Ricard Ruíz de Querol, Impact Hub Barcelona-ko zuzendaria (lankidetzan aritzeko eremuen nazioarteko sare bat da)

"Sare sozialetan, gure nortasunaren kontrola galtzera egiten dugu"

1 otsaila de 2015
Img entrevista 2 listado 193

Sare sozialen eraginez, ez al gara hain burutsuak…?

Sare sozialek, berez, ez dute deus ere egiten; tresnak baino ez dira, modu burutsuan erabil ditzakegunak edo ez. Baina hori haietan dabilen erabiltzailearen araberakoa da. Hori esanda, ukaezina da sare horietan berehalako gogobetetasunaren ohitura dela nagusi, bitarteko elektronikoak berak duen berehalakotasunagatik. “Hori nahi dut eta oraintxe bertan nahi dut” esango bagenu bezala; Internetek, izan ere, horixe eskaintzen dizu askotan. Ildo horretan, sare sozialek ipurterreago bihurtzen gaituzte, eduki batetik bestera jauzika ibiltzeko grina sortzen digute, arnasa hartzeko ere betarik gabe eta ikusten edo irakurtzen ari garenari buruzko gogoeta egitera gelditu gabe.

Denbora gehiegi galtzen al dugu horietan? Hori pertsona bakoitzak ikusi behar du?

Sareetatik harago, Interneten, beste gauza asko dago deskubritzeko, baina ahalegin bat eskatzen dute, “jaka jantzi eta kalera ateratzea”. Gauza horiek, askotan, ez dira bateragarriak sare sozial batean egunean ordu asko aktiboki aritzearekin. Aukeratu egin behar da.

Esaten da, sare sozialei esker, orain informatuagoak gaudela lehen baino, baina sakontasun berarekin egiten al dugu?

Aurreko aroan, artikulu luze eta sakonak irakur zenitzakeen hainbat gairi buruz, denbora zenuelako; jasotzen zenuen informazioa teknologiak eta paperaren gaitasunak mugatzen zuen. Orain ez duzu ikusten gisa horretako artikulurik, informazio uholdeak zera sentiarazten digulako, beti badela zerbait berria irakurtzeko. Baina garai hau, aro digitala, ez da bateragarria testu luze eta sakonekin. Halako testurik ez dago, gaininformazioak itota bizi garelako, eta sare sozialek, uxatu beharrean, indartu egin dute irudipen hori.

Gaininformazio horrek norbanako gisa kalean baino manipulagarriagoak egiten gaitu sare sozialetan?

Bai, informazioa ez zaigulako bide bakarretik heltzen, anplifikatua baizik hainbat lekutatik eta hainbat solaskiderengandik. Horren eraginez, gainbaloratu egiten dugu askotan, eta gero, berehala ahaztu eta beste zerbaiten bila joaten gara. Oso modu axalekoan jokatzen dugu, beti berehalako gogobetetasunaren bila eta kontrastatu gabe, eta horrek zaurgarriagoak egiten gaitu.

Sare sozialetan galdu egiten al dugu gure patuaren eta gure nortasunaren kontrola?

Beste behin ere, azpimarratu beharra dago erabiltzaileak sare sozialaren aurrean duen jarreraren araberakoa dela. Hark erabakitzen du zer esango duen eta zer gordeko duen beretzat edo beste eremu baterako, izan publikoa edo izan pribatua. Baina, oro har, erabiltzailerik gehienek badugu joera gure nortasunaren kontrola galtzeko, eta arrazoi sinple batengatik gertatzen da hori: sare sozialak horretarako pentsatuta daudelako. Hau da, norbanakoaren datuak leku batetik bestera mugitzeko balio dute, datu eta estatistikak sortu eta publizitate negozioarentzat erabilgarriak izan daitezen. Horrela, ateratzen dizute argazki bat arratsalde batean parte hartu duzun gizarte ekintza batean, eta hurrengo egunean argazki hori Googlen ageri da, Instagram bidez, zuk deus ere susmatu gabe. Agian barregarria izango da, baina gertaera objektiboa da zuk ez duzula kontrolatu pertsona gisa zuri dagokizun eduki bat.

Sare sozialen erabilerak indarra kendu al dio pribatutasunaren balioari?

Galtzen ari da. Sareen negozioa, izan ere, erabiltzaileen pribatutasuna ezagutzean dago, hortik datuak sortu eta eskaintzen duten publizitatearen eraginkortasuna hobetzeko.

Kontrolatu al daiteke hori?

Pribatutasunaren arloan seguruagoak diren sare sozialak erabil daitezke. Adibidez, Whatsapp, non edukiak inoiz ez diren publikoak. Facebook-ek, adibidez, Whatsapp erosi zuen iaz, eta saiatu zen Snapchat ere erosten, mezuak desagerrarazi egiten diren plataforma bat. Bazekiten zer ari ziren erosten, jendeak gero eta denbora gehiago ematen duelako gune horietan, garrantzia ematen dio-eta bere pribatutasunari.

Sare sozialik ezagunenek hasieran zeukaten zerbitzu-borondate bera al dute?

Bai orain eta bai hasieran, dirua irabaztea da horien nahia, baina horrek ez du esan nahi txarrak direnik. Negozio bat da, gu bezeroak gara eta gure pribatutasunarekin ordaintzen dugu. Baina ez dezagun pentsatu gauzak musu truk egiten dituztenik.