Meglena Kuneva, Kontsumitzailearen Babespenerako Europako Komisarioa

"Merkatu bakarraren onuradun izan behar du kontsumitzaileak, tratu hobea hartu behar du"

1 ekaina de 2007

Europar kontsumitzaileak sinesten al du zure ustez Europako erakundeetan?

/imgs/20070601/img.entrevista.02.jpgBai, ene ustez, europar kontsumitzaileak bere eskubideen zaintzaren alde diharduten erakundeetan sinesten du. Halaz ere, europar kontsumitzaileek zertan eta norengan sinesten duten ikusteko, Europako arauteria nola aplikatzen den ere ikusi beharko da. Adiera horretan, kide diren estatuak eta Batzordearen artean koordinazio egokia garatzeko aukera paregabea ikusten dut orain. Legeak bete zuzen daitezen lan egin behar dugu ezinbestez, noski: zertarako balio ote du lege edo arau jakin batek aplikatzen ez bada, paper hutsean geratzen bada? Legeria bat onartzen dugunean, Batzordea, Parlamentua eta estatu kideen artean ahaleginak batzen saiatzen gara: horri esker esan dezakegu neurri horren gurasoak ez direla Europako erakundeak bakarrik, estatu kide eta bertako herritar guztiak baizik.

Zer egin dezakete erakundeek kontsumitzailearen mesedetan?

Argi dago, legeria egokia behar dugu eta, noski, arau horien aplikazioa ikuskatzea ezinbestekoa da: lan-ildo horretatik goaz. Europako legeriak geroz eta presentzia handiagoa du kontsumoari dagozkion sektore denetan: roaminga, garraioa, telekomunikazioak, energia sektorea… Kontsumitzailearen eskubideak geroz eta garrantzi handiagoa hartzen ari direnez, alor guztietan duten presentzia egunetik egunera areagotuz doa. Area askotan, Batzordea aitzindari da kontsumitzaileen eskubideen gaineko arauak egitean. Lehendabizi, Europar Batasunaren mailan; ondoren, eskubide horiek estatu kideetan indartzeko sustapenean.

Nola handitu edo hobetu daitezke kontsumitzailearen informazioa eta konfiantza?

Ondo hausnartu eta taxuturiko legeria baten bitartez. Esate baterako, ene ustez, Espainian jabetza anitzaren sektorea arautuko duen legerik ez dago eta alor horretan, aspaldion, arazoak izan dira. Egun, Europa osoan jabetza anitzeko zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresa guztien %35 Espainian daude. Espainiak daukan turismoa aberatsa da eta ez du horrelako zailtasunen eraginik nozitu behar. Adieraz dezagun, nolanahi ere, jabetza anitzeko zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresa problematiko asko Espainian finkaturiko erakunde atzerritarrak direla. Larrialdi biziko afera horri aurre egin beharko diogu eta, halakotzat, gure agendan datza. Maiatzaren amaiera baino lehenago, izan ere, jabetza anitzari buruzko arteztarau bat onestea aurreikusia dugu. Dena dela, arazoak sortzen direnean badago ordaintze kolektiboko sistemetara jotzea, jarduera bateratuak sustatzea, etab. Eta hori aurreikusia du Espainiako legeriak. Ene ustez, dena den, egokia litzateke Europa osoan neurri berdinak edukitzea. Esan bezala, kontsumitzailearen konfiantza-maila altxatzen saiatuko gara eta jabetza anitza dugu horren adibide baliagarria. Halaz ere, beste hainbat gaik ere kezkatzen gaituzte, hala nola Interneten erabilerarekin loturiko zerbitzuak -musika deskargatzea, adibidez-, finantza zerbitzuak eta, bereziki, kontsumorako kreditua. Azken hau biziki garrantzitsua da, egun kreditua hitzarturik ez duten herritarrak gutxi-gutxi direlako.

Adiera horretan, Kontsumo Kredituaren Arteztaraua taxutzen ari zarete, ezta?

Hala da. Maiatzaren hasieran lantalde batek gai horri buruzko negoziazioari ekingo dio, kontsumorako kredituen sistema harmonizatzeko jomugaz. Afera horren gaineko Arteztaraua sortze horrek zazpi urte bete ditu eta hori, egiari zor, ez da eraginkortasunaren eredu egokia. Hala eta guztiz, akordio batera iritsi eta gai hau arautu behar dugula uste dut: kontsumoak berebiziko garrantzia du egun, familien zorpetze-maila biziki handia baita. Jendeak askotan ez daki nolako konpromisoak hartzen ari den eta egiaz zer egiten ari den, kontsumorako kreditu bat kontratatzean. Hori ez da ona.

Nola ikusten duzu kontsumitzaileen elkarteen betekizuna 27en Europar Batasunean?

Espainian, bereziki, erakunde arras indartsuak dituztela uste dut. Horietako batzuen arduradunekin bilerak izan ditut eta horrelaxe erakutsi didate. Zorionak eman behar dizkiet elkarte horien jarduera onagatik eta, bidez batez, Osasun Ministerioa betetzen ari den rolagatik. Bide onetik omen doaz, horixe da arrakasta biltzeko forma egokiena. Kontsumo politika ez da uharte bat, ez dugu isolaturik kontsideratu behar. Alor hauetan gobernuekin elkar hartuta aritzeak garrantzi handia du.

Merkatu bakarreko abantailen onuradun gertatzen asmatu al du kontsumitzaileak?

Ez dut uste baiezko biribila izan daitekeenik erantzuna. Argiak eta itzalak ditugu hor ere. Zifrek ederki erakusten dute europar kontsumitzailea ez dela finantza-zerbitzuen onuradun mugen gainetik. Europar kontsumitzaileen %1ek bakarrik dauzkate horrelako zerbitzuak eskura. Internet bidezko erosketak ere hutsaren hurrengo dira oraingoz. Sareak eskaintzen dizkigun aukerak alferrik galtzen ari gara.

Interes orokorreko zerbitzuak liberalizatu badira ere, ondasun eta zerbitzuen enpresaz aldatzea asko kostatzen zaio kontsumitzaileari. Tramiteak konplexuak dira eta hobekuntzak ez dira biziki nabarmenak. Horrez gainera, erreklamazioak -telefonia alorrean, adibidez- ugaldu egin dira. Nolako neurri politikoak hartuko ditu Zuzendaritza horrek egoera hau hobetzeko?

Egun bertan, elkarren arteko operagarritasun eta telefonia kontuak lantzen ari dira. Roaming eta antzeko gaietan, adibidez, kontsumitzailea hobeki babestuko duen legeria berria prestatzen ari gara. Oraintxe bertan enpresa batzuk sekulako etekinak erdiesten ari dira kontsumitzaileari kobratzen dizkioten tarifa handiei (handiegiei, zenbaitetan) esker. Adiera horretan kontsumitzailea hobeki babestuko duen araua sortu beharra dago.

Kontsumitzailea babesteari dagokionez, bederen, Europar Batasunaren errealitatea ez da, inondik ere, harmonikoa. Nolako arazoak dakartzate batetik besterako alde horiek? Kontsumitzailea babesteko politika komuna gorpuzteko nolako pausuak egin behar dira?

Batetik, informazioa trukatzeko sistema komunitarioetan eskarmentu handia dugu: 2003 urteaz geroztik, adibidez, kontsumoko produktuen erabileraren ondoriozko arriskuen gaineko informazioa azkar trukatzeko Rapex sistema dugu martxan; horren bitartez, estatu kideetako merkatuetan horrelako produktuak daudela jakinarazten da. Iaz produktu arriskutsuei buruzko komunikazioak bikoiztu izanak zerbaitek funtzionatzen duela adierazten du. Sistema horrek erakusten duenez, adibidez, Txinako produktuak dira ohartarazpen gehien jaso dituztenak. Orain bertan ahaleginetan gabiltza Txinarekin akordio zenbaitetara iristeko, haiek ere gureak bezalako arauak aplika ditzaten. Gure ustez, “Prezio onak erdieste hutsa ez da aski; Europako balioen eta arauen alde egin beharra dago”

Zer egin daiteke kontsumitzaileak online merkataritzan duen konfiantza hobetzeko?

Batasuneko ondarea berrikusteko proposamenak bete behar ditugu, “botila-lepoa” hautematen den areak egunera daitezen lortzeko. Orduan lortuko dugu Europako kontsumitzaile guztiek estatu kide denetan babes-maila berdina izatea. Bestela esateko, online merkataritzari dagokionez, Europar batasuneko toki guztietan neurri berdintsuak aplika daitezen lortzeak garrantzi handia du. Lehen-lehenik, Interneten bidez produktu edo zerbitzu bat erosten duenean, adibidez, garrantzitsua da kontsumitzaileak nolako eskubideak gauza ditzakeen ezagutzea. Erositakoa itzultzeko eskubidea ote duen, emaniko dirua berreskuratuko duen, noiz itzuliko zaion… jakin behar du. Merkataritza elektronikoa darabilenean ere nolako eskubideak dauzkan ezagutu behar du kontsumitzaileak, oso inportantea da hori. Kontsumitzaileentzako Europako Zentroak, hain zuzen, horretarako daude hor: kontsumitzailea aholkatu eta informatzeko, alegia.

Nolako neurriak aplikatzen dira egun elikagai seguruak eskuratzeko?

Elikagaien eta animalientzako pentsuen kontrola beste norbaiten ardurakoak dira, ez dira nireak, baina, nolanahi ere, produktu arriskutsuen gaineko informazioa zabaltzeko eta elikagaiez azkar ohartarazteko sistema partekatu bat ere badugu. Horrelako sistemek funtzionatzeak garrantzi handia du, estatu kideen arteko elkarlana susta dadin. Horrez gainera, elikagaiei buruzko informazioa nola transmititu beharko genukeen oraindik ari gara aztertzen. Produktuen etiketan nolako datuak agertu behar diren erabaki behar dugu: nutrizio alorreko, animalien genetikaren gaineko datuen informazioa. Oraintxe baloratzen ari gara elikagaiek datu batzuk erakutsi behar ote dituzten: animalia klonatua izan den, adibidez.

Hainbat adituk dioenez, Europako etiketa ekologikoa ez da nahi zen bezala finkatu. Zergatik da horrela? Egoera aldatzeko zerbait egingo al da?

Badira errezeloak, erabaki guztiak ez dira aho batez hartzen. Arazoari toki denetan konponbide berdina ematea espero dezagun. Estatu guztiekin kontsultatuko dugu, irtenbide bateraturik bila ote daitekeen.

Kontsumitzailearentzat onuragarri al da ordaintze-zona bakarra finkatzea, Europar Batasunean aztertzen ari denaren arabera?

Ordaintze sistema bakarreko sistema (ingelesezko sigletan SEPA: Single Euro Payments Area), jakina, arras onuragarria da, berez. SEPA hori, ordainketak eurotan eginez, Europan merkatu bakarra sortzera begirako proiektua da; horri esker, Europako herritarrek eta enpresek zona osoan ordainketak eurotan egin ahal izango dituzte banka kontu bakarretik, ordaintze-lanabes bakarra baliatuz eta orain bakoitzak bere herrialdean egiten duen bezain soilki. Ekimen hori dagoeneko bozkatua izan da Parlamentuan. Batasuneko kontsumitzaileentzat biziki onuragarria izango da, oso proiektu garrantzitsua da.

Egungo ingurugiro alorreko arazo behinena aldaketa klimatikoa omen da. Zer egin dezakegu kontsumitzaileok horri aurka egiteko?

Jokabide arduratsuago informazio handiagoz jantzitakoa agertu behar dugu. Produktuen gaineko hamaikatxo kanpaina egin ditugu guk; horietako askok etiketarekin eta energiaren aurrezkiarekin zerikusia dute. Gure asmoa, energi eraginkortasuna hobetzeko arau komunak edukitzea da, estatu kideek tratamendu desberdinak aplika ez ditzaten. Oso inportantea da lehia ez bihurritzea, denok berdintasun mailan agertzea.

Espainian produktu ekologikoen kontsumoa jaitsi egin da azken urtean, Consumer Eroski-ko Kontsumo-Barometro izenekoaren arabera. Zeren eraginez gertatu da hori, zure aburuz?

Kontu horrek kontsumitzaileekin du zerikusia. Oso garrantzitsua da kontsumitzaileak jakitea zer den osasuntsua eta zer ez den. Garatzen diren proiektu berriak geroz eta lehiakorragoak izatea gauza ona da, produktuen arteko lehia sustatzeko mesedegarria baita.

Europako erakundeek Espainia kritikatu dute ingurugiro alorreko arazo jakin batzuk direla medio, hala nola negutegi efektuko gasen emisioa edota “porlanaren kultura”. Horrelakoetan kontsumitzaileak ez ote dago defentsa gabeturik?

Politika horri buelta emateko gauza den norbait bada, horixe da kontsumitzailea. Kontu horrek daukan garrantziaz jabetu behar dute. Kontsensu sozialaren aldaketa horren eragilea izan behar du kontsumitzaileak. Ene ustez ez dago defentsa gabeturik; aktiboago jokatu beharko luke.