Víctor Viñuales, soziologoa, ekologian espezializatu eta Ecología y Desarrollo Fundazioko zuzendaria

"Ordularia aldatzen da eguzkiari probetxu hobea ateratzeko eta argindar gutxiago kontsumitzeko"

Ordularia atzeratu edo aurreratu beharra dagoen aldiro, hortxe azaltzen da eztabaidarako gaia, onuragarria ote den edo kaltegarria. Aldekoek diote murriztu egiten dela energia kontsumoa; kontrakoen esanetan, aldiz, sinbolikotik gehiago du eraginkorretik baino. Orain, Europako Batzordeak behin betiko kentzeko asmoa azaldu du
1 urria de 2018
Img entrevista listado 1271

Zergatik aldatzen da ordularia urtean bitan?

Energia aurrezteko neurria da ordu aldaketa. Eguzkiaren argiari probetxu gehiago ateratzea lortzen da, eta horri esker, argindar gutxiago kontsumitzen dugu.

Zer lortzen da, egiaz, neurri horrekin?

Eguzkia badago, ez da argiztapen artifizialik beharko ez fabriketan eta ez etxeetan ere. Aurreztu egiten dute enpresaburuek, herritarrek ere bai beren etxeetan, murriztu egiten da planetara isurtzen den gas kopurua, eta hori ona da klima aldaketa geldiarazteko, eta aurreztu egiten da argindarraren fakturan, inportatu egiten baitugu kontsumitzen dugun energiarik gehiena.

Zer-nolako ondorioak ditu hirietarako?

Adibidez, gutxiago gastatzen dute hiri argiztapenean. Hor ere printzipio berari jarraituz aurrezten da energia: udalek ordubete geroago pizten badute argiteria, murriztu egiten da argindar kontsumoa.

Neurri horrek nola laguntzen du enpresek eta industriek energia gutxiago erabil dezaten?

Dezente gehiago aurrezten dute lan ordutegi luzeenak dituzten enpresek, argi naturalik gabeko orduetan ere lan egiten dutenek. Hortaz, argindarraren faktura gehiago murrizten zaie lehenago hasten diren enpresei edo lan jarduna beranduago bukatzen dutenei.

Zer-nolako onurak ekarriko lituzke kontsumorako eta aisialdirako ordularia urtean bitan aldatzeak?

Arratsaldeetan argi naturalarekin ordu gehiago edukitzeak ugaritu egiten ditu kontsumo orduak saltokietan eta errestaurazioaren arloan, bai turistena eta bai tokiko populazioarena ere.

Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuak esaten du (IDAE) familia bakoitzak sei euro txikitzen duela argindarraren faktura ordu aldaketarekin. Ez dirudi hainbeste denik…

IDAEk kalkulatzen du argiztapenean kontsumitzen den argindarraren %5 aurrezteko modua ematen duela ordu aldaketak, eta hortik ateratzen du zifra hori. Familia bakoitzarentzat gutxi da, baina etxe guztietakoa batuta, aurrezten dena oso kontuan hartzekoa da Espainiako Estatuan bizi diren 47 milioi pertsonentzat, bai diruari dagokionez eta bai isuri kutsatzaileei dagokienez ere.

Neurri horren alde ematen den beste argudio bat da lagungarria dela jendeak kontzientzia har dezan eta jabetu dadin zein garrantzitsua den energia aurreztea. Zure ustez, horretan ere laguntzen al du neurri horrek?

Argudio hori ez dut ikusten hain argi. Iruditzen zaidanez, ordutegi aldaketa oso modu burokratikoan egiten da, eta gizartean pedagogia falta da gai horretan. Ordu aldaketa baino askoz zabalagoa da energia eraginkortasunaren erronka, gizarte osoari dei egiten baitio, enpresei, erakundeei eta pertsonei.

Ordu aldaketaz gain, zer beste neurri proposatuko zenituzke argiztapenean aurrezteko?

Modu asko dago. Garrantzitsuenak eraikinen diseinuari lotuta daude, eguzkiaren argiari ahalik eta probetxurik gehiena atera diezaioten. Eguzkia lagun ona dugu; beti borondatez ari da guretzat lanean, eta probetxua atera behar zaio horri. Horretaz gain, beste neurri asko dago teknologia eraginkorraren erabilerari lotuta, adibidez bonbilla zaharren ordez LED argiak jartzea, zeinak energia gutxiago gastatzen duten eta gehiago irauten.

Ordua aurreratzeko eta atzeratzeko ematen den beste arrazoi bat da harmonizatu egiten duela Espainiako ordutegia Europako gainerako herrialdeetakoarekin.

Ordutegia garrantzitsua da energia aurrezteko, baina baita zoriona lortzeko ere. Espainiako lan ordutegiak ez du egiten batere mesederik: berandu afaltzen da, eta hori txarra da digestiorako; arratsaldeetan, berriz, berandu arte lan egiten da, eta horrek eragin izugarria du haurrei arreta eskaintzeko garaian eta pertsonarik ahulenak zaintzeko orduan. Botere publikoek aldatu egin behar lituzkete ordutegiak, eta ongizate handiagoa bilatu. Zoriontsu izatea da politika publikoaren eta bizitzaren helburu nagusia.

Zer-nolako ondorioak ditu ordua aldatzeak gure planetan?

Atmosferara isuri kutsatzaile gutxiago egitea dakarte energia kontsumoa murrizteko neurri guztiek, eta horiek daude klima aldaketaren atzean. Ezinbestekoa da isuriak geldiaraztea.

Zenbaitek dio ordu aldaketak on egiten diola osasunari eta zorionari. Zer diozu zuk?

Argi ordu gehiago edukitzeak lagundu egin dezake bizilagunen artean interakzioa sortzen kalean, eta horrek agian lagundu egingo luke ordu aldaketaren inguruko aurreiritziak gainditzen. Nolanahi ere, ordu aldaketak dakarren onurari begiratzeko garaian, ikuspegi multidimentsionala behar da, eta tartean dauden alderdi guztiak hartu behar dira kontuan. Eta alderdi horien artean, oso garrantzitsua da osasuna, jakina.