Angel Gil. Osasun Publikoan eta Prebentziozko Medikuntzan katedraduna Madrilgo Rey Juan Carlos Unibertsitatean

“Prest egon beharra dago hurrengo birusa bihar iritsiko balitz bezala”

1 maiatza de 2020
Angel gil

Aldian behin, animalietatik datozen birusek erasaten digute eta gehienek Asia hego-ekialdean dute jatorria. Zergatik gertatzen da hori?

Zerikusia du jokabide kulturalekin, inguru hartan animaliak saltzeko egiten dituzten merkatu tradizionalekin, non errazagoa den birusek espezie batetik bestera jauzi egitea. Espainian adibidez zailagoa da birus bat animalia batetik gizakietara pasatzea, aziendekin azokak egiten diren arren, animalien osasuna oso zorrotz kontrolatzen delako.

Beste koronabirus batzuek ere eraso digute azkenaldian, adibidez MERS delakoak (Ekialde Hurbileko arnasketa sindromea) eta SARS delakoak (arnasketa sindrome akutu larria). Covid-19aren larritasuna zer da, beste horiena baino handiagoa edo txikiagoa?

Koronabirusek hotzeria bat eragiten dute goiko arnasbideetan eta eraginak ez dira handiagoak izaten. SARS eta MERS delakoen hilkortasun tasa handiagoa zen Covid-19arena baino. Birus honen bereizgarria da besteak baino kutsakorragoa dela. Gaixo bakoitzak oso azkar kutsa ditzake inguruan dituen bi edo hiru pertsona. Gurea bezalako gizarte zahartuetan gaixo kroniko asko dago, eta arazoa larritu egiten da, herritar horiek zaurgarriagoak direlako.

Koronabirusek kutsatzeko eta zabaltzeko gaitasun handiagoa al dute infekzio bidezko beste gaixotasun batzuek baino?

Gaitasun gutxien daukatenen artean daude koronabirusak; gaixotasun biriko asko dira horiek baino askoz kutsakorragoak. Elgorria duen pertsona batek, adibidez, beste hogei kutsa ditzake.

Ezaugarri horrek eragin al du Covid19arekin laxoago jokatu izana?

Ohiko jokabidea izango zuela pentsatu genuen eta gero ikusi dugu askoz arriskutsuagoa dela. Txinakoa oso urruti gelditzen zitzaigun eta Italiara iritsi denean ohartu gara inor ez zegoela arriskutik kanpo.

Neurriak hartzeko abiadurari dagokionez, gehiegi babestu ote dira merkatuak eta ez hainbeste osasun publikoa?

Ez zait iruditzen. Oso zaila da erabakiak hartzea eta kontuan hartu behar da ekonomiaren alde egiten den guztia oso garrantzitsua dela. Krisi honetatik pobretuagoak aterako dira herritarrak, eta pobrezia arrazoi garrantzitsua da osasun arazoak agertzeko. Gu zertxobait mantsoago ibili gara erabakiak hartzen, baina zeharka lagundu egin ditugu beste herrialde batzuk: Latinoamerikan, Covid-19aren kasu gutxi agertu arren, oso erabaki zorrotzak hartu dituzte.

Herrialde bakoitzak bere neurriak eta bakoitzak bere erritmoan hartzeak ba al du eraginik pandemiaren zabalkundean?

Garrantzitsuena da zainketarako sistemak eraginkorrak izatea. Baina osasuna gero eta globalagoa da, eta hori kontuan hartu behar da. Ez da pentsatu behar nire herrialdean gertatzen den horretan bakarrik, baita munduko beste lekuetan gerta daitekeenean ere. Ezinbesteko da Osasunaren Mundu Erakundearekin (OME) koordinatuta lan egitea eta AEBetan Gaixotasunen Kontrola eta Prebentzioa egiten duten Zentroekin. Bestalde, komunitate zientifikoak irekia izan behar du, partekatu egin behar du jakintza, erabaki azkarrak hartu ahal izateko munduko edozein lekutan.

Birusak utzi egingo al dio zabaltzeari beroa iristen denean?

Ez dakigu. Beroak batzuetan murriztu egin dezake gisa horretako mikroorganismoen kutsakortasuna. Espero dena da ahalmen hori gutxitzea, nahiz eta birusak gure artean jarraitu.

Zergatik ez daiteke tratatu modu eraginkorrean antibiralekin? Printzipio aktibo espezifi koa sortu beharko al da gaixotasun honetarako?

Koronabirusek gaitasun mutageniko handia dute (erraz mutatzen dira) eta horrek zaildu egiten du farmako bat diana terapeutiko egokiarekin erabili ahal izatea birus horretarako. Entsegu batzuetan hobeto funtzionatu du bi antibiral erabiltzeak, Covid-19ari alde batetik baino gehiagotik erasotzeko aukera ematen du eta.

Aurreikusi al daiteke neguan aldiro agertuko dela, gripea bezala?

Hori ere ez dakigu, baina pentsatzekoa da une jakin batean pertsona kopuru handi batera pasatuko dela, larritasun handiagoarekin edo txikiagoarekin. Alde ona izango da, heldu den neguan berriz agertzen bada, herritar askok gaitasun askoz hobe izango dutela erantzun immunologikoa emateko. Pentsa liteke epidemiaren uhinak ez duela izango oraingo gaitasun izugarri hori.

Zer kostatzen da gehiago, txertoa sortzea edo ekoiztea?

Ez dira produktu kimikoak, biologikoak baizik, eta horregatik, zailagoa da lortzea. Entsegu klinikoak herritar askorekin egin behar dira. Rotabirusarena, adibidez, 75.000 haurrekin egin zen. Ziur jakin behar dugu merkatura ateratzen den produktua segurua dela eta ez duela eragingo kontrako erreakziorik. Abantaila da, oraingoan, zenbait laborategi modu koordinatuan ari direla lanean OMEren gidaritzapean, eta horrek azkartu egingo du prozesua. Txertoa ez da eskura egongo urtebete baino lehenago.

Birus batzuk aspalditik ezagutzen ditugu; zika, adibidez, mende erdi baino gehiago bada ezagutzen dugula, baina ez dago txertorik. Zergatik?

Batez ere, txertoa garatzeko adinako interesa piztuko zuen alertarik ez zelako sortu. Ikerkuntzari ekiten zaio epidemia batek zabalkunde handia lortzen duenean, eta horrek eragiten du interes komertzialak egotea industria farmazeutikoa abian jar dadin.

Sektore publikoak bultzatu behar ote lituzke ikerketa horiek?

Koronabirusarekin ikasi dugu txertoen ikerkuntza ez dezakegula utzi laborategi farmazeutikoen eskuetan bakarrik, eta administrazioek, adibidez OMEk, ohartarazi egin behar dutela industria eta eskatu egin behar diotela lan aktiboagoa egin dezatela. Sekula ez zaio utzi behar txerto berriak ikertzeari eta lantzeari.

Gorabidean datozen infekzioen artean, etxe ondoan ditugun bi aipatzen ditu OMEk: dengea eta chikungunya. Zenbateko probabilitatea dago Espainiara heltzeko, eta zernolako arriskua dute?

Azpimarratu egin nahi dut oso garrantzitsua dela kontrol epidemiologikoa arrisku horietarako eta etorkizunak ekar ditzakeen beste batzuetarako. Dengea aspaldiko ezaguna dugu, eta ari dira txertoak lantzen; chikungunyak, oraingoz, ez dauka tratamendurik. Espezialistontzat kezkagarria da osasunaren globalizazio moduko hori, oso adi jartzen baikaitu animalietara, infekzio iturri izan daitezkeelakoan. Gauza gehiago ere etor daitezke, ezagutzen ez ditugun gauzak, eta gure esku dago ahalik eta ongiena prestatzea.

Orain ere ba al dago arriskurik birusetatik ez baina beste patogeno batzuetatik datozen gaixotasunak agertzeko, 2000. urtean behi eroekin gertatu zen bezala?

Albaitaritza arloko osasuna oso garrantzitsua da eta batzuetan ahaztu egiten dugu. Gure herrialdean profesional bikainak ditugu, ez bakarrik arreta klinikoan, baita ikerkuntzan ere. Espainia aitzindaria da arlo horretan, Salamancan laborategi bat dugu animalientzako txertoak sortzeko. Gainera, garrantzitsua da albaitariek parte hartzea nazioarteko kontrol batzordeetan, azken hamarkadetan jasan ditugun birusak animalietatik etorri baitira.

Klima aldaketak eta gisako faktoreek lagundu egiten al dute patogeno horiek zabaltzen?

Planeta berotu izana eta habitatak desagerrarazi izana funtsezkoa da horiek zabaltzeko, batez ere bakterioak eta parasitoak. Adibidez, eremu batzuetako oihanak desagertu izanak beste norabait mugiarazi ditu han bizi ziren animaliak, eta haiekin, horien infekzioak ere bai.

Gorabidean datozen infekzio asko animalietatik heldu direnez, pentsatu behar al genuke beste iturri batzuk erabiltzea proteinak hartzeko?

Elikagaien trazabilitate ona, horixe ziurtatu behar da: nondik datorren bermatu, animaliek nolako elikadura eta tratamenduak hartu dituzten jakin, eta haragi horiei zer-nolako prozesuak eta kontserbazio moduak eman dizkieten. Kalitate estandarrak zaintzea da garrantzitsuena. Gauza bera gerta daiteke landare jatorriko produktu batekin edo bestelako proteina iturriekin ere.

Elikaduraz ari garelarik, zer-nolako eragina du immunitate sisteman? Erabili ote litezke elikagai batzuk sistema indartzeko, adibidez, adinekoen artean, horiek zaurgarriagoak dira-eta Covid-19aren aurrean?

Ez da pentsatu behar produktu jakin batean, eta dieta askotariko eta orekatua egin behar da. Elikadura on batek beti laguntzen du immunitate sistema prest egon dadin eta erantzuteko gaitasun handiagoa eduki dezan koronabirusaren aurrean eta infekzio bidezko beste edozein gaixotasunen aurrean.

Esaten dute hurrengo birusa dagoeneko Txinan dagoela, animalien azoka batean. Egia al da?

Hori ez dakite ez txinatarrek, ez guk eta ez inork. Txinan eta beste herrialde batzuetan ikusten ditugun azoka tradizionalek bere horretan jarraitzen badute, berriz ere gauza bera gerta liteke.

Kalkulatu al daiteke zenbateko maiztasunez agertuko diren birus berriak?

Orain dela urte batzuk esaten zen, gripeari zegokionez, 20 urtetik behin pandemia bat izango genuela, 2009koa bezalakoa. Denbora seriek eta eredu matematikoak lagungarriak izan daitezke erne eta prest egoteko, baina ez dezakegu aurreikusi gorabidean den birus bat azkarrago edo mantsoago zabalduko den, zenbateko hilkortasuna eduki dezakeen edo noiz agertu daitekeen. Garrantzitsuena da ez egotea besoak gurutzatuta beste pandemia bat etorri zain; prest egon beharra dago bihar etorriko balitz bezala jokatzeko.

Prest eta seguru al dago mundua? Zer aldatu behar dugu?

Koronabirusak eta gisako egoerek gogoeta eginarazi behar digute eta jabetu egin behar dugu zein garrantzitsua den gehiago inbertitzea gure osasuna zaintzeko. Espainiak osasun sistema ona lortu du, baina baditu hobetzeko moduko hutsuneak. Zainketa intentsiboetako ohe asko ez edukitzea arazo bat da eta ondorioak izan ditzake hau bezalako egoeretan. Zainketa intentsiboek bermatu egiten dute infekzio bidezko epidemia bati azkar erantzungo zaiola. Zenbait erakundetatik eskatu izan da BPGaren %8 edo %8,5 inguru izan dadila osasungintzari eskaintzen zaion diru kopurua; halaxe eskatzen du, esaterako, Ekonomia Lankidetzarako eta Garapenerako Erakundeak (OCDE). Espainia, ordea, %6,9ra iritsi da gehienez ere. Argi eduki behar da osasungintza ez dela gastu bat, inbertsio bat da.

Mende honetako beste ‘abisu’ batzuk: itzuli ote litezke?

SARS 

Sintomak. Gehienean, sukar handia eragiten du. Beste sintoma batzuk izaten dira buruko eta giharretako mina eta beherakoa (kasuen %10-20an). Zenbaitetan arnas gutxiegitasun larria eragitera ere iristen da.
Kaltetuak. 8.000 pertsona.
Hilkortasun tasa. %10ekoa.
Nola zabaltzen da. Pertsonen arteko harreman hurbilaren bidez. Covid-19a bezala, arnasketako tantatxoen bidez transmititzen dela uste da, kutsatuta dagoen norbaitek eztula edo doministiku egiten duenean.
Bilakaera eta pronostikoa. “Agerraldia gelditu egin zen eta ez da kasu berririk antzeman 2004. urteaz geroztik”, adierazi du Angel Gilek. 

HEGAZTIEN GRIPEA 

Sintomak. Mukiak eta sudurreko jarioa, eztul lehorra etengabe, eztarriko eta giharretako mina, gosea galtzea eta arnasa hartzeko gaitasuna urritzea.
Kaltetuak. 700 milioi kasu baieztatuta. OMEren kalkuluetan, 1.500 milioi pertsona egon litezke kutsatuta
Hilkortasun tasa.%1 eta %2 artekoa.
Nola zabaltzen da. Airearen bidez, beste arnasketa birus batzuk bezala, beste pertsona batengandik hurbil gaudelako edo gainazal kutsatuak ukitu ditugulako.
Gaur egungo arriskua. 2010ean txerto bat sortu zuten, OMEk segurutzat jo zuena. 

MERS 

Sintomak. Sukarra, hotzikarak, arranpak eta eztula. Hiru pazientetatik batek urdailhesteetako sintomak izaten ditu: beherakoa, goitika egitea eta sabelaldeko mina. Kasurik larrienetan arnas gutxiegitasuna agertzen da.
Kaltetuak. 2.500 pertsona.
Hilkortasun tasa. %30ekoa.
Nola zabaltzen da. Arnasketako tanten bidez eztula edo doministikua egitean. OMEren arabera, “zientzialariek diote dromedarioekin zuzenean edo zeharka harremanetan egoteagatik kutsatzen direla pertsonak”, baina “baieztatu diren kasurik gehienak pertsonen artean kutsatu dira mediku arreta eskaintzen duten inguruetan”.
Gaur egungo arriskua. Angel Gil adituaren esanetan, “diagnostikatu diren kasuak Arabiar penintsulara edo inguruetara joan diren edo han bizi izan diren pertsonetan agertu dira”.

EBOLA 

Sintomak. Bat-bateko sukarra. Ahulaldi handia sentitzen da, giharretako, buruko eta eztarriko mina, goitika egiten da, negelak agertzen dira larruazalean, beherakoa, giltzurrunetako eta gibeleko arazoak eta, batzuetan, kanpo eta barne hemorragiak.
Kaltetuak. 30.000.
Hilkortasun tasa. %50ekoa
Kutsatzeko bidea. Pertsonak kutsatzen dira “harreman estuan egon direlako gaixo dauden animalien organoekin, odolarekin, gorozkiekin edo gorputzeko beste likido batzuekin, adibidez txinpantze, gorila, saguzar eta abarrekin”. Ondoren, birusa pertsonen artean zabaltzen da muki mintzen jarioengatik edo odolaren bidez edo likido horiek kutsatu dituzten materialak ukitzeagatik.
Pronostikoa. “Oso zaila da Espainian zabaltzea, baina zuhur jokatu behar da: hori da une honetako pronostikoa, eskura dugun informazioarekin eta egungo egoeran”, azaldu du Angel Gilek. Txerto bat ikertzen ari dira. 

ZIKA 

Sintomak. Eltxoek zabaltzen dute, eta pertsonarik gehienek ez dute sintomarik izaten. Agertzen direnean, nekea, zefalea eta sukarra izaten dira ohikoenak, artikulazioetako mina, konjuntibitisa eta likidoa metatzea beheko gorputz ataletan. Haurdunaldian mikrozefalia eta erditze goiztiarra eragin ditzake.
Kaltetuak. OMEren arabera, 400.000 eta 1.300.000 artean.
Hilkortasun tasa. Ez da ohikoa jendea hiltzea (kaltetuen %1 baino gutxiago).
Kutsatzeko bidea. Aedes generoko eltxoak zabaltzen dute birusa, eta egunean zehar egiten dute zizta. Sexu bidez edo odol transfusio bidez ere kutsatzen da.
Pronostikoa. Txertoa ikertzen ari dira. 1947. urtetik ezagutzen da, eta azken agerraldi handia 2015ean izan zen arren, berriz ere gerta daiteke. “Beste gaixotasun askoren antzeko sintomak ditu zikak, eta baliteke sintoma horietako asko ezagutu ere ez egitea”, azaldu dute Gaixotasunen Kontrolerako eta Prebentziorako Zentroek (AEB).