Jaume Vallcorba, "El Acantilado"-ren editorea

"Literatura onaren xedea, dibertitzea"

1 iraila de 2003

Editatu zenuen estreinako liburua gogoan al duzu?

Ederki asko, gainera: 1979 urtean izan zen eta Osias Marco idazle kataluniarraren poema-bilduma hautatu nuen. Haren obra jasoak zeuden beste hainbat editore ere, baina den-denetan katalanerako filologoei zuzendutako liburu didaktiko gisa. Marcoren poemak populuari helarazteko erronka bete nuen horrela, ordura arte eman zitzaion izaera akademiko zurrun hartatik aldendurik. Irakurle pasiotsua naiz, idazletik oso gutxi dut eta editore txiripaz bihurtu nintzen, halaxe da ene bizipena. Literatura-irakasle unibertsitario izateak editatzeko aukera gerturatu egin zidan, noski: horrela bada, ene pentsaeraren eta zaletasun literarioen araberako editoriala sortzeko aukera sortu zitzaidanean berehala ekin nion proiektuari.

Zure editoriala independentea da: zer esan nahi du horrek, zein da horrelako editorial baten eginkizuna?

Editoriala enpresa da eta, halakotzat, liburuak ateratzea du xedea; liburu horiek salduz gero, negozio egingo du, batetik, baina bestetik ondare kulturala zaintzeko funtzioa ere bete behar du eta, era berean, bai irakurlearentzat, baita literaturaren historiarako, ahots itzaltsuak berreskuratu behar ditu.

Horretarako idazleak aurkitzea ezinbestekoa izango da. Nola topatzen dira editoriala eta idazlea?

Bi bide ditugu: espainieraz idazten duenak edo bere agenteak eskuizkribua bulegora helaraziko du, hemen jatorrizko testu guztiak irakurtzen direla jakinik. Geroz eta ugariago dira idazleak baina, ahal dudan bitartean, irakurtzen segituko dut, biziki atsegina baitut jarduera hori. Beste aldetik, atzerriko idazle bat hautatzea erabaki pertsonalaren ondorio da, batik bat: mundu zabaleko aldizkari eta egunkari kalitatedunetan islatzen diren kultur mugimenduen ikerketari esker autore batzuen obra ezagutzeko aukera izaten dugu sarri. Hortik hasita, autorearekin edo bere agentearekin harremanetan sartu eta…

Kertész-ekin horrela jazo al zen?

Halaxe da. Ene ohiko lanak “Zuricheko Egunkari Berria” izenekoan Kertész-i buruzko artikulu bat irakurtzera eraman ninduen: artikulua biziki interesgarria iruditu zitzaidanez, peskizan hasi nintzen eta, txiripa hutsez, gurekin lanean dabilen alemanerako itzultzaileari (hungariarren diasporako seme bat, txilen jaioa) idazle haren berri galdetzean, sutsuki goretsi zidan Kertész-en idazlana; areago, zaletasun hutsez, Jaio gabeko semeagatiko Kaddish lanaren (espainieraz argitara eman zen haren lehen eleberria) itzulpena hasia zuen. Alemanera itzulitako bste hainbat liburu ere utzi zizkidalarik, urrian bertan espainolez plazaratuko dugun “Diario de galeras” irakurri nuen. Kertész-en idazkerak liluratu egin ninduen.

Eta horrela haren editore bihurtu zinen. Hungarian ospetsu al zen idazlea ordurako?

Ezta inondik ere. Izan ere, Nobel saria eman ziotela jakitean eskaini zuen prentsa-aurrean, kazetari batek Europan aintzat hartua zegoen galdetu zionean, hitz erditxo bat eskaini zidan: Hungarian gutxi saltzen zuela, Alemanian zerbait gehixeago eta Espainian, editore ero bati esker, plazarik hoberena lortua zuela esan zuen. Gustura hartu nuen hura.

Egin dezagun kontu irakurle arrunt batek ezin duela erabakirik hartu, zer merezi duen eta zer ez ikertu ezinean baitabil. Nola ez galdu egunero-egunero aldatzen ari den autore, titulu eta obren oihan beltz horretan?

Zaila da, bai, argitaratzen diren nobedadeen kopurua egunetik egunera (ordutik ordura, ia) biderkatzen ari baita, aukera itzela denez, irakurleak bere burua noraezean ikusten du. Bide bat, dudarik gabe, solasaldi batean jasoriko iritzi batetik abiatu eta erabakia hartzea da, beste irakurle batek aholkatzea alegia. Editorial baten bideari jarraitzea ere balekoa izaten da, nola ez. Neure burua adibidetzat harturik, esate baterako, editorial jakin batzuek ene konfiantza osoa betidanik izan dutenez, horiek plazaratzen dituzte titulu berriak aukeratzean behin ere ez dut ezustekorik hartzen. Interes handi edo txikiagoa sortuko du enegan idazle horrek edo beste hark baina ene itxaropenak betetzen dituzte.

Literatura onak konplexua behar al du, nahitaez?

Inondik ere ez. Ez ahantzi literatura onaren eginkizuna dibertitzea dela. Dibertsio horrek ez du zerikusirik gaur egun nagusi den kontzeptu batekin: nor bere buruagandik irtetea, alegia. Irakurtzea nor bere buruan sartzea, sakontzea da eta gizakiaren izaeran du zuzeneko eragina: bizipenak gozaraziko dizkio, zenbaitetan esfortzu intelektuala egitea ere aginduko diolarik. Irakurketa guztiak ez dira, ordea, sakonera berdinekoak. Polizi nobelak ez dira sakonak baina, halaz ere, genero hori arras aberasgarria da, horrelakoak helduaroan irakurtzeak akaso haurtzarora ostera etortzea ondorioztatzen duelako.

Irakur giroko haurtzarora, agian. Zein ote da irakurle ona bihurtzeko klabea?

Alderdi horretatik suerte handia izan nuen nik: gurasoen etxeko liburutegian ez zegoen debekaturiko libururik eta niretzat irakurtzea benetako pasioa zen. Begira, mesanotxeko lanparako bonbilla kendu egiten zidan amak, ordu gehiegi sar ez nezan. Orduan irakurri nituen Julio Verneren, Altxorraren uhartea eleberria, are Shakespeareren zerbait, gazte asko nintzela: Veneziako merkataria, adibidez. Baina, baldintza berdinetan ere, batzuk irakurle konpultsibo bihurtzen dira eta beste batzuek Aldizkari Ofiziala baizik ez dute leitzen. Edo hori ere ez. Horrekin esan nahi dut irakurketa pasio bihurtzeko formularik ez dela asmatu. Metodo gisa, aldamenean hiztegia dagoela irakurtzeko garrantzia azpimarratuko dut bakarrik: hitz berrien adiera aurkitzea zoragarria da baina, era berean, berba guzti-guztiak ulertu gabe ezin da irakurketa oso bat egin. Ikastetxeetan jazotzen ari den gertakari tamalezkoenetako bat, irakurtzeko testuek beren glosategia atxikita edukitzea da. Horrez gainera, liburu ezagunak ikasleak ezagutzen duen hizkuntzan irakurrarazten zaizkio. Eskolaumeak nekez izango du ez dakien zerbait deskubritzeko grinarik, ikusminik ez zaio horrela suspertuko.

Liburuaren feria irakurketa sustatzeko merkatariek jaurtitzen duzuen amua bada ere, korronte intelektual batzuen kritiken arabera, liburu-populua ugariago sortzen dute irakurlegoa baino.

Gure editorialak Madrilgo Casa de Campo-n antolatzen duen etxolan izatea ezinbesteko bilakatu zait niri. Irakurleen hizketa entzunez eta liburuak nola maneiatzen dituzten ikusiz gozatu egiten dut. Liburu asko saltzea gustatuko litzaidake, noski, horietako batzuek liburutegian espazioa betetzeko bakarrik balio balute ere. Baina irakurtzen dena baino gehiago erosten dela esate horren atzean esnobismoaren kontrako kritika ezkutatzen da. Dena den, esnobismo horri aitortu behar zaio bere meritua ere, alor honetan: intelektual edo esteta horiei esker jendearenganaino nekez iritsiko ziren korronte minoritario zenbaitek populu handirako ateak zabalik ikusi dituzte.

Zein liburu eduki behar ditu liburutegi on batek?

Hautaketa nekez egin daiteke: irakurlearen adina, bizi-momentua, gorabeherak… dena da baldintza. Eskola garaietan irakurri behar den horren zerrenda egingo nuke, halaz ere: Tormesko itsumutila, Don Quixote, Altxorraren uhartea, Robinson Crusoe… Autore handien zerrenda mugagabea da… Sustatu beharko litzatekeena irakurtzea da, literatura mugatu gabe, frantses, espainol edo ingeles kalifikatu gabe.

Dena den, itzulitako (ongi itzulitako) literatura irakurtzea zaila da, dudarik gabe.

Hoberena, idazlana jatorrizko hizkuntzan irakurtzea da. Hori askotan ezinezkoa den arren, editorial nagusiek ahaleginak egiten dituzte beren itzulpenak jatorrizko testuen mailan egon daitezen, autorearen oihartzun izan daitezela, itzultzailearen itzala sumatu gabe.

Nolakoak dira idazleak?

Denetik da hor ere. Ezin da definitu idazlea. Batera duten ezaugarri bakarra, obrarenganako estimua eta eskatzen duten mimoa da; nortasun batetik bestera sekulako aldea dago, antagonikoak dira batzuk. Horietako batzuek irakurri bakarrik egiten dute, beste zenbaiti zinea gustatzen zaie; honek hiria nahiago du, hark baserriko bizitza; abstemio batzuk, ardo onaren lagun, besteak; egunekoak eta gauekoak; bidaiariak eta egoiliarrak; inspirazioaren zain bizi direnak eta haren bila lanean doazenak…

Garestia al da liburua?

Galdera horri baiezkoa erantzutea da irakurle ez direnen koartadetako bat; bestea, astirik ez izatea. Espainian oro har, liburuaren prezioa euroa dabilen beste herrialde askotan ordaintzen denaren azpitik dago. Zinerako edo kontzertu baterako sarrera edo afari batekin konparatzen baduzu, ez dut uste gehiegikeria denik.