Gehigarriak: industriako ‘gaiztoak’

EZ TXARRAK ETA EZ ARRISKUTSUAK. MEREZI GABEKO OSPE TXARRAK INGURATZEN DITU ELIKADURA ARLOKO GEHIGARRIAK, ETA INDUSTRIAK BERAK ERE BADU ERRUAREN ZATI BAT, “%100 NATURALA”, “KONTSERBAGARRIRIK ETA KOLORAGARRIRIK GABEA” ETA GISAKO ETIKETAK ERABILTZEN DITU-ETA AMU GISA. BADA GARAIA HORIEN IZENA GARBITZEKO. KONTATU EGINGO DIZUGU ZER DIREN, ZERTARAKO ERABILTZEN DIREN ETA ZERGATIK DIREN SEGURUAK.
1 martxoa de 2020
GettyImages 152948672

Gehigarriak: industriako ‘gaiztoak’

Jendeak elikagai seguruak nahi ditu, eta kezka hori gorantz egiten ari da. Eurobarometroa izeneko inkestaren azken galdetegian, elikadura arloko segurtasunari buruz galdetu diete herritarrei, eta europarren %50ek diote segurtasunaren alderdia funtsezkoa dela erosketa saskia betetzeko garaian. Europarren %72k noiz edo behin entzun izan dute elikadura arloko gehigarriei buruzko aipuren bat, eta hori ona da berez, baina kontua da herritarrek ez dutela ikuspegi onik horien inguruan. Inkesta horretan bertan ageri denez, elikadura arloko segurtasunaren inguruko kezkak zerrendatzen hasi, eta Espainiako Estatuko herritarrek gehigarriak sartu dituzte ezinegon gehien sortzen dieten hiru arazoen artean. Baina ba al dago kezkatzeko arrazoirik?

Zer dira eta zertarako erabiltzen dira

Osasunaren Mundu Erakundeak hauxe dio elikadura arloko gehigarriei buruz: “Elikagaiei eransten zaizkien substantziak dira, eta mantendu edo hobetu egiten dute horien kaltegabetasuna, freskotasuna, zaporea, testura edo itxura”. Definizio hori oso zabala da eta era guztietako substantziak sartuko lirateke hor, hasi elikagaia zaporetsuagoa egiten dutenetatik eta segurua izateko beharrezkoak direnetaraino. Europako legedia (1333/2008 Araudia) urrutixeago doa eta hiru irizpide ezartzen ditu gehigarri guztietarako: ebidentzia zientifikoak berma dezala segurua dela, zentzuzko beharrizan teknologiko bat egon dadila (beste bitarteko batzuekin lor ez daitekeena) eta horien erabilerak ez diezaiola kontsumitzaileari pentsarazi produktu horrek ez duen ezaugarriren bat daukala.

Hau da, ez da legezkoa xerra fresko bati kontserbagarri bat eranstea eta ez dezakegu erabili burura datorkigun edozein substantzia, aurrez segurua dela aztertu gabe. Gehigarriak ez dira erabiltzen elikagaiari nutrizio balioa eransteko, orduan mantenugaiak izango bailirateke. Funtzio nagusia izaten dute elikagaiaren ezaugarri bat edo batzuk hobetzen laguntzea, adibidez segurtasuna, kontserbazio denbora, zaporea, kolorea edo testura.

Ezagutu behar genituzkeen zortzi kodeak

Industriak gehien erabiltzen dituen gehigarriek (beheko taulan) ez dute susmorik eragiten kontsumitzaileengan, adibidez azido askorbikoak (C bitamina), karamelu naturalak edo azido zitrikoak (fruta zitrikoei lotzen zaie). Baina beste batzuek, ordea, ez dute hain izen ona.

Aspartamo izeneko eztitzailearen inguruan, adibidez, eztabaida sortu zen Ameriketako Estatu Batuetan; lehenik onartu egin zuten, gero galarazi eta ondoren berriz onartu. EFSAk aztertu egin zuen segurua ote zen 2013. urtean, eta adierazi zuen esposizio mailak oso urruti daudela Eguneko Dosi Onargarritik (40 mg kilo eta egun bakoitzeko).

Glutamatoaren kasuan, ebidentzia gehiago dago susmo txarrak izateko. Oso toxikotasun gutxikoa da, baina badirudi “sintoma multzo bat” eragiten duela eta, oso modu arinean bada ere (beroaldiak, buruko mina, tentsioa igotzea), pertsona sentiberei eragin diezaieketela eta kilo eta egun bakoitzeko 42,9 mg edo gehiago hartzen direnean ager daitezkeela. Herritar gehienek gainditu egiten dute EDOa (30 mg kilo eta egun bakoitzeko), eta, horregatik, EFSAren gomendioa izan da berrikusi egin behar direla maila onartuak. Aurtengo urtarrilean bukatu da elikadura arloko industriari jarri zitzaion epea erabilera datuak eta horien justifikazio teknikoa aurkezteko. Aztertu ondoren hartuko dute erabakia, eta gerta daiteke beste muga bat jartzea edo erabat galaraztea.

ConsumerEroski revista MARZO CAS

Seguruak al dira?

Gehigarri onartuen kontsumoa guztiz segurua da. Ez da erraza izaten gehigarri bat erabiltzeko baimena lortzea, prozesu zorrotza pasatu behar izaten baitu. Elikadura arloko Segurtasunaren Europako Agintaritzak (EFSA) begiratzen ditu arriskuak eta segurtasuna, eta horretarako, zorrotz aztertzen du horien egitura kimikoa, baita zer-nolako azpiproduktuak edo hondarrak sortzen diren ere erabiltzeko garaian. Analisi toxikologiko bat ere egiten da gehigarria kaltegarria den jakiteko; gehienetan, animaliekin egindako azterketetan probatzen dituzte, eta industriak planteatzen duen baino askoz kopuru handiagoetan ematen dizkiete. Analisi horietan aztertu egiten da minbizia agerraraz dezaketen, material genetikoari eragiten ote dioten edo ugalkortasunari edo fetuari kalte egitera iritsi daitezkeen. Analisi horiek egin eta gehigarriak onespena jasotzen badu, Eguneko Dosi Onargarria (EDO) ezartzen dute: “Pertsona batek bizitzako egun bakoitzean osasuna arriskuan jarri gabe har dezakeen gehigarri kopurua da, eta gorputzeko pisuarekin erlazioan adierazten da”.

Hori ezartzeko, animaliekin egindako ikerketetan aurkitu den balio toxikotik abiatzen da, eta zifra horri segurtasun faktore bat ezartzen zaio (gehienetan 100 edo 1.000rekin zatitzen da); era horretan, askoz balio seguruagoa lortzen da. Adibidez, animaliekin egindako ikerketa batean ikusten bada substantzia batek arazoak sortzen dituela 100 gramo hartzen direnean kilo eta egun bakoitzeko, orduan 0,1 edo 1 gramoko segurtasun muga jarriko lukete gizakietan kilo eta egun bakoitzeko.

Baina ez da hor bukatzen kontua. Gehigarrien mugak eta erabilerak ez daude harrian idatzita eta ez dira aldaezinak: horien erabilera berraztertu egiten dute ebidentzia berriak argitaratu ahala, industriak eskatzen duenean edo EB-ko zenbait herrialdek galdegiten dutenean. Adibidez, 2012. urtean murriztu egin zituzten hiru koloragarriri ezarritako gehienezko mailak: kinoleina horia, gorri kotxinilla A eta S laranjakara. Gehigarri horien esposizio mailak ere etengabe berrikusten dituzte. Hau da, bakoitzetik zenbateko kopuruak hartzen ditugun. Ikusten bada maila gertu dagoela EDOtik edo gainditu egiten duela, neurriak proposatzen dituzte erabilera murrizteko eta, jakina, baita kontsumoa ere, eta beharrezkoa balitz, galarazi egingo lukete erabiltzea.

Gehigarriak, gainera, ez dira pilatuta gelditzen gizakion gorputzean zenbait pestizida edo metal astun bezala. Beste era batean esanda: gure gorputzak kanporatu egiten ditu hartzen ditugun gehigarriak.

Gerezi baten ‘kimika’

Osagaiak: ura, azukreak (glukosa, fruktosa, galaktosa, maltosa, sakarosa), gogortzailea (e460), mineralak, emultsionatzailea (e570), aminoazidoak, zapore indartzailea (e620), koloragarriak (e160a, e161b, e161c), herdoilaren aurkakoak (e300, e307), kolina, fitoesterolak eta lurrin naturalak.

Horrela, begiratu batean, ez dirudi produktu osasungarri baten osagai zerrenda, batez ere azukreak eta hainbeste gehigarri edukita. Baina usteak ustel: gerezi baten osagaiak dira. Bai, gerezi batenak. Nahiz eta azukre asko samar eduki (~%13), horiek ez daude libre (edari azukretsu batenak egoten diren bezala), elikagaiarenak berarenak dira. Ez dugu zertan kezkatu berezko azukreekin, ez baita frogatu kaltegarriak izan daitezkeela. Hori kontuan hartuta, eta zenbat zuntz eta mikromantenugai dituen ikusita, esan beharrik ez dago gerezia oso elikagai osasungarria dela. Elikagaiek, oso naturalak izanik ere, badituzte “kimikoak”. Konposatu horietako asko, gainera, gehigarri onartuen zerrendan sartzen dira. Inori ez zaio iruditzen gerezi bat elikagai osasungaitza denik, eta, beraz, ez genuke kezkatu behar elikagai batek gehigarri horietako bat edo batzuk daramatzalako; elikagairi berari begiratu behar zaio.

Susmagarrienak: E + zenbakia

EB-k baimentzen dituen gehigarri guztiek kode jakin bat izaten dute: “E” letra eta, ondorik, hiru edo lau zenbaki. Hasieran, lehenbiziko zifrak kategoria edo sail jakin bat adieraztea zen sistemaren asmoa (elikagaian duen funtzio nagusia), baina gehigarri batzuek funtzio bat baino gehiago betetzen dute egun. Etiketan nahitaez adierazi behar da zer-nolako gehigarriak erabili diren, izena jarrita edo E letra eta zenbakia, eta aurretik esan egin behar da zein sailetakoak diren. Guztira 24 sail daude, honako hauek besteak beste: herdoilaren aurkakoak, koloragarriak, kontserbagarriak eta eztitzaileak. Gaur egun, gero eta ohikoagoa da gehigarriaren izena bakarrik agertzea, edo izena eta E zenbakiduna jartzea, baina oso gutxitan ikusten da azken hori bakarrik. Horixe da zientzialari batzuek “E zenbakidunaren paradoxa” izendatu dutena. Letra hori edukitzeak esan nahi du segurua dela, EBko kontrol guztiak gainditu behar baititu kode hori hartzeko, baina kontsumitzaileek beste zerbaitekin lotu dute E zenbakiduna: “Osasunari kalte egiten dioten substantzia kimikoekin”.

Eta osasungarriak al dira?

Egin behar genukeen galdera ez da gehigarri bat osasungarria den edo ez, baizik eta gehigarri hori daraman elikagaia osasungarria den. Erantzuna izango litzateke batzuk osasungarriak direla eta besteak ez, baina hori ez du baldintzatuko gehigarri bat edukitzeak edo ez, elikagaiaren nutrizio profilak baizik. Lekaleak dira elikagai osasungarrien adibide on bat. Ontzi batean egosita datozenean, zen bait gehigarri izaten dituzte: gehienean, EDTA bahitzailea (desaktibatu egiten ditu metal batzuk) eta herdoilaren aurkako bat, adibidez azido askorbikoa edo azido zitrikoa, eta baita kontserbagarriren bat ere, metabisulfitoa esaterako. Gehigarri horiek gorabehera, aukera osasungarria izaten jarraitzen du. Inork pentsatuko al luke esne kondentsatua, gehigarririk ez duenez, osasungarria dela?

Batzuk hobeak al dira besteak baino?

Ez. Gehigarri guztiak kopuru seguruetan erabiltzen dira eta, ondorioz, denak berdinak dira. Besterik da bakoitzari zenbateko kopurua edo muga ezartzen zaion gehienez, hor badaude aldeak. Baina gehigarri batek muga zabalagoa edo handiago edukitzeak ez du esan nahi hobea denik. Sektore batzuek interes berezia daukate naturala goraipatu eta kimikoa txarra dela sinetsarazteko (baita elikadura arloko industriak berak ere), baina ez dugu erori behar engainu horretan. Funtsean, materia guztia da kimikoa, arnasten dugun airea bezala edaten dugun ura ere. Orduan, desberdinak al dira gizakiak sintetizatu duen kimiko bat eta naturatik lortzen dena? Erantzuna ezezkoa da. Baina industria bera probetxua atera nahian ari da “kimiofobia” horri marketin estrategia gisa, eta produktu osasungaitzak atera ditu merkatura ukitu naturalarekin, adibidez, bio erako edari energetikoak: gehigarriak dituzte, bai, baina jatorri naturalekoak dira. Edo, besterik gabe, produktu berbera saltzen dute, adibidez moldeko ogia, baina etiketan “%100” naturala” jarrita, ez dietelako eransten gehigarririk eta bai mikroorganismo batzuk, eragin berdina sortzen dutenak ogiarekin harremanetan sartzean. Etiketa batean %100 naturala, bio, gehigarririk gabea edo antzeko zerbait jartzeak ez du esan nahi osasungarria denik.

ConsumerEroski revista MARZO EUS
ConsumerEroski revista MARZO EUS