Loezina: gaurik gabeko egunak

Morfeo gugandik ihesi dabilenean, ohetik jaikitzea izaten da eraginkorrena, eta egiaz logura sumatzen dugunean etzatea berriz ere
1 ekaina de 2011
Img salud listado 753

Loezina: gaurik gabeko egunak

Lo egin nahi eta ezinean dabilenarentzat, amaigabeak gertatzen dira gauak. Norberak ezin, eta erlojuak lo hartzen duela dirudi. Minutuak ordu bihurtzen dira, eta orduak egun. Irtenbide magikorik ez dago egoera horretatik ateratzeko, ez ardi miragarririk ez liburu loarazlerik. Arazo bat dugula onartzea eta medikutara joatea funtsezkoa izaten da sendabidea aurkitzeko.
Loezinak, nagusiki, 60 urtetik gorako pertsonei erasaten die, eta emakumeei gehiago, gizonei baino. Zehazki, azken ikerketek diotenez, herritarren % 6,4k daukate loezina Espainian, eta sexuak eta adinak badute eragina kopuruetan: emakumeen % 7,8k pairatzen dute, eta gizonen % 4,9k; adinari dagokionez, berriz, gazteenen artean, % 3,3ri eragiten die, eta 60 urtetik gorako % 9,8ri. Sendabideak badaude, baina, ahal dela, botika loarazleak edo hipnotikoak, behintzat, saihestu egin behar dira, mendekotasuna sortzeko arrisku handia izaten baitute. Azken urteetan, sendagai espezifikoagoak agertu dira nahasmendu horrentzat, nahi gabeko ondorio gutxiago dakartzatenak.

Ohitura txarrak eta gogo-aldarte gorabeheratsuak

Pertsona batek loezina edo insomnioa duela esaten da zailtasunak dituenean nahi duen denbora-tartea lo egiteko, nahi duen unean eta behar bezain sakon, eta arazo horrek hilabete edo gehiago irauten duenean, itxuraz horretarako arrazoi argirik ez egon arren. Zenbaitetan, beste arazo edo gaixotasun batek sortutako sintoma izaten da. Loa galarazten duten egoeren artean, minari edo oinazeari lotutako prozesuak egoten dira, eta bestelako eragozpen batzuk ere bai: nokturiak edo inkontinentziak eraginak, haurdunaldiak, kafe gehiegiak edo kafeina duten produktuek, edo kortisona duten sendagaiek (nahi gabeko ondorioen artean, lo-nahasmenduak sortzen dituztela dirudi).

Baina ez da hor bukatzen kontua: gaueko ohitura txarrek ere eragin zuzena dute. Zenbait kasutan, hauxe izaten da gaixoen arazoa: gaizki lo egiten ikasi dute. Horregatik, lotara sartzen direnean, erlaxatu beharrean, logabetu egiten dira, estresatu eta loa nahasita dutela ematen dituzte gauak, modu kronikoan. Egoera hori sorgin-gurpil arriskutsu bihurtzen da, eta zaila izaten da hortik ateratzea. Ohean telebista ikustea, irratia entzutea edo ohean bertan afaltzea izan daitezke, besteak bestea, arazo horren iturburu.

Loezina pairatzeko joera gehien duten pertsonak izaera pentsakorrekoak eta gogoetara emanak izaten dira, gauzei buelta asko ematen dizkietenak, erraz larritzen direnak, edo egunez gogo-aldarteetan gorabeherak izan eta gauean horien ondorioak sumatzen dituztenak (depresioa edo antsietatea, adibidez) Emakumeetan, gainera, gerta liteke hormona-gorabehera baten ondorio izatea, zeren askori gertatu baitzaie, bizi guztian ongi lo egin, eta menopausia igarota, loezinarekin hastea.

Era guztietako loezinak

Loezina ez da berdina izaten pertsona guztietan. Iraupenari begiratuta, akutua izan daiteke (unean unekoa denean, eta sortu duen egoera estresari, minari edo doluari lotuta dagoenean). Baina kronikoa ere izan daiteke (luzaro irauten duenean). Azken horrek sortzen du eragozpen gehien, eta halakoetan erabakitzen du jendeak medikutara joatea.

Egunean zehar gauza askotan dabilenarentzat
yoga ariketa lasaigarria izan daiteke

Loezina bera nola aurkezten den kontuan hartuta, hiru eratakoa izan daiteke: horietako batean, lo hartu ezina izaten du pertsonak, kosta egiten zaio lo hartzea, baina behin lortuta, nahiko ongi egiten du. Loaldiari eutsi ezin izatea dakar beste loezin mota batek; pertsona horiek arazorik gabe lo egiten dute, baina gauean esnatu egiten dira zenbait aldiz. Azkenik, bukaerako loezina dago: pertsona gauaren azken aldera esnatzen da, behar baino lehenago (goizaldeko laurak edo bostak ezkero), begiak zabal-zabal dituela. Esan beharra dago, dena den, loezin horiek guztiak konbinatuta ere ager daitezkeela.
Bada beste loezin mota bat ere, loezin familiar hilgarria delakoa; eritasun arraro bat da, proteina prioniko batek eragina, zeinak kalte egiten baitie garuneko zelulei, eta familia bereko hainbat kidek paira dezakete. Mundu guztian 100 kasu daude, eta horietako 40 Euskal Herrian agertu dira. Eritasun horren sintometako bat da loezina, baina ez da garrantzitsuena (arteria-tentsio altua edukitzea eta haluzinazioak ikustea ere badaude sintomen artean).

Diagnostikoa: norberaren araberakoa

Historia klinikotik abiatuta egiten da loezin kasu baten diagnostikoa, norbera medikutara joan eta zer gertatzen zaion adierazita. Sistema horrekin, zenbaitetan medikua ohartzen da loezina, egiaz, loaren pertzepzio okerra baino ez dela. Hau da, gaixoak adierazten dio gaizki lo egiten duela eta orduak ematen dituela esna. Baina loaldiaren erregistroa egiten diotenean, ohartzen dira gaixoak uste eta esaten duen baino gehiago lo egiten duela. Halakoetan, diagnostikoa finkatzeko, ez da egin behar izaten loaldiaren inguruko ohiko probarik.

Beste zenbaitetan, beste nahasmendu neurologiko bat antzematen dute (atsedenik gabeko zangoen sindromea, adibidez), eta arazoa ez dute lotzen loezinarekin. Eritasun horren ondorioz, gaixoak ezin izaten du lo hartu, iruditzen zaiolako ondoeza duela zangoetan (oinez ibilita egiten du hobera sintoma horrek). Hasieran loezina dela uste izan arren, ez da hala, eta tratamendua ere bestelakoa izaten du: sendagai dopaminergikoak erabiltzen dituzte, Parkinsonen gaitzarentzat hartzen direnen gisakoak.

Sendabide posibleak

Loezina gainditzeko lehen pausoa, haren arrazoia zein den jakitea da (ordutegi desegokiak, gaueko jokabide okerrak, eragin bizkorgarria duten sendagaiak edo substantziak). Beste faktore batzuk baztertu ondoren, honako pauso terapeutiko hauek egin daitezke:

  • Ohiturak aldatu: medikuak eta gaixoak aztertu egin behar dituzte haren jokaerak (egunekoak eta gauekoak), eta lo hartzea galarazten duten jokabide okerrak aldatzen saiatu behar dute. Adibidez, gaixoak egunez jarduera asko egiten baditu (bi lanetan aritu edo kirola egin), medikuak jakinaraziko dio bizi-erritmo hori ez dela bateragarria 30 segundoan lo hartzearekin. Lehenago, denbora bat behar izaten da lasaitzeko.
  • Terapia kognitibo-konduktuala eta erlaxatze-teknikak: atseden hartu ezinak sortzen duen larritasuna gainditzeko eta lo hartu aurretik jokabide egokiak eskuratzeko, terapia kognitibo-konduktuala erabiltzen da (psikologo batekin lantzen da), eta yoga eta gisako erlaxatze-teknikak ere irakasten dira.
  • Sendagai hipnotikoak: lo egiteko pastillak azken aukera gisa erabiltzekoak dira. Bi edo hiru astez hartzea komeni da, ez gehiago, eta gaixoak larritasuna gainditzea lortzen ez badu soilik; aurrez, dena den, ohiturak aldatzen saiatu beharra dago. Hartzen hasi eta gero, ordea, askori kosta egiten zaie uztea. Kalkuluek diotenez, herritarren % 4k modu jarraituan hartzen dituzte. Sendagai horiek adinekoei ematen zaizkienean (horiei eragiten die gehien loezinak), neurri zorrotzak hartu behar izaten dira. Izan ere, pertsona horiek behin baino gehiagotan jaikitzen dira gauez komunera, eta erortzeko arriskua izan dezakete, erreakzionatzeko zailtasunak eduki ditzakete eta.
  • Tratamendu berriak: azken urteetan sendagai espezifikoagoak eta nahi gabeko ondorio gutxiago dituztenak sortu dira loezinari aurre egiteko. Melatonina-hartzailearen agonistak daude horien artean; hormona natural bat da melatonina, gauez jariatzen dena eta loa errazten duena. Nagusiki, gaixoak depresioa daukanean ematen dute sendagai hori, baina lagungarria da loezinari aurre egiteko ere, sarritan buru-eritasun horri atxikia egoten baita.

Lorik ez egitearen ondorioak

Gauean lorik ez egitearen ondorioak egunez nabari izaten dira, batez ere sendabiderik jarri ez eta luze irauten duenean. Kontzentrazio falta sumatzen dute loezina dutenek, ondoeza eta nekea. Gorputzak ez du atsedenik hartzen, eta ez da egoten bete-betean. Zenbait ikerketak frogatu dutenez, epe luzera, depresioa izateko arrisku gehiago sortzen du loezin kronikoak, eta substantzia lasaigarriak eta alkohola -eragin lasaigarria du- hartzeko joera areagotzen du. Eta bada jendea substantzia horietako batzuk nahasi egiten dituena, baina mendekotasuna sortzeko arrisku handia dakar horrek. Gainera, zenbait ikerketa zientifikok frogatu nahi dute loezina daukaten pertsonek arrisku gehiago dutela hipertentsioa pairatzeko.

Nahi dut, baina ezin: lo egiteko aholkuak
  1. Egiaz logalerik ez badugu, ez dugu sartu behar ohean.
  2. Ohean ez dugu aritu behar telebista ikusten, irratia entzuten edo jaten. Gorputza nahasten dute, eta kosta egiten da lo hartzen.
  3. Gauerdian esnatu eta urduritzen hasten bagara, hobe da ohetik atera, eta lo egiteko gogoa dugunean itzultzea.
  4. Sendagai hipnotikoek ez dute konpontzen arazoa. Loezinari irtenbidea emateko, medikutara joan beharra dago; hark esango du zein den sendabiderik eraginkorrena.
  5. Aholku hauek ez dute balio mundu guztiarentzat. Medikuari galdetzea da onena.

Iturria: Joan Santamaria, Lo Nahasmenduen Diziplina Anitzeko Unitatearen arduraduna, Bartzelonako Hospital Clínic-ekoa