Immunitate sistema zahartzea: zaindu zure defentsak... eta urte askotarako

Ez dago trikimailurik. Aurkeztuko dizkigute erremedio miragarri eta berehalakoak gure defentsak indartzeko, baina sendagai bakarra dago immunitate sistema gazte eta sendo egon dadin urte luzez: mimatzea. Prozesu luzea izaten da: umetokian hasi, eta jarraitu egiten du haurtzaroan, nerabezaroan eta helduaroan, zahartzarora iritsi arte. Eta egoki zaintzeak saria izaten du. Zientziak emaitza harrigarriak baieztatzen ditu ariketa eta dieta osasungarria luzaroan egiteko gai izan eta estres askorik gabe bizi izan direnentzat. Bai, irits gaitezke 80 urtetara 40 urteko heldu baten defentsekin.
1 martxoa de 2021

Zaindu zure defentsak... eta urte askotarako

Ehun urtetara iristen direnei omenaldi eta goresmen handiak egiten dizkiete familiakoek eta lagunek, eta zientziak ere arretaz aztertzen ditu, batez ere osasun bereziki ona ageri dutenak. Zientzialariek beti jakin nahi izan dute zein den 90 urteak gainditzen dituztenen sekretua, zerk bereizten dituen eta zehazki zerk egin dituen indartsuagoak zahartzera iritsi ez diren beste adinkide batzuen aldean. Orain arte dakigunaren arabera, aitonaamona horietako gehienak 30-40 urteko heldu baten erritmoan zahartzen dira. Halaxe adierazi digu Monica de la Fuente zientzialariak, zeinak urteak daramatzan aztertzen, Madrilgo Complutense Unibertsitateko taldekideekin batean, hain luze irauten duten immunitate sistema horiek. “Immunitate sistemaren egoera funtzionalean oinarritzen da adin biologikoa, eta, beraz, begi bistakoa dirudi heldu bati dagokion immunitatea lortzen duten pertsona horiek iristen direla hain luze bizi izatera”, azaldu du biologoak. Baina hori ez da erraz lortzen, edo ez dirudi behintzat.

Nola mantendu ia ‘kalterik jasan gabe’ 

Gure immunitate sistema, birus, bakterio, parasito eta zelula kantzerigenoetatik babesten gaituen egitura osatu eta koordinatu hori, zelulaz, ehunez, molekulaz eta prozesu biologikoz osatzen da, eta hondatu egiten da adinean aurrera egin ahala. Inork ez dio ihes egiten prozesu horri; immunoseneszentzia esaten zaio, eta horren ondorioa izaten da mantso-mantso hondatuz joaten direla immunitate hori ematen diguten elementuak. Urteekin aldatu egiten da patogenoei aurre egin behar dieten zelulen kopurua eta haien funtzioak, eta ez dute lehen bezala erantzuten adinari atxikitako gaitzetatik babestu behar gaituztenean, adibidez minbizitik, bihotz-hodietako gaitzetatik eta gaixotasun autoimmuneetatik.

Nola lortzen da immunitate sistemak gazteago iraun dezan adin bera duten beste pertsona batzuenak baino? Geneek badute zerikusia horretan (%25), baina askoz gehiago gure bizimoduak (%75), eta hori umetokitik bertatik hasita zaindu behar izaten da. Defentsak ohi baino polikiago zahartu daitezen eta luzaroago iraun dezaten erne eta baldintza onetan, bizitza osoan haiek zaintzea beste biderik ez dago, eta prozesu hori, gainera, ez da batere aspergarria, oso esker onekoa baizik: luzaro biziko gara eta osasun onean.

20 urtetan hasten da gainbehera (eta 40tan agerikoa izaten da)

Zahartzea prozesu biologikoa da, eta garapen aldia bukatzean hasten da, adin heldua iristean, gutxi gorabehera 20 urtetan. Adin horretatik aurrera, immunitate sistema %2-3 hondatzen da urtean, bai zelula kantitatean eta bai horien funtzioan. Batzuetan ez dute lehen bezain egoki erantzuten, baina beste batzuetan erantzuna gehiegizkoa izaten da eta hantura bat sorrarazten dute, eta hortik zenbait gaixotasun etortzen dira adinarekin zerikusia dutenak, adibidez minbizia, bihotz-hodietako gaitzak, autoimmuneak… David Escors-ek azaltzen duenez (Navarrabiomed-eko ikertzailea da), “nahiz eta prozesu hori pertsonek sexu heldutasuna lortzen hasi ohi den, egia da adin batzuetan agerikoagoa izaten hasten dela gure organismoari kanpotik egin diogun kaltea, eta hori 40 urte inguruan gertatzen da”.

Sehaska baino lehenago hasten diren faktoreak

Haurdunaldiko ohiturak. Fetu garaian hasten da sortzen berezko immunitatea, haurdunaldiko bigarren hiruhilekoan hain zuzen. Jaiotzean, haurtxoak berekin izaten ditu defentsa mekanismo batzuk, baina oso immunitate heldugabea eta ahula da. Berezko immunitate horrek egoki funtziona dezan, immunitate eskuratuarekin interakzioan egon behar du (organismoarekin harremanetan egon zen patogenoa ezagutzen duen memoria da, eta horri esker ekiten du azkartasunez haren aurka); immunitate eskuratu hori garatu egingo da haurra handitu eta patogeno horiekin harremanetan egon ahala (izan daiteke txertoen bidez edo gaixotu izanaren ondorioz). Haurdunaldian, amarengandik iristen zaio immunitate eskuratu hori, memoria hori alegia. Plazentaren bidez transmititzen dizkio antigorputzak eta globulu zuriak. Horregatik da garrantzitsua, bizimodu osasungarria egiteaz gain, amak txerto guztiak hartu izatea, haren antigorputzak izango baitira haurraren lehen babesak.

Erditze naturalaren bidez jaiotzeak immunitate handiagoa ematen du (baina hilabete batzuetarako baino ez). Jaiotzeko moduak ere badu eragina immunitate sistemaren bilakaeran, ikuspegi immunologikotik ez baita gauza bera baginatik jaiotzea edo zesarea bidez egitea. Mikrobioekin izaten den lehen harremana erditzeko unean gertatzen da; zesarea bidez jaiotzen diren haurrek, ordea, ez dute kanala zeharkatzen, amaren baginako floran dauden bakterioek ez dute kolonizatzen, eta, beraz, ez dira haren mikrobiotako zati izatera pasatzen. Erditzean eskuratzen diren bakterio horien artean daude Lactobacillus direlakoak, eta horien funtzioen artean dago laktosa eraldatu eta azido laktiko bihurtzea, eta horrek eragotzi egiten du osasunerako kaltegarriak diren bakterioak haztea. Bagina bidez erditzeak nolabaiteko abantaila immunologikoa ematen du eta haurrak joera gutxiago izaten du lehenbiziko asteetan infekzioak izateko, baina horrek ez du obsesio bihurtu behar zesarea bidez erditu direnentzat, ez baitago frogatuta (orain arte esan izan den bezala) erditze kanaletik pasatu ez den haurtxoaren immunitate sistema aktibatzean izaten den atzerapen horrek babesgabe uzten duela edo horrek handitu egiten duela alergia eta gaixotasun autoimmuneak izateko joera. Horixe ondorioztatu du Londresko Unibertsitateak berrikitan egin duen ikerketa batek: zesarea bidez eta erditze naturalaren bidez jaio ziren 596 haurtxoren mikrobiota aztertu ondoren, ikusi da desberdintasun immunologiko horiek desagertu egiten direla 6-9 hilabeteren buruan, eta denbora hori pasatzean, haur guztiak zeudela osasuntsu; hortik aurrera, ez daiteke %100ean baieztatu desberdintasun horiek osasunean eraginik izango ote duten etorkizunean (adibidez, gizentasuna edukitzeko arrisku handiago izatea).

Amaren esnea, defentsa sendoak sortzeko biderik onena. Umetokitik kanpo dela, haurra mikroorganismoekin jartzen da harremanean, eta horiek lagundu egingo dute defentsak sendotzen elikagaien bidez, bereziki amaren esnearen bidez (zientzialari askoren ustez, esne hori da jaioberriak hartzen duen lehen txertoa). Amaren bidez, haurtxoa eragile infekziosoetatik babesteko gaitasuna duten osagaiak pasatzen zaizkio, gehienbat urdaileko eta arnas aparatuko infekzioetatik babesteko, lehenbiziko asteetatik hasi eta haren organismoak bere immunitatea sortzen duen arte (6. eta 12. hilabeteen artean). Osagai horien artean daude, adibidez, makrofagoak –oritzak ugari izaten ditu zelula horiek (amari esnea igo aurretik sortzen zaion substantzia), zeinak gai diren zitosinak jariatzeko, ezinbesteko elementuak hantura mekanismoak doitzeko–, neutrofiloak, zeinen funtzio nagusia baita bakterioak desegitea eta hantura prozesuaren hasieran parte hartzea, edo IgA motako immunoglobulinak, zeinaren jarduerak zerikusia baitu muki mintzen immunitatearekin, saihestu egiten baitute antigenoak hestearen paretan barneratzea.

Immunizatzea. Haurtxoek jaiotzatik duten immunitate sistema gai da mikrobiorik gehienei aurre egiteko, baina ez du gaitasunik gaixotasun batzuen aurka egiteko, eta horietako batzuk bereziki larriak dira. Horregatik behar dituzte txertoak: immunitatea sistema indartzeko.

Haurtzaroan antibiotiko gehiegi hartzeak ondorioak uzten ditu. Ez dago arma hoberik infekzioen aurka egiteko, baina adin txikietan horiekin gehiegikeriak egiteak ondorioak utziko ditu haurtxoaren hesteetako mikrobiotan, eta horrek handitu egin dezake gaitz kroniko batzuk izateko joera (asma, hesteetako hanturazko gaixotasuna, gaixotasun atopikoak…). Lehenbiziko bi urteak funtsezkoak dira mikrobiota hori ezar dadin, eta lehenbiziko hilabeteetan antibiotikoak emateak murriztu egiten du haren aniztasuna eta, horrekin, atzeratu egiten da mikrobioen ekosistema ezartzeko prozesua. Antibiotiko bidezko tratamendu batean, organismoari erdira murrizten zaizkio mikroorganismoak. Egia da horietako asko aste batean edo bitan lehengoratzen direla tratamendua utzi ondoren, baina espezie batzuk ez dira sekula berreskuratzen, eta patogenoek hartzen dute horien lekua. Gainera, areagotu egiten da erresistentzia garatu duten mikroorganismoen ekoizpena, eta horrek are gehiago murrizten du mikrobioen aniztasuna.

Geneak eta infekzioen historia

Ez daiteke ahaztu geneek pisu nabarmena dutela immunitate sistemak izango duen bilakaeran (lehenago edo geroago hondatu daitezen). Infekzioen historia ere faktore garrantzitsua da; izan ere, organismoan modu kronikoan gelditzen diren birus batzuek izugarri bizkortu dezakete gure defentsak hondatzeko prozesua. “Zenbaitetan, patogeno horiei erantzuteko moduaren eraginez, gure organismoa lehenago hondatzen da (zientzialariok immunoseneszentzia goiztiarra esaten diogu). Hori gertatzen da giza immunoeskasiaren birusarekin (GIB-hiesa), baina badira askoz ohikoagoak eta kaltegabeagoak diren beste batzuk ere zahartze hori eragiten dutenak”, azaldu du Alejandra Perak, Ikerkuntza Biomedikuko Maimonides Institutuan aritzen denak Immunologia eta Alergia Taldean, Kordoban (IMIBIC).

Zitomegalobirusa da adibide bat (CMV), ohiko herpes bat, baina sintomatologiarik eragiten ez duena ezpainetako eta genitaleko herpesak ez bezala, eta gehienbat nerabezaroan hartzen dena, jariakinekin harremanetan sartzean. Gure defentsek arrastoan eusten diote, baldin eta osasuntsu bagaude, baina ez dira desagerrarazteko gai, eta birusa ezkutuan gelditzen da gure organismoan eta noizbehinka aktibatu egiten da berriz. “Memoria sortzen dugu haren aurka, gure immunitate erantzunaren zati handi bat erabiltzen dugularik hura kontrolatzeko, eta, ondorioz, pertsona batzuetan zitomegalobirusaren kontrako memoria-zelula asko eta asko sortzen dira, eta ikusi da horrek zerikusia duela adin handietako gaixotasun tipikoekin, adibidez bihotz-hodietakoekin, autoimmuneekin…”, azaldu du ikertzaileak.

Nola kalkulatu adin biologikoa

Gure gorputzari egiten diogunak, bizimodua esaten dugunak alegia, baldintzatu egingo du gure defentsak garaia baino lehen ahultzea edo ez. Bizimodu sedentarioa, elikadura txarra, alkohola eta tabakoa hartzea, estresa… Horrek guztiak lagundu egiten du gure gorputza hondatzen, eta hondatzen hasitakoan, arazo larriagoak azalduko zaizkigu, normalean adin handian agertzen direnak. “Genetika txar bati bizimodu txarra gehitzen badiozu, emaitza izango da askoz denbora gutxiago bizi izango zarela eta bizi kalitate kaskarragoa edukiko duzula”, laburbildu du Alejandra Perak. Horregatik ez da hain arraroa agureen osasuna duten gazteak aurkitzea eta heldu gazte baten osasuna duten aitona-amonak. Izan ere, Monica de la Fuentek dioen bezala, “adin kronologikoa ordulariak markatzen du, baina besterik da adin biologikoa; pertsona hori zer-nolako abiaduran zahartzen den esaten du, eta ez du zertan bat etorri jaiotza agirian azaltzen den adinarekin”.

Gure adin biologikoa kalkulatu egin daiteke. Horixe egiten du, hain zuzen, Madrilgo Complutense Unibertsitateko Biologia Fakultatean diharduen ikertzaile taldeak; bertako kide da De la Fuente. Espainiako Estatuan laborategi horretan bakarrik egiten dituzte azterketak pertsona bakoitzaren adin biologikoa zehazteko. Hainbat urtez egin dituzten analisi eta azterketak kontuan hartuta: Estatuko herritarren immunitate sistema zer da, adin kronologikoari dagokion baino gazteagoa eta sendoagoa, edo alderantziz? “Oro har, gehiengoa osasuntsu dago ustez (osasun arazorik gabe) eta adin biologiko handiagoa dute kronologikoa baino. Izan liteke gure gizarteak ez dielako behar bezala aurre egiten estres egoerei, egiten den dieta ez delako egokia eta sedentarismorako joera dagoelako”, adierazi du Monica de la Fuentek. Norbanako horiek, adin biologiko handiagoa dutenez kronologikoki dagokiena baino, urte gutxiago bizi izango dira.

“Gure bizitzan egiten dugun guztia da adierazgarria, eta baldintzatu egiten du zahartzeko modua”, azaldu du De la Fuentek. Albiste ona da edozein unetan esku hartu daitekeela eta egoera irauli. Baina kontua ez da zahartzeari uztea eta hilezkortasuna lortzea. Hori ezinezkoa da, jakina. Baina nutrizio onarekin, ariketa fisiko egokiarekin, atseden onarekin eta jarrera baikorrarekin, lor daiteke mantsoago zahartzea eta luzaroan bizi izatea baldintza fisiko eta kognitibo onenetan. Garaiz gaude.

5 jarraibide ‘betiko gaztetasun’ (immunea) lortzeko

Txertatzea

Babesak hondatu egiten dira adinarekin (T zelula birjinak murriztu egiten dira, infekzio berrietatik babesten gaituztenak), eta, ondorioz, okerrago erantzuten diegu antigeno berriei. “Hori dela eta, txertatzen hasteko erabakia adinean aurre egindakoan hartzen badugu, erantzun eskasa lortuko dugu. Horregatik, funtsezkoa da gaztetan hastea txertoak hartzen, antigeno berriei modu eraginkor eta sendoan erantzuteko gai garen garaian. Txerto bakoitzak bizkortu egiten du immunitate sistema eta une horretan sortzen dugun erantzunak babestu egingo gaitu adin handia dugunean”, gomendatu du Alejandra Perak, IMIBIC-eko Immunologia eta Alergia taldeko kideak. Hori gertatzen da, adibidez, gripearen birusarekin. Badakigu mutazio asko izaten duela eta horregatik txertatzen gara urtero. Ikertzaileak azaltzen duen bezala, “gaztetatik urtero hartzen badugu txertoa, birusaren aldaera askoren kontrako erantzunak sortuko ditugu. Gure immunitate sistemak zenbat eta aldaera gehiago ezagutu, hainbat hobeto. Era horretan, heldu egiten garenean, babes partzial hori edukiko dugu eta lagundu egingo digu infekzio berriaren aurrean bizirik irauten”.

Kontuz estresarekin

Estres handiak kalte egiten du, baina dosi txikietan lagungarria da. Objektiboki kaltegarriak izan daitezkeen faktore batzuk dosi txikietan onuragarriak izan daitezke, defentsa gehiago sorrarazten baitute gure organismoan, adibidez estresa (kortisolak, estresatuta gaudenean askatzen den hormonak, inhibitu edo galarazi egiten du immunitate sistema). Hormesia esaten zaionaren oinarria da. Estres txikiak, lagundu egiten digutenak handiak hobeto eramaten. Monica de la Fuentek dioen bezala (Fisiologiako katedraduna da Madrilgo Complutense Unibertsitatean), “bizitza estresa da, eta estresari erantzuten ez diona hilik dago. Gauza askorekin sortzen da hormesia, ariketa fisikoarekin, dietarekin, lagunartean egonez, irakurrita, ikasita… Estresak dira horiek guztiak, baina neurrikoak izaki, defentsa hobeak ematen dizkigute eta mantsoago zahartzen gara”.

Elikadura bereziki zaintzea 

Gehiegizko pisua izateak erreprimitu egiten du immunitate sistema, pertsona immunodeprimitu batena izango balitz bezala; izan ere, ehun gantzatsuak eragin kaltegarria du antigorputzen erantzunean. “Ez dut ezagutzen ehun urtetara iritsi den pertsona gizenik. Gehiegizko pisuak hantura handia eragiten du eta nahasi egiten ditu gure defentsak. Gehiegi jatea txarra da, baina gaizki jatea ere bai; hori dela eta, kontrolatu egin behar da zer eta zenbat jaten dugun”, azaldu du Alejandra Perak, eta gomendatu du baztertu egin behar liratekeela elikagai azukretsuak eta prozesatuak, kontrolatu egin behar litzatekeela haragi gorrien kontsumoa eta, batez ere, herdoilaren aurkako asko duten elikagaiak jan behar genituzkeela (berdurak eta frutak, lekaleak eta osoko zerealak), zeinak hanturaren aurka ere egiten duten. Urteekin, kaloria gutxiago hartu behar da. 35-40 urtetik aurrera, Espainiako Kardiologia Elkarteak gomendatzen du hamarkada bakoitzean %10 murriztea egunean hartzen diren kaloriak. “Kaloria gutxiago hartzeak bi eratako eragina du. Lehenik, murriztu egiten da elikagaien bidez hartzen ditugun substantzia oxidatzaileen ekoizpena, edo elikagaiak jatean sortzen duguna, batez ere gantzetatik datozenak. Baina, bigarrenik, gorputzaren birprogramazio metabolikoa eragiten du, eta murriztu egiten da kardiopatiak, diabetesa eta beste gaixotasun batzuk izateko arriskua”, azaldu du David Escors-ek, Navarrabiomed-eko ikertzaileak.

Mugitu egin behar da 

Oro har, ariketa aerobikoak adin guztietako pertsonei egiten die mesede, baina Londresko King’s College-ko eta Birmingham-go Unibertsitateko ikertzaileek berriki egin duten ikerketa batean ageri denez, emaitza sinestezinak izaten dira gorputza “zertxobait gehiago” lantzen dutenentzat. Zehazki, ikertzaile horiek ibilbide luzeak egiten dituzten 125 txirrindulariri egin zieten jarraipena; 80 urte zituzten, eta bizitza osoa zeramaten kirol hori egiten, eta ikusi zuten horietako gehienek 30 urte inguruko immunitate sistema zeukatela. Adineko pertsona horiek sortzen zuten T zelulen kopurua 30-40 urteko heldu batena bezalakoa zen (zelula horiek lagundu egiten dute organismoa infekzio berrietatik babes dadin). Dena den, ez da erresistentziako ariketa bizi-bizia egin beharrik onurak eskuratzeko. Lasterka egitera ateratze hutsarekin, oinez bizi samar ibilita edo egunean 10.000 pauso emanda aktibatu egiten dira giharrak eta hezurdura, eta suspertu egiten ditu makrofagoak (gure organismoan sartzen diren patogeno kaltegarriak antzeman eta desegiten dituzten zelulak dira). “Oro har, ariketa eginda arrisku kardiako gutxiago izaten da, giharrak indartu egiten dira eta oxigenazio hobea lortzen da”, azaldu du Escorsek.

Zoriontasuna eta bizitza soziala 

Luzaroago bizi izateko, osasun ona eduki behar da, eta horretan eragina du gure sistema homeotatikoak elkarrekin lanean aritzeak (nerbio sistema, sistema endokrinoa eta immunitate sistema), beti komunikazioan baitaude. “Frogatuta dago, komunikazio neuroimmunoendokrino horren ondorioz, triste eta bakarrik sentitzen garenean edo emozio ezkorrak ditugunean, gure immunitate sistema hondatu egiten dela, eta horregatik dugu joera handiagoa infekzioak izateko. Aitzitik, emozio baikorrak baditugu eta zoriontsuak bagara, gure immunitatea hobeto egoten da eta gai izaten gara infekzioetatik babesteko”, azaldu du Monica de la Fuentek.

Gaixotasun autoimmuneak: gorputza aurka jartzen denean

Immunitate sistema erasotzaile ere bihur daiteke. Askotan ‘armada’ hitza erabiltzen dugu deskribatzeko, organismoaren babesa edo defentsa baita. Baina batzuetan gertatzen da tropa horiek, mikroorganismo arriskutsuei aurre egin beharrean, zelula eta ehun osasuntsuei erasaten dietela; hau da, gerrako hizkerarekin jarraituz, soldaduek beren gudarosteei tiro egingo baliote bezala da. Horrelaxe funtzionatzen dute gaixotasun autoimmuneek. Gutxi gorabehera 80 gaixotasun autoimmune identifikatu dira (bi multzotan bereizten dira, organo bati kalte egiten diotenak eta hainbat organori kalte egiten diotenak), eta batzuek eragin handiagoa dute beste batzuek baino (adibidez artritis erreumatoideak eta Hashimotoren tiroiditisak), baina jatorrian denek daukate immunitate sistemaren hutsegite bat, zeinak utzi egiten dion bere lana behar bezala egiteari (kanpoko erasoetatik babestea) eta kalte egiten digu

Gaixotasun zeliakoa, Crohn-en gaixotasuna, kolitis ultzeraduna, I motako diabetesa, hepatitis autoimmunea, artritis erreumatoidea, fibromialgia, esklerosi anizkoitza, lupusa, sukar erreumatikoa, dermatitis batzuk, bitiligoa, neke kronikoaren sindromea, tiroideko nahasmendu batzuk… Guztiak dira gaixotasun autoimmuneak. Horietako batzuk haurtzaroan agertzen dira, besteak ohikoagoak dira emakumeetan eta haurdunaldian, eta beste batzuek zahartzaroan agertzeko joera dute, adibidez artritis erreumatoideak (250.000 laguni baino gehiagori eragiten die Espainiako Estatuan; artikulazioetako hantura kronikoa eragiten du, eta hondatu egiten dira mantso-mantso). Gaixotasun kronikoak dira guztiak, eta ez dakigu nola aurrea hartu, baina egia da bizimodu ona eginez gero horietako batzuk geldotu egin daitezkeela.