar lukete zenbait autonomia erkidegotan abian jarri dituzten ekimenek. Bereziki nabarmentzekoa da, adibidez, Gipuzkoan, San Marko Mankomunitateak egiten duen lana: indar berezia jartzen ari da ontziak birziklatzeko neurriak sustatzeko, olio erabilia jasotzeko edo hondakinak atez ate biltzeko.

Plastikoaren zazpi sinboloak

Plastiko mota ugari daude gaur egun, eta horiek identifikatzeko tipologia ere askotarikoa da. Kasu honetan, eraztunaren geziak -nolabait birzikla daitekeela adierazten du horrek- estuagoak dira, eta zenbaki bat eta letra batzuk dauzkate ondoan, zer material mota den adierazten dutenak. Kontsumitzaile batek honako sinboloak aurki ditzake:

  1. PET edo PETE (polietileno tereftalatoa). Elikagaientzat eta edarientzat maizenik erabiltzen den plastikoa da, arina izateaz gain, ez delako garestia eta birziklatu egin daitekeelako. Behin birziklatuta, berrerabili egin daiteke PETa: altzariak, alfonbrak, oihalgintzako zuntzak eta automobilentzako piezak egin daitezke, eta, batzuetan, baita elikagaien ontziak ere.
  2. HDPE (dentsitate handiko polietilenoa). Aukera asko ematen dituenez eta erresistentzia kimiko handia duenez, produktu kimiko industrialen edo etxeko garbigarrien ontziak egiteko erabiltzen da: xanpuen botilak, garbigarrienak, kloroarenak… Beste ontzi batzuk egiteko ere erabiltzen da (esnea, jogurtak, ura…), baita zabor-poltsak eta supermerkatuetako poltsak egiteko ere. Birziklatu ondoren, hainbat gauza egiteko baliatzen dute: hodiak, garbigarrien botilak, lorategiko altzariak, olio-potoak, eta abar.
  3. V edo PVC (binilikoak edo polibinil kloruroa). Oso sendoa da hori ere, eta, beraz, asko erabiltzen dute leiho-garbigarrien eta bestelako garbigarrien ontziak egiteko, xanpu- eta olio-botilak, hodi malguak, medikuntzako ekipamenduak, leihoak, drainatze-hodiak, eraikuntzako materiala, kable-estalkia, eta abar. Ez da maiz birziklatzen, baina erabili ohi da zenbait gauza egiteko: panelak, tarimak, errepideetako isur-hodiak, tapizak… PVCak zenbait toxina aska ditzake (ez da erre behar, eta elikagairik ukitzen ere ez zaio utzi behar), eta, horrexegatik, hobe da beste substantzia natural batzuk erabiltzea.
  4. LDPE (dentsitate txikiko polietilenoa). Plastiko sendoa, malgua eta gardena da, eta era askotako botilatan aurki liteke eta hainbat poltsatan (erosketakoak, izoztekoak, ogiarena, eta abar); zenbait altzarik eta alfonbrak ere izaten dute. Birziklatu ondoren, edukiontzi eta paperontzietan berrerabil daiteke, gutun-azaletan, paneletan, hodietan edo baldosetan.
  5. PP (polipropilenoa). Fusio-puntua oso altu du, eta, horri esker, likido eta elikagai beroak eramateko ontzietan erabiltzen da. Medikuntzako ontziak egiteko ere baliatzen dute, jogurt-ontziak, edateko lastoak, ketchup potoak, tapak eta sukaldeko edukiontzi batzuk, besteak beste. Birziklatu ondoren, argi-seinaleak egiteko erabiltzen da, baterien kableak, erratzak, eskuilak, izotz-karrakagailuak, bizikleten armazoiak, eskuareak, pertzak edo ontziak, paletak, erretiluak…
  6. PS (poliestirenoa). Erabili eta botatzeko plateretan eta edalontzietan erabiltzen da, arrautzontzietan, haragi-erretiluetan, aspirina-ontzietan, CD-kutxetan… Fusio-puntu apala du, eta urtu egin daiteke beroarekin. Zenbait erakunde ekologistak nabarmendu dutenez, zaila da material hori birziklatzea (berrerabili egin daiteke, beste produktu batzuk egiteko), eta toxinak isur ditzake.
  7. Beste batzuk. Azken atal honetan, nekez birzikla daitezkeen hainbat plastiko mota sartzen dira. Material horiekin, ur-botila jakin batzuk egiten dira, balen kontrako materialak, DVDak, eguzki-betaurrekoak, MP3ak eta PCak, elikagai-ontzi batzuk, eta abar.

Plastikozko material horien sinboloen aldaera gisa, batzuetan zenbakiak soilik agertzen dira, akronimorik gabe, edo Möbius-en eraztun lodienarekin, dagokion zenbakia barrenean duela. Akronimoak “R” bat ageri badu aurrean, horrek adierazi nahi du produktu horrek plastikozko material birziklatuak dauzkala. Bestalde, sinboloak ABS akronimoa baldin badu, zera esan nahi du: akrilonitrilo butadieno estirenoa daukala, plastiko gogor-gogorra, automobilgintzan erabiltzen dena, eta industria alorreko eta etxeko produktuen hainbat esparrutan.

Beira, papera eta zenbait plastiko ez ezik, beste material batzuk ere birzikla daitezke, eta horiek ere badituzte beren ikurrak. Hori gertatzen da, esate baterako, zenbait metalekin (aluminioa, altzairua…).