Angel Lafuente, Hizketa Tekniken irakaslea

"Ongi hitz egiten irakastea izan behar luke ikasgairik garrantzitsuena Lehen Hezkuntzan"

1 iraila de 2008
Img entrevista listado 487

Egun ez dago ia erakunderik, irudi aholkularirik ez duenik. Zu, ordea, zer zara, hitz aholkularia?

Bai, hitz aholkularia eta ez besterik. Oro har, oso kritikoa naiz irudi aholkulariekin, txorakeria asko esaten dituzte eta.

Zer, adibidez?

Nahiko zabaldua dago, esaterako, honako uste hau: jendaurrean agertu behar duenaren beldur hori gaindiezina dela eta, ona ere badela, baina ez da egia. Begira, gaur bertan irakurri dut egunkari batean aktore bati egin dioten elkarrizketa, eta honela dio: “Agertokira ateratzerakoan urduri sentitzen ez dena erretira dadila”. Jaun horrek, nire ustez, ez daki zer esaten duen. Zertarako balio diote hizlari, politikari, aurkezle, irakasle, apaiz bati jende aurrera atera aitzineko beldurrek. Beldur orok arreta galarazten dio edozein profesionali, zeregin nagusitik aldentzen dio burua, diskurtsoa eteten dio.

Eta nola gainditzen da jendaurrerako beldurra?

Lan eginez, oinarri humanista, sinple eta elemental baten inguruan lan asko eginez. Ni izan naiz oso pertsona urduria, konplexuz betea, eta hutsegite asko eta asko egin ditut jendaurrean. Eta orain ikusarazi nahi diot jendeari gutako bakoitza dela munduan dagoen pertsonarik sakratuena, eta errespetua zor zaigula, beste inori baino gehiago. Jendaurrerako beldur denak ez dio batere errespeturik bere buruari, eta nik zenbat eta gehiago maite dudan neure burua, orduan eta gehiago maiteko dut nire emaztea, seme-alabak, lankideak…eta gehien neure burua maite dudanean, beste ezer eta inor baino gehiago, orduan eta gutxiago axolako zait besteen iritzia, haiek zer esango duten; nire iritzia baino ez zait axolako.

Esaten duzuna entzunda, psikologoa zarela dirudi, eta ez hitz aholkularia.

Ez, ez naiz psikologoa, nahiz eta psikologia ere ikasi nuen. Ederki asko dakit, ordea, komunikazio teknikak irakasten aritzen naizenez gero, nire lanak muin-muinean baduela psikologiatik ere. Haurtzaro eta nerabezaroan, besteei begira egoten nintzen etengabe, nola hitz egiten zuten begira, eta arlo honetan jakin beharreko guztia ikasten ahalegintzen nintzen; ikusi eta ikasi. Duela 46 urte hasi ginen ni eta nire beldurrak ikasgai hau ematen, eta halaxe jarraitu nuen 30 urtez, beldurrak jota…

Hitz egitea plazera da?

Erabatekoa, baina handiustearen plazera…Jendaurrean gozatzera iritsi behar da, beldurra kentzea ez da nahikoa.

Baina hori esatea errazagoa da egitea baino.

Zaila ez, neketsua. Askatasun eremu hau iristen duzularik, nekez egingo duzu atzera. Nik badakit sekula inork ez didala berriz beldurrik sentiaraziko jendaurrean.

Beldur hori kentzeko zenbat behar da, astebete, egun batzuk, urteak?

Norbera nolakoa den. Ez du zertan luze joan, gogoeta egitea da kontua, esperimentatzea…

Geure burua maitatu behar dugula diozu, baina horrek ere ez ote du bere arriskua, handiuste gehiegizkoa, alegia?

Ez, guztiz bestela da, nahiz eta onartzen dudan, lehen aldiz entzunda, hori pentsa dezakeela jendeak. Ni ere izan naiz handiustea, gazte guztiak bezala, baina, hain justu, neure burua ez nuelako maite behar adina. Handiustea, harroa, diktadorea…ez da egoten pozik bere buruarekin, eta hor ibiltzen da hara eta hona, laudorioak non bilduko.

Autolaguntzako liburuen usaina hartzen diot horri…

Autolaguntzako liburu askok gauza logikoak esaten dituzte, zentzuzkoak. Liburu horiekin, ordea, ez dugu lortuko komunikazioan eraginkorrak izatea. Jendaurrean hitz egin behar duenari beldurra kentzen saiatzea eta liburu horiek egiten dutena ez da gauza bera, badago diferentzia bat: gu ikusi egiten gaituzte. Nik ikasle izan ditut epaileak eta aitona-amona analfabetoak, eta guztiek ederki ulertu dute nik esana. Jendearen buru barrenean gordea dagoena agerira ateratzen dut nik, gorpu bat hilobitik aterako bagenu bezala.

Eskolan ikasten dugu irakurtzen, baina hizketan, non ikasten da hizketan?

Jendaurrean hitz egiten ikastea izan behar luke ikasgairik garrantzitsuena Lehen Hezkuntzan. Lehenik, hitza hartu behar da mendean, eta hitz mintzatua erabiltzen erakutsi behar lukete. Beraz, merezi du saiatzea. Baina ez da egiten, gehiegi beldurtzen gaituelako besteen pentsamendu askatasunak. Hiru bilkura eduki ditut Espainiako Hezkuntza Ministerioko ordezkariekin, errektore askorekin, baina jaramonik ez.

Inork jaramonik egiten ez badizu, ez ote da izango, agian, zure hitzek ez dietela uste bezainbeste eragiten besteei?

Izan liteke. Ni ez naiz Jaungoikoa, badakit; gainera, oso zorrotza naiz neure buruarekin, eta horri esker egiten dut aurrera. Zorionez, jende askok eta erakunde askok hartzen dute aintzat nik esaten dudana. Unibertsitate batzuek, adibidez, badute sentiberatasun hori hitz mintzatuarekin, eta urtero deitzen naute ikasgai hori ematera.

Egoki hitz egiteak ate asko zabaltzen ditu, eta egoki mintzatzen ez jakiteak beste asko ixten.

Hitza mendean duenak abantaila du besteen aldean. Zoritxarrez, jendeak oso gaizki hitz egiten du: politikariek, irakasleek, irratiko eta telebistako esatariek.

“Ez du ongien komunikatzen gehien hitz egiten duenak”

Eta zer dakar gaizki hitz egiteak?

Norbera pobretzen da. Besterengana heltzea da komunikatzea eta nik ez badut hitza menderatzen, ez diot aterako etekin guztia nire prestakuntzari, ikasketei eta bizi esperientziari.

Ongi hitz egiteko, ongi baino hobeki entzuten jakin behar da?

Jakina, elkarrizketa funtsezkoa da. Hemen, ordea, ez dago elkarrizketarik. Ez digute erakutsi. Elkarrizketan aritzeko, oso baldintza gogorrak errespetatu behar dira, eta jendea ez dago horretarako prest.

Gehixeago zehaztu zenezake?

Hitzak berak ongi adierazten du zer den elkarrizketa: elkarrekin egin beharreko zerbait. Gaia edozein dela ere, nik zure esku uzten dut nire ideia multzoa, eta zuk aztertu egingo dituzu, alderatu, gauza onak eta ez hain onak ikusi…eta berriz niri itzuliko dizkidazu. Eta nik ere berdin-berdin egingo dut zure ideia multzoarekin. Eta, azkenean, gutako bakoitzak ikusiko du gauza batzuetan ez duela arrazoi, edo baduela. Elkarrizketan aritzeko, elkarrekin hitz egiteko borondatea eduki behar da, egia hobe bat, osatuagoa bilatzeko borondatea, eta gauzen gaineko iritzia ere eduki behar da. Iritzi horiek, nahiz eta oso sinpleak izan, urre gorria bezala gorde behar dira beti, baina ez betiko. Inork uste badu egia aldaezina aurkitu duela, jada ez da inor, hil da.

Elkarrizketa falta hori zer da, politikarien gaitza edo gizarte osoarena?

Ez, ez. Jendeak hitz egiten du batek bestearekin, baina ez elkarrekin. Bi lagun hizketan ari direla ikusten badugu, ohartuko gara ez direla ari elkarrizketan; diskurtso osatuak ematen ari zaizkio elkarri. Hizketan ari garenean, etengabe hitza kentzen diogu elkarri, ez baitzaigu batere axola bestea zer esaten ari zaigun. Pertsonek ez dugu nahi elkarrizketan aritu, ez baitugu nahi inork ziurtasuna ken diezagun, ziurtasun intelektuala.

Ongi hitz egiteko, zein neurritan behar dugu jakintza eduki, eta zein neurritan behar dugu geure burua maitatu?

Jendaurrean gozatzera iristea da funtsezkoena eta arau sinple batzuk jakin behar dira. Pertsonen arteko komunikazioa, plazera izateaz gain, gauza inozo samarra ere bada, baina mitifikatu egin dute.

Zein dira arau horiek?

Hogeita hamar arau erakusten hasi nintzen ni: ongi jantzita joan, zapatak beti garbi eraman, halitosisa saihestu…Egun, zazpi arau erakusten ditut: hitza sekula ez pentsamenduaren aurretik; igorleari sekula ez eten esaldia; labur jardun; laugarrena begiei dagokie, begiradarekin galdetzea da; jarraian, keinuak libre erabiltzeko esaten dut (ez dakigu zer egin besoekin); isiltasuna erabiltzen jakitea da hurrena, funtsezko gauza, zeren isiltasuna erabiltzen dakienak bai baitaki hitza erabiltzen; eta, azkenik, isiltasunarekin batera, hitz egiteko abiadura dago. Une bakoitzean abiadura batean hitz egiten dugu guztiok, gidatzerakoan egiten dugun bezala

Gauza bera al da ongi hitz egitea eta entzuleak ez aspertzea?

Jakina. Hizlariak kontuan hartu behar ditu galdera batzuk: nor naiz ni, zeri buruz dakit hitz egiten edo zertarako prestatu naiz, nori zuzenduko natzaio, noiz hitz egingo dut edo zergatik, non, zein bitarteko erabiliko ditut…galdera sorta horiekin ari denak nekez aspertuko du inor. Komunikazioa eraginkorra izan dadin, hiru maitasunetan oinarritu beharra dago: geure buru maitatu behar dugu, mezuaren hartzailea maitatu eta mezua maitatu. Eta ahalegin handia eginda lortzen da hori. Hiru horietako batek huts egiten badu, hizketan ariko zara, jardungo duzu, bana ez duzu komunikatuko, edo komunikatuko duzu, baina zenezakeen baino gutxiago.

Ikusi izan dugu pertsona jantziek oso gaizki hitz egin dezaketela. Irakurtzen ez duen pertsona batek, prestakuntza gutxi duenak, ongi hitz egin dezake?

Kontua ez da hitz egitea, komunikatzea baizik. Eraginkortasunez hitz egitea da komunikatzea. Nire ikasleen artean ikusi dudan hizlaririk onena 22 urteko mutil bat izan da, ia analfabetoa; hiztegi mugatua zerabilen eta sintaxia zer den ez zekien, baina komunikatu…nola, gainera! Nola deskribatu zigun kartzelako bizimodua, nola irakurri zigun kartzelako kide batek bezperako gauean eman zion gutuna, haren neska-lagunari helaraz ziezaion! Beste adibide bat: hizlari aritu naizen egunik onena nire amaren hileta elizkizunean izan nuen. Paperezko zapi bat hartu eta esaldi batzuk idatzi nizkion amari, eta apaizaren baimenarekin, idatzi nuena irakurri nion amari. Zerekin komunikatu nuen gehiago goiz hartan, nire hitzekin, edo nire isilune eta malkoekin? Azken horiekin, ez hitzekin.

Beraz, hitzak komunikazioaren zati bat baino ez dira?

Hori da! Funtsezko zatia, oso garrantzitsua, baina hitz hutsak ez du komunikatzen. Oso dotore hitz egin dezakezu, apaingarri askorekin…baina hitzetan maitasunik ez bada eta jendaurrean gozatzen ez baduzu, mintzatuko zara, baina ez duzu komunikatuko.

Esan duzu oso gaizki hitz egiten dela bai eremu publikoan, bai pribatuan. Eskatuko banizu zerrenda bat egin dezazun okerren hitz egiten dutenekin, zein jarriko zenituzke guztien buru?

Beno, hor esan behar dut gehien mintzatzen garenok oso gaizki egiten dugula. Eta zerrenda horretan sartuko nituzke politikariak, apaizak, irakasleak, esatariak, iritzi-emaileak. Eredu txarra ematen dugu.

“Aho hertsitik ez da eulirik sartzen”, “Aho bat, bi belarri; guti mintza, anitz adi”…Herri jakintzak ez ditu maite hiztunak.

Mezu horiek botereak zabaltzen ditu, gu isilik edukitzeko. Atsotitzek herri jakintza biltzen dute, baina baita herri astakeriak ere. Atsotitz guztiak uler daitezke modu batean baino gehiagotan. Argi dago zer egin behar den ez baduzu nahi huts egin: ez sobera hitz egin. Baina muturreraino joan behar dugu, nahiz eta gauza ona den zuhurtziaz jokatzea.

Zerk bereizten ditu hizlari ona eta txarra?

Komunikatzen du edo ez du komunikatzen. Iristen zait, edo ez zait iristen, edo ulertzen diot edo ez diot ulertzen.

Nola bereizi hizlari bat eta hiztun bat?

Hori oso erraza da. Besteen arretari eusteko teknikak erabiltzea funtsezkoa da ahozko komunikazioan. Ez badut lortzen bestea adi edukitzea, zertarako ari naiz hizketan? Pentsatu behar dugu guri entzuten ari den hori lehoi gose eta azkarra dela, eta, beraz, eduki intelektuala eman ezean, jan egingo gaituela. Eduki intelektuala diodanean, ez dut esan nahi filosofia eman behar zaiola: izan daiteke opor bidaia bat, familiako norbaiten gaixotasunari buruzko solasaldia…Hartzaileak ez ditu nahi hitz hutsak, sinonimo zerrenda amaigabeak, irakasleek eta politikariek hainbatetan erabiltzen dituzten horiek. Ez du ongien komunikatzen gehien hitz egiten duenak. Bi garunen arteko bitartekotza egiten du hitzak, eta ez da zilegi hitzak ahotik eror daitezen txanponak sakelatik bezala. Hitza besteren esku uzterakoan, ahalik eta kontzientzia gehienarekin jokatu behar da, eta xuhurkeriaz; lau hitzekin esan badaiteke, ez erabili zortzi.

Zeinek jotzen du zugana?

Politikariek, enpresaburuek, aktoreek, toreatzaileek eta futbol taldeek.

“Ongi hitz egiteko, ongi baino hobeki entzuten jakin behar da.
Jendea mintzatzen da bata bestearekin, baina ez elkarrekin”

Bada, futbolariak ez dira, oro har, etorri on-onekoak.

Horrexegatik joaten dira hitz mintzatuari buruzko ikastaro berezietara. Ni guztiekin saiatzen naiz, baina ez dut egiten miraririk.