Andres Hermida Trastoy, Arrantza arloko idazkari nagusia MAGRAMAn

"Legez kanpoko arrantzako produktuei Espainian egiten zaizkien kontrolak Europako Batasuneko eraginkorrenak dira"

1 urtarrila de 2016
Img entrevista listado 1075

Legez kanpoko zenbat arrantza sartzen da Espainian?

Ez dago zifra ofizialik. Legez kanpoko arrantzaren inguruan egin diren kalkuluek diote munduan 26 milioi tonataraino iristen dela eta 21.000 milioi euroko balioa hartzen duela horrek. Arrantzako Idazkaritza Nagusiak hirugarren herrialdeetatik datozen arrantza produktuei egiten dizkien kontrolak Europako Batasuneko eraginkorrenak dira (EB), produktu sorta guztien %100arekin. Espainiak dituen baztertze zifrak EBko onenak dira.

Nola eragiten dio ingurumenari eta ekonomiari?

Izugarrizko eragina du. Ingurumenean, nabarmen jartzen du arriskuan arrantzako baliabideen iraunkortasuna, ez baititu kontuan hartzen kudeaketa iraunkorra eta gomendio zientifikoak, eta, hain zuzen, horiek dira ministerioaren arrantza politikak dituen hiru zutabeetako bi. Ekonomiari dagokionez, konkurrentzia edo lehia desleiala egiten die lege barrenean ari diren langileei, murriztu egiten dira-eta horien etekinak.

Nor dago legez kanpoko arrantzaren atzean?

Oso zaila da arduradunak identifikatzea eta desegitea. Legez kanpoko arrantzarentzat ez dago mugarik, merkatu globala da. Arraina arrantzagune batean harrapatu eta urrutiko portu batean deskargatu daiteke, edo itsasoan bertan, ontzi batetik bestera legez kanpo eramanda, gero munduko edozein lekutan merkaturatu daiteke salmentarako bide paraleloak erabiliz eta, azkenik, legez produktuekin nahasi. Espainiak, hala ere, zenbait ekintzari esker, adibidez Sparrow operazioei esker, lortu du trama batzuk identifikatzea, baita enpresa fantasma batzuk ere, zeinak urteetan egin baitituzte legez kanpoko jardunak, eta horien kontra jo du.

Herritarrek nola jakin dezakete legez kanpo harrapatutako arraina jaten ari direla?

Hobekuntza nabarmenak egin dira trazabilitatearen arloan, kontsumitzaileari ematen zaion informazioan eta arrantzako produktuen etiketetan. Arrantzatik eta akuikulturatik datozen produktu guztiek erregistratuta izan behar dituzte fase guztiak, ekoizpenekoa, transformaziokoa eta banaketakoa, hasi harrapatzen edo hazten dituzten unetik eta txikizka saltzen dituzten arte, non etiketak egoki jarri behar zaizkien eta gutxieneko informazio bat eskaini kontsumitzaileari. Horrek aukera ematen du zehatzago jakiteko non harrapatu dituzten eta ekoizpen kateko langile guztientzat errazagoa da produktuak hornitzaile fidagarriei erostea.

Arrantzari buruzko Legea berritu egin da eta gogortu egin ditu zigorrak. Nola ari da ezartzen lege hori?

Arrantzari buruzko Legea egoki ari da funtzionatzen, eta sortu du giro bat zigor eraginkorrak, disuasiozkoak eta proportzionatuak jarrita. Emaitza ageriko bat, adibidez, lehen aipatu ditugun Sparrow operazioak dira; tresna eta gaitasun berriei esker, legez kanpoko jarduerak antzemateko modua izan da, Espainiako herritarrei eta enpresei lotuta zeudenak, eta Estatuan inoiz jarri diren zigorrik handienak jartzeko aukera emango du.

Zer-nolako neurriak hartzen ditu MAGRAMAk Espainian egiten den arrantza iraunkorra edo jasangarria izan dadin?

2012. urteaz geroztik, arrantzako jardueren kontrolak osotasuneko ikuspegia eta koordinazioa ditu oinarrian, eta zaintza eta ikuskatze lanak egiten diren bezalaxe egiten dira legez kanpoko arrantzaren kontrako jarduerak eta inportazioak kontrolatzekoak ere. Elkarlana sendotu egin da MAGRAMAren eta kontrolak egiten dituzten beste erakunde batzuen artean (autonomia erkidegoak, Guardia Zibila, Armada eta hirugarren herrialdeak). Kontrol tresna berriak eskuratu ditugu, teknologia berriak adibidez, edo hobetu egin dugu gure ikuskarien prestakuntza eta ezagutza. Gure politikaren hirugarren zutabean sartzen da hori guztia, kontrolatzea eta betearaztea esaten diogun zutabean; politika horri esker, munduan buru-buruan gaude legez kanpoko arrantzaren kontrako borrokan.

Zer egin dezakegu kontsumitzaileek?

Oraindik bada zer egina guztion kontzientzia maila hobetzeko, bereziki arrantzale arduratsuei egiten dieten konkurrentzia desleialaz jabetzeko eta arrantzako stocken iraunkortasunari eragiten zaion arriskuaz ohartzeko. Guztion lanarekin bakarrik lortuko da izurri honen aurka egitea, eta hor sartzen dira arrantza sektorea bera, kontsumitzaileak, NBE, zientzialariak eta administrazioak. Aurrekontuetan diru atal espezifikoak jarri dira, baita Europatik datozen funtsak ere, besteak beste informazio kanpainak egiteko. Herritarrak informazio guztia emateko eskatu behar du saltokian, batez ere erosiko duen salgaia nondik datorren, eta baztertu egin behar ditu arauak betetzen ez dituzten produktuak.