Arturo Perez de Lucia, Ibilgailu Elektrikoa Garatu eta Bultzatzeko Enpresa Elkarteko zuzendari nagusia (Aedive)

"Urteak daramatzat auto elektrikoak bakarrik gidatzen, eta ohiko erregaia erabiltzen duenarekin baino hamar aldiz gutxiago gastatzen dut"

Urte berri, auto berri. Dieselaren inguruko araudi berriek eta modelo jasangarri berrien autonomian izandako hobekuntzek aldagai berriak sortu dituzte, eta erabiltzaile asko kontsumoa eta ingurumena ere kontuan hartzen hasi dira erabakitzeko garaian. Laguntza eskatu diegu bi adituri, eta aukera bakoitzaren alde onak eta txarrak zein diren azaldu digute.
1 abendua de 2018
Img entrevista listado 1289

Norbait autoa erosi ez erosi zalantzan badabil (elektrikoa edo tradizionala), zer-nolako aholkua emango zenioke?

Autoa erabiliko badu, bereziki hirian, lehenbiziko gauza da aztertzea inguruan zer-nolako aukerak dituen mugikortasunerako, eta egiaz erosi behar ote duen pentsatzea. Garraio publiko kolektiboak gero eta aukera gehiago ematen du. Horien artean daude metroa, autobusa, aldirietakoak eta metro arina, baina baita taxiak eta ibilgailu gidaridunak ere, eta beste irtenbide batzuk, bizikleten, motorren eta autoen sharinga adibidez partekatuak. Eta patinete bat ere erabil daiteke. Ez da ahaztu behar, errekuntzak ingurumenean duen eraginak sortzen duen kezka ez ezik, beste arazo handi batzuk ere izaten direla hiri inguruetan, auto pilaketak adibidez, eta horiei ere jarri behar zaie konponbidea.

Eta egiaz behar badut, baina autoa batez ere hirian erabiliko badut, zer-nolako ibilgailua erosi behar nuke?

Hori guztia aztertu eta, hala ere, autoa erosi beharra dugula ondorioztatuz gero, ikusi egin behar da zenbat kilometro egiten ditugun egunean. Baina aukerarik onena, ia ziur, auto elektrikoa izango da. Merkatuan dagoeneko badaude 400 kilometroko autonomia eskaintzen duten ibilgailuak. Nahikoa eta gehiago da hori, herritarren %85ek egunean 50 kilometro baino gutxiago egiten dituzte eta.

Auto elektrikoak, baina, baditu arazo batzuk. Lehenengoa, prezioa.

Jendeak uste du auto baten kostua erostean ordaintzen den hori dela, baina kontzesionariotik ateratzen denean, alde bateko eta besteko kostuak hasten dira etortzen ia etenik gabe, eta horiek gehituta, auto tradizional baten hasierako prezioa bikoiztera irits daiteke. Auto elektrikoak ia ez du izaten gisa horretako kosturik, mantentze lanik ia ez baitzaio egin behar, kargatzeko gastua erregaiarena baino hamar aldiz merkeagoa ere izaten da, eta baditu beste abantaila gehigarri batzuk ere, adibidez doan aparkatu daitekeela leku arautu batzuetan eta autobideko ordainlekuak doakoak izaten direla.

Teknologiak lortu du 400 kilometroko autonomia ematea ibilgailuei, baina zenbaitek uste du oraindik ere gutxi dela.

Komeni da kontuan hartzea karga nagusia etxean edo lantokian egiten dela, eta horrek erantzuna ematen dio beharrizanen %80ri. Hori nekez ulertzen du errekuntza bidezko ibilgailu bat duenak, hark nahitaez zerbitzugune batera joan beharra baitu ibilgailuak funtzionatuko badu.

Zure ustez, lortuko al da kargalekuekin sare trinko bat egitea, Espainian barrena arazorik gabe bidaiatzeko modua izan dadin?

Horretan ari gara. Badago proiektu bat karga azkarrerako sare bat zabaltzeko, zeinak aukera emango duen edozein ibilgailu elektrikok distantzia ertain eta luzeak egin ditzan arazorik gabe. Dena ongi badoa, 2019. urte amaierarako oinarrizko azpiegitura sare bat edukiko dugu errepide eta autobide nagusietan azkar kargatzeko.

Orduan, zein da gaur egun auto elektriko bat erostearen abantaila handia?

Asko ditu. Horien artean, murriztu egiten direla isuri kutsatzaileak eta akustikoak, gidatzeko erosotasuna, azeleratzeko eta erantzuteko garaian eskaintzen dituen prestazioak. Baina, guztien artean, aurrezkia nabarmenduko nuke: erosteko garaian zertxobait garestiagoa da, baina mantentze lanak eta ondorengo erabilera askoz merkeagoak dira.

Eta arazoen artean, zein da eragozpenik handiena Espainian auto elektriko bat erosteko?

Agian, garrantzitsuena da, norberak aparkatzeko leku bat eduki ezean han kargatzeko gunea jartzeko, zailagoa dela auto elektriko bat edukitzea. Zorionez, badira txandakako aparkalekuak, eta saltoki handiak eta hirugarren sektoreko beste eraikin batzuk hasiak dira kargalekuak jartzen beren aparkalekuetan, eta horrek aukera ematen die berentzat lekurik ez duten gidariei autoa kargatzeko.

Eta isuriak kontuan hartzen baditugu, teknologia elektrikoa al da modu bakarra Parisko Hitzarmenak isurientzat ezartzen dituen mugak betetzeko?

Garraiorako jarri diren helburuak hain dira handinahiak, elektrifikazioa da horietara iristeko bide bakarra. Merkatu azterketa batzuen arabera, 2030. urtean bi milioi ibilgailu eduki behar genituzke matrikulatuta, eta 2050ean, sei milioi. Gaur egun 40.000 ibilgailu elektriko daude. Esprinta jo behar dugu urte hauetan.

Baten batek esango du hor ere badagoela tranpa. Auto elektrikoak gutxiago kutsatzen du bidean dabilela, baina argindarraren zati handi bat oraindik ere erregai fosiletatik lortzen da Espainian.

Desinformazio handia dago horren inguruan: Espainiako argindarraren %70 libre dago CO2 isurietatik, berriztagarriak eta energia nuklearra gehituta. Eta kontuan hartu behar da Espainian aurreikusia dagoela energia berriztagarriak ugaritzea.

Orduan, zer-nolako neurriak proposatzen dituzu elektrikoa egiaz izan dadin aukera jasangarri bat eta planeta kontuan hartzen duena?

Errepideko mugikortasunean, ibilgailu elektrikoa da oraintxe aukerarik jasangarriena ingurumenari dagokionez; eta %90etik gorako eraginkortasunak eskaintzen ditu errekuntza bidezkoen aldean, zeintzuen eraginkortasuna %25aren inguruan dabilen.

Oraintxe al da unea ibilgailu elektriko bat erosteko edo hobe da urte batzuetan zain egotea?

Urte batzuk badira nik ibilgailu elektrikoak bakarrik erosten eta gidatzen ditudala. Eta aurreztu egiten dut errekuntza bidezko autoa ibiltzen nuen garaiarekin alderatuta. Hilean 1.500 kilometro egiten ditut, batez beste, eta argindarrean 20 eta 23 euro artean ordaintzen dut hilean, erregai fosiletarako beharko nukeena baino hamar aldiz gutxiago. Zalantzarik gabe, jarraitu egingo du ibilgailu elektrikoen bilakaerak.