Laureano Gonzalez Vega, Ikaskuntzak eta Erakundeak Ebaluatzeko koordinatzailea Kalitatea eta Egiaztatzea Ebaluatzeko Agentzia Nazionalean (ANECA)

"Unibertsitatea egokitua dago lan-merkatura, baina oraindik zeregin franko dago"

1 iraila de 2012
Img entrevista listado 809

Unibertsitatea lan-merkatuari egokitua al dago Espainian?

Egokitua dago, bai, eta gero eta ahalegin handiagoa egiten du, gainera, baina oraindik zeregin franko dago. Dena den, unibertsitatea ezin da ibili unean uneko beharrizanei soilik erantzuten, horiek aldatu egiten dira-eta.

Bolognako Prozesuak hurbildu egin al du lan-merkatura?

Bolognako Prozesuaren abantaila zera da: epe ertain edo luzera enplegagarritasunaren helburua lehenestera eraman gaituela. Ikasleek jaso duten prestakuntzarekin bat datorren lana aurki dezaten bilatzen du, nahiz eta ezin den pentsatu guztiek lortuko dutela. Horregatik, prestakuntzak jeneralista izan behar du, baliagarria epe motz, ertain eta luzera.

Unibertsitate-ereduari dagokionez, zentro espezializatuetara jo behar ote da?

Joera izan da unibertsitate guztiek ahalik eta gradurik gehien edukitzea, baina eskaintza errepikatzeak ez du zentzurik. Bereizi egin behar du zertan garen onak edo zertan asma dezakegun ongien eta, baliabideak urritzen direnean, hantxe bildu, besteen artean nabarmendu eta prestakuntza bikaina emateko.

Eta ANECAk zer funtzio betetzen du horretan?

Gure unibertsitate-antolamenduaren tresna bat da ANECA, Bolognako Prozesuan partaide izatearen ondorioz sortua. Hiru ardatz ditu abiapuntu, eta lan handia egiten dugu hiruretan: bermatu egiten dugu unibertsitatea kalitatezkoa izan dadila; labur esateko, ebaluatu egiten ditugu ikasketak, gradu tituluak, masterrak eta doktoregoak, Europako parametroen eta Espainiako legediaren arabera; eta, ANECAren zeregin berezi gisa, gure ardura da oposaketak egin nahi dituzten irakasleak ebaluatzea, postu egonkor batera aurkeztu nahi dutenak, eta abar.

Zer-nolako maila dute irakasleek?

Ikerketan jauzi kualitatiboa eman dugu azken 20 urteetan. Orain askoz gehiago ikertzen da. Baina oraindik ere falta zaizkigu pisu handiagoa izango duten argitalpenak, ikerketei balio gehigarria emango dieten osagai gisa.

Zer maila dute ikasleek Europakoekin alderatuta?

Oraindik ere, hizkuntzetan gabiltza pattal. Hala ere, ikasleak oso ongi prestatuta ateratzen dira unibertsitatetik, eta atzerrira joanez gero lan egitera, oso aukera onak izaten dituzte. Pausoa eman eta arriskatzen denak zailtasun gutxi izaten ditu lana aurkitzeko, betiere hizkuntzarekin ongi moldatzen bada.

Tesia egiten dutenekin gertatuko da hori, batez ere…

Espainian, doktoreek zailtasun gehigarri bat daukate unibertsitatetik kanpo edo ikerketaren eremutik kanpo lana aurkitzeko, enpresek ez baitute beharrik ikusten horiek kontratatzeko; beste herrialdeetan ez da hori gertatzen. Gainera, industriaren arloa enpresa txiki eta ertainetan oinarritzen da eta doktoreak kontratatzeko joera ez dago normalizatua. Bestalde, doktore askok ikerketan soilik lan egin nahi dute, eta hor ez dago guztientzako lekurik.

Beharrezkoa al da unibertsitatea elkarlanean ari dadin erakunde publikoekin eta enpresa pribatuekin gazteei lana emate aldera?

Unibertsitateen joera aldatu egin zen, eta enpresetan praktikak egitearen aldeko apustua egiten hasi ziren. Zenbait erkidegok gradu guztietan ezarrarazi dituzte, eta funtsezkoa da hori, zeren ikasleek kanpoko mundua ezagutzeko modua daukate eta unibertsitatea berrelikatu egiten da. Baina gradu batzuek aukerako bihurtu dituzte praktikak, ez dutela aurkitzen behar adina enpresa. Beraz, lankidetza handiagoa behar da, unibertsitateak behin eta berriz saia daitezela harreman modu horietan eta kultura ekintzailea susta dezatela guztien artean.

Zenbait ikasketak lan-aukera gehiago ematen dituztela nabarmentzen da. Estatistikak aintzat hartuz aukeratzeko gomendiorik egiten al da?

Ez da komeni ona edo txarra sailkapen batean sartzea. Ikasketa-plan baten definizioa lan-merkatuak une jakin batean galdegiten duenari lotzea hutsegitea da, zeren gerta bailiteke, lizentzia lortzen duenean, lan-merkatuak beste zerbait eskatzea. Ikasketa-plan bat egiterakoan, ez da baztertu behar lanaren alderdia, baina jasotzen duen prestakuntzak etorkizunerako baliabideak eman behar dizkio ikasleari, eta inork ez daki zer izango den etorkizunean. Sailkapenek gidatzen badute, baliteke askorik motibatzen ez duen ikasketa bat hartzea, edo ez bukatzea, edo gustatzen ez zaion zerbaitetan lan egin behar izatea.

Erasmus programak 25 urte bete ditu. Zein izan du abantaila nagusia?

Guztiak. Derrigorrezkoa izan behar luke urtebetez Espainiatik kanpo ikastea. Erasmus programa arrakastatsua izan da oso, sortu zutenak eurak ere harritzeraino. Ez diot ikusten inolako eragozpenik, eta bat eman behar balitz, orokorturik ez egotea dela esango nuke.